Jakoba Errekondo
Geure espezieak naturala izateari utzi eta besteak otzandu eta etxekotuz errazenera bizitzea erabaki zuenetik artzaintza da gure kulturaren eta, ondorioz, gure landa edo paisaiaren, oinarri sendoenetakoa. Jo eta su, ardiak jetzi eta gazta egin eta egin ari dira oraintxe artzainak. Gaztagintza artean landareek zer esan handia izan dute beti. Hasteko, esnearen kalitateari dagokionez izugarrizko garrantzia du larrearenak. Nongo belarra, halako gazta. Beheko lurretako aterpetan edo hauen inguruetako belazeetan izaten diren negu partean, udan metatutako jakiak, aleak eta belarrak jaten dituzte, gehien bat, ardiek. Belarra silotan edo bolatan hartzitu gabekoa, soilik ondua bada, gaztaren kalitateak dezenteko plusa izango duela esan ohi da. Gaztagintzan bertan landare ugari erabili izan dira. Kaikuak, irazki, tuta edo murkoak egiteko urkia, gaztaina edo ezkia; malatxetarako gorostia edo ezpela; zumitzak egiteko zumea eta gaztaina; kartolak edo txurkuak egiteko pagoa; gaztandegirako hurritza eta zumea eta gaztaiak ketzeko haltza eta elorri zuria, zuretan. Esnea iragazteko irazkian osin sorta jartzen zen, honen bilo txorrotxetan zikinkeria txikiena ere bil zedin. Esnea ziatu edo gaztatzeko izerdi azidoa duten astalikardua (Silybum marianum), esne-belarrak (Euphorbia sp.) eta ziabelar horia, legar-bedarra edo gatzagi-esnea (Galium verum) etab. erabili izan dira. Gaur egun metalezko ontziak eta gatzagi kimikoak baliatzen dira. Landaren eta kulturaren galera gutxi balitz ere, ahosabaiarena...
Jabier Agirre
Zerbeza edo garagardoa da hiritarren edari gogokoena, eta astean behin gutxienez alkohola edaten dutela aitortzen dutenek, edari hori aipatzen dute lehenik (ardoa dator ondoren). Baina otorduetarako edari bat aukeratzeko eskatzen zaienean, ardoa (dela beltza, gorria edo txuria) da oraindik ere lehenengo aukera.
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Organizazioak (OCU bezala ezagunagoa denak) 2.680 elkarrizketa egin zituen Espainiako autonomia-erkidego guztietako 18 urtetik 64 urtera bitarteko pertsonen artean, 2003ko urtarriletik urrira bitartean. Eta inkesta horren arabera, asteko egunetakoren batean alkohola kontsumitzen dutenen artean, % 42,7k zerbeza aukeratu zuen, % 36,4k ardoa, eta beste % 11,3k whiskia, freskagarriren batekin nahastuta.
Inkestak beste hainbat datu ere eskaintzen ditu. Kontsumoan gehien hazi diren produktuak plater prestatuak izan ziren (pizzak, hanburgesak, eta antzekoak, % 23,2 gehigo kontsumitzen dira), eta jarraian datoz zerbezak (% 9,6 gehiago), fruta freskoak (% 9,2 gehiago) eta kalitatezko ardoak (% 8,2 gehiago). Inkesta horren arabera kontsumoan gehien hazitako edarien aldeko ikerketak argitaratu berri dira unibertsitate desberdinetan.
Horrela, Leon eta Granadako unibertsitateetan lankidetzan egindako ikerketa baten ondorioa da, heldu osasuntsuek dosi egokian hartutako zerbezak ûegunean kaña bat emakumeek eta bi gizonekû inflamazio-prozesuak murriztu eta oxidazioa saihesten duela. Izan ere, zelula hepatikoak babesten ditu erradikal askeen eraginez adibidez, gibelean sor daitezkeen inflamazioen aurrean.
Extremadurako unibertsitatean egindako beste ikerketa baten arabera, egunean zerbeza bat edateak emakumeen hezur-masa gehitzen omen du, eta horrek mesede egiten die osteoporosia jasaten dutenei. Ikerketaren arduradun Juan Diego Pedrera doktorearen hitzetan, "zerbeza kontsumitzen duten emakumeek kalitate hobea dute beren hezurretan".