Zeinek ez du behin edo behin honelakorik esan?: «Hori baino teatrero hoberik ez dago mundu honetan!» Izan ere, norbaiten hitzak edo jarrera benetakoa iruditzen ez zaigunean, antzerkia egiten ari dela uste dugu. Antzerkia egitea, berez, gezurretan aritzea balitz bezala. Hau aldrebeskeria, nik badaramat ia hogei urte horretan eta lehen-lehenetik erakutsi zidatenetako bat, eszenatokian egiarekin lan egin behar dela izan zen ûbejondeiola Stanilavskiriû. Aktoreak bizi egin behar duela uneoro bere pertsonaia, sinetsi sinestarazteko, azken batean jendea bereganatzeko. Jendea geureganatu... Ikusleak lortu, zaleak sortu, antzerkia gutxi batzuen aukera izateari utzi eta behingoz herrian barneratu.
Haritik tiraz, hemen nire bigarren galdera: «Zeinek du ohitura noiz edo noiz antzerkira joateko?». Errazago jarriko dut. Zeinek ikusi du behin besterik ez bada ere antzerki lan bat? Zoritxarrez eta harrigarria bada ere, galdera hauei erantzuteko gai direnak ez dira horrenbeste ere. Urrutian begiratu gabe, nire inguruan gehiago dira, askoz ere gehiago, antzerki areto bat behin ere zapaldu ez dutenak. Edo behin egon badira, konpromiso hutsean hurbildu direnak ni neu edo beste ezagun bat agertzen zelako. Ez ditu erakartzen, ez dute haren beharrik larunbat arratsa igarotzeko. Badagoenik ere, jakingo ote dute?
Bestalde, duela gutxi plazaratu dira SAREA edo euskal antzerki zirkuituak iazko urtean eskuratu dituen ikusle eta emanaldi kopuruen datuak. Datuek arte eszenikoko programazio profesional osoa jasotzen dute, hau da, antzerkia, dantza eta lirika programazioa. Eta datu horien arabera, azken urte honetan SAREAko antzokietan 362 ikuskizun ikusi ahal izan ditugu, eta eskainitako 1.255 emanaldietara 388.018 ikusle hurbildu dira, batez beste 309 ikusle emanaldiko, alegia. Ikusleek gora egin dute, emanaldi kopuruak ere bai. Beraz, emaitzak onak direla esan daiteke. Eta egia da, pixkanaka gure profesioa duintzen ari da, lan baldintza hobeak lortzen... Baina zer dira 388.018 ikusle ûumeak barne, jakinaû gizarte oso batentzat? Arazoa ez da antzerkiarena bakarrik, zine ma-aretoak ere krisian daudela entzun nion duela gutxi bati. Zorionekoa haren analisia... Izan ere, zinema-aretoen krisialdiak beste nonbait du aitzakia, ez zinema ikuslegoa gutxiagotzean. Zinemak ez du ikuslegorik galdu, aretoek galdu dute, zinema telebistaz edo bideoz ikustearen alde.
Telebistak ardura handia izan du zinemaren zabalkundean. Eta antzerkiarenean? Erantzunak ez du inolako zalantza izpirik sortzen: gure telebistak behintzat, batere ez. Batere ez, horixe baita Euskal Telebistak egun behintzat ematen dien garrantzia antzerki edo edozein arte eszenikotako gertakariei. Eta 388.018 pertsona ez dira asko, baina gehiago lirateke, askoz ere gehiago, telebistak bere leihatila ireki eta behingoz beste errespetu batez hartuko balitu arte eszenikoko gertakariak. Oso noizbehinka estreinaldiren baten berri eman eta horrekin nahikoa egin dutela uste badute, akabo. Akabo nire esperantzak, nire ez hain urrutiko ezagunak edo lagunak bere planak aldatu eta larunbata arratsean antzerkira joateko erabakia hartzeko.
Gauzak horrela, telebistaren bideak huts egiten digun heinean, beste alternatiba batzuk jorratuz joan beharko dugu. Adibidez: "Antzerkia ikustea osasungarria da eta biziraupena luzatzen du". Honelakorik ikustera ailegatuko ote gara gure kaleetan? Izan ere, erakutsia dago antzerkiaren erabilera terapeutikoa dela gaixo mota ezberdinentzat, baina antzerkia ikustea?: "Antzerkia ikustea ona da zure osasunarentzat. Endokrinak askatzen laguntzen du, gozamen maila handiak lortuz. Zentzuak estimulatzen ditu. Eta ume-umetatik sormena garatzen du. Tentsioak askatzen ditu eta ondorioz, estresaren aurkako medizina ezin hobea da». Eta ez da txantxa. Kar, kar, kar... Azkenean: antzokiak pil-pilean!
Josemari Velez De Mendizabal
Manipulazioa. Horixe da hitza eta horixe bera dugu gaitza. Hedabide "orobaliodun"en erresuma ero bezain mundialean gaude galduta, gero eta sentsazio beltzago batek jota. Aitortu behar dut, zinez, nazka eragiten didala informazioaren gaineko manipulazioak. Eta eguneroko egiaztapenak aholkatzen dit hobe nukeela erabateko muzina egingo banie hainbat komunikabideri. Osasunez irabaziko nuke, bederen.
Aukeraketa librean sinesten dut eta ongi eta gaizkiaren artean bereizten banekiela suposatzen nuen. Inozoegi, zalantzarik gabe. M-11 baino lehen iturri askotatik ur lohia iristen zitzaigula garbi zegoen eta hautaketan genuen salba ohola. Horregatik demokraziaren joko arauek erabateko kutsadura hilgarritik libratu gintuzten eta ostera frogatu zen hura dela akatsik gutxien duen sistema politikoa. Bota genuen ûzutenû boteretik manipulatzailea. Orain, hurrengo jokaldi maltzurra zein izango ote zain geratu gara. Etorri... etorri egingo dira eta!
Denbora gutxiko beste ustekabe galanta Mirentxu Purroyk eman zidan, ETBko erreportaje batekin. Nire inozotasunean, berriz azpimarratzen dut, sinetsia nengoen lehen astronauta ilargira iritsi zeneko une gogoangarriak zuzen-zuzenean ikusi nituela. Orain zeharo ezabatu didate sentsazio hura, ia-ia heroi iparramerikarrekin batera gure satelitera heldu izanekoa. Eta Mirentxuk, bere etxeko magiarekin, zas!... hura guztia muntaia zinematografiko bat zela kontatu zigun. Agintari iparramerikarren inbentoa izan zen dena! Zenbait gaizkileren asmakuntza propioa, mundua engainatzeko. Urte batzuk geroago, soldadu Ryan emakume-bertsioarekin egin ziguten bezalaxe, Iraken.
Hirugarren kate maila Zumalde "El Cabra"k ekarri dit. Gutariko nork ez zekien oñatiarra mundu pribilegiatu batzuetan aritu dela azken urteotan? Orain, beste esparru berriak jorratu nahian nonbait museistikaren ildoetatik barrena egin bide du, eta berak ongi ezagutu zuen talde armatuaren gaineko erakusketa egonkorra antolatu du, yogurra nonbaitetik atera behar baita. Eskubide guztia du... Baina manipulazioa, gaia dela eta telebistako erreportajea prestatzen lagundu dion Antena 3k eskaini digu. Oraingoan ez didatela ziria sartu esan behar dut aldez aurretik, inozo ez ezik ergel ere banaizela inork pentsa ez dezan.
Antena 3koek ibilaldi bat filmatu zuten Gipuzkoako mendi batzuetan... eta Zumaldek gidatuta: "Es la primera vez que cámaras de TV entran en un zulo, utilizado por 'El Cabra', y en el que nadie ha estado hasta ahora en los últimos treinta años" irudiak eskaini zizkiguten. Lehen planoan, bat batean, Egin egunkariko ale batzuk. Harrapazak! Zero zenbakiak izango ote ziren? Ezen, nik dakidalarik, Egin 1977an jaio zen... Ala ez? Nork erabili du nor? Biek erabili al gaituzte?
Iluntasuna ez da hitz egokia, hedabide askoren erabilera gaiztoa mugatzeko. Ez. Motz geratzen zaigu. Beldurra, txantajea, zaintza inkontrolatu bezain ilegala, isiltasun lazgarria... Dena da erabilgarri kritikei ekiditeko eta boterearen probetxua elikatzeko. Ez dakit berriro itzuli behar ote dugun gizakia izaki gaiztoa dela defendatzen duen teoria jorratzera. Baina errebelatu egiten naiz posibilitate horren aurrean. Nahiago nuke pentsatzea, gaiztoa komunikazioak atzematen dituena dela, komunikabideak bere interesetara maneiatzen dituena, doktrinaren ortodoxia gizartearen txoko guztietara hedatu nahi duena, estatuaren egonkortasuna herrien gogoaren gainetik pasarazten duena, ohiko moral ustelaz hiritar arrunton jantzia prestatzen duena...
"Chi piu sa meno crede" dio italiar errefrau batek, jakitea eta sinistea alderantziz proportzionalak direla adierazteko. Nik ez dakit lehen baino gehiago ote dakidan. Sinetsi, ordea, askoz gutxiago egiten dut. Tamalez. Eta nire ezgaitasun progresiboa, inguratzen gaituzten erreferentzien gaineko manipulazioak eragin du, ziur.
Xipri Arbelbide
Moda zaharrekoa izan nahi ez baduzu, gaur egun ezkontzaz irri egin behar duzu. Ezkondu gabe beste batekin bizitzea, bi neska edo mutiko elgarrekin "ezkontzea", haurrik ez izatea, gay eta lesbianentzat Bolibiatik etorri haur baten adoptatzeko eskubidea eta abar, horra norma berriak. Dogma berriak erran nezake, Eliza Katolikotik kanpo ere dogmak baitira eta gogoaren askatasuna daukatela uste dutenek ere baitituzte beren dogmak.
Lehenik ohartarazi nahi nuke baduela zenbait ehun mila urte, lur honetako zoko guziek badutela ezkontza, bakotxak bere ñabardurekin. Gizarteak aspalditik asmatu du ezkontza bere legeekin, gizakiaren arrazari bizia segurtatzeko eta zaharrek gazteak behar dituztelakotz beren zahartzaroan, haurrek aita amak behar dituzten bezala biziko lehen urteetan. Ezkontza ez da Eliza Katolikoak asmatua. Gizarteak asmatua da eta gizonarekin bat egiten duelakotz du Elizak ere beretu.
Ezkontza jostagailu bilakatu delakotz Hegoaldean ez da hilen ordaintzeko behar litekeen haurren erdirik sortzen. Euskal Herria leher egiten ari da eta leher eginen du non ez zaien etorkinei dei egiten.
Gizon zuzen batek gehiagokorik gabe onartu dezake, etorkin horiek beren herritik joatera bortxatuak izan daitezen bizitzeko? Ez ote dute, Iparraldean duela hogeita hamar urte modan zen eslogana bere egiten ahal: bizi eta lan herrian? Haiek ez dute beren herrian bizitzeko eskubiderik?
Gizon eta emazte guziek eskubide berak dituztela sinesten dutenek onartu dezakete, etorkin horiek Afrika eta Hego Ameriketako pobreen bizkar izan diten gizarteari gostatzen zaizkiono, hala nola eskolan dabiltzalarik, eta lanerako prest direnean, beren herriak horien baitan sartu kapitalaz balia daitezen Euskal Herria bezalako herrialde aberatsak? Adibide bat emateko, ba ote dakizue laurogeiko hamarkadan Ghanak formatu medikuetan gutienez %60 Europan ari dela? Normal da hori?
Herri normal batek hilen ordaintzeko doia haur egin behar du. "Egitea" ez da bakarrik bizia ematea. "Egitea" da ere haur horien heztea. Artetik errateko, aita batek egunean bost minutu dituelarik pasatzen bere haurrarekin, bana beste gertatzen den bezala Espainiako haurrekin, ez dakit zer heziketa egiten duen gizon horrek. Haur baten hezteko, aita eta ama biak behar dira. Bat ala bestea baizik ez badu ere berdin dela entzun dut: umezurtza ere ez ote da batekin bizi? Besomotza eta okerra ere beso edo begi bakar batekin bizi dira. Arrazoinamendu horri jarraikiz, zuri komeni zaizulakotz, norbaiti kenduko diozu besoa edo begia?
Beste dogma bat, berdin dela gizon eta emazte batekin ala bi gizon edo bi emazterekin, aitak eta amak paper bera jokatzen ote lukete haur baten heziketan? Haurrak harreman berak ote lituzke aita eta amarekin? Nork du haurra bere sabelean egiten bederatzi hilabetez, gau eta egun bere sabelean erabiltzen? Bederatzi hilabete horiek ez dutela lotura berezi bat sortzen ama eta haurraren artean? Ama da "erditzen" Iparraldean hoin ederki erraten zen bezala, hitz horren erran-nahi aberatsarekin. Ez aita. Horrek ez duela ondoriorik? Amak dio haurrari titia ematen. Ez aitak. Horrek ez duela bien arteko lotura berezi hura indartzen? Gizon-emazteek eskubide berak dituzte bai, bainan ez dira berdinak eta bakotxak bere hartarik ematen dio haurrari. Biak behar ditu haurrak.
Haurra, aita eta amarik gabe gelditzen delarik, nehork ez du haren hartzeko "eskubiderik". Haurrak du aita eta ama baten izateko eskubidea, hezia izatekoa. Lehentasuna eman behar zaie lan horren egiteko gehienik gai direnei. Gizonak eta emazteak elgar osatzen dutenaz gain, gizon bat eta emazte bat dira normalki egokienak. Haurraren hartzeko gai den bikoterik ez bada, bakarrik den batek, bi gizon edo emaztez egin bikote batek har dezan, bai. Baina, ahalaz, haurrarentzat hobe, aita deituko duen gizona eta ama deituko duen emaztea, bakotxak daukan nortasunetik aberastu dadin.
Ezkontza gaixo delarik gizarte osoa da gaixo eta hori ikusten dugu Iparralde honetan ere. Urte oroz, sortze baino 450 heriotze gehiago bada. Urte oroz, Makearen heineko herri bat desagertzen da. Horrela dugu eraikiko biharko Euskal Herri Euskalduna? Amets Arzallus gaztea entzun dut behin Euskadi Irratian: «Abertzale baten lehen eginbidea: haurrak egitea». Bizi luze batek zaharrik zuhurrenari eman zuhurtasuna dauka mutiko horrek.