Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-05-02 -- 1942.zenb

Katixa Garate


Kataluniako Enderrok euskal musikaz

Euskal musikak interesa pizten du beste herrietan. Horren adibide da Kataluniako Enderrock musika hilabetekariak egungo euskalrockari buruz egindako erreportajea: Com sona el nou rock dÆEuskadi? De Muguruza a Berri Txarrak. Betagarri, Sorkun, Fermin Muguruza, Berri Txarrak eta Zea Maysen inguruko artikuluak eta egungo eszenaren gaineko komentarioak bildu dituzte. Zenbakiarekin batera, Euskadiko soinuak promozio diskoa banatu du Enderrockek.


Arte eta saio film gehiago L´Atalanten

Irailean bi zinema areto gehiago zabalduko ditu LÆAtalantek Baionan, guztira hiru izango ditu. Duela hiru urte gatazka handia izan zuen Baionako herriko etxearekin eta ixteko zorian izan zen zinema aretoa. Herriko etxearekin akordioa lortu zuen LÆAtalantek aretoaren biziraupena ziurtatzeko. Sei hilabeteko atzerapenaz bada ere, irailetik aurrera berrehun ikusle gehiago hartuko ditu zinemak eta programazioa zabaltzeko aukera izango du. LÆAtalanteko lehendakari Jean Pierre Saint Picqek adierazi duenez, kultur proiektua ez dago erabat zehaztuta, baina argi du arte eta saio alorreko film eskaintza zabaltzeko, filmak pantailan denbora luzeagoz edukitzeko eta haurrentzako programazio zabalagoa eskaintzeko bidea emango dutela. Orain gutxi zinema areto onenaren saria eskuratu du Baionako zinema aretoak.


Umorearen Azoka Leioan

Maiatzaren 27tik 30era umorezko antzerkiak hartuko ditu Leioako kaleak. Izan ere, Leioako Umore Azoka izango da bosgarren aldiz eta 45 konpainien lanak jasoko ditu. Aurtengoan 359 eskaera jaso dituzte antolatzaileek eta horietatik hamabost euskal talderen, Espainiako Estatuko hogei talderen eta atzerriko beste hamar talderen lanak hautatu dituzte okasiorako. Zirkua, kale antzerkia, dantza... harridura sortuko duten ikuskizunak izango dira Gainera, Hortzmuga, Kapikua, Goloka, Trapu zaharra eta Organik taldeek Azokan estreinatuko dituzte euren azken lanak.


Mendi Landan egingo da EHZ jaialdia

Jaialdia egiteko lekua topatu du azkenean Euskal Herria Zuzenean jaialdiak. Ez da erraza izan, ezezko asko jaso ditu eta gogorrena Hazparne herriko etxearena izan da, baiezkoa eman eta zortzi hilabetera jaialdia bertan egitea galarazi baitzien jaialdiaren antolatzaileei. Sei urtetan jaialdiaz gozatzera joandako Anje Üthürriaga laborari zuberotarrak euren lurrak eskaini dizkie jaialdiko antolatzaileei, eta beraz, Mendi Landan egingo da azkenean jaialdia, Ozaze, Idauze-Mendi eta Mendikota herrien artean. Herri horietako auzapezen baimena eta Üthürriagaren lurren ondoko lursailen jabeen eta herriotako biztanleen oniritzia jaso dute. Hala, uztailaren 2tik 4ra egingo da jaialdia bederatzigarren aldiz. Aurtengoan, kontzertu ugari eskainiko duten arren, bestelako ekitaldi gehiago antolatuko dituzte: dantza, hitzaldiak, bideo emanaldiak, antzerkia... Jaialdiari zuku gehiago ateratzeko, ordutegia zabaldu dute: goizeko 10:00etatik egunsentiko 04:30ak bitarte izango dira ekitaldiak.


Irakurzaletasun ohiturak

EAEko herritarrek dituzten irakurketa ohiturak eta joerak neurtu dituzte Euskadiko Editoreen Elkarteak plazaratu berri duen azterketan. Lanaren arabera, EAEko biztanleen %41ak ez du sekula irakurtzen. Irakurtzen dutenetatik %32,6ak euskaraz irakurri ohi du, eta azken kopuru horretatik %20Æ4ak gaztelaniazko testuak ere irakurtzen diru. Maiztasunari dagokionez, irakurleen %42,6ak maiz irakurtzen du eta %15,8ak noizean behin. Irakurlearen profila honakoa da: emakumea, 16-24 urte bitartekoa, kultur maila handiduna, hiritarra eta etxetik kanpo lan egiten duena. Zenbat jende ote dago profil horren baitan? Hori ere irakurri nahi genuke. Lerro artean irakurri behar izaten baita halako azterketetan.


Breakdance lehiaketa

Duela hiru urte ekin zion Arriola kultur aretoak Break On Stage Aretoko Breakdance Europar Lehiaketa antolatzeari. Aurreko bi edizioak Elorrion egin zituzten baina aurtengoan Bilboko Euskalduna jauregian egingo dute maiatzaren 15ean, Elorrioko aretoa txiki geratu baitzaie: iaz 300 lagun kanpoan geratu ziren. Logela multimediari zor zaio hip hop kultur adierazpenaren inguruan sortutako breakdancearen gaineko lehiaketa hau egiteko ideia, taldeek profesionalizazioan aurrera egin dezaten. Suitzako, Frantziako eta Espainiako 7 breakdance izango dira lehian eta taldeen koreografiak Logelak sortutako aurkezpen multimediek jantziko dituzte. Aukera gutxi izaten da halako kultur sorkuntzak gure inguruan ikusteko, eta eskertzekoa da Arriola aretoak eta Logelak eginiko lana.


Daliren Sifoia eta ron botila nafartuta

Lau pintore nafarrek ( Jose Ignacio Agorreta, Angel Arbe, Jose Miguel Corral, Jokin Manzanos) eta Nafarroarekin lotura estua duten Jose Luis Mayorrek eta Felix Ortegak Daliren obraren bertsio libre bana egin dute. Egindako koadroak Cadaquesko Margues-U galerian daude orain ikusgai. Koldo Sebastian pintoreak hautatutako sei lanak Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikusi ahal izango dira Cadaquestik ekarritakoan.

Katixa Garate


Kepa Fernandez de Larrinoaren hitzok jaso zituen Deiak: «Erakunde bat falta da dantza mundua batuko duena; dokumentazio zentro bat, ikerketa koordinatuak... behar dira. Pena da, zeren jende oso ona dago».

Jon Baguesek Berrian: «Historian zehar Euskal Herrian partituren argitaletxe onak izan dira, baina egun nahiko ahulak dira. Musikaren edizio hori lagundu nahi dugu».

Laura Mintegik esana Tu Lankiden: «Momentu honetan dudan arazorik larriena da æarrakastaz´ hiltzen ari naizela. Hain ondo funtzionatu du azken obra horrek (Sisifo maite minez) nik neuk ere berbera egiteko joera dudala, horregatik kostatzen ari zait asko beste gauza bat egitea».

Thierry Malandainek zera adierazi zuen Berrian: «Kultura atzo, gaur eta bihar dela esateko modu bat da, kultura eta bizitza gaur eta berehalakoa dela pentsatzen dutenen kontrako jarrera, telebistaren errealitatearen kontrakoa. Tristea iruditzen zait jendeak iraganeko kulturari buruz ez ezer jakitea».

Katixa Garate

Juan Etxebarria (1875-1931) margolari bilbotarraren lanak paratu dituzte Bilboko Arte Eder museoan. Inpresionismoaren eta espresionismoaren ezaugarriak euskal pinturara ekarri zituen.

Xabier Etxabek Lurtarra da begiratua lana plazaratu du Elkarren eskutik. Lehen nobela du eta bere aitona zenarengandik jasotako Zarautz eta Aia inguruko kontuak ditu oinarri.

Nok talde berriak estreinako lana kaleratu du Oihuka diskoetxearekin: dbkatuak. Punk, rock, hardcore eta metal doinuak jorratzen ditu seikotearen lehen lanak. Etsaiak taldeko Paulek sortu ditu hitz eta doinuak.

Juan Antonio Urbeltz Unescoren baitako Dantzaren Nazioarteko Kontseiluko kide izendatu dute. Dantza ikuskizun ugari zuzendu eta zenbait dantza liburu idatzi ditu Urbeltzek.

Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabalen Zaharregia, txikiegia agian interes bereziko obra izendatu du Ingalaterrako PEN Klubak.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan