Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-05-09 -- 1943.zenb

Jesus Mari Ariznabarreta


Autonomismoaren krisiarekin batera azken urteotan bizi izan dugun eztabaida politikoaren ostean, euskal nazioa aitortu eta bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidean oinarritutako fase berria irekitzeko ordua da. Beraz, premiazkoa da egungo zatiketak gainditu eta esparru abertzale eta progresista zabal eta indartsua gauzatzea.

Baina, langileon ikuspuntutik, eraikuntza nazionala eta soziala banaezinak dira eta alternatiba soberanista horrek benetako aldaketa politiko eta soziala bermatu behar du. Langileriak, eraldaketa horren subjektu gisa, burujabetzaren dimentsio sozio-ekonomikoaz jabetu eta bere aldeko oinarrizko eragilea bilakatu behar du. Zentzu horretan, langileriaren gehiengoak, prozesuak berdintasuna eta justizia soziala ekarriko dituela ikusten duen heinean egingo du haren alde. Guzti honetan, sindikalgintza abertzaleak konpromiso sendoa hartu behar du bere gain, zeren eta langileriaren eskubide eta errebindikapenen alde egunero borrokatzeko antolakuntza esparru izanik, estrategia nazional, soberanista eta demokratikorako funtsezko indarra izan behar baitu, bere klase jarreratik.

Honi guztiari begira burutuko dugu LAB sindikatuko kideok geure VI. Biltzar Nagusia maiatzaren 21 eta 22an Iruñeko Baluarte Jauregian. Independentzia eta sozialismoaren aldeko konpromisoa berresten dugu eta euskal esparru ekonomiko eta soziolaborala oinarrizko zutabetzat jotzen dugu burujabetza prozesuak dimentsio soziala eta ezkerreko jendarte eredua izan dezan. Gure klase sindikatu izaera sakondu eta, autokritika gordin eta zuzenean oinarrituz, eredu sindikal berri baten beharra aldarrikatzen dugu. Lan harremanen demokratizazioa exijitzen dugu eta neoliberalismoaren eskutik ezarri diren langileriaren esplotazio era berriei erantzuteko sindikalgintzak, eta geure sindikatuak berak ere, erakutsi duen ahulezia ikusita, aldaketa sozialak eragiteko eta kapitalari boterea borrokatzeko gai den konfrontazio sindikalgintza zehaztu eta praktikara eramatea proposatzen dugu. LABen izaera soziopolitikoan oinarritutako kontra-botere estrategia garatzeko sindikalgintza bultzatu nahi dugu.

Hasierakora itzuliz, Euskal Herria aitortu eta autodeterminazioren alde egiten duten indarren arteko aliantzaren ordua dela uste dugu, baina, zoritxarrez, aliantza horretako balizko partaidea den EAJk gure herriari burujabetza ukatzen diotenekin posibilismo eta alderdikerietan ibiltzeko joera nabarmena agertzen du.

Gatazka politikoari konponbidea bilatzeko orduan eragile politiko, sindikal eta sozial guztien arteko elkarrizketa bultzatu beharko da, baina, Euskal Herria osoa aintzakotzat hartu eta nazio eraikuntza estrategia adosterako orduan EAJk arazo bikoitza sortzen du: alde batetik, ez du erakusten gaindituta dagoen fase autonomistarekin loturak apurtzeko gaitasunik; eta bestetik, burujabetzarekiko diskurtso anbiguoaren atzean bere alderdi interesak eta bere praxi politiko eta sozio-ekonomiko neoliberala ezkutatzen ditu, eta, eraikuntza nazionala eta soziala banaezinak badira, zaila izango da EAJk bat egitea guretzat burujabetza prozesuak ezinbestez ekarri behar duen ezkerreko eredu sozialarekin.

Bai, behin eta berriro diogu, abertzale eta progresista guztion artean Euskal Herriaren alde baturik lan egiteko ordua da, baina, ezin da onartu Imazek ordezkatzen duen EAJk burujabetza prozesuari jartzen dion galga. Ezkerreko abertzale eta progresistok burujabetza prozesua aurrera eramateko nahikoa masa kritiko dugu eta euskal jendarteko esparru oso zabaletan indarrak metatzeko gai gara, ezin dugu etengabe EAJren zain egon, ezin dugu EAJrengatik burujabetzak izan behar duen dimentsio soziala hipotekatu.

Etorkizuna elkartasunez, berdintasunez eta justizia sozialez margotu nahi dugu eta badakigu horrek konpromisoa, antolakuntza, eguneroko borroka eta elkarlana eskatzen duela. Gure VI. Biltzar Nagusi honetarako aukeratu dugun lemak berak hiru hitzetan laburbiltzen du indartu nahi dugun apustua: geroa gorrira ekarri.

Itxaro Borda

Datorren ostiralean, behin betiko hertsiko da Lorena eskualdeko La Houve deituriko ikatz-putzua, Creutzwald herrian. Gaiak ez bide du euskaldun irakurlea funtsean interesatuko, baina egunero telebistan agertzen diren ûazkena ospatzeko? ohoratzeko? zokoratzeko?û erreportajetako begitarte beltzen duintasun sakonak hunkitzen nauela aitor dut. La Houveko putzua zerratuko da, Frantziako ikatz ekoizpenaren epopeia luzea giltzarrapoz gakotuz.
Oroit gaitezen hala ere ikatz meategiek Historia zedarritu zutela: Emile Zolaren Germinal, Iparraldeko zuloen auzunean gertatzen zen, Joan Jaures Okzitaniako Carmaux herriko diputatu hautu zuten, Richard Llewellynn galesaren Zein berdea zen neure arana nobelak bihotzak inarrosi zizkigun, laster hamar kide berriz emendatuko den Europaren oinarrian CECA ûaltzairua eta ikatzaren europar batasuna, alegiaû bermatzen zen garai berdinean. Ondotik, jakile mikatz, ikusi dugu siderurgia, metalurgia eta ikazkintza industrialaren hedapena murrizten, desagertzeraino.
Greba gogorrak eraman ziren laurogeiko hamarkadan, Ingalaterran, Lorenan, Okzitanian, Flandrian eta gutarik hurbilago, Bilbo ezkerraldean: globalizazioaren izenean, milaka eta milaka xinaurri-arpegi-ilun, lanaz desjabetuak izan ziren.
Olentzero ote da geratuko orain ikazkintzaren lekuko bakar?

Mattin Irigoien

Gaztetan, gure koadrila kantuzale amorratua izanik, denbora asko pasatu dugu errepertorio osoen orroaz ematen ûbaso bat eskuanû. Adibidez, Etxamendirenak. Gure gogokoetan kuttunenetan genuen, hurbiltasun geo-kulturala dela medio parte, baina agerpen etsituei desafio bolondres eta borrokarako dei jarraikia zelako ere, naski. Pertsonaia holakoa da. Batean profeta iduri, bestean gudari, jakintsu, berdin zoroà denetarik eta bereziki misterio anitz zekarren gure adoleszentzia urte horietako apropos, euskal sentimendu bat ernetzen ari zitzaigunean hain zuzen. Bere kantuak gogoz bagenizkien, kasik denak amore ezinezkoen lekuko, dena tripako min eta doluzko negar. Maitea ez da gehiago ama, Etxahunen kantuetan bezala, baina ezin hurbildua da kasik andere hunki ezin hori, eta Euskadi deitzen da maiz.

Lur-munduko amodioak amodio platonikoak dira omen. Hots normalak ginen, ginen lekuko. Amodio fisikoa, hunkiduraz hezetua, ez da hitzez aipatzen, konplitzen baizik, eta horretarako kabalei ikusia mimetismoz bete genezakeen errez. Baina ikusten duzue imaginarioa nolako irudiez betetzen zaigun: andere eder eta hunki ezinezà Eta nesken aldetik zer izanen den ez naiz ausartzen imajinatzen. ûUlertzen nauenik balitz bat, gomitatzen dut erratera, hemen berean edo beste non nahiû.

Gaurko gazte bat ikustean, gu bezala Euskadi ûedo orain Euskal Herriû deitzen den mito batez maitemintzen, ez naiz egoten ahal bihotzean kilika arraro bat sentitu gabe, berriz ohartzean platonikoak arras guti balio duela gaur ere harreman sozial orekatu edo natural bat izateko, bereziki bestea sexu diferentekoa denean. Lur mundukoak gara omen holakoak, Bourdieu soziologoak arras xeheki esplikatzen ditu gauza hauek, eta behako batek, ele soil batek, hainbestetan desiratua eta irudikatua norberaren ametsetan, harreman sexualaren balioa hartzen du jadanik eta harreman normala hor berean izozten, ezen fantasma erraldoi hori traba bat da laguntza baino gehiago elgarri mintzatzeko ûeta konklusiora heltzeko ere, erran gabe doaû.

Beldurtzen naiz ikustean oraindik lur munduko eskema horiek dirautela azkar eta gure mundu sinboliko eta imaginarioa beztitzen dutela. Ideala goresten da biziki, eta urrun, gora, hunki ezin denean dugu hobesten. Helburu horren eta gure eguneroko errealitatearen artean deusik ez badugu mediazio baten egiteko, etsitzekoa da edo bestela zoratzekoa, deskonektatzekoa. Hala, errealitatea ukatzen dugu, nola (diru-)nekezian den jende hori, aitzina kontsumitzen eta baikor baitabil bere arazoa ez ikusi nahiz, ihes permanentean bere indarrak xahutuz.

Platonismo honen haritik, aldioro harritzen naiz baina, euskaltasuna iraganean edo geroan bizitzen da, usu biak batera. Aitzina eta geroa gainera, gauza bera dira, biak osoak, esplika gisakoak eta, hunki ezinak, altera-ezinak direlako. Hilotza bezala nonbait. Noizetik noizera agertzen dugun optimismo maniaka horrek herioaren aurpegia du, gure aktibismoak fosilaren riktusa, eta gure arteko bereizkeria alderdikoiek existitzen ez den paradisuko naftalina usaina.

Jendarteari behatzeko abertzalegoa hartzea begira-muino bezala ez zait interesatzen, abertzalegoa alderdi politikoen eremu bezala hartuz erran nahi dut. Nik ere pentsatzen dut gure borroka hizkuntz-komunitate bezala dela planteatzen, zeinetan abertzalegoa partaide den, partaide sinpatikoena ere egia erran.

Egiaz, hemen gaindi Iparraldetik mintzo naiz ûbarkatu lokalismokeriaû, komunitate bat baizik ez gara ûez jada jendarte batû, minorian, beste handiago batean urtua, eta atomizatua. Hizkuntz-komunitate honen gehienak praktikan euskara zaharkeria bat bezala bizitzen du, beste parte batek iraganaren nostalgia bat hazten eta horrekin moderno egin nahi, eta azken batek oso moderno ikus lezake frantses ikuspegitik hartzea modernismo horren definizio klabeak.

Zein neke den euskaradun bizitzea normal, gaur, hemen, fantasma erraldoirik izan gabe solaskideen solasaren trabatzeko. Aterabidea kreazioa da guretzat, planeta honetako edozein jenderentzat bezala. Baditugu ez dakit zenbat arazo gure aitzinean, atzo ez zirenak, eta bihar ez direnak berdin planteatuko. Gu zerbait bagara hemen, arazo edo galdera horiei aterabide edo erantzun original eta propioen eskaintzea da gure jardun printzipala. Jakina, eskupean ditugun materialak baliatuz, lehendanik utzi zizkigutenak, baina gureak sortzen arriskatuz. Honela planteatuz gauzak, jardun hori aitzinetik definitu-eza da, hunkika eta entseguka da egiten, eta bestearekilako harremana ezagutza barnatuz da obratzen ûnorberaren ezagutza ere bide bereanû. Ordain-saria: alterazioa. Ginena ez gara gehiago izanen, ekinean sortuz aldatzen baigoaz, ohartu gabe aldatuak baikara jadanik. Zerbait hiltzen da gure baitan aitzinatzen garen ber: genuen ikusteko moldea, genuen tokia, gu-ren parte bat. Heriotza hemen ere, baina herio-sortzailea. Prezio horretan aitzinatzen gara, konfiantza hartuz gure baitan, ditugun erantzukizunak hartzea salbu bide egin dezakegula baietsiz, baikor/ezkor binomiotik at.

Ideala errealitateari hurbiltzen duena, eta mediatizatzen, xedea deitzen den hori da, proiektua. Gure burua aitzina proiektatzen ahalbidetzen duen hori mugimenduan baizik ezin da bizi, eta malgutasun horren onartzeko, gure buruan aski konfiantza izan behar dugu. Izan pertsona ala izan taldea. Askotxo izanen da traumatizatu eta erdi-eritu komunitate batentzat.

Pentsa global, ekin lokal. Gaur eta hemen. Eta ez hil zamak itorik. Sortuz hiltzean plazer gehiago da eta.

Paulo Iztueta ( idazlea)

Mikel Asurmendiren esanera, 2004ko otsailaren 20an, Orixe saiogilea, Orixe auzitan eta Orixe gaitzetsia argitara berriak nituela eta, orokorrean Orixez mintzatzekoak ginen Jose Mari Aranalde, Patziku Perurena eta hirurok Donostiako Herri Irratian. Tamalez, Perurenari Donostiaratzea elurrak galarazi omen ziolako, Aranalde eta biok bakarrik aritu behar izan genuen.

Elkarrizketa zuzendu zuen kazetariak berak esan zigun bere garaian irratiz emandako solasaldia ARGIA astekarian argitaratzekoa zela eta, iragarri bezala, 2004ko apirilaren 11ko zenbakian agertu da. Bertan gure elkarrizketa ez ezik, Patziku Perurenaren iritzi-artikulua ere irakurri ahal izan dugu. Nahiago izan du nonbait ahoz esatekoak idatziz zigilatuak utzi. Batzuetan zeharka besteetan zuzenago, hainbat salaketa leporatzen dizkit, besteak beste, gizalegez jokatu ez izana, Orixeren «hainbat idazlan, dokumentu eta argazki» eta, batez ere, haren «gutun guziak», Euskal Jaurlaritzak luzatutako diruz bilduak izanda, argitara eman nahi izan ez omen dudalako. Horrela jokatzean, noski, nigan «egoa eta diru-gosea» besterik ez du ikusten. Beste aldetik, nire lana, Orixe eta bere garaia, «obsesio» hitzarekin kalifikatzen du. Nire pertsona eta nire lana, biak leku berean sartzen ditu, bereizi beharrekoak maila berean jarriz eta dena nahastuz.

Ohar batzuk egin nahi ditut Patzikuk esandakoaren gainean, nire ustez ez baitira denak isilik pasatzen uztekoak.

1. Maila pertsonalari dagokionez, esan dezakedan lehen gauza da, Patziku Perurenaren bizitza pribatuaz ez dakidala fitsik, askoz gutxiago haren banku-eragiketez eta bestelakoez, harena idatzietatik edo mahaingurukoren batean entzunda baizik ez baitut ezagutzen, eta hori interesatu izan zaidan neurrian soilki. Eta alderantziz, zein ondorioetara iristen den ikusita, esan dezaket berak ere ni ez nauela ezagutzen eta, beraz, nekez jakin dezakeela Orixeren Idazlan Guztiak bildumaren prestaketa-lanak eta diru-baldintzak nolakoak izan ziren. Niri dagokidanaren berri nahi duenak, berriz, aski du galdetzea, ahal dudan neurrian erantzungo diot eta. Eskea gizalegez egina bada, are pozikago oraindik, esker onez. Nolanahi ere, euskal kulturarako luzatzen den diru publikoaren erabileraz nik ere baditut neure kezka handiak, baina horien argitzeko hobe luke, nire atean jo ordez, hautsak beste nonbait harrotzea. Zuzenean iturri fidagarrietara joanda, han arakatuz jakin lezake azienda publikoarekiko nire zorren berri.

2. Patziku Perurenarekin bat nator dioenean Orixeren Idazlan guztiak-ek, apalak apaintzeko baino zerbait gehiagorako balio beharko lukeela. Dauden bezala argitaratuak egonda, egia esan, ez dira batere eskuragarriak irakurleri zabalarentzat. Nik neuk ere bere garaian nahiago izan nuen Orixeren Idazlan guztiak bilduma alde batetik eta hari buruzko beste biak ûOrixe mendeurrena (1888-1988) eta Orixe eta bere garaiaû bestetik, aparteko edizioetan argitara ematea, bakoitzari berea emanez, baina argitaratzaileen interesak nagusitu ziren eta ezinezkoa izan zen. Baina harrezkero zokoratua egon delako, horregatik, hain zuzen, argitaratu nahi izan ditut horko hainbat lan, birmoldatuta eta berrikusita, Utriusque Vasconiae argitaletxearen bidez, modu errazago batez irakurleengana hel daitezen.

3. Idazleak irakurlea du bere bezeroa liburuen merkatuan. Epailea ere bai, hein batean, gustatzen zaion ala ez berak erabakitzen baitu. Orixe eta bere garaia obra, Orixeren alderik zakarrenak (integrismoa eta abar) bere garaia aztertuz zuritzeko asmoz idatzitako «1.500 orriko obsesio modernoa» dela esatean, bistan da iritzi-emaileak ez duela liburuan gustuko gauza handirik aurkitu. Liburu horretan, alabaina, ez dago batere zuriketa-lanik. Nire Orixerenganako hurbiltasuna legoke egotekotan; baina Orixeren iritziak, jarrerak, balio literarioak edo beste zernahi, era batera edo bestera mozorroturik, horrelakorik ez dago. Kontrakoa uste bada, puntuak zehaztu eta datuak ematea da jokabide zuzena. Eta bakarra. Orixeri buruzko lanarekin hasi nintzenean, ez orain, duela hogei urtetik gora baizik, helburu oso zehatza neukan asmotan ûberdin-berdin zait obsesiboa deitu edo bestelaû, eta zen Orixeren eta honen sorkuntzaren gainean irakurketa soziologikoa egin ahal izateko tresnak eskaintzea eta, bide batez, orduko literatur kritiko aurrerazale porrokatuek klasizismo, kontserbadurismo eta folklorismoaren zuloan ondo zokoratua zeukaten hura berreskuratu eta zegokion mailan jartzea. Horretan tematu nintzen, eta horretan segitzen dut. Zuzentzekorik baduke; hala ere, bere osotasunean eusten diot muinari. Zilegi bekit, bada, orain gizarteratzeko aukera dudan honetan, sailka eta orraztuta ateratzea.

4. Bestalde, bada «Nikolas zale poetagoren batek» idatzitako biografia irakurri nahiago duenik. Bego. Gogo ederra da hori. Poetago edo ez, neuk ere gustura irakurriko nuke. Eta ez Nikolasena bakarrik; baita euskaraz jardun duten beste hainbat idazle nagusiren edozein biografia ere. Orain arte euskal letretan egin den apurrari erreparatuta, jakitekoa izango litzateke zenbait euskal idazleri eman izan ote zaion nik Orixeri eman diodan neurriko edo antzeko biografi trataera. Nolanahi ere, Orixerenak edo ez, poetikoak edo ez, gure historiako idazleen biografia ederrak dastatzeko gogoz nago.

5. Azken batean, Orixeren «gutun guziak» argitaratzea da arazoa, harena zuzenean dastatua izan dadin, inoren manipulazio-beldurrik gabe. Bidezko xedea, nik ere, beste askoren antzera, noizbait kunplitua izatea desiratzen dudana. Baina hitzak haizeak eramaten ditu obraz betetzen ez badira. Dezente ditut bilduak, biltzekorik izanen da ziurrenik, eta, bilduma ahalik eta osoena izan dadin, eskertzekoa izanen litzateke argitaratua ikusi nahiko lukeenak han eta hemen biltzen saiatzea. Bildu eta gero ere, norbaitek prestatu beharko du argitaratzeko. Baimenak lortu ere bai. Arlo honetan orain arte egindakoa, salatzaileak besterik uste badu ere, desinteresatuki egina izan da, egoari hegorik erantsi gabe, alegia. Kasu batzuetan, gainera, ordainetan zartako majoak hartuta.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan