Sarritan, guk geuk geure buruari hainbat gauza sinetsi arazten diogu. Hori dela eta ez ditugu helburu, amets edo ilusio batzuk betetzen. Zein helburu ez da posible, guk errealitate bihurtzea nahi badugu? Galdera hori bota digute Nerea Redondo eta Mirari Bereziartua coachek.
"Pertsonak jakituria badu eta bere baitan dira bere buruak egiten dizkion galderen erantzunak"; Sokratesen filosofiatik jasotako hau da coachingaren oinarrian dagoen ideia. Galdera egokiak eginaz, norberak bere buruari erantzun diezaion eragin nahi du metodologia honek. Coaching prozesuaren arrakasta galdera horien baitan da.
Hain zuzen, oinarri teorikoa, inteligentzia emozionalaren ildotik dator. Inteligentzia emozionalaren teoriak dioenez, orain artean gure kulturan eta hezkuntza ibilbidean arrazonamendua izan da garatu dena eta alde emozionalari ez zaio hainbesteko garrantziarik eman. Pertsona batzuek alde emozionalean gaitasun handiagoa dute eta horrek jende horrengan balio ez duenaren sentsazioa sorrarazi du. Sentsazio hori aldatu egin behar da.
Coachinga kirolaren mundutik heldu zen. «coach» hitzak entrenatzaile esan gura du ingelesez. Elite kirolariak entrenatzen zituen tenis entrenatzaile bat izan zen, akatsak zuzendu beharrean, galdera bitartez kirolarien nahiak ezagutuz eta haien indar guneak garatuz, aurrerapen handiagoa lortzen zuela ohartzen lehena. Ondotik, metodologia hau marketingaren esparruan aplikatu zen eta egun enpresa kudeaketan tresna interesgarri izateaz gain, norbanakoak laguntzeko ere erabiltzen da. Gure inguruan oraindik ez da ohikoa jendeak era honetako zerbitzuak eskatzea, baina beste herrialde batzuetan arrakasta itzela du coachingak. Baina zertan bereizten da coachinga psikologia, psikiatria eta bestelako terapietatik? Orainaldia abiapuntu harturik etorkizunari so egiten dio coachingak, ez du iraganean egindakoa edo gertatukoan interesik. Horretan bereizten da beste terapietatik. Patologia baten aurrean, bezeroa beste espezialista batengana joan dadin lagun dezake, besterik ez.
Coacha entrenatzaile moduko bat da, une konkretu batean bizi dugun egoeratik desio dugun egoera horretara heltzekoan laguntzen diguna. Ibilbide horretan, abiapuntua zehazten eta helburua betetzen lagunduko digu, gure indar guneak sendotuz. Ekintza da funtsa, ekintzarik gabe ez dago errealitate bihurtzen den ametsik. Ekintza horiek gerta daitezen, gure esku dagoena egiten lagunduko digu coachingak.
Coachinga prozesu bat da
Coachinga hiru modutan egin daiteke: aurrez aurre, telefonoz eta Internet bidez. Metodologia ez da gehiegi aldatzen: 50 bat minutu irauten dituen saio batean, coachak galderak egingo ditu, entzuketa zabala egingo du eta bezeroak ahoz esaten duenaz gain, keinu, isilune, hasperen eta antzerakoen bidez helarazten diona jasoko du. Mirari Bereziartuak kontatu digunez, telefonoak eta Internetek ahozko komunikazioan galtzen badute ere, abantailak badituztela azaldu digu: «Izugarrizko lorpenak izan daitezke telefonoz; izan ere, pertsonak aurrez aurre kontatuko ez lituzkeen hainbat gauza esateko ausardia izaten du; bestetik, kontzentrazio maila handiagoa ere lortzen da». Saio bakoitzaren amaieran balorazioa egiten du bezeroak eta ekintza batzuekiko konpromisoa hartzen du.
Prozesua egokia izan bada, bezeroak eguneroko bizitzan bere kabuz funtzionatzeko gai izan beharko luke. Coachingaren laguntzaz helburua lortzeko ibilbidea hasiko du, baina aldaketa bere esku izango da; uste ez zuen indarra deskubritu eta aparteko motibazio bati esker lehenago alboratu izan dituen desioak egi bihurtzeko behar dituen tresnak bereganatuko ditu.
Kontuan izan behar da, hala ere, coachingak konponbideetan jartzen duela arreta, ez du arazoak konpontzea jomuga. Coachak ez du epaitzen bezeroak esan edo egin nahi duena; era berean, bezeroak bere burua epai ez dezan egiten du. Ez du aholkurik ematen.
Enpresetan onurak
Esparru honetan ere lan egiten du coachingak eta onura handiak ekartzen ari dela azaldu digu Nerea Redondok: «Badaude datuak diotenak formakuntzaren bidez enpresa baten eraginkortasuna %30 hazten dela. Coachingaren bitartez ohiturak aldatuz, motibazioa indartuz eta elkarlana bultzatuz, %80 hobetu daitezke enpresa baten emaitzak. Erabiltzen denetan balorazio oso positiboa egiten dute. Era berean, komunikazioa %75 hobetu daiteke».
Ezagun egiteko bidean
Coach izateko ez da aurretiko prestakuntza berezirik behar; esparru ezberdinetako jendea ari da horretan lanean. Nereak eta Mirarik azaldu digutenez, batez ere enpresa handietan ardura handiak dituen jendea izan dute ikaskide, gehienbat giza baliabideetan lan egiten duen jendea. Hezkuntza esparruko jendea ere nabarmendu dute. Beste askok, ordea, erabaki pertsonal moduan hartzen dute, eta askorentzat bizi filosofia ere bihurtzen dela diote.
Orain arte ez da coachinga Euskal Herrian ikasteko aukerarik izan; kanpora jo behar izaten zuten formakuntza hori jaso nahi zutenek. Orain gutxi Deustuko Unibertsitateko enpresaritza ikasketa planean sartu dute. Bestalde, Euskal Coaching Elkartean arituko direnetatik batzuk, euskarazko coaching eskola bat sortzeko lanean ari dira. Euskaraz nahiz gazteleraz eskainiko dituzte eskolak, eskariaren arabera. Eskola honen izena Aldaketa izango da eta ekainerako guztia prest izatea espero dute.
Oraindik gure artean oso ezezaguna den arren, coachinga ari da indarra hartzen eta badirudi Euskal Herrian, Espainian baino harrera hobea ari dela izaten gainera. Gero eta coach gehiago dira; baina ez dira asko euren zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituztenak.
Euskaraz lan egiteak material guztia itzuli eta beti beste eskola eta elkarte batzuei loturik eta haien mende lan egitea dakar. Nerea Redondo, Mirari Bereziartua, Gotzon Karkar, Xabier Barinaga, Xabier San Sebastian eta Aitziber Aizpuru bildu dira Euskal Coaching Elkartea sortzeko bildu dira.
Euskal Coaching Elkarteak hiru helburu nagusi izango ditu: coachinga euskal esparruan ezagun egitea, coachingaren inguruan dagoen materiala euskal kulturak dituen berezitasunetara egokitzea eta euskal coachen artean erreferentzia izatea.
Gestio batzuk egin dituzte dagoeneko, baina elkartearen aurkezpen ofiziala maiatzean egingo dute.
![]() |
|
||||
1942 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa