Pilar Iparragirre
Aitona
parapentean
Joxantonio Ormazabal, Jokin Mitxelena
Elkar
51 or.
6,65 euro
Laurogei urteko aitona bihurria
Lehen parapentean salto egiten zuen eta orain mendi-gailurrak berak baino beheragotik ikusten dituen adiskide Aizperi eskaintzen dio Joxantonio Ormazabalek istorio umoretsu hau, Jokin Mitxelenaren marrazkien laguntzarekin osatu duen Amona bizikletan kontakizunaren beste aldea: Aitona parapentean. Bertan, haserre samar aurkitzen dugu neskatila bat, Itsaso, gurasoak hilabete baterako Kubara joatea erabaki dutelako bera gabe. Gaitz erdi, ez dira joan Itxaso etxean bakarrik utzita, aitona eta amonarengana eraman dute, berak gehienetan hain ondo pasa izan ohi duen lekura. Izan ere, amona oso goxoa du, aitona bihurriarekin baino haserretzen ez dena. Izan ere, laster laurogei urte beteko dituen arren, izugarrizko martxa du aitonak.
El nacimiento del
periodismo vasco
Javier Díaz Noci, Mercedes del Hoyo Hurtado
Eusko Ikaskuntza
445 or. / 11 euro
XVII. eta XVIII. mendeetako hiru kazeta donostiar
Eusko Ikaskuntzak Donostiako Udalarekin lankidetzan plazaratu duen ikerketa honen izenburu zehatza El nacimiento del periodismo vasco. Gacetas donostiarras de los siglos XVII y XVIII da. Javier Díaz Noci eta Mercedes del Hoyo Hurtadoren artean burutu dute lana, eta bere garaian Gipuzkoako inprimatzaile ofizialak izan ziren huartetarren leinukoek XVII. mende amaieratik aurrera Donostian plazaratu zituzten hiru kazeten berri ematen dute, guztien faksimileak eta hizkuntz zein historia ikerketa eskaintzeaz batera. Kazetarik zaharrena Noticias extraordinarias del Norte izan zen, eta 1688an hasi zen kaleratzen. Beste biak, Noticias principales y verdaderas del Norte eta Novedades de la Europa zeritzaten.
Euskal Gaiak: Euskal Herriko Museoak
Pinar Matey
Ibaizabal
141 orrialde
13,66 euro
Euskal Herriko museo nagusiak
Ibaizabal argitaletxearen Euskal Gaiak Bilduman plazaratutako lan honek Euskal Herrian diren museo nagusietara hurbiltzen gaitu, lurraldez lurralde bakoitzaren deskripzioa eta azterketa eginez. Era guztietako museoak aurki daitezke liburuan, hau da, arkeologiako museoak zein Jorge Oteiza museo etnografikoa; elizbarrutietako eta katedraletako museoak zein armen museoak; Iruñeko Oppidumaren museoa zein agoten museo etnografikoa edo Laborantzako eta Artzaintzako museoa; Chillida-Leku, Zumalakarregi, Igartubeiti, Guggenheim, Bonnat edo Balentziaga bezalako museoak zein Gatzaren Ekomuseoa, Munduko Tximeletak Erakusketa Iraunkorra, Euskal Poliziaren museoa, Euskal Buztingintzaren museoa, Itsas museoak, Txokolatearena...
Aforismos
Zarko Petan
Bassarai
93 orrialde
9,98 euro
Petanen zuhur hitz ironiatsuak
Gazteleraz kaleratu du Bassarai argitaletxeak Zarko Petan esloveniar idazle ospetsuaren zuhur hitz umoretsuen bilduma hau. Santiago Martin, Pablo J. Fajdiga, Gasper Smrekr eta Irena Sonc-en artean egin dute itzulpena, eta aforismoen egileari buruzko xehetasunak Santiago Martinek eskainiak izan dira. 1959tik 1961era preso egon zen Zarko Petan Belgradoko espetxe militarrean, eta hain zuzen hantxe burutu omen zituen bere aurreneko aforismoak ûidatzi ez, ziega ilun eta zikin hartan idazteko inongo aukerarik ez zeukalakoû. Baina gero «ateraldi dibertigarri» haietako bost mila baino gehiago idatziko zituen. Bestalde, nobela, poesia, oroitzapenak eta batik bat antzerkia ûhogeita hamairu antzezlanen egile daû landu ditu, eta ia bere lan gehienetan ironiari eta satirari leku egin izan die.
Navarra Estado europeo
Tomás Urzainqui
Pamiela
493 orrialde
28,50 euro
Urzainqui Nafarroaren benetako historiaz
Espainia eta Frantzia bezalako estatuek bultzatutako historiografia ofizialak ezkutatzeko ahalegin guztiak egiten baditu ere, Nafarroa estatu europarra izan dela azaltzen du Tomás Urzainqui Mina historialariak bere azkenengo argitalpenean. Hiru atal nagusitan banatu du Kristo aurreko II. mendetik hasi eta gaur eguneraino doan azterketa historikoa. 778an baskoien armadak Orreagan lehen aldiz frankoenari irabazi zion arte iristen da aurrenekoa. Nafarroa Europako erresuma izan zen garai osoa hartzen du bigarrenak, lehen gerra karlistarekin amaituz, eta Nafarroako Estatuaren ukapenaren urteak jasotzen ditu hirugarrenean, 1841ean erresuma izatetik probintzia bilakatu zutenetik hasita.
Max bazterrak nahasten
Laida Martinez Navarro
Ibaizabal
105 or. / 8,65 euro
Zortzi urtetik aurrera dituzten irakurleentzat
2002. urteko Lazarillo saria irabazi zuen Laida Martinez Navarrok bederatzi urteko mutiko hitz-totel eta gehientsuenetan oso alai baten bizipoz eta zorigaitzak kontatzen dituen narrazio honekin. Asmo oso oneko mutikoa da Max, baita barrabaskeriak egiten dituenean ere, eta ia egunero esaten dio bere buruari hurrengo egunetik aurrera zeharo zintzoa izango dela, ez gurasoak, ez arreba, ez amona berarekin haserre ez daitezen. Aita itsasoan du, eta horregatik ez da haren haserreaz hainbeste kezkatzen.
11-M. Tres días que engañaron al mundo
Batzuen artean
Txalaparta
254 orrialde
15 euro
Aznarren gobernuaren gezurraren hedadura
2004ko martxoaren 11n Madrilen izan ziren atentatuen ondorioz ia 200 pertsona hilik eta beste hainbat zaurituak gertatu orduko, ekintza haien egile ETA zela aldarrikatu zuen Espaniako Gobernuak. Eta horretan jarraitu zuen, sarraskia Al Kaedarekin zerikusi zuen talderen batek aurrera eramana izan zela geroz eta garbiago agertu arren. Horren guztiaren gainean dihardu Txalaparta argitaletxeak kaleratu duen 11-M. Tres días que engañaron al mundo liburuak. Bost adituen artean egina izan da. Egin-eko azken zuzendaria Jabier Salutregik gertakizunen kronika azaltzen du 11-M: Tres días de engaño que cambiaron un Gobierno atalean. Rui Pereira kazetari portugaldarrak berriak nazioarteko zenbait egunkari ospetsutan izandako tratamendua aztertzen du berean. Giovanni Giacopuzzi idazle italiarrak PPren Gobernuak Euskal Herriarekin izandako erlazioaz egiten du hausnarketa. Santiago Alba Rico idazleak La vida en el planeta Tierra: el 11-M cotidiano lana aurkezten du. Eta Angel Rekalde idazleak gertaera hauek Espainiako egunkarietan eta hainbat kazetariren lumetan izan duten islaren irakurketa politikoa egiten du.
Nere Lujanbio
Giro berezia sortu dute Miarritzeko Sainte-Eugénie elizako kriptan: argirik apenas, hormak oihal beltzez estaliak eta beiraz babesturik, brontzezko 45 bat eskultura txiki. Misterio eta intimitate giroak bisitaria ahapeka hitz egitera bultzatzen du, zerbait sakratuaren aurrean balego bezala.
Entre Ombre et Lumière (Itzal eta argi artean) izena eman diote Camille Claudel eskultore frantsesari eskainitako erakusketari, bere bizitza ere horrelaxe igaro baitzen. Uztailaren 14a arte izango dira ikusgai emakume eta eskultore izan nahi izateagatik bazterrean utzi zuten artistaren lanak .
Erakusketan aurkeztutako artelan guztiak Reine Marie Parisenak (Camille Claudelen iloba) dira eta Gérard Bouté izan da komisario lanak egin dituena. Aipatu eskulturez gain, kriptako sarreran, tamaina handian, Camillek berak idatzitako zenbait eskutitz ikus ditzakegu (frantsesez soilik), eta baita, Dominik Rimbaultek egindako
Camille Claudel dokumentala eta artistak berak egindako zenbait margolan ere.
Oztopoz betetako bizitza
Miarritzera hurbilduz gero, Camille Claudelen obraren bilakaera osoa ikusteko aukera izango dugu, eta ibilbide horrek, zorigaiztoko bizitza baten zantzuak erakutsiko dizkigu. 1881etik 1905 arte ûgaixotu baina zenbait urte lehenagoû egindako lanak hartzen ditu erakusketak. Hunkigarri dira guztiak, txikiak, xumeki argiztatuak eta karga dramatiko handia dutenak.
Egungo begiekin begiratuta, zail da irudikatzen zer nolako oztopoak gainditu behar izango zituen eta zenbateraino borrokatu behar izango zuen desio zuen hura egiten utz ziezaioten. Gainontzeko artistentzat, gizonezkoentzat, garrantzirik gabeko kontuak zirenak, izugarrizko traba ziren emakume batentzat. Esate baterako, nola lortu modeloak eskultura biluziak lantzeko? Edo modeloak lortuz gero, nola aurkeztu emakume batek egindako eskultura biluziak jendaurrean?
Bere lehenengo irakaslea Alfred Boucher izan zen. 1883an Auguste Rodin ezagutzeko aukera izan zuen, honek 43 urte zituela, eta denbora laburrean bere lantokian hasi zen lanean. Ez zen, hala ere, denbora askoz izan ikasle soil, maisua berehala ohartu baitzen 19 urte besterik ez zituen neskatoak dohain berezia zuela eskulturarako. Bataren zein bestearen lanean eta bizitzan eragin handia izango zuen pasioz betetako maitasun eta miresmen harremana hasi zen orduan.
Rodin handiarengana hurbiltzeak dezente erraztu zion bidea, baina sekula gaindituko ez zituen trabak ere ezarri zizkion. Eskultore baino, Rodinen ikasle eta maitalea besterik ez zen jende gehienarentzat, gaur egun gertatzen den bezalaxe. Nola onartu emakume bat maisu handiaren mailako lanak egiteko gai zenik? Nola onartu emakume baten eskulturek argi-jokoak eta mugimendua beste inorenak baino modu errealagoan islatzea, maisu handiaren esku-hartzerik gabe?
Etengabe Rodinen aipamenak entzun beharrak ito egin zuen azkenean. Hamar bat urteren buruan, bien arteko harremana hautsi egin zen eta maitasun sutsua izandakoa gorroto bizi bilakatu. Rodinen ospe itzela medio bera bazterrean utzi izana leporatzen zion maitale izandakoari. Ez zuen inoren babesik nahi, zegokion mailako eskultore bezala onar zezatela soilik. Emakumea, bai, baina artista ere bazen. Azkenean, argilunetan emandako bizitza erabateko itzalean amaitu zen, buruko gaixotasunak jota omen zegoela eta, azken 30 urteak eroetxe batean sarturik igaro behar izan baitzituen, inoren bisitarik jaso gabe eta eskulturarik egiteko aukerarik gabe.
Eskulturak, bizitzaren ispilu
Miarritzen ikusgai dauden eskulturek harreman estua dute Camille Claudelen bizitzarekin. Rodin ezagutu aurretiko lanekin hasten da erakusketa. Garai hartakoak ditugu Diane eta
La Vieille Hélène lanak, adibidez. Azken hau etxean neskame lanetan aritzen zen adineko emakumearen irudi goxoa da, 17 urte besterik ez zituenean egina. Erakusketan aurrera joan ahala nabarmena da lanen bilakaera. Pixkanaka, hutsuneen trataerak, mugimenduaren errepresentazioak, argilun jokoak geroz eta kalitate eta espresibitate handiagoa dute. Gaiak ere aldatzen doazela ikusiko dugu, gazte garaiko xalotasunetik abiatuta, bizitzaren kolpeak jaso ahala, eskulturek ere gai tragikoak islatuko dituzte: maitemina, bakardadea, zahartzaroa, heriotza eta abar.
Rodinen tailerrean lanean ari zela, honi eskatutako zenbait lanetan parte hartu zuen Claudelek, besteak beste,
Les Portes de l'Enfern edo
Les Bourgoises de Calais ospetsuetan. Azken lan hau prestatzeko egin zuen erakusketan dagoen
Étude pour un bourgeois de Calais. Bi artista handien arteko harremana zinez estua izan zen eta hori argi ikusten da artelanetan. Hala ere, ezberdintasunak ere nabariak dira, batez ere argiaren erabileran eta masa eta hutsuneen harremanean. Horren adierazgarri
La France Rodinek egindako brontzea eta Claudelek egindako Rodinen irudia alboan kokatu dituzte, ikusleak pareka ditzan.
Claudelek sortutako lanik ospetsuenetakoa
La Valse da. 1892 inguruan sortutako eskulturaren lau ale dauzkagu bertan, elkarren jarraian eta ispiluz inguraturik ipiniak. Bikote bat ageri da, biluzik, dantzan. Biluztasuna naturalegia eta gordinegia zela-eta arazoak izan zituen Claudelek lan hau erakusterakoan, baina, hala ere, zenbaitek onartu zuen maila handiko lana zela, aurretik beste inork ez bezala lortu baitzuen mugimendua irudikatzea.
Azken lan honek bezalaxe, erakusketan aurkezten zaizkigun brontze zenbaitek dramatismo handiko irudiak eskaintzen dizkigute.
L'Age mûr,
L'Implorante,
... lanek, Rodinekin bizitako garai gorabeheratsuak dakarzkigute gogora. Badira, ordea, eskultura goxoagoak ere,La Petite Châtelaine, L'Aurore eta, bereziki, Les Causeuses. Lau emakume ageri dira azken lan honetan, biluzik, borobilean eserita, elkarri kontu kontari. Intimitate eta sentiberatasun handia islatzen duen lana da, goxoa. Arrakasta izan zuen bere garaian, aurrez egindako ezerekin pareka ezina omen zelako.
Kritika onak jaso arren, ez zuen apenas eskulturak egiteko eskaririk jasotzen. 1898an Rodinekin harremana eten zenez geroztik bazterturik bizi izan zen, ia miserian. Osasunez ere gero eta okerrago zegoen. Tailerrean sartuta, etengabe lanean aritzen zen, baina eskulturak sortu ahala desegin egiten zituen, inork kenduko zizkion beldurrez.
Rodinenganako gorroto biziak gaixotu egin zuen azkenean eta 1913an bere ama eta anaiaren eskariz, eroetxera eraman zuten. Bertan iraun zuen, bakarrik, 1943ko urrian hil arte.
Pilar Iparragirre
Bost adituk idatzi duten «11-M. Tres días que engañaron al mundo» liburuaz.
Nola laburbilduko zenuke zure ekarmena?
Ez kezkatu. Oker dabilena errealitatea da! jarri diot izenburu. Eta hor egiten dudana da 2004ko martxoaren 11tik 16ra bitartean Frantziako Le Monde, Ingalaterrako The Guardian, Portugalgo Público eta The Washington Post egunkarietan Madrileko sarraskiaren inguruan agertu ziren 250 artikuluen analisia.
Eta zer duzu azpimarratzeko ondorio gisa?
Bada, paradoxa handi bat: sarraskia gertatu zen lekutik urrutien zegoen egunkariak azaldu zuela informazio zehatzena, eta alderantziz, gertuen zeudenek eskasena. Gertaerak izan eta ordu gutxira ETA izan zela zioen tesia desagertzen joan zen AEBetako egunkarian, Madrileko egunkarietan bizirik jarraitu zuen, berriz, eta Lisboa, Paris edo Londresekoetan hilzorian. Hilaren 12rako ETA erruduntzat jotzen zuen tesiak ez zuen zutik irauten nazioarteko erredakzio aretoetan, eta aldiz islamiarrak izan zirela zioen hipotesia sendotzen zihoan. Baina egun horietan telebista portugaldarrak elkarrizketatu zuen general batek zioen bezala, «gobernu batek esana sinetsi behar du batek, ez?». Ez horrela izaki, ordea, generalak ere ohartzeko moduan, handik gutxira ikusiko zen bezala.
Zer egin zuten Europako egunkariek tesi islamiarra gorpuzten joan zenean?
Erabaki salomoniko bat hartu: batetik, egilea ETA izan zitekeela zioen tesiaren aurkako argudioak argitaratu ziren, baina era berean artikulu mordoa eskaini zuten ETAz, euskal terrorismoaz eta abar.
Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda
Abioiek eragin bikoitza berotegi efektuan
Orain gutxi arte uste zen berotegi efektuan abioiek duten eragina erregaia erretzetik bakarrik zetorrela. NASAko Langley ikerketa zentroko Patrick Minnis ikerlaria, abioiek bere ibilbidean sortzen dituzten lainoak aztertuta, hauek ere berotegi efektua laguntzen dutela frogatzeko bidean da.
Oso altu hegan egiten duten abioiek kondentsazio-lainoak sortzen dituzte bere ibilbidean eta hauek zortzi edo bederatzi mila metroko altueran zirruak sortu ditzakete. Izotzez osatutako laino hauek eguzki izpiak igarotzen uzten dituzte, baina lurretik askatutako beroaren zati bati ez diote espaziora joaten uzten. Argudio honen inguruan 20 urte daramatza Minnis ikerlariak saiakerak egiten eta irailaren 11n gertatutako atentatuei esker oso neurketa garrantzitsuak egiterik izan zuen. Izan ere, irailaren 12an Virginia eta Pentsilvania arteko 20.000 kilometro koadroko zeruan sei abioi militar baino ez ziren ibili. Aipatu espazioan egunero ehunka abioi handi ibiltzen dira batera eta bestera, eta sortzen dituzten lainoak izugarriak dira.
Berotegi efektuaren arrastoak uretan
Mundua benetan berotzen ari ote den jakiteko zientzialariek gero eta gehiago begiratzen dute itsasoetara. Hain zuzen, itsas gainazalaren tenperaturen mapa ahalik eta zehatzenak lortu nahi dira.
Zergatik, bada itsasoari so egin? Itsasoak munduan dauden bero-metaleku handienak dira. Gainazaletik bi metro sakonera bitartean gordetzen den beroa, atmosfera osoan gordetzen denaren adinakoa da eta itsasoan, oro har hartuta, atmosferan baino 1000 aldiz bero gehiago metatzen da. Itsasoa lurrazalaren %71 da eta eguzkitik heltzen zaion bero gehiena metatzen du, hortaz, Lurraren "bateria" dela esan daiteke. Itsasoen tenperatura aldatzeko energia eta denbora asko behar dira, beraz, datuen segimendu zehatza eginez, hauen aldaketak zerbaiten adierazgarri izan daitezke.
Itsasoko datuak koordinatuko dituen GODAE erakundeak hainbat sistema eta produktu garatuko ditu, itsasoko edozein lekutan sei orduro hamar kilometro koadroka tenperatura emateko.
Estitxu Eizagirre
Gasteizek egin zuen bertsolari: «Gasteiza etortzean euskal giroa faltan nabari nuen eta bertso eskolara inguratu nintzen. Orduantxe hasi nintzen bertsotan, orain dozena bat urte».Arabako txapelak maizen estali duen burua da Otamendirena, zazpi aldiz, alajaina (Prudentzio Deuna Sariko hiru txapel eta Arabako Txapelketako lau ditu).Urtean 10-12 saio bakarrik egiten ditu, eta bere ibilbideaz zera dio: «Nire bertso bidea egin dut, ezagutzen naute nolakoa naizen eta zein den nire maila. Garai batean izan nuen bertsotarako sukar handiagoa, baina orain ez dut beste aspiraziorik, zaletasun hutsa dut bertsolaritza eta gustura nabil mundutxo honetan. Lagun asko egin ditut eta giro ona dago».
guztia irakurri
Hasier Etxeberria / David De Jorge
OSAGAIAK:
8 amuarrain ertain
Urdaiazpiko serranoa edo iberiarra, 8 xerra
Irina
Gatza
Oliba olioa, frijitzeko
2 baratxuri ale
Ongi garbituko dizkigute amuarrainak arrandegian, tripak kendurik. Gatz pixka bat eman eta urdaiazpiko xerra bana sartuko diegu sabel barruan. Oliba olioa isuriko dugu zartaginean, bi hatzeko neurria harturik. Su eztian gozatuko ditugu baratxuriak, erre gabe olioa ongi kutsa dezaten. Minutu gutxi batzuen ostean, baratxuriak atera, sua biziagotu eta amuarrainak sartuko ditugu, irinetan azaletik igurtzi eta gero. Buelta eta buelta frijituko ditugu ondoren. Minutu bat alde bakoitzeko, tamainaren arabera. Bizpahiru txandatan egingo ditugu amuarrainak, olioaren tenperatura apal ez dadin. Xukatu eta berehala zerbitzatu egingo ditugu, gorri eta kraskatsu. Gaiarrek bere Erronkariri 'uskaraz' kantatzen zionean baino gusturago geldituko gara gu amuarrainak jandakoan.