2004-04-25 -- 1941.zenb
Nazioartera begiratzen badugu, Pro-music.org, Music Match, BuyMusic, Rhapsody, emusic.com, MusicNet.com, Napster berria, Movielink edo Apple-en iTunes bezalako zerbitzuak aurkituko ditugu. Guztiek oso merke eskaintzen dituzte beren produktuak. Esaterako, iTunes-ek 0,79-1,20 dolar bitartean eskaintzen ditu abestiak eta 9,99 dolarretan album osoak. iTunes-ek eskaintzen duen zerbitzua "kartara" da, hau da, norberak nahi duena aukeratzen du.
Beste eredu batzuk harpidetzatan oinarritzen dira. eMusic-ek adibidez, hilean 9,99 dolar kobratzen ditu eta horren truke bezeroak 40 abesti deskargatzeko aukera du. Hilean 14.99 dolar ordainduz berriz, 65 abesti jaitsi daitezke.
Bada beste eredu bat ere, streaming-arena. Hau da, materiala sarean zuzenean entzuteko/ikusteko aukera eskaintzen duena. Eredu hau Rhapsodyk erabiltzen du (RealNetworks enpresaren zerbitzua). Bezeroak hilean kopuru bat ordaintzen du eta nahi adina abesti entzun ditzake. Musika saretik jaistea nahi badu, gehiago ordaindu behar du, normalean abestiko dolar bat.
Eredu legal horiek ematen dituzten datuak ez dira batere txarrak eta zenbait adituk zinema eta musikaren etorkizuna baikorra izango dela baieztatzen dute. iTunesek sortu eta lehen zazpi hilabetetan 20 milioi abesti saldu zituen eta joan den urrian Rhapsodyk 250.000 harpide zituen.
Askoren ustez gakoa bezeroari eskaintza zabala ematea da, bestela P2P sareetara joko baitu, bertan aukerak askoz ere anitzagoak baitira. Datuek nahikoa esaten dute. Kazaa sarearen erabiltzaileek 5.000 milioi abesti trukatzen dituzte egunean, horrek barregarri uzten ditu iTunes-ek lehen zazpi hilabeteetan saldutako 20 milioi abestiak. Horregatik Napster berria eta Rhapsody adibidez, balore erantsia eskaintzen duten zerbitzuak ematen hasi dira. Hau da, bezeroen arteko komunitateak sustatu nahi dituzte, elkarren artean abestien zatiak eta horien inguruko iritziak trukatu ditzaten. P2P sareen aldean, zerbait bereizgarria eta erakargarria eskaini behar dute gune legalek. Ildo honetatik, etorkizunari begira diskoetxe batzuk itxaropen handiak jarri dituzte mugikorretako tonuetan. Gaur egun munduan 1.500 milioi pertsonek dute mugikorra eta telefono horientzako norberaren gustura egokitutako tonuak ezartzea oso zabaldua dagoen ohitura da.
Bestalde, ideiei astindu bat eman dionik ere bada. Hala, benetan ekimen berritzaileak iritsi zaizkigu azkenaldian. Horietako bat Weed enpresaren proposamena da. Enpresa horrek musika jaisteko aukera ematen digu, baina hiru aldiz bakarrik entzun ahal izango dugu abestia. Orduan erosi nahi dugun edo ez erabaki beharko dugu. Erosten badugu, %5, %10 edo %20ko deskontuak eskuratu ahal ditugu. Gauzak erraz ulertzeko, eman dezagun A bezeroak abestia erosten duela, B bezeroak A bezeroari esker jaisten du abestia, C bezeroak B bezeroari esker eta D bezeroak C bezeroari esker. D bezeroak abestia erosiko balu, C bezeroak produktuaren balioaren %20 eskuratuko luke, B bezeroak %10 eta A bezeroak %5. Weed enpresaren eredua aspaldiko lelo batean oinarritzen da: etsaia ezin baduzu garaitu, elkartu zaitez berarekin.
Euskal Herrian krisiari aurre egiteko elkartu behar dutenak diskoetxeak dira. Otsailaren amaierarako Euskal Herriko 15 diskoetxe inguru elkarte berri batean bilduko direla iragarri dute. Elkar diskoetxeko zuzendari eta elkarte berriaren presidente Anjel Valdesen aburuz, erakunde berriarekin sektorearen %90 batua egongo da. Gor diskoetxeko Marino Goņiren esanetan, "orain arte bakoitzak bere aldetik egin du lan, baina, beharbada, krisiaren ondorioz, ohartu gara elkartu beharra dugula, instituzio eta elkarte askorekin izan behar ditugulako harremanak; Eusko Jaurlaritzarekin, EITBrekin, SGAErekin edota Europako zigilu independenteak biltzen dituen Impala elkartearekin, esaterako".
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa