Pilar Iparragirre
Blackout
Xabier Montoia
Susa
179 orrialde
12,50 euro
Hilen bizimoldearen jarraia
Xabier Montoiak eskaintzen digun Blackout nobela Hilen bizimoldea deitu trilogiaren bigarren liburua da eta Paris nazien menpe aurkitu zen garaietara garamatza. Jean Etxegoien senpertarrak gorroto zituen aurretik boterean egondako frantses agintariak eta, aldiz, nolabaiteko mirespena die aleman garaile hauen «bertuteei». Nolanahi ere, berak atzean utziak ditu lehen Gerra Handian anarkismoan sinetsiz egin zituen balentriak eta bizitzea egokitu zaion bigarren gerra honek eskura jartzen dizkion aukera guztiez baliatzeko prest dagoenez, emaztea eta seme-alabak Biarritzen utzi eta nazien alde egiten duen egunkari bateko zuzendariorde izateaz gain kontrabandoan murgilduko da, irrikaz desio duen judu baten emaztearekin noiz oheratuko zain.
Euskal urtea ohituraz betea
Juan Manuel Etxeberria Ayesta
Ibaizabal
263 orrialde
16,40 euro
Gure ohitura, mito, abesti eta ospakizunen bilduma
Eskolan zein etxean erabil daitekeen liburua da Juan Manuel Etxeberriaren Euskal urtea ohituraz betea lana eta euskal urtearen jatorria eta urtean zehar euskal munduak izan dituen egunik eta garairik gogoangarrienak jasotzen ditu. Gaurko euskaldunok gure arbasoengandik hartu dugun altxor miragarriaren berri izan dezagun osatutako liburua da, eta Euskal Herriaren historia luzean bertako biztanleek bizitako hainbat ohitura, jai, ospakizun, gertaera, mito, ipuin, pasadizo, abesti, esaera, topiko eta beste biltzen ditu. Egungo urtea nola moldatu zen azaltzen da lehendabizi, jarraian urtaro bakoitzean eta urteko hamabi hilabeteetan gogoan hartu izan ohi diren gertakizunik aipagarrienak azalduz.
Euskalgintza sindikalgintzan txertatu
Batzuen artean
Manu Robles-Arangiz Institutua
89 orrialde
Lau gogoeta adimentsu
Manu Robles-Arangiz Institutuak Euskalgintza sindikalgintzan txertatu lemapean iaz antolatu zituen jardunaldien artean, Matxelo Otamendik, Jon Sarasuak, Bernardo Atxagak eta Joan Mari Torrealdaik parte hartu zuten hitzaldi sorta bat ere bazen. Eta hain zuzen ere hurrenez hurren kazetari, bertsolari-irakasle, idazle eta soziologo diren horien orduko hausnarketak plazaratu ditu orain aipatu Institutuak. Martxelo Otamendik euskarazko prentsa izan zuen hizpide. Jon Sarasua kulturaren zurrunbiloan murgildu zen. Bernardo Atxagak, bere aldetik, hitzak ez duela xaboiarekin antzik gogoratuz ekin zion euskararen gainean eginiko gogoetari. Eta Joan Mari Torrealdaik Intelektual mediatikoak hizkuntz politikaren aurka deitu hitzaldia eskaini zuen.
Gipuzkoako eskolarteko 23. bertsolari txapelketa
Batzuen artean
Ikastolen Elkartea
61 orrialde + kasetea
Entzun eta saritutako bertsoak
Iazkoan Gipuzkoako Eskolarteko bertsolari txapelketak bere hogeita hirugarren aldia ospatu zuen. Ikastolen Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz plazaratu dituen liburuan eta kasetean Lazkaoko kiroldegian ekainaren 6an txapelketa horren barruan gaztetxoei jarritako lanak eta entzun zitzaizkien bertsoak daude jasorik, egun hartako argazkiez lagundurik. Hamalau urte artekoen artean Maialen Velarde, Maddi Gallastegi eta Markel Peñalba zumaiarrak izan ziren txapeldun. Bertsopaperetan, berriz, Ataungo Joxe Miel Barandiaran eskolako Ainhoa Begiristainek, Añorgako Amasorrain ikastolako Kepa Matxainek, Villabonako Ernio behea ikastetxeko Aritz Garinek eta Donostiako Santo Tomas Lizeoko Beñat Gaztelumendik jaso zituzten sariak.
Ehortzi ezazue ene bihotza Wounded Kneen
Dee Brouwn
Ostiela, Txalaparta
559 orrialde
20 euro
Ameriketako indiarrei eginiko genozidioaz
Joxe Luis Aramendik euskaratu duen Dee Brouwn idazlearen lan honetan Ameriketako indiar herriei eginiko sarraskien eta iruzurren berri ematen da, indiarrek beraiek utzitako lekukotasunetan oinarrituta. Makina bat sufritu beharrean izan dira herri horiek Colon eta enparauek Amerikak «aurkitu» eta bertako lur, aberastasun eta jendearen jabe egiteari ekin ziotenetik. Dee Brouwnek indiarrei eginiko genozidioaren hasiera hura eta geroztikakoak gogoratzen ditu, baina batik bat XIX. mendeko bigarren erdialdean indiarren aurka gizon zuriak aurrera eraman zituen ekintza kriminal ugariren kronika da bere ezinbestean gogor Ehortzi ezazue ene bihotza Woundek Kneen liburua.
Kroa-Kroa! Kroaziako printzesa
Txabi Arnal
Desclée De Brouwer
64 orrialde
Printze ederra bilakatu zen igelaren zorigaitza
Pozik bizi zen Txapla igel bihurria bere urmaelean, ahalik eta Marilin lamia ezatseginaren arrosa landarerik ederrenaren gainean txiza egiten ari zela honek harrapatu zuen arte. Haserre bizian, printze ederra bilakatu zuen igeltxoa eta Txaplak hainbeste maite zuen urmaela utzi eta jauregi handi batean ondasunez inguraturik bizitzera joan behar izan zuen, munduko printzerik zoritxarrekoena bihurtu zelarik. Horixe da Ainhoa Redondoren marrazkien laguntzarekin Txema Arnalekkontatzen duen istorio polita.
Gezurra ari du. Egunkaria-ren itxieraren kronika
Lorea Agirre
Hainbat argitaletxe
200 or.
15 euro
Euskaldunon Egunkaria itxi zuteneko hura
2003ko otsailaren 20ean euskal mundua dardararaziko zuen erabakia martxan jarri zuen Madrilgo Gobernuak, Del Olmo epailearen agindu baten bitartez Martxelo Otamendi, Inma Gomila, Iñaki Uria, Luis Goia, Xabier Alegria, Pello Zubiria, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Fermin Lazkano eta Xabier Oleaga atxilotu zituenean eta Euskaldunon Egunkaria itxi zuenean. Makina bat erantzun jaso zituen erabaki tamalgarri horrek, eta orain, urtebete pasa eta gero, gertakizun asaldagarri haiek eta ondorengo egunetan bizi izandakoek sekula ez ahazteko aukera eskaintzen du Lorea Agirreren Gezurra ari du. Egunkaria-ren itxieraren kronika liburuak. Aise, Alberdania, Elkar, Erein, Elhuyar, Pamiela, Susa, Ttarttalo eta Txalaparta argitaletxeen artean plazaratuko edizio honek Joxe Azurmendi pentsalariak eginiko hitzaurrea du, non auziaren gaineko hainbat ikuspegi dela medio (Madrilgo perspektiba, atxilotuak izandakoena, Egunkaria-ko irakurlearena zein enpresako langile batena) gertatua ulertzeko testuinguruak agertzen dituen. Hitzatzea, berriz, gaur arte preso dagoen Iñaki Uria Egunkariako Kontseilari ordezkariarena da.
Pilar Iparragirre
Noiz hasi zinen "Gezurra ari du" prestatzen?
Egunkaria itxi zuten egunean bertan gure artean jada atera zen kontua. "Hau kontatu egin beharko da", "hasi al zara notak hartzen?", eta horrela elkarri zirikatzeko umorea ere izan genuen. Eta eskerrak umoreari. Itxieraren urteurrena bazetorrela ikusita, niri egokitu zitzaidan muntaia polizial, judizial, politiko eta mediatiko haren idatzizko lekukotza uztea.
Eta zer azpimarratu duzu gertatutakoaz?
Egunkariaren itxiera gezur handi baten historia izan dela. Eta hori da liburuak berak, eta izenburuak zehazki, adierazi nahi duena. Liburuan, itxiera ondorengo orduak eta egunak kontatzen ditut, Egunkariako langileen artetik datorren ahots eta begirada batetik kontatu ere. Egunkariaren itxiera bera, hori zela-eta gertatutako atxiloketak, Donostiako manifestazio erraldoia, atxilotuen inkomunkazio egunak, torturak, epailearen aurreko deklarazioak, Eguneroren sorrera, jaso genuen elkartasun uholdea, Katalunian antolatu zen erantzuna, urrian izan zen bigarren operazioaà Hori guztia hamabost kapitulutan banatuta kontatu dut.
Argazkiz ondo hornitua dator kontakizuna gainera...
Halaxe da, 200 bat koloretako argazkirekin osatu dugu. Izan ere, bat baino gehiago dira oroimenean iltzatuta geratu zaizkigun orduko irudiak. Bi aipatzekotan: Martxelo Otamendi kartzelako atarian torturak salatzen azaltzen dena, edota Joan Mari Torrealdai, guardia zibilez inguratuta, esku-burdinak jantzita kotxean sartzen dutela ageri dena.
Xabier Telletxea
Susa argitaletxearen
www.susa-literatura.com webguneak ARGIA Saria jaso zuen urtarrilean, euskal literatura irakurlearen eskuetara bideratzeko egindako ahaleginagatik. Ez da, ordea, argitaletxearen webgune bakarra:
www.armiarma.com ere Susaren ataria da. Literatur entziklopedia izateko helburu duen Literaturaren Zubitegia, Literatur Aldizkarien Gordailua, Kritiken Hemeroteka, Literatur Emailuak, Euskal Lokuzioei eskainitako tartea eta idazleen argazkiak biltzen dituen Zaldi Ero idazleekin izeneko txokoa dira web honenen atal nagusiak
Literatur edukien zubi
Martxoan aurkeztu berri dute Literaturaren Zubitegia izeneko literatur entziklopedia elektronikoa. Armiarma atariaren txoko horrek liburutegi elektroniko eta publikoa izatea du xede. Oraingoz, 638 idazle, 3.190 liburu, 1.436 aipamen, 2.035 esteka eta 678 kritika kontsulta daitezke. Idazleak alfabetikoki sailkatuta badaude ere, bilaketa aurreratua egiteko aukera eskaintzen du, alfabetikoki, kronologikoki naiz testu libre bidez. Ekin diezaiogun, beraz, euskal idazleen bilaketari!
Guztiontzako ezaguna den idazle bat aukera dezagun, Bernardo Atxaga esaterako. Nahikoa izan da bilaketan Atxaga idaztea emaitza berehala lortzeko. Joseba Irazu da bere benetako izen deitura. Asteasun jaio zen 1951ko uztailaren 27an eta 22 literatur lan argitaratu ditu gaurdaino. Ibilbide luze horretan zehar antzerkia, haur eta gazte literatura, narrazioa, nobela, poesia eta saiakera landu ditu. Bere azken lanaren titulua Pamiela argitaletxearekin argitaratutako Soinujolearen semea da. Hain zuzen ere liburu horren inguruko zazpi kritika irakur daitezke web orrian, baita Atxagari buruzko beste hainbat aipamen eta esteka ere.
Atxagarekin bezalaxe, autore bakoitzarekin web orri bat egin dute. Idazlearen argazkia eta jaiotza eta heriotza datak erakusteaz gain, bakoitzaren bibliografia agertu dute. Alde batetik, bibliografia aktibotzat definitu dutena ageri da, hau da, autoreak idatzi duena generoka sailkatuta. Bestetik, bibliografia pasiboa agertzen da, idazleari buruz idatzi direnak alegia. Euskal literaturaren historian erreferente izandako liburuak hustu, egileka banatu eta autore bakoitzari erantsi dizkiote. Liburu kritikak eta Interneten dauden euskal literaturako webguneetara estekak ere gehitu dizkiote egile bakoitzari. Bestela esanda, idazlearen web orrialdetik bere liburuaren kritika, aipamen eta esteketara zuzenean joateko zubiak eraiki dituzte.
Memoria historikoa
Literaturaren Zubitegiak efemerideei ere eskaintzen die tartea. Guztira, euskal zein erdal idazleen 3.500 efemeride inguru kontsulta daitezke. Literaturzaleentzat data esanguratsuenak aztertzea jolasa bada ere, komunikabideetan eta irakaskuntzan dihardutenentzat erreminta ezin hobea izan liteke.
Efemerideen orri nagusian, gauden egunekoak ageri badira ere, dataren edota idazlearen izenaren bidez bilaketan aurrera egiteko bidea eskaintzen da. Proba dezagun bada! Aurreko bilaketan Atxagaren jaiotza data jakiterik izan dugunez, datu hori erabiliko dugu efemeridearen bilaketari ekiteko, uztailaren 27a alegia. Guztira 14 jazoera aurkitu ditu, euskal idazleen inguruko 5 (urdinez) eta erdal idazleen inguruko beste 9 (beltzez). Euskaldunen artean agertzen da, noski, Atxagaren jaiotza data.
Datu-base entziklopediko osatua
Mikel Elorza Armiarma atariaren arduradunak jakinarazi digunez, datu basea etengabe eguneratzen dihardute. Bi urteko lanaren emaitza da Literaturaren Zubitegia eta etorkizunari begira, euskal literaturaren datu-base entziklopediko osatua izatea du helburu. Lan hori aurrera eramateko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso dute, baita denbora gutxi barru aurkeztuko duten poesiaren inguruko webgune berri bat lantzeko ere. Mikel Elorzak aurreratu digunez, "euskal poesiaren antologia izan nahi duen webgunea izango da, euskal poesia beste hizkuntzetara itzuli nahi duen ataria".
Aldizkari eta artikulu digitalizatuak
Aipatu edukiez gain, euskal literaturari lotutako lanabes ugari eskaintzen ditu Armiarmak, besteak beste, Literatur Aldizkarien Gordailua. Ibiñagabeitia izeneko proiektu hori lau urtetan garatuz joan den bilduma da. Bertan, 29 aldizkari eta digitalizatutako 6.000tik gora artikulu bildu dituzte. Egan aldizkaria da sareratu berri dutena. 1948tik 1987ra bitartean kaleratutako 74 ale kontsulta daitezke, guztira 10.000 orrialde. Besteak beste, Juan San Martinek, Koldo Mitxelenak, Nikolas Alzola "Bitaño"k, Gabriel Arestik, Aingeru Irigaraik, Pello Zabaletak, Manuel Lekuonak, Antonio Arruek, Toribio Etxebarriak, Antonio Maria Labaienek eta Jon Etxaidek idatzitako testuak dira irakurgai.
2001. urtetik hona kritiken hemeroteka ere lantzen du Susak. Bertan, helduentzako euskal literaturako liburuei buruz argitaratutako kritikak biltzen dituzte. Orain arte 900 kritika baino gehiago jaso dituzte. Bestetik, aski ezaguna den Susa argitaletxearen Literatur Emailuak izeneko asteroko albistegiak kontsulta daitezke Armiarma atarian. Buletin horretan, literatur argitalpenak eta ekimenak iragartzen dira eta posta elektronikoz dohainik jaso daiteke. Azkenik, Miel Anjel Elustondok idazleei egindako argazki erakusketa ikusteko parada eskaintzen du web orrialdeak. "Zaldi Ero idazleekin" du izena txoko horrek eta berrehun argazkik osatzen dute erakusketa.
Datutegia aberasten
Orain arteko lanaren balorazioa egiterakoan, webguneak harrera ona izan duela adierazi digu Mikel Elorzak. Hala nola, Internet erabiltzaile askok webgunea bisitatu ostean, zuzenketak eta eduki osagarriak igorri izan dizkietela jakinarazi digu. Beraz, zuk zeuk webgunea bisitatu ostean zuzenketarik, informazio osagarririk, kexa edota iradokizunik helarazi nahi izanez gero, gordailuaarmiarma.com helbidera mezua bidali besterik ez duzu. Euskal literaturaren amaraunean murgiltzeko gonbidapena zain duzu www.armiarma.com helbidean!
Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda
Einsteinen teoria kolokan?
Gravity deituriko zunda apirilaren 20an arratsaldeko 7etan espazioratu zen Kaliforniako Vandenberg-eko aireportu militarretik. Proiektu honen bultzatzaileek 40 urteko borroka izan dute proiektua burutzeko behar ziren 700 milioi dolarrak lortzeko. Helburua hau da: Einsteinek enuntziatutako erlatibitate orokorraren teoria frogatzea.
Eisnteinen arabera masa batek, planeta edo izar batek, bere inguruan dagoen espazio/denbora eraldatu egiten omen du eta adibide gisa zera irudikatzen da: oihal karratu baten lau muturretatik ondo tiratzen badugu eta oihalaren erdian esfera edo bola bat kokatzen badugu, oihalean deformazio bat sortzen da; fisikarientzat, hain zuzen ere, deformazio horren arabera definitu behar da grabitatea.
Horretarako espazioratutako zunda Lurraren grabitatetik at kokatu behar da, gutxi gorabehera 640 kilometrotara dagoen orbita polar batean, eta hantxe hasiko dira probak. Saiakerak 16 hilabete iraungo du. Ea bada, 2005. urtearen amaieran saiakera honen emaitzak ematerik dugun.
Teknologia optikoa disko zaharren salbazio
Soinu-artxibo zaharrak salbatzeko erabiltzen hasi dira teknologia optikoa: Bosoi deritzo eta partikula azpiatomikoak detektatzen ditu. Berkeley-ko laborategi nazionaleko ekipo batek argizko kaptadore ultrasentikorra erabiltzen du biniloko diskoen ildoen irudiak hartzeko. Datu hauek ordenadorera pasa eta honek interpretatu egiten ditu musika sortuz eta musika ordezkatzen ez duten irudi akastunak ezabatuz. Beraz, softwareak irudiak musika bihurtzeaz gain, ildoak bereizten ditu denborak edo erabilerak sortutako arraietatik. Horrela, ikerlariek iragan mendearen erdialdeko hainbat kantaren kalitate handiko bertsio digitalak sortu dituzte. Teknika honen abantaila nagusia da diskoa ez dela manipulatu behar, beste teknika batzuekin derrigorra baita diskoaren arrastoetan argizaria ematea. Gainera, teknika hau hautsitako diskoetan ere erabilgarri da, ordenadorea gai baita hautsitako diskoaren irudi-sortak irakurtzeko. Teknologia hau interes handikoa da artxibo-lan eta dokumentazio-zentroetarako. Horren froga da Berkeleyko ekipoa eta Kongresu Amerikarraren Liburutegiaren arteko elkarlana.
Hasier Etxeberria / David De Jorge
OSAGAIAK:
Kilo bat antxoa fresko
3 tipula, zerrenda mehetan zatituak
3 piper berde, zerrenda mehetan zatituak
8 koilarakada oliba olio birjina
2 koilarakada sagardo-ozpin
Gatza
Sutan jarri eta kazolan ipiniko ditugu tipula eta piperra, gatza eta olio pittin batekin. Potxatzen utziko dugu ondoren guztia, su ezti-eztitan, barazkiak xamur karamelatzen hasi direla sumatu arte. Ordubete inguru edukiko dugu horrela. Xukatu egingo ditugu barazkiak. Ongi garbituko ditugu antxoak, burua, tripak eta erdiko hezurra kendurik. Isatsetik loturik utziko ditugu bi xerrak. Arrain saltzaileak egin dezake lan hau, bihotz onekoa baldin bada. Gatza emango diegu antxoei. Barazkiak potxatu ditugun kazola berean, haien parte bat ipiniko dugu hondoan eta antxoa geruza bat zabalduko dugu gero haren gainean, kazolaren zabalera guztia hartuz. Horrela jokatuko dugu ondoren, gainekoa barazki-geruza dugula. Ozpina erantsi eta, kazola estalita, 5 minutuan edukiko dugu guztia berotzen, su ezti-eztitan. Sutatik atera eta 2 minutuan edukiko dugu guztia pausatzen, estalita betiere. Berehala zerbitzatuko ditugu antxoak. Perrexil xehatua hautseztatu ahal izango dugu, nahi izanez gero, gainetik.
Ainara Gurrutxaga
Antzerkigintzak aldaketa sakonak jasan ditu azken hogeita hamar urteetan Euskal Herrian. 80ko hamarkadatik hona antzerki konpainia nagusiak ekoizpen enpresa bilakatuz joan dira, eta ondorioz, etengabe merkatuaren legeekin borrokan aritu beharra egokitu zaie. Horrek guztiak funtsezko aldaketak eragin ditu arte eszeniko honen izaeran. Baina, metamorfosi horrek eraginik izan al du antzerki talde amateurretan? Zertan dira gaur egun talde horiek?
Antzerkiaren profesionalizazioa heldu aurretik, Euskal Herrian antzerkiak, eta batez ere euskaraz sortutakoak, amateurismoan zuen bizilekua. Zera idazti zuen Mikel Antzak 1985. urtean Jakin aldizkarian argitaratutako Amateurismoa versus profesionalismoa? artikuluan: «Urte askoan zehar, gure artean, amateurismoa, antzerki independente izen ohoragarriaren pean, antzerkia egiteko modu ia bakarra izan da (euskaraz behintzat, bakarra). Funtzio konkretu eta zenbaiten ustetan, estrateatralekin, gainera (politika, diktadurari aurre egitea, eta abar)».
Frankismo garaian sortu ziren zenbait talde amateur oraindik ere indar bizian ari ziren lanean 80ko hamarkadan. Ezagun ziren oso Hazparneko Bordaxuri, Oiartzungo Intxixu, Donibane Garaziko Irurak bat, Ondarroako Txo kolektiboa, Azpeitiko Antxieta edo Debako Goaz taldeak. Euren sorreran batez ere gai sozial eta politikoko antzezlanak muntatu zituzten. Antzerki euskaldun baten aldeko apustua egiteaz gain, bertako idazleen lanak ezagutarazteko esfortzu handia egin zuten, eta baita kanpoko antzezlan zenbait euskaratzen ere.
Hogeita hamar urteko ibilbidea duen Eibarreko Narruzko Zezen talde amateurraren sortzaile Juan Ortegak gertutik bizitu zuen mugimendu hori guztia: «Taldeak orduan antzerkiaren gerrillariak ziren. Demokrazia aldarrikatzeko sortuak, oso baliabide gutxirekin eta ausardia handiz eginiko lanak muntatzen zituzten. Gaur egun, ordea, momentu hori iragan da, ez dago halako errebindikazioak egiteko beharrik, ez modu horretan behintzat».
Denborarekin kemen handiz sortutako talde haietako batzuk konpainia profesional bilakatu ziren eta beste asko desagertu. Zailtasunak zailtasun amateurismoak, halako sonarik gabe agian baina, bizirik dirau egun gurean.
Sormen askatasuna
Gaur egun Euskal Herri osoan izaera ezberdineko talde amateurrak daude: udal antzerki tailerren inguruan sortutakoak, kultur elkarteetatik, eskoletatik, gaztetxeetatik, unibertsitateetatik, emakume taldeetatik... Jende gazte nahiz helduak osatutako taldeak dira, kopuruz ere oso aldakorrak. Bertan parte hartzen duen jendeak antzerkiaz kanpoko beste ogibide edo ikasketak izaten ditu eta, hortaz, taldearen arabera asko aldatzen da jardun honekiko dedikazioa.
Gaur egun Euskal Herrian lanean diharduten antzerki talde amateur guztiak aipatzea ezinezkoa da, baina hona horietako batzuk: Gilkitxaro, Mairu, Goaz, Lamixine, Nexo, Interruptus, Tearto, Errail, Lakrikun, Urrup, Mikelazulo, Ereintza eta abar luze bat.
Euskara hutsez aritzen diren taldeek Euskal Antzerki Talde Amateurren Elkartea (EATAE) sortu zuten 1995.ean. Gaur egun sei taldek osatzen dute. EATAEko partaide den Gilkitxaro taldeko kide Galder Perezen hitzetan, talde amateur guztiek badute ezaugarri komun bat: «Maite dugulako egiten dugu antzerkia eta hortaz, askatasun osoz egiten dugu lan. Arterako eta sorkuntzarako, gainera, bide berriak bilatzeko, ezinbestekoa da askatasun hori izatea», dio. Berriki Bortzirietako Kafe Antzerki lehiaketako lehen saria eskuratu duen Mairu taldeko Gaizka Sarasolak ere askatasuna aipatzen du amateurtasunaren ezaugarri nagusi gisa: «Batzuetan iruditzen zait diru-laguntzek ere halako lotura bat dakartela. Guri aske sentitzea gustatzen zaigu, hausle eta berritzaileak diren lanak egin baitaitezke horrela».
Dudarik gabe halako taldeek taularatzen dituzten antzezlan estiloen artean ezberdintasun handiak daude. Lan konbentzionalak hautatzen dituzte batzuk, berritzaileak besteek. Askok beste autoreen idazlanak hartzen dituzte oinarritzat baina badira beren testu propioak sortzen dituztenak, Gilkitxaroko Galder Perez esaterako: «Benetan gustuko dudalako idazten dut nik. Gaur egun, gainera, talde amateurren artean idaztea gustuko duen jende asko dago zorionez».
Zirkuitu baten beharra
Orokorrean antzerki talde amateurrek baliabide urriak izaten dituzte euren jarduerak gauzatu ahal izateko. Usuenik entseguetarako gelak lortzeko zailtasunak izaten dituzte edo hauek ez dira oso egokiak izaten. Diru-laguntzak ere eskasak izaten dira: «Herriaren arabera asko aldatzen da baina normalean talde profesionalek errazago lortzen dituzte diru-laguntzak amateurrek baino», dio Perezek. Lesakako Mairu taldearentzat ere ez da nahikoa egiten: "Ez dago entsegurako leku egokirik gure herrian. Udalak bai, diru-laguntza bat ematen digu, azken batean ondo datorkiolako herrian gauzak egitea, baina bestela ez digu jaramonik egiten».
Bilboko Udaleko Kultura sailak zabaldu berri duen Bilbao Eszena Antzerki Baliabideen Zentroak taldeek izaten dituzten oztopo horiek arintzea du helburu. Antzerki talde amateurren arazo nagusiak honakoak dira Bilboko Udaleko Kultura sailaren iritzirako: «Aretorik eza, baliabide ekonomiko urriak, oinarrizko zirkuituetan sartzeko zailtasuna, informazio falta, sustapen teknikoen ezagupen falta eta abar». Santutxu auzoan zabaldutako zentro hau aitzindaria da Euskal Herrian.
Talde amateurrek, behin euren lana muntatuta, kultur etxe, taberna, gaztetxe eta halako aretoetan egin ohi dituzte emanaldiak. Oro har antzoki handiek halako antzerki eskaintzei ateak ixten dizkiete.
Zailtasunak zailtasun, talde gehienek batez ere zirkuitu baten beharra aldarrikatzen dute. Hala, antzezlanak hitzartutako zenbait lekutan eskaini ahal izateko. Gaur egun desoreka handia dago arlo honetan, izan ere, badira emankizun bakarra egiten dutenak eta baita ehunetik gora egiten dituztenak ere.
Juan Ortega zirkuitu zabal bat sortzearen aldeko da: «Taldeek normalean euren herrian edo inguruetan egiten dituzte emanaldiak, eta askotan horretarako egokiak ez diren lekuetan. Zirkuitu bat sortuz gero, lan hauek askoz ere leku gehiagotan erakutsi ahal izango genituzke». Galder Perezen ustetan, zirkuitu horrek Euskal Herriko taldeen arteko harremana bultzatu beharko luke: «Hein handi batean gure esku dagoen zerbait da, esfortzu bat egin beharko litzateke bai Iparraldeko eta bai Nafarroako taldeekin ere harremanak sendotzeko».