Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-05-02 -- 1942.zenb

Anuntxi Arana

Indarberriturik itzuli dira aktualitatera ekimen baikorrak, Espainiako gobernuan sexuen parekotasuna jarrita. Hemengo Ihauteskunde kanpainan ere aipatu da gaia; eta Emakunde aukera berdinen aldeko legea prestatzen ari da, jadanik aldizkarian eztabaidatua 1999an. Kontua ez da bakarrik sexu bazterkeria. Euskararentzat ere kuotak beharko liratekeela komunikabideetan adierazi du X. Mendigurenek, ez baita normala askoren kemenez lortu dena beste batzuek bazter dezaten gero.

Ez dira solas berriak. AEBetan 80garrenetan hasi ziren autoktono, beltz, feminista eta homosexualak bereziki, aldarrikatzen mendebaldeko ar zurien kultura ez dela munduko bakarra eta ez hoberena, besteen ekarpenek ere balio handia dutela. Franz Fanon eta Tony Morrison goraipatzen zituzten Berkeley-ko katedradunek, eta maisutzat zeuzkaten Lacan, Foucault eta Derrida "deskonstrukzionistak", gure progresia nazionalaren ikonoak, alegia.

Halako giroan bultzatu zen ekimen baikorra û"affirmative action"û, hau da, gaitasun berdineko kandidatuen artean, talde baztertuko kidea hautatzea; eta horri esker iritsi ahal izan dira goi karguetara betidanik zokoratuak izan direnetako batzuk; eskuindar integristek deitoratzen dutena, berdintasunaren edo bikaintasunaren izenean, noski. Entzutea dugu, bai, leloa: herriko mediku ûedo auzitegi buruû izateko, medikuntza ûedo zuzenbideaû jakin behar dela, eta ez euskara. Jakintzaren oztopoa bailitzan euskara eta erdara kalitatearen bermea.

Ekimen ezkorrik ere bada, izan.

Osterantzean, hemen, luzaz gutietsiak izan dira yankee eta politikoki zuzen jotzen diren ideiak. "Kuotak esne behientzat!" zioten gure lagun sano eta jatorrek. Gero, beharra lege, hasiak gara gu ere 'minorizatua' deitzen gure buruari, ez 'minoritarioa', AEBetan 'esklabo' ordez 'esklabizatu' esaten dutenen moldean.

Frantzian berdin, goitik begiratu ohi diote "diskriminazio baikorra" deitzen dutenari, nahiz administrazioan lanpostu kuota batzuk badiren aspaldidanik elbarrituentzat. Jospin-ek, 1997an, emazteen eta gizonen parekotasuna û%50eko kuotaû ezarri nahi izan zuen Alderdi Sozialisten hautagaien zerrendetan. Baina printzipioa ezin zen garatu legean sartu gabe, eta horretarako konstituzioa aldatu behar zen. Orduan hasi ziren kalapitak. Aurkakoek argudiatzen zuten emazteen eskubideak aitortzeko gizonengandik berezi behar zirela; hots, Errepublikan herritar guztiak berdinak dira, eta ez ditzake inongo irizpidek desberdin; bestela edozer eska lezake edozein taldek, berdin begetarianoek edo sekta batek... Erantzun zitzaien delako berdintasun erretorikoaren gerizpean egiten duela habia diskriminazioak, unibertsalismo hori ez dela nagusien komunitarismoa baizik, ahulagoei inposatua. Azkenean 1999an aldatu zen Frantziako Konstituzioa, eta orain legeak laguntzen ditu emazteak eta gizonak berdintasunean heltzera mandatuetara. Isildu dira kontra altxatu ziren ahots kualifikatuak eta, helburua urrun dagoen arren ûalderdi batzuek nahiago dute isunak pagatu araudiak bete bainoû, nabariak dira aitzin urratsak. Legeak eman babesa eta zilegitasuna preziatzen dituzte politikan sartzen diren etxandreek, etxea nolabait utzirik, estutzen baititu gizonei sekula pausatu ez zaien dilemak: "Zorion pribatua ala agintea"; hortik sor litezkeen kezkak eta damuak gainditzeko ezinbestekoak dira, haurtzaindegiez gain, ezagutza eta onarpen publikoak. Eta senezko oharra egiten dute: orain leku bat lortzen duten emazteak adimentsuenak eta argienak ez balira ere, ez dira debalde arituko, bidea urratuko diete geroago etor litezkeen hobeagoei. Beti ere, Françoise Giroud zenak esana, berdintasuna izango dugu gizon eskasek bezain beste goi kargu eskuratuko dutenean emazte eskasek.

Aurelia Arkotxa

Bakarrik edo konpainian parti, bidean aurkitzen diren leku eta jendeak errespetatuz. Utz autobideak, bide eta bidexken hartzeko. Ibilbideak erakuts baina ez bertzeak zure bidetik joatera bortxa. Kurri dabilana, autoz dabilana baino emekiago jabetzen da espazioaz, inguruan duen guztiari begiak irekiz. Oinez ibiltzea: munduan izateko modu berezia. Partitu denak botere-gizonek eraiki mugak trebesatzen ditu ixil-ixila, alegia deus ez. Itinerarium mentis-a, kanpora gauzatuz. Eremuaren esperientzia zure gorputzean.

XIX. mendearen bigarren erditik landa hedatzen hasten den oinezko turismoa, turismoaren etika litzateke gaur. Gero eta jarraikitzaile gehiago aurkitzen baditu Europan ez da kasualitatea. Arrazoinak? Globalizazioa, abiadura, zarata artifiziala eta geldiezina zoko guztietan, airekoen bitartez urruntasunen ezabatzea, autoen ugaritasuna, telebista, ordenagailu, bideo-jokoetako pantailen inbasioa, mundu birtualek gero eta gehiago hartzen ari duten poderioa, medien informatze-desinformatzea... Zerrenda luza daiteke.

Dena den, gure aurreko mendearen bukaera geroztik ikus nola bidaiez eta geografiez ari diren liburuak metatu diren liburu dendetan, astrologiaz eta esoterismoaz ari direnekin batera? Zer ari ote zaigu gertatzen? Bertze zerbaiten bila joateko gutizia? Xinpleki, ihes egiteko gutizia? Utopia berrien seinalea ote? Ezin bizia bilakatzen ari zaigulako eguneroko bizi urbanoa? Arrotzak bilakatu zaizkigulako autoz, metroz, autobusez, tranbiaz, trenez laster-laster, fite-fire, lasterka, korrika, hatsangaka, itsuan, iragaten ditugun guneak?

Alta, munduaren deskubritzeko ez duzu preseski urrun joan beharrik. Zure kale edo karrika izkinean has daiteke abentura. Baina horretarako ez duzu ideia bakar batekin joan behar norapait, ordulariari behaka, erdi-lasterka. Denboraren hartzen ikasi behar duzu. Patxadan. Ohartuko zara ibiliz, jendeak eta bazterrak sekulan iruditu izan ez zaizkizun moduan kausituko dituzula. Zoaz, ahal bezainbat arin, zabarkeriak burutik kendurik. Txinatar kurrilari taoistaren gisan. Gaurko bizi urbanoan guztiok ahantzi duguna berreskuratuz: lehenik dela gauzen esperientzia eta gero haietarik etortzen zaigun ezagutza intelektuala. Ez alderantziz.

Zu zauden lekuan hasten da abentura. Zure hirian. Ahantz, faborez, hirietako mapak. Orain, gal zaitez, okerreko kalean sar zaitez. Konturatu ote zara norabidez beteak direla hiriak. Badela galtzearen fobia kolektiboa. Eta, monumentu, eliza, katedrala, eta bertze oroit-harri historikoak, gauaz fokoek argituak ia denak, ongi ikus ditzagun, postaletan bezala?

Guztia zoko estrategikoetan ezarriak diren karteletan esplikatua zaizu. Guztia jakin dezazun. Eta mendi-bazterrak? Gasnaren bidea, Ardoaren bidea, Hatzen bidea, Katarismoaren bideaà Ikusten, badela ere jakitate ezaren fobia kolektiboa? Badakizu orain nondik joan, zer begira, zer ezà Uf! Metroan edo turismo informazio etxean eman dizuten mapari, kioskoan erosi duzunari begiratzea aski. Horrela, kalean dabiltzan jendeei ez diezu zertaz biderik eska gehiago. Zure paper muturrari behatuz, nehori hitzik egin gabe, bisita dezakezu lekua. Eta bisitari, turista ideala horrela dabil gehienetan teknokratek ongi taxutu dizkioten bideetan. Sekulan irriskurik hartu gabe, galdu gabeà Ohartu ote zara sorpresarendako eta erruarendako ere ez dizutela gehiago gunerik uzten?

Odysseus Elytisek horri ere «faxismo teknolokigoa» deituko ziokeen. Orduan, oinez ibiltzea? Erresistentzia egitea, bistan da. Gauzen modu berri batez senditzea. Kurri, ortuts, oinetakoak bizkarrean. Burua tente, ileak haizeak harrotzen dizkiola. Kantari eta ziztuka. Ez ote duzu beti horrela imajinatu izan Rimbaud? Libro...

Honetaz eta hartaz ari izan zen poeta eta geografialari bidaiari andana bat joan den martxoan Genève-ko Uni-Mail unibertsitatean Geopoetikaren bideak. Ibiltzea eta bazterra deitzen ziren egunetan.

Jose Luis Alvarez Enparantza 'txillardegi'

2002ko abuztuan Jakin aldizkariak ale monografikoa eskaini zion Euskal Unibertsitatea gaiari.

Eta, besteak beste, gaur egun Errektore dagoen Juan Ignazio Pérez Iglesiasek hartu zuen parte; 46 orrialdeko txosten zehatza eskainiz. Hauteskunde garaitik at, gainera.

Bagenekien guk Pérez Iglesias jauna egokiro euskaltzalea dela esan daitekeena. Eta "euskal nazioaren erakundetzean" benetako Euskal Unibertsitatea funtsezkotzat daukan pertsona bati buruz, abertzalea dela esan daiteke eta esan behar da.

Bego hori horretan gaurkoz , ordea.

«Les groupes linguistiques en contact doivent être séparés autant que possible», idatzia du Jean Laponce soziolinguista famatuak behin eta berriz.
Eta Unibertsitateari gagozkiolarik ere gauza bera errepikatu behar da. Nahiz gurean betikoek gaizki ikusia egon .

Eskarmentua duten lau herrialdetako adibideak gogoraziko ditugu.

1. Suomi-Finland: Unibertsitate guztiak dira elebakarrak. Salbuespen bakarra: Helsinki-Helsingfors, hiriburua ofizialki elebiduna delako.

Oraindik adierazgarriagoa Turku-Abo hiri elebidunean bi Unibertsitate desberdin daude. Bata suediera hutsez, 1918an sortua. Eta bestea suomiera hutsez, 1920an.

Suomitar abertzaleek ez zuten 1918koa elebidundu. Aldamenean, baina aparte, suomiera hutsezkoa, beste campus batean, eraiki baizik.

2. Suitza federala: Unibertsitate guztiak dira elebakarrak. Salbuespen bakarra: Bern-Berne-koa, hiriburukoa delako. Kantoi bakoitzak kantoiko hizkuntzaz dauka bere Unibertsitatea .

Areago. Fribourg-Freiburg kantoi elebiduneko Unibertsitatea, bikoiztuta dago; eta elebakarra da campus bakoitzean: frantsesa edo alemana.

3. Belgie-Belgique: Unibertsitate guztiak dira elebakarrak. Salbuespenik ez. Zeren-eta Bruxelles-Brussel hiriburu ofizialean ere, fakultate guztiak elebakarrak baitira.

Bi kasu famatuak. Gent-koa ûGante gaztelaniazû, Flandrian dagoenez gero, eta borroka latzak izan ondoren 30eko hamarkadan elebidundu nahi zutenen kontra, nederlandera hutsez ari da.

Bestea, jakina, Lovaina-koa. Leuven Flandrian dago; baina frantsesez ari zen betidanik. Iskanbila handiak izan ondoren (1968), bikoiztu egin zen. Eta gaur bi Unibertsitate elebakar daude: Leuvengoa nederlandera hutsez bata. Eta Walonian goitik behera eraiki den Louvain-la-Neuve frankofonoa, frantses hutsez .

4. Canada: Unibertsitate guztiak dira elebakarrak. Montreal-en bertan, Quebec-en, batzuk frantsesez ari dira: Laval, esate baterako. Eta beste batzuk, hiri berean baina campus desberdinetan, ingelesez: McGill, esate baterako.

Hirugarren zikloan, bestalde, ingelesa erabiltzeko joera dago mundu guztian.
Baina lehenengo eta bigarren zikloetan, «bertako hizkuntza nazionala» erabiltzeko.

Julen Zabalo ( EHUko irakaslea)

Martxoaren 11n Madrilen gertaturiko sarraskiak zer esan eta zer hausnartu ematen du hilabete bat pasatuta. Euskal Herrian dimentsio berezia hartu zuten egun haiek, abertzaleen artean, batez ere, eta iruzkin zabaldua da gertaeren erantzule ETA ez zela jakiteak lasaitu ederra ekarri zuela abertzaleen aldera. Hori jazo bitartean, haatik, urduritasunez beteriko orduak iragan ziren, zeintzuetan, inolako azterketa kritikorik egin gabe, asko norberaren burua salbatzera ûordean ezker abertzalearena eskainizû abiatu baitzen. Pentsamendu bakarraren garaian, pentsamendu bakarra landu zuten, edo zieten: ETA zela esan zieten, eta denek gaitzetsi zuten ETA; ETA ez zela argitu zen, eta arranguratu ziren gobernuak informazio okerra eman izanaz.

Espiritu kritiko falta horretan ildo bi nabari daitezke. Ildo batean, egindako eta esandakoaz inolako damurik erakusten ez dutenak sartzen dira. Ibarretxeren erridikulu patetikoa dugu horren isla. Inork baino lehenago gaitzetsi zuen, gordinki, ETAren basakeria, eta ez zuen, ondoren, ezelako zuzenketarik onartu, ETA izanda edo izan gabe, bere kontra esandako guztia ondo esana zegoelako. Baina agian hori baino larriagoa da kritika egiteko EAJk ehun urtetan guztiz baztertu ezin izan duen arrazismo kutsua erabili izana. Izan ere, berak eta, besteak beste, Urkulluk egun horretan esandakotik, euskal herritar izateko arau moral batzuk ezartzen dira, eta haien arabera, M-11 ezin zitekeen euskal herritarren ekintza izan. Hau da, gizarterako asmo integratzailea omen duen EAJren nazionalismoak eskluitu egiten du bere aberritik, Euskal Herrian bizi arren, jokaera jakin bati jarraitzen ez diona.

Bigarren ildoan daudenek zuzendu egiten dute Martxoaren 11n esandakoa, baina, jarrera kritikoa lantzeari uko eginez, okerraren erantzule bi seinalatzen dituzte: batetik, mezu bihurria zabaldu zuen gobernua; eta bestetik, ETA bera, zantzuak eta datuak (!) bazeuden eta hori sinetsi ahal izateko. Lehenak fede onez ari zenari gezurra esan zion; bigarrenak halako gezurrak irensteko oinarri eman du bere ibilbidearekin. Era horretara konpontzen da arazoa, baina, berriro diot, non geratzen da espiritu kritikoa?

Badirudi hainbat gauzatan zorrotz baino zorrotzagoa izan daitekeela, baina ETA eta borroka armatua tartean direla, askoz hobe dela zorroztasuna kamustea. Ezin da bestela ulertu zergatik sinetsi behar zitzaion PPri kontu horretan, eta euskal nazionalismoaren kontra, oro har, egin dituen esku hartzeetan ez. Egunkaria ixten denean PP gezurretan dabil, baina edozein hilketa ETAri leporatzea sinesgarri da. Zergatik hori? Hemen bigarren partea, ETAk berak ahalbidetu duelako bere ekintzen bidez. Batzuek, aurreko astean harrapatutako lehergaia aipatzen zuten; Hipercor, besteek; eta abar. Hala ere, nork esan du lehergai hura Madrilen tren batean ipintzeko zela? Parekagarri dira aurretik hainbat abisu eman zen Hipercor kasua eta Martxoaren 11?

Masa komunikabideen eraginaz hitz egiten da, eta ia-ia ahalguztidunak direla esaten da, batzuetan. Gai honetan, berriz, ez. Euskal Herrian eta Espainian hainbat eta hainbat dira aditu ETAren kontuetan. Baina ETAri buruz hainbeste jakinda, zelan ulertu ETAren egiletza zalantzan jarri ez izana? Normalean hitz egiten dutenean egun horretan bezain aditu ote dira? Asko izan dira Euskal Herrian jendeak M-11ren erruduna ETA izan zitekeela pentsatzeak zer hausnartu eman beharko liokeela ETAri. Arrazoi dute horretan. Baina gai hau dela eta inolako espiritu kritikorik gabe ari direnek ere egin beharko lukete gogoeta.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan