Euren burua aurkezten ikasi zuten lehenik. Zuzen esaten dute euskaraz, izena, adina eta non bizi diren. Hortik aurrera, poliki, jolastuz eta presarik gabe ari dira urratsak ematen. San Frantziskoko eskoletan biltzen dira astearte eta ostegun iluntzetan. Palanka Kultur elkarteak eta GITE-IPES institutuak bultzatutako euskara ikastaroek, astean hiru ordu emanda, ez baitute egun batetik besterako miraririk espero.
Lehenengo ikasleak, orain ia urtebete hasi ziren eskolak jasotzen. Inguruan dauden gizarte mugimendu desberdinen bidez, auzoan zabaldu zen bi elkarte antolatzaileek zuten asmoa eta erantzun ona jaso zuten. Jon Iturriaga Palanka taldeko irakasleak dioenez, "orain urtebete hasi zirenek aurrerakada handia eman dute. Klasean hitz egiteko gai dira, nahiz eta zailtasunak izan. Klasetik kanpo hitz egiten ausartzea zailago egiten zaie".
Gramatikalki beharrezko diren oinarriak jasotzen dituzte ikastaroan izena emanda dauden berrogeita bost ikasleek. Baina hori uneoro praktikara eramatea, hizketarako askatzea da ikastaroa gidatzen duten lau irakasleen helburua; gramatika apur bati ahalik eta probetxu handiena ateratzea.
Blancak, orain urtebetetik eskolak hartzen dituen ikasleak dioenez: "Hitz egitea asko kostatzen da. Ulertu bai, gehiago ulertzen dudala nabari dut. Telebista edo irratia jarri, eta denaz jabetu ez arren, zertaz ari diren behintzat badakit".
Auzo anitza
Gune berezian bizi dira. Gutxi izango dira Euskal Herrian, kanpotik etorritako hainbeste jende biltzen duten auzoak. Iritsi berriekin ez da beti erraza izaten harremanetan sartzea eta nola lagundu ere, ez da askotan jakiten. Ikastaroaren bultzatzaileek, argi ikusi zuten eurek eskain zezaketen onena, bertako kultura eta euskara zirela.
Kanpotik datozenak, gainera, jakin-minez beterik omen datoz. Iban Gortazar, GITE-IPESeko kideak dioenez, "orain hamarkada batzuk zetozenek, Euskal Herria ez zuten herri bezala identifikatzen, zegoen erregimena zegoelako. Gaur egun datozenak, beste konnotazio batekin datoz. Herri desberdina dela somatzen dute, ez dute Espainiarekin lotzen eta horrek jakinmina pizten die". Gainera, errealitate soziolinguistikoa ere aldatu egin da. Bilbo Zaharrean ez da zaila gaur egun euskara entzutea edo karteletan idatzita ikustea. Eurek ere, errealitate horretan parte hartu nahi dute.
Euskara ikasteaz gain, kultura ezagutzea ere ahalbidetzen die ikastaroak. Hainbat kultur adierazpen ezagutzera ematen zaizkie eta mitologiaren inguruko kontuak ere ikasten dituzte. Horrek berak, euskara ikasteko grina areagotu egiten die, herriaren identitateaz jabetzen direlako.
Euskal kulturara gerturatzeko bide horretan, eskoletan sortzen diren harremanek aberastasuna ematen diote auzoari. Poli, Errioxan jaio zen eta erretiroa hartuta dago ia. Bere ikasgelan afrikar jatorriko bi gazte daude eta mirespenez hitz egiten du eurei buruz: "Ikusi egin behar da zer nolako gogoarekin etortzen diren. Nik uste dut, etxean errepasatu egiten dutela eskolan ikasitakoa, denbora gutxian asko aurreratu baitute". Ikastaroagatik izan ez balitz, ziurrenik ez omen zen eurekin harremanetan hasiko eta orain ba omen dauka horretarako aitzakia. "Oso positiboa da guztiontzat".
Giro ona
Jatorri, adin eta kultur desberdintasunen gainetik, bai irakasleak, bai ikasleak, bat datoz eskoletan sortu den giro atsegina azpimarratzerakoan. Jendea beldurrik gabe gerturatzen zaiela diote irakasleek, harrera ona jasotzen dutelako. Ikasleei aldiz, eskolak segitzea erraza egiten omen zaie. Ikastaroa doan izatea ere beste erakarpen puntu bat da. Bilboko Udalak diruz laguntzen du ekimena eta Zabaltzen banatzaileak berriz, dohain ematen die eskola materiala.
Izena emandako ikasleak berrogeita bost diren arren, ez dira beti denak agertzen. Batez beste, hogeita hamar azaltzen dira. Hiru taldetan banatuta daude, daukaten mailaren arabera. Ikasle denak, eskoletan jarraitzeko asmo eta ilusioarekin ageri dira. Gainera, Bilboko beste auzo batzuetara esportatzeko moduko ekimena iruditzen zaie eta erakunde gehiagoren bultzada izatea ere eskertuko lukete.
Palanka Kultur elkarteak eta GITE-IPESek, jasotako erantzuna ikusita eta ikasle gehiago gerturatuko diren esperoan, beste talde bat osatzea espero dute ekaina aurretik, ikasle berrientzat. Orain artekoaren balantzea egitea tokatuko zaie ikasturte amaieran, baina balorazio positiboa aurreikusten da. Datorren ikasturteari begira, daukatena mantentzea nahi lukete.
Bestalde, eskolan ikasitakoa kalean erabiltzera bultzatzeko ekimen gehiago ere egin nahi lituzkete. "Santa Ageda bezperan kantuan atera ginen kalera eta horrelakoetan euskaraz hitz egitera animatu egiten direla ikusten dugu. Horrelako ekintzak zabaldu egin beharko ditugu", dio Jon Iturriaga irakasleak.
Batasuneko kide Xabi Larralderekin bildu gara Baionan. Batasuna Iparraldean legaltasunean ari da. Martxoko bozak ûeskualde zein kantonamendukoakû, ekaineko Europako hauteskundeak, Nazio Eztabaidagunea eta Udalbiltza izan ditugu hizpide. Iparraldeko barnealdean abertzaleen garaia iritsi dela erran digu. Alta bada, abertzaleek ez dute alternatiba bateratu bat gauzatzen jakin. Batasunak ere batasuna amets, agidanez.
Mezuz bete da egunotan ARGIAko posta elektronikoa eta Eusko Jaurlaritzara ere beste hamaika idatzi iritsi dira. Euskal Herriko xake elkarteek eta bertako nahiz atzerriko jokalari eta kirol taldeek haien elkartasuna erakutsi nahi izan diote euskal xakeari. Dekretuaren aurkako mobilizazio ugari ere antolatu dituzte eta Euskal Xake Federakuntza sinadurak jasotzen dabil. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaratek eta Kirol saileko zuzendari Ramon Garaik behin eta berriz errepikatu dute idatzia zirriborroa baino ez dela oraindik. Xake erakundeek, ordea, ez dute hain argi ikusten eta kezkatzeko arrazoiak badaudela uste dute.
«Azkeneko bileran, Miren Azkaratek zirriborroa zela esan zigun», dio Euskal Xake Federakuntzako lehendakari Miguel Angel Muelak, «baina dekretu proiektua da, hori ez da zirriborroa soilik, denbora luzez pentsatutako gauza da eta ez digute orain arte galdetu ere egin». Garairekin ere bildu dira EAEko eta hiru probintzietako federakuntzak baina Miguel Angel Muelaren esanetan, alderdiek kontrajarrita jarraitzen dute. Gainontzeko partidu politikoekin ere bildu da Muela eta denak bat etorri omen dira bere iritziarekin. Horregatik, maiatzaren 17an aldaketak aurkezteko epea bukatu aurretik «Eusko Jaurlaritzak gogoeta egingo duenaren eta dekretua atzera botako duenaren esperantza» ez du galdu nahi. Bestela, planteamendu berrietara eta erakunde jakinetara jo beharko dutela adierazi du lehendakariak.
Argudioaren tira-birak
Eztabaidaren muina Eusko Jaurlaritzak xakea kirola ez dela esateko erabili duen argudioan dago: ahalegin fisikorik ez dagoela dio dekretuak. Kontrakoa frogatzeko, gaiaren inguruan egindako txostenak aurkeztu ditu Federakuntzak. Garrantzitsuenen artean, Lovaineko (Belgika) unibertsitateko Xavier Sturbois irakaslearena eta Helmut Pfeger medikuntzako doktorearena daude. Xake lehiaketetan karbo-hidratoen kontsumo altua eta nerbio, hormona-sistema eta sistema kardiobaskularraren aktibitatea ondorioztatzen dute aipatu ikerketek. Gainera, Moskuko Fisika Institutuko kide Balkinen lanaren arabera, xake jokalariek lau eta zortzi kilo artean galtzen dituzte lehiaketa garrantzitsuetan. Karpovek, adibidez, hamar kilo galdu zituen Kasparoven kontrako partida ospetsuan.
Medikuak eta ikerlariak ez dira xakea kirola dela pentsatzen duten bakarrak. 156 herrialderentzat eta Nazioarteko Olinpiar Batzorde eta UNESCO erakundeentzat ere kirola da. Eusko Jaurlaritzak 1978an aintzatetsi zuen dagoeneko 15 mendeko historia duen jarduera eta Espainiako senatuan xakea 1994an jo zuten zientzia-kiroltzat. CC, EAJ, PP, PSOE eta CIU alderdiek mozioaren alde bozkatu zuten. Gainera, 2000. urtean Sidneyko Joko Olinpikoetan erakusketa-kirol izan zen eta Kirol Federakuntzen Nazioarteko Unibertsitateak 2004ko Munduko Txapelketan lehiatuko diren kirolen artean sartu du.
Dekretu polemikoa kirola definitzeko ahalegina dela argi utzi nahi du Eusko Jaurlaritzak. Xake munduko erakunde askok, ordea, diru laguntzak murrizteko bidea dela uste dute eta xake ekintzetarako baliabideak asko jaitsiko liratekeela diote. Muelak argi dauka hau hasiera baino ez dela eta ondoren beste kirol batzuk epaituko direla. Esanak esan, maiatzaren 17tik aurrerako gertakariek izango dute erantzuna.