Laugarren boterea dela sarritan esaten bada ere, komunikazioaren gizarte honetan, lehenengo hirurek jai lukete, bera gabe. Horrekin jabetuta, agian, saiatzen dira lehenengo hirurak, laugarren hori gertu eta zintzo mantentzen.
Beti ez dute lortzen, ordea. Oraindik amaitu ez den Irakeko inbasioa horren adibide. Nazioarteko gizartearen zati handi batek Azoreetako hirukoaren asmoekin ez zuen bat egin. Desadostasuna erakutsi egin zuen, gainera. Desadostasunak sarraskia geldiarazi ez zuela ikusita, gutxienez jakin egin nahi zen, zer ari zen gertatzen.
Bitarteko apurrik zuen komunikabide orok bidali zuen berriemaleren bat Irakera. Ekintza beliko gogorrenek iraun zuten hiru asteetan, gerra garaian, 2.000 kazetarik jarraitu zituzten gertakizunak Irak bertatik. Kazetari bakarrak ezin du agian gerraren osotasuna kontatzea lortu. Une eta toki jakin bateko triskantzak, ordea, ikusi eta jakinarazi ahal ditu.
Gustuko albisteak
Honen moduko gatazka egoeratan berriemale direnen ahotsetik, informazio garbia lortzeak dituen zailtasunak entzuten dira. Gatazkan inplikatutako aldeek beti nahiko dute hedabideetan, euren gustuko albistea agertzea. Garailetzat joko dituena, aurkariaren trikimailuak agerian utziko dituena, euren ekintzak justifikatuko dituena...
Adibide bezala mundu mailako potentziarik indartsuena jartzearren, Ameriketako Estatu Batuak aipa ditzakegu. CNN telebista katearen bitartekoak lagungarri izan zaizkio, urtetan, munduan berak nahi zuen irudia zabaltzeko. Izan ere, hedabide txikiagoek, urte askotan eta bitarteko gabeziak bultzatuta, zurrutada batean edan dituzte hark esandakoak.
Bestelako garaiak iritsi dira, ordea. Ameriketako Estatu Batuek etsai moduan aurkezten duten mundu musulmanak, lezioa ikasi eta Qatargo Al Jazeera telebista katearen bidez, 1997az geroztik beste ikuspegi bat jarri du mahai gainean. Ordura arte oihartzun eskasa zuen errealitate, jarrera eta jokaerak agerian geratu dira. Nahi ez lituzkeen irudi asko erakutsi dira eta ordura arte iturri eskasia zuten hedabideek, beste errealitate batzuk aurkitu eta ikertzeko bidea aurkitu dute.
Esklusiba gosez
Bestalde, komunikabideen artean sortu eta hedatua den konpetentzia eta esklusiba goseak, gatazkan ahalik eta gehien sartzea ekarri du. Ez beti informazio garbiaren mesedetan; zehaztasunik gabeko informazioak eta kronika horiak errenkadan etortzen baitira.
Edonola ere, potentziak amorrarazi egiten ditu eurei onurarik egiten ez dien informazioa zabaltzeak. Gerrarako erabiltzen duten hizkuntza bera har dezakete, orduan, kazetariengana zuzentzeko. Ikusi besterik ez dago, azken urteetako konfliktoetan hilik suertatu den kazetari kopurua: Iraken, 20 egunetan 11 kazetari hil ziren. Iaz, munduan barrena, 42 kazetari. Aurten, dagoeneko 11 hil dira.