Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-05-16 -- 1944.zenb

Daniel Udalaitz

Energia berriztagarriak energia-iturri garbiago eta merkeago berriei esaten zaie, hala nola eolikoari, biomasakoari, eguzkitikoari eta geotermikoari. Energia eolikoa haizeak sortzen duena da. Haizea da energia alternatiboetan konpetitiboena. Haizearen indarra baliatuz elektrizitatea sortzea oso printzipio sinple bati zor zaio: aireak helize bat mugiarazten du, eta generadore batek errotazio hori argindar bihurtzen du. Kilowatt bakoitzeko 1etik 11 zentimorako kostua du batez beste. Mota horretako energia gero eta gehiago produzitzen da Hego Euskal Herrian, eta Nafarroak dauka Espainiako Estatuko parke eolikorik handiena. Biomasa nekazaritzako hondakin lehorretatik, hondakin organikoetatik eta zur-fabriketako hondakinetatik (zerrautsa) ateratzen den energia da. Zabor horiek galdara batean errez edo gasifikatzeko tenperatura altuetara berotuz, elektrizitatea eta beroa lortzen dira. Kilowatt bakoitzeko 3tik 12 zentimorako kostua du batez beste. Eguzki-energiaren kasuan, eguzkiaren bitartez, elektrizitatea eta beroa sortzea lor dezakegu. Kilowatt bakoitzeko 20tik 90 zentimorako kostua du batez beste. Energia geotermikoa lurraren bihotzetik datorrena da. Lur azpiko beroa baliatzetik lortzen da. Lurrazalak egundoko bero-potentziala dauka bere baitan eta argindar bihur daiteke edo zuzenean berokuntzarako erabili. Kilowatteko 15 zentimoko kostua du batez beste.

Pentsatu bezala doa dena EBBren hautaketa prozesuaren bukaeran eta bost lurraldeetako lehendakarien hautaketarekin EBB osatua geratuko da. Azken txanpa honetatik, Iņigo Urkullu (Bizkaia), Joseba Egibar (Gipuzkoa), Iņaki Gerenabarrena (Araba), Jose Angel Agirrebengoa (Nafarroa) eta Ramuntxo Kanblong (Iparraldea) iragango dira EBB berrira. Dena aurreikusi bezala, baita tentsioa ere. Tira-bira gogorrak bizi izan dira EAJn, eta zaila da irudikatzea hori guztia azaleko desadostasunengatik bakarrik gertatzen dela, boterea ez baita azaleko kontua. Desberdintasun ideologikoak? Hor arakatzea zailagoa da. Sinbolikoki gogorra egin dena, bestalde, Xabier Arzalluz Aberri Batzarrean botorik gabe geratzea izan da. Agian bera ausartegia izan zen aurkeztean, baina Bizkaiko afiliatuen gehiengoak bizkarra eman dio.

Tortura eta inkomunikazioa

Gatazka bortitzean bizi den gizartean, alde desberdinek arazoei buruzko bere perspektiba dute, baita giza eskubideei buruz ere eta, beraz, berdin tortura dela eta. Irakeko tortura kasuek dagoeneko komunikazioaren gaur egungo munduan jakina dena berretsi dute: irudi ez denak ez du existitzen, komunikazioaren joerek horretara ohitu dute herritarra. Argi dago EAJ, EA eta Ezker Batua ez direla torturaren aldekoak, ulertzen ez dena da zergatik ez duten etxean bertan tortura ahalbideratzen duen tresna garrantzitsuenaren (inkomunikazioaren) aurkako jarrera azaltzen. Inork gutxik jarriko du zalantzan atxilotuaren berme maila oso desberdina dela Ertzaintza, Polizia Nazionala edo Guardia Zibilaren eskuetan, baina Ertzaintzaren aurkako tortura salaketa asko egon da azken urteetan, errealitate hori hor dago eta ostrukarena egiteak ez du arazoa ezabatzen. Iritzi publikoari begira bederen, argi gelditu da EAJk, EAk eta EBk Sozialista Abertzaleekiko duten jarrera; baita Espainiako Gobernuaren aurrean ere; argi geratu ez dena da Ertzaintzak dituen tortura edo tratu txarren salaketen aurrean duten jarrera. Inkomunikazioak inpunitate esparru bat eraikitzen du eta horrek, berez, ez du esan nahi esparru horretan atxilotuaren eskubideak urratu behar direnik, baina egungo Euskal Herrian inkomunikazioa torturarekin lotua dago. George Bushek eta Toni Blairrek argazkiak daudelako onartu dute ofizialki Irakeko torturen errealitatea. Horra hor egungo komunikazio munduaren erronka: irudirik gabeko errealitateak ere hor direla erakustea.

Nafarroa Bai sendotu nahi dute bultzagileek

Jose Antonio Urbiola EAJko NBBko lehendakari ohiak esan berri du, Nafarroa Bai (NB) sendotu beharra dagoela eta iraunkorrago egin beharko litzatekeela. Aralarrek ere, alderdikideek eta herritarrek NB nola ikusten duten jakin nahi du eta batzarre iraunkor bat antolatuko du horretarako. Ezagunak dira hauteskunde kanpainan NBren baitan izandako barne tira-birak, eta agerikoa da, gaurkoz, alderdi bakoitzak bere interes multzoa duela. Hala ere, badirudi pixkanaka NBren errealitatea finkatu nahi dela eta horretarako antolaketa iraunkorra sendotu. Dagoeneko, NB osatzen duten lau alderdiek (Aralar, EA, Batzarre eta EAJ) onartu dute 15 egunero bilduko den 10 laguneko iraunkorra osatzea, egoitza finkatzea eta baita pertsonaren bat zenbait orduz lanean jartzea ere. Helburua, hemendik eta hiru urtera izango diren foru hauteskundeetara indarrez eta proiektu garbi batekin iristea litzateke.

EAEko ikasleen euskara maila hobetzeko neurriak

A, b eta d ereduetan abian jartzeko neurriok Anjeles Iztueta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak aurkeztu zituen Legebiltzarrean. Hiru neurri nagusi dira: hala nahi izanez gero, A ereduan euskarazko ikasgai bat sartzea, hezkuntza maila bakoitzean ikasleak euskaraz jakin beharrekoa zehaztea eta irakasleen euskara maila hobetzeko ikastaro bereziak eskaintzea. Helburua 16 urterekin ingelesezko First ziurtagiriaren pareko euskara maila izatea da. PP eta PSOEk A ereduan egin nahi dituzten aldaketak egiteko lege oinarririk ez dagoela esan dute. Bestalde, arazoa neurri horiek ez dutela konponduko adierazi zuten LAB, AEK, Euskal Herriak Bere Eskola, EHE, Sortzen-Ikasbatuaz eta Ikasle Abertzaleak taldeek.

Manuel Lekuona saria Jesus Atxari

Eusko Ikaskuntzak euskararen eta euskal kulturaren alorrean urte luzez lan egin duten pertsona esanguratsuak omentzen ditu Manuel Lekuona sariaren bidez. Aurtengo saria Jesus Atxa aretxabaletarrak jaso du. 84 urteko gizon hau Iruņeko San Fermin ikastolako sortzailea izan zen eta baita zuzendaria ere. Lizarra, Tutera eta Altsasuko ikastolen sorreran ere parte hartu zuen. Ekitaldira hainbat euskaltzale bildu zen, hala nola, Andres Iņigo, Pierre Xarriton, Patxi Salaberri eta San Fermin ikastolako hainbat lagun. Manuel Lekuona saria Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariaren eskutik jaso zuen. Sanzek euskararen eta euskal kulturaren alde lanean jarraitzeko esan zion Atxari. Aretxabaletakoak, ŦNafarroako bide meharrak euskararentzako autobide bihurtzeko borondateaŧ ikusi nahi zuela adierazi zion presidenteari.

Euskarari Zor Zaiona Nafarroan

Hasi berri da Nafarroan errenta aitorpeneko kanpaina eta azken lau urteotan egin duten moduan Euskarari Zor Zaiona ekimena abian jarri dute. Sustatzaileak hainbat talde dira: AEK, CGT, Euskara Kultur Elkargoa, IKA, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Karrikiri, LAB, Sortzen-Ikasbatuaz, STEE-EILAS eta Oinarriak. Sustatzaileek herritarrei PFEZari diru kopuru bat atxikitzea eskatzen diote, horrela, euskararen alorrean gastatu ahal izateko. Kanpaina honen bitartez UPNren euskararekiko politika salatu nahi dute. Iaz kanpainari esker 6.600 euro inguru jaso zituzten bultzatzaileek. Diru horrekin etorkinentzako euskara ikastaroak antolatu zituzten.

Ikas Bik Hezkuntza Ministerioa auzitara eramango du

Datorren ikasturterako 200 ikasle gehiago espero dituzte Ikas Bin, baina Frantziako Hezkuntza Ministerioak haur elebidunak eskolatzeko gela berririk irekitzeko asmorik ez du. Araudia betetzen ez duelako, Ikas Bik Hezkuntza Ministerioa auzitegi administratibora eramango du.

HZ auzia, keinua gauzatzeko aukera

Aldaketa giroa, hortaz hitz egiten da behin eta berriz M-14tik honat, baina hori gauzatzen hasi behar da apurka, edo keinuren batzuen bidez ikusten edo antzematen gutxienez. Europako hauteskundeak pasatu arte, aldiz, ez ei da ezer ikusiko. Urtebete eskas geldituko da gero EAEko hauteskunde autonomikoetara. Jose Luis Rodriguez Zapatero azkar mugitu zen Irakeko soldaduekin, baina Euskal Herrikoa korapilotsuagoa izango zaiola dirudi. Herritarren Zerrendarekin keinu hori ikusteko aukera dago. Nekez sinetsi daiteke herritar talde handi batek hauteskundeetan eskuhartzeko aukerarik ez duen zuzenbide estatuan, izan Aznar honen gidari edo Zapatero. Hauteskundeen zilegitasuna ere hutsean legoke halakoetan. Urteetako jarduera atzekoz aurrera jartzea ez da erraza, baina aipatzen den aldaketa egoera edo ikusten hasten da, keinuekin bada ere, edo egoera ohiko gurpilean harrapatua geratzeko arriskua dago.

hemeroteka

1943. zenbakia | 2004-05-09
1942. zenbakia | 2004-05-02

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan