Hasier Etxeberria / David De Jorge
Osagaiak:
Kilo bat arkume arandoi, garbi eta azalik gabel
Oliba olioa
3 baratxuri ale, osorik
Irina eta arrautza joa
Gatza
Gatza eman eta ur ugari jarriko dugu irakiten. Bor-bor hasi orduko barneratuko ditugu hartan arkume arandoiak, eta xorta bat ozpin gaineratuko dugu gero. Borborka utziko dugu guztia gutxienez 15 minutuan. Haien ostean, xukatu eta hozten utziko ditugu arandoiak.
Labana zorrotz batez erretiratuko ditugu ondoren haien kanpoaldean dauden azal, mintz eta koipe-poltsatxoak, garbi-garbi utzirik. Gatza emango dugu ondoren.
Padera bat jarriko dugu sutan, baratxuri aleak eta olio ugarirekin, frijitzeko. Berotzen utziko dugu poliki-poliki, baratxurien kutsua har dezan, eta sua biziagotuz joango gara arian-arian oso bero utzi arte.
Baratxuriak atera eta olio horretan frijituko ditugu arandoiak, irinetan eta arrautza joan pasa ondoren, ongi gorritu arte. Xukatu eta gozatu egingo ditugu ondoren.
Arrautza joari baratxuri xehatu ale bat eta perrexil xehatu ugari erantsi ahal izango dizkiogu, arandoiak hartan busti aurretik, frijitu eta gero askoz gustu zaporetsuagoa eduki dezaten. Gustuen arabera.
Pilar Iparragirre
Biziminaren sonetoak
Joan Mari Irigoien
Elkar
78 orrialde
9,90 euro
Joan Mari Irigoienen poemak
Joan Mari Irigoienen azken poema bilduma honetan saminaren atzaparretan aurkitzen da olerkaria hasiera batean, eta bere buruaren jabe izan nahiko luke, baina hain gertatzen zaio xedea helezin...! Gero itxaropentsuago agertzen zaigu, maiteminarenak kantatzerakoan, baina gutxi irauten dio horrek, 2003ko otsailaren 20an gertatutakoek Iñaki Uria eta Egunkariaren kontrako operazioan atxilotutako gainerako guztiei eskainitako sonetoak idaztera behartzen dutelako. Nolanahi ere, esperantzari leiho bat ireki nahi dio, Itoizko Solidarioei eta Irakeko gerrari kantatu aurretik. Gero, Amerikako koadernoa deitu atala dator, eta amaitzeko Ederminarenak kantatzen ditu, horren geziak burua galtzera ere eraman dezakeela ondotxo jakin arren. y
Euskal gramatikari eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian
Batzuen artean
Euskaltzaindia
284 or. / 21euro
Iker-14 (II): Euskal literaturari buruzko ikerketa lanak
Piarres Lafitteren sortzearen mendemuga zela-eta nazioarteko biltzar bat eraman zuten aurrera Euskaltzaindiak eta Baionako Iker-ek ûeuskal testuei buruzko ikerketa guneakû lankidetzan, Baionako fakultatean, 2001eko irailaren 20 eta 21ean. Biltzar haren gaia Euskal gramatikari eta literaturari buruzko ikerketak XXI. mendearen atarian izan zen, eta berrogei bat ikerlarik aurkeztu zituzten beren lanak bertan. Bi liburukitan argitaratu dira orain ekarmen horiek. Iker-14 (I) deritzanean, gramatikarekin lotura daukaten lanen bilduma eskaintzen da. Eta Iker-14 (II) honetan XX. mende arteko euskal literaturari buruzko ikerketa lanak daude bildurik. Hamasei dira denera, eta gai oso ezberdinak jorratzen dituzte.
Markos txikiaren problema handia
Gilles Gauthier
Ibaizabal
108 orrialde
8,65 euro
Aita mozkorra izatearen arazoa
Ibaizabal argitaletxeak kaleratu duen kontakizun hau zortzi urtetik aurrerako haurrei dago zuzendua eta mutiko batek aita mozkorra izatearen arazoen gainean dihardu. Ikastolan ez dabil batere ondo mutiko hori, gutxi ikasteaz gain bihurrikeria gehiegi egiten dituelako, eta zeharo nazkatuta dauka bere irakaslea; harengatik ikastolatik kanpo zen Markos aspaldi. Hala ere, zorionez denak ez dira berdinak, eta Markos bezalakoek ere badute nor edo nor bere alde, ikastolako zuzendaria eta bertako beste irakasle bat, kasu, eta denen gainetik istorio guztia kontatzen digun bere lagun handia, Jone neskatila. Gilles Gauthierek sortu eta idatzi eta Pierre-André Deromek marraztutako Markos txikiaren problema handia lana Jose Antonio Sarasolak euskaratu du.
Tantak
Batzuen artean
Euskal Herriko Unibertsitatea. Argitalpen zerbitzua
140 orrialde
7,81 euro
Tantaken 30. zenbakia
Euskal Herriko Unibertsitateko hezkuntza aldizkaria den Tantaken 30. zenbakian, euskal hezkuntza sistemari kanpotik begirada bat botatzen dio F. J. Murillok, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Hezkuntzarako Ikerkuntza eta Diagnosi-Metodoen saileko partaideak. Gizartearen aldeko jokabidea, garapen emozionala eta haurren sormena bultzatzeko jolas programak dituzte, berriz, hizpide Maite Garaigordobilek eta Ainhoa Durak. Lanbide heziketaren beharra eta Euskal Herriko kalitate eredua, Jaume Sarramonak. Ikastetxeari aniztasunaren tratamendua hobetzen lagunduko dion eredua, Begoña Martinezek. Testen euskaratzea, Paula Elosuak. Eta Guztiontzako gizartea. Ezintasunak dituzten pertsonen Europako urtea dela eta Amando Vegak eta Pello Aramendik.
Eusqueraren berri onac
Aita Agustin Kardaberaz
Euskaltzaindia
125 orrialde
10,50 euro
Kardaberazen lan baten edizio kritikoa
Aita Agustin Kardaberazen jaiotzaren III. mendeurrena betetzerakoan Euskaltzaindiak Gipuzkoako Foru Aldundia, Hernaniko Udala, Deustuko Unibertsitatea eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailarekin batera plazaratutako lana dugu Eusqueraren berri onac: eta ondo escribitceco, ondo iracurteco, ta ondo itzeguiteco erreglak.-en edizio kritikoa eta faksimila. 1761ean plazaratu zuen idazle hernaniarrak lan hau, non Larramendik gazteleraz egin zuen bezalaxe, berak euskaraz agerian utzi nahi izan zuen euskara jakintza gaietarako beste edozein hizkuntza bezain egokia dela. Hala, euskara lantzea eta haurrak eskoletan hartan heztea aldarrikatzen du liburu honetan.
Galaxien unibertsoan
Abrisketa, Arregi
Gaiak
167 or. / 16 euro
Unibertsoaren hedapenetik, galaxia kanibaletaraino
Gaiak argitaletxeak kaleratutako liburu honen izenburu zehatza Galaxien unibertsoan (Unibertsoaren hedapenetik, galaxia kanibaletaraino) da eta Juan Inazio Abrisketa eta Manu Arregiren artean izan da osatua. Gaur egungo kosmologiak unibertsoari buruz duen ikuskera orokorra azaltzen da bertan, galaxiak bereziki aztertuz. Zazpi ataletan banaturik dago eta ukitzen dituen gaien artean Hubbleren legea, Einsteinen espazioaren kurbadura eta gure unibertsoaren jatorria bezalakoak daude.
Neurona eta zeurona
Fermin Etxegoien
Pamiela
131orrialde
10,40 euro
Iazko Juan Zelaia sariaren aipamen berezia
Aipamen berezia lortu zuen Fermin Etxegoienen Neurona eta zeurona. Hizkuntza æestetikaÆ bezala lanak iaz saiakera laburrak sustatzea helburu duen Juan Zelaia sariaren laugarren deialdian, epaimahaikoen iritziz hizkuntza hautatzearen auzia estetikaren ikuspegitik aztertuz, eta pertsonal eskarmentu eta gogoetan oinarriturik, ez-ohiko gogoeta-proposamen interesgarri, eraginkor eta ausarta egiten duelako. Saio honetan euskararen indar estetikoaz egiten du hausnarketa Fermin Etxegoienek, bere ustez oraingo mundu garaikidean eremu linguistikoan osasuna batez ere beronek «duen ala ez duen» itxura multiformeari lotua dagoelako. Halaber, euskararen biziraupena kezka existentziala da hemengo batzuentzat, baina ez gehienentzat, eta ondorioz, hizkuntza dela kausa, onartu egiten da euskal izaeraren inguruko erritualizazioa publikoki, baina gero indarrean dauden bi erdaren bidez nagusitzen da hizkuntzarekiko ikuspegi sekularizatua eguneroko bizimoduan, konpromisoaren aldatz gora (euskara) baino esfortzu txikienaren aldatz behera (erdara) hobesten delako, erdara horiek estetika «osatuagoak» eskaintzeko gai diren neurrian.
Nola laburbilduko zenuke zure ekarmena?
«Neurona eta zeurona» liburuak ez dakar mezu garbi-garbi bat, ez bada medioa bera dela mezua. Hor diot plastika linguistiko bat dela nik neuk euskaldun modura gainerako euskaldunekin amankomunean daukadana, hizkuntza estetika bezala, eta ideia horren inguruan aritzen naiz saioan, bestelako ideia batzuk Euskal Herrian zorionez aspalditik ederki eta sakonki jorratuta daudelako.
Zeintzuk dira aipatu dituzun ideia horiek?
Hizkuntza identitatearekin lotzen duten ideiak, adibidez. Edo haratago joanda, hizkuntza kosmobisioarekin lotzen dituztenenak, hau da, hizkuntza izaera bezala hartzen dutenenak.
Eta zer deritzozu zuk horien gainean?
Bada, niri iruditzen zait hizkuntza izaera bezala hartzea dagoenik eta gauzarik esperokoena eta logikoena dela Euskal Herrian, euskarak bizi duen minorizazio egoera dela kausa, batetik, eta bestetik mendeotan jendearengan agresio sentsazio bat dagoelako. Baina, noski, zer gertatzen da? Izaeratik abiatzen den hizkuntzaren inguruko diskurtsoa derrigor esentzialista behar duela, izaeratik abiarazten baita, eta diskurtso horrek zera bilatuko luke: denok ere hizkuntzaren auzia modu existentzial batez gure gain hartzea, eta nik neuk jada ez dakit hori hain erraza ote den gaur egun, hainbat arrazoi direla medio, eta baita ere ûeta hori da liburuaren tesi txikiaû funtsean iruditzen zaidalako hizkuntza esperientzia, batez ere esperientzia estetikoa dela. Baita aipatu ditudan beste esperientziak ere, baina batez ere esperientzia estetikoa da.
Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda
Oxigenoaren arrastoak izaki zaharrenetan
Hawaii-ko unibertsitateko mikrobiologo talde batek, oxigenoa harrapatzeko ahalmena duten bi proteina topatu ditu mikrobio batzuetan. Duda barik, hemoglobinaren aitzindari zaharrenak dira eta gainera, Lurrean oxigenoa erabiltzen hasi ziren lehen izakien zantzuak eman ditzakete.
Aurkitutako proteinei protoglobina deritze eta oxigenoa garraiatzeko eta askatzeko erabiltzen duten sistema aztertzen ari dira zientzialariak. Proiektu honen buru den Maqsudul Alam-en ustez, lan honekin odolaren ordezkoak topatzeko bideak ere ikus daitezke.
Antzinako izakientzat oxigenoa oso pozoitsua zen, baina egun batean archaea deituriko zelula bakarreko mikrobioetan oxigenoa harrapatzeko eta garraiatzeko proteinak azaldu ziren eta honela, mikrobioa oxigenotik babesten hasi zen. Archaea oso mikrobio berezia da, eta aspaldi bereiztu zen bakterio eta eukariotengandik ûlandareak, animaliak eta ADNa duten beste izaki bizidunakû. Egun, Lurreko lekurik gogorrenetan topa daitezke, oso tenperatura altuak eta oso oxigeno gutxi dagoen lekuetan.
Alamen taldeak bi protoglobina topatu zituen bi archaea espezie desberdinetan. Batek, Aeropyrum pernix-ek, oxigenoa arnasten du eta ongi bizi da ia irakiten dagoen ur gazitan ûJaponiako itsasertzean dauden tximinia termaletan aurkitu zen lehen aldizû. Besteak, Methanosarcina acetivorans-ek, metanoa sortzen du mekanismo anaerobikoak (oxigenorik gabekoak) erabiliz eta lakuetako hondo zikinetan edo gizakion hesteetan aurkitzen da.
Oxigenoa arnasteko erabiltzeak bizia dibertsifikatu zuen izugarri. Lurreko lehen izakiek atmosferan zeuden molekula toxiko askori aurre egin behar izan zieten, azido nitrikoari eta hidrogeno sulfuroari, besteak beste.
Lehen hemoglobinen helburua gas horiek ezabatzea izango zen, eta gauza bera gertatuko zen oxigenoa atmosferan azaltzen hasi zenean, hau ere toxikoa baitzen izaki haientzat.
Oxigeno portzentaia handia zen atmosfera batean izaki konplexuagoak eta handiagoak bizi ahal izateko, toxikoa zen oxigenoa abantaila bilakatuko zuen mekanismoak garatu behar izan zituzten. Aldi berean, hemoglobinek oxigenoaren toxikotasuna jaisteaz gain, oxigenoa garraiatzeko ahalmena garatu zuten. Eboluzio-urrats hau garrantzi handikoa da ikerlarientzat eta hemoglobinen funtzioetan horren arrastoak geratu dira.
Protoglobinak aurkitu ahal izateko ikerlariek bioteknologia eta informatika erabili dituzte. Arestian aipatu bi mikrobioen sekuentzia genetikoak klonatu zituzten eta E. Coli bakteria espezializatua erabili zuten geneak espresatuz proteinen laginak sortu ahal izateko. Ondoren, sortutako egiturak aztertzeko hemoglobinen familiako beste kide batzuen egiturekin alderatu zituzten. Ordenadoreak ereduak atera eta simulazio molekula dinamikoak sortu zituzten, eta bertan ikusi zen proteinak karbono monoxidoarekin, azido nitrikoarekin edo oxigenoarekin elkartzeko bidea.
Jon Gurrutxaga
Duela bederatzi urte sortu zen rock banda bizkaitarra eta hasiera-hasieratik kritikarien onespena jaso du. Estreinako single-a Alehop! zigiluarekin argitaratu bazuten ere, Munster Records diskoetxearekin kaleratu dituzte gainerako lan guztiak. Hasiera batean talde paralelo gisa funtzionatu bazuen ere, taldekideek Yogur eta Reverb Lovers bezalako taldeetan ziharduten-eta, berehala murgildu ziren buru-belarri proiektu berrian. Taldea osatu eta bi urtera, 1997an, grabatu zuten beraien lehen diskoa:
Hormonal Riot. Hasieratik ingelesez abestu dute eta hainbat bildumatan hartu dute parte. Beraien kantak RockSound aldizkariko hainbat sampler-etan ere kaleratu dira. Eta 1998an Bilbo Hiria lehiaketan Euskadiko banda onena eta Espainiako Estatuko bigarrena izendatu zuten.
Atom Rhumba 95ean sortu zenetik, hasierako formazioa aldatzen joan da eta gaur egun Rober! abeslari eta gitarra jolea da talde originaletik gelditzen den partaide bakarra. Barakaldoko musikaria da, hain zuzen ere, bandako arima, bera baita kanta gehienen hitz eta musikaren sortzailea. Taldearen izenak publikoa nahastu eta rhumba talde baten aurrean gaudela pentsarazi dezake. Bestalde, bizkaitarrek rocka egiten dute. Eta egia esan rock nahiko berezia, horrelako musika jorratzen duten taldeak topatzea biziki zaila baita. Bandaren musika eraginez galdetzean 50eko hamarkadako rock&rolla eta punka dira aipatzen diren estiloak. Jarrera rockeroa, zuzenekoa eta vintage soinua, fender soinua eta balbulazko anplifikadore zaharrak dira beraien ezaugarri nagusiak. Gaur egun lau dira Atom Rhumbako bizkarrezurra osatzen dutenak: Jabi Jimenez baxuan, Natxo Beltran baterian, Alvaro Segovia gitarran eta Rober! ahotsean eta gitarran. Bestalde, bai estudioan eta bai zuzenean ere Mermaid-eko Iñigo teklatuan eta Jose Maria Gonzalez saxoan izaten dituzte lagun. «Azkenaldian erritmoa da gure zigilua, izan ere, lehen beti abiada bizian aritzen ginen eta orain kanta geldoagoak ere baditugu. Era honetan, intentsitatean gora eta behera egitean abiadura existitzen dela konturatzen zara eta erreferentziak sortzen dira», diosku Rober! taldeko gitarra jole eta abeslariak.
Backbone ritmo
Taldearen laugarren lana,
Backbone ritmo, Andoainen grabatu zuten joan zen abuztuan, Garate estudioetan eta Kaki Arkarazo teknikari zutela. Grabaketa sesioan egin dute, zuzenean, hau da, denak batera. Bestalde, kanta gehienetan ahotsa ondoren grabatu dute, normalean egin ohi den moduan, alegia, instrumentu ia denak grabatu ondoren. «Kaki oso teknikari ona da eta guztia oso natural egiten du. Diskoa grabatu orduko entzun eta lortutako soinuaz harritzen zara. Gainera, ia ez du hartutako seinalea ukitzen, ia ez du ekualizatzen. Kontua da sortutako soinua ongi jasotzen dakiela eta hori da hain zuzen lanik zailena», diosku Rober!-ek. Taldekideen esanetan diskoaren tituluak,
Backbone ritmo (Bizkarrezurraren erritmoa), ez du esanahi berezirik. "Hitz joko bat da, alde batetik erritmoa duen izena da eta polita da, horrez gain
Abstract blues izeneko kantan aipatzen dudan zerbait ere bada. Iradokitzen duena gustuko genuen», azaldu du Barakaldoko gitarristak.
Gainera, diskoa borobiltzeko banda bizkaitarra kolaboratzaile anitzez inguratu da.
One bit memory kantako hitzak, kasurako, Los Bichos talde nafarreko Josetxo Ezpandak idatzi ditu; BAPeko Jomes gitarra joleak zerra melodikoa jo du; Luis Caminok perkusioak sartu ditu; eta Gatibuko bateria jole Gaizka Salazarrek bibrafonoa jo du pare bat kantatan. Dena den, kolaboraziorik esanguratsuenetako bat Los Deltonos-eko Hendrik Röever gitarra jolearena izan da. «Country abestian slide gitarra sartu nahi genuen eta Kakik Röever ezagutzen zuela eta berak jo zezakeela komentatu zigun. Azkenean pedal steel gitarra grabatu zuen eta gainera ez zigun ezer kobratu», esan digu Rober!-ek. Kaki Arkarazo bera ere gitarra bat grabatzera animatu zen,
Take your time kantan, hain zuzen ere.
Arrakasta Frantzian
Rock talde bizkaitarraren dohainik nagusiena zuzenekoa da, horren froga urtean eskaintzen dituzten kontzertu guztiak. Espainiako Estatuan Euskal Herrian baino emanaldi gehiago eskaintzen dituzte. Eta aurreko diskoarekin,
Chasin' the Onagro, Espainiara bidaiatzeaz gain Frantzian bira egiteko parada ere izan zuten. «Marc Zermati-rekin jarri ginen harremanetan, Zermatik Skydog diskoetxe mitikoa du, 70eko hamarkadatik bizirik dirauen zigilua, diskoa gustatu eta bere diskoetxearekin Frantzian kaleratu zuen gure lana», diosku Rober!-ek. Marc Zermatik Motorhead eta Damned bezalako taldeen lanak karrikaratu ditu eta bere garaian The Clash-en road manager-a ere izan zen. Atom Rhumbak Paris, Bordele, Rennes eta Tolosan eskaini zituen emanaldiak eta telebistan ere izan zuten agerraldi bat edo beste.
Euskal Herrian baino Espainiako Estatuan dira ezagunagoak Atom Rhumba. Eta kontzertuak berez irteten direla azaltzen dute taldekideek. «Bilbon, adibidez, ezagunak gara, Kafe Antzokian eskaini genuen azken kontzertuan jendea kanpoan gelditu zen sartu ezinik, Iruñean ere aretoa bete genuen, Araban egia esan talde oso gutxik izaten du arrakasta, eta Gipuzkoan, berriz, oso kontzertu gutxi eskaini ditugu, Donostian, adibidez, inoiz ez dugu jo», dio Rober!-ek.
Atom Rhumba maiatzean Espainiako Estatuko rock jaialdirik ezagunenetako batean, Madrilgo Festimad-ean, eta Bartzelonako Primavera Sound jaialdian izango da.
Ainara Gurrutxaga
1932ko azaroaren 12a. «Martin maitea: Berriro ere Alemanian! Nolako inbidia ematen didazun! [...] Alemania demokratiko batera heldu zara, biziki kultua den herri batera, askatasun politiko preziatua hastapenean dagoen lurraldera. Bizitza zoragarria izango da».
Horiek izan ziren judutar jatorriko Max Eisenstein estatubatuarrak bere lagun Martin Schulse alemaniarrari izkiriatu zizkion lehen lerroak. Max eta Martin artearen munduan negozio-kide eta adiskide min ziren Kaliforniako San Frantzisko hirian bizi zirenean. Martinek, ordea, Munichera itzultzea erabaki zuen, emazte Elsa eta semeekin. Ordutik bi lagunen artean gutun trukea hasi zuten, elkarren berri izaten jarraitzeko asmotan. Alemanian, nazionalsozialismoaren hedatzearekin, ordea, bien arteko harremana ozpintzen hasi zen apurka. Gutun horiek bi protagonisten metamorfosiaren testigu zuzen bilakatuko dira, adiskidetasunak samindurari leku egiten dion bitartean.
Martin eta Max, Katherine Kressmann Taylorren Address Unknown nobela laburreko pertsonaiak dira, fikziozkoak. 1938. urtean argitaratutako liburuxkak, baina, orduko Alemanian jazotako errealitate gorria dakarkigu lerro artean ezkutaturik. Fikzioa errealitateari hobe begiratzeko mikroskopio bilakatzen da maiz. Idazlanak, III. Reicha hasi aurretik idatzita egon arren, ondoren gertatuko zen sarraskiaren aurreikuspen zorrotza egiten du.
Address Unknown oso arrakastatsua izan da argitaratu zenetik. Milioika kopia saldu dira eta antzerkirako ere hainbat moldaketa egin izan dira mundu zabalean, batez ere Frantzian. Tanttakakoak ere liluratuta gelditu ziren testuaren indarrarekin eta muntatzea erabaki zuten. «Kontakizunean biktima eta borreroaren artean egiten den alderanzketa asko interesatu zitzaidan hasieratik», dio ikuskizunaren zuzendari Fernando Bernuesek. Testua, gutun estiloan idatzita dagoen arren, antzerkirako aproposa dela iritzi dio zuzendariak: «Progresio bat dago gutunetik gutunera. Gainera narrazio-molde tradizionalaren egitura jarraitzen du: planteamendu, korapilo eta amaiera oso argi markatuta dauzka».
1933ko uztailaren 9a. «Max maitea: [...] Momentuz gutun bidezko harremana eten egin behar dugu. Ezin dut judutar batekin korrespondentziarik izan».
Ez da Tanttakak nazismoaren gaia lantzen duen lehen aldia (Errudun jaioak). Fernando Bernuesen hitzetan, ordea, ez da bereziki bilatu duten gaia. Alemanian gertatutako genozidioa gaur egungo giza portaerei buruz hausnartzeko oso baliagarria da haren iritzirako: «Gertaera konkretuak baino gehiago, halako gauzak zergatik gertatzen diren aztertzea da interesatzen zaiguna, ea zergatik bat-batean alda dezakeen konbikzioz pertsona batek, bere lagunak gorrotatzeraino». Fanatismo ideologikoak oraindik ere pil-pilean daudela uste du gainera: «Gaur egun, eta batez ere herri honetan, progresio ideologiko oso harrigarriak gertatzen dira. Sadismo ideologiko horiek jendearen eguneroko bizitzan duten eraginaren gaineko gogoeta egin nahi nuen».
Denbora eta espazioan gure gizartetik urrun dagoen fenomenoa erabili nahi izan dute testuinguru gisa, azken batean distantziak egoerak hobe ulertzen laguntzen duelakoan. «Arteak oro har askotan erabiltzen du distantzia hori, mina terapeutikoa izan dadin. Gure inguruneari buruz hitz egiterakoan ideologikoki eta humanoki itxi egiten gara, predeterminatuagoak egoten baikara».
1933ko azaroak 5a. «Martin: Beharrezkoa dudalako idazten dizut berriro. Susmo txar bat daukat. Griselleri idatzi nion Berlinen zegoela jakin bezain laster [...] baina kartazala ireki gabe itzuli didate. Ezezaguna helbide honetan dio ezarri dioten zigiluak».
Isidoro Fernandez aktoreak jokatzen du judutar jatorriko pertsonaiaren papera eta Kike Diaz de Radak alemaniarrarena. Biek ere ñabardura handiko pertsonaiak aurkezten dizkigute oholtza gainean, esperientziak ematen duen interpretazio sendoarekin. Euskarazko bertsioan Eneko Olasagastik ordezkatuko du Diaz de Rada. Apirilaren 22an gazteleraz eginiko estreinaldian, gainezka zegoen Donostiako Antzoki Zaharreko ikusleria hunkitzea lortu zuten. Tentsioa tantaz tanta neurtzen dakien lana da.
Sortu zenetik Tanttakak zuzeneko musikari leku pribilegiatua eskaini izan dio bere muntaietan, eta baita azken honetan ere. Konpainiako zuzendariaren ustez, «musikak errealismotik urrun, ahalmen iradokitzaile handia du. Gainera zuzeneko musikak antzerkiaren oso parekoa den pultsua du. Latako musikak, noski, ezin du pultsu hori lortu».
Paradero desconocido antzezlanean Iñaki Salvador piano jolea eta Pello Ramirez biolontxelo jolea igo dituzte oholtza gainera. Iñaki Salvador berak konposatutako musikak protagonisten alter ego moduan jokatzen du, gutuna irakurtzen ari denaren barne pentsamenduekin partitura bat osatu izan balu bezala. Agertoki erdian jarrita, aulki gorriz inguratuta, giro berezia ematen diote kontakizunari musikariek. Azken batean, eurak ere genozidioaren biktima dira.
1933ko abenduak 8a. «Heil Hitler! Sentitzen dut albiste txarrak eman behar izana. Zure arreba hil egin da. Zuk esaten zenuen bezala, zentzugabe bat zen. Duela astebete eskas, etxera heldu zen [...] Alemana naizenez nire eginbeharra garbi zegoen».
Antzezlanak aurrera egin ahala, bi protagonisten arteko harremana okertuz doa. Martinek laguntza ukatzen dio bere etxe aurrera laguntza eske joan den Griselleri, Maxen arrebari. Naziek gupidarik gabe erailko dute neska gaztea. Antzeztokiak irudikatzen duen entsegu gela hutsa, gero eta hotzagoa bihurtzen da. Edi Naudok diseinatutako eszenografiako aulki gorriak mugitzen hasten dira, tentsio dramatikoa gogortuz doan heinean. Suspenseak ezusteko amaiera du.
Max eta Martinen istorio partikularra milaka pertsonen istorio bilakatu zen Alemania eta Europan II. Mundu Gerraren atarian. Horixe iradoki nahi izan du Fernando Bernuesek agertoki hutsarekin: «Ikusten ez ditugun istorio horien metafora da. Euren helbideetan ezezagunak diren jende asko dago eta nolabait horiek antzezlanean presentzia izatea nahi nuen. Bi protagonista hauei gertatutakoa ez da kasu isolatua, zoritxarrez».
Donostia eta Bilbon aurkeztu ostean, Alacanten emango du konpainiak Paradero desconocido. Uztailean Donostian egitekoa den Antzerki Azokan zehaztuko dira ziurrenik taldeak aurrerantzean eskainiko dituen emanaldiak.