Astekaria

 Kultura 

Amuarrain frijituak

Hasier Etxeberria


David De Jorge


1943. alea
2004-05-09
alde 0    kontra 0

OSAGAIAK:

8 amuarrain ertain

Urdaiazpiko serranoa edo iberiarra, 8 xerra

Irina

Gatza

Oliba olioa, frijitzeko

2 baratxuri ale

Ongi garbituko dizkigute amuarrainak arrandegian, tripak kendurik. Gatz pixka bat eman eta urdaiazpiko xerra bana sartuko diegu sabel barruan. Oliba olioa isuriko dugu zartaginean, bi hatzeko neurria harturik. Su eztian gozatuko ditugu baratxuriak, erre gabe olioa ongi kutsa dezaten. Minutu gutxi batzuen ostean, baratxuriak atera, sua biziagotu eta amuarrainak sartuko ditugu, irinetan azaletik igurtzi eta gero. Buelta eta buelta frijituko ditugu ondoren. Minutu bat alde bakoitzeko, tamainaren arabera. Bizpahiru txandatan egingo ditugu amuarrainak, olioaren tenperatura apal ez dadin. Xukatu eta berehala zerbitzatu egingo ditugu, gorri eta kraskatsu. Gaiarrek bere Erronkariri 'uskaraz' kantatzen zionean baino gusturago geldituko gara gu amuarrainak jandakoan.

Entsaladak maneatzeko era


Ezin dugu esan gabe utzi zenbaterainoko garrantzia duen entsalada ongi gobernatzen jakiteak. Operazio xume hori gaizki egiteak lehendik egindako lan guztia lardaskatu eta pikutara bidaltzen du. Alferrik arituko ginen letxugak garbitzen, tomateei azala kentzen, poteak irekitzen, eta abar. Entsaladei eragin egin behar zaie, alde guztietatik berdin gozatu, bizitu eta zerbaiten gustua izan dezaten. Olio hari bat gainetik botatzeak lau hosto busti besterik ez du egiten, eta barregarri gobernatu. Entsalada-ontziek zabalak eta sakonak izan behar dute. Ez erabili sekula ontzi berorik hostoak edo kimuak prestatu behar baditugu, egosi eta belaxkatu egingo baitira. Jarri ontzian gobernatu behar ditugun osagaiak. Ongi xukaturik, garbitu baldin baditugu; inolako hezetasunik gabe, lehenbizi egosi baditugu (erremolatxa, patata, etab). Eragiteko tresnarik hoberenak eskuak edo zurezko koilara-sardeak dira. Gobernazioa kontu handiz isuri eta etengabe eragin. Hostoak berdin blaitu behar dira eta ez jarri ozpin-saltsa soberan igeri, astun eta maskal bihurtzen baitira horrela entsaladak. Azkenean probatu nola dauden gatzez eta zuzendu, gatza edo piperrauts eho berria gehituz. Osagai astunagoak tartean badira (hegaluzea, eltzekariak, patata, olibak, azenario arraspatua, etab.) eta letxuga ahulagoak, garrantzizkoa da ontzian lehenik haiek jartzea, pixka bat gobernatu, eta azkenean gainean jartzea hostoak, eta haiei beste gobernazio pixka bat ematea. Horrela ez dira zapaltzen, eta behetik gora hartuta platereratzen dira, lehenbizi puska astunak eta, gainetik, dagozkien hostoak.


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1942
 
azala1941

1943 zenbakia.
2004ko maiatzaren 09a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza