Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-17 12:24:53
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-04-25 -- 1941.zenb

Katixa Garate


Elkartasun Jaialdia Nikaraguaren alde

Hamasei musikari bilduko dira apirilaren 24an Bilboko lehengo Erakustazokan Gure kreditua merezi dute Elkartasun Jaialdian. PTM-mundubat Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatuta, Nikaraguarako mikrokreditoentzako dirua biltzea izango da egitasmoaren helburua. Bertan parte hartuko duten talde eta bakarlariak, besteak beste, La Cabra mecánica, Ismael Serrano, Kepa Junkera, Inma Serrano, Gorka Benitez, Juan de Diego, Mikel Urdangarin, Gatibu eta Idi Bihotz izango dira. Kontzertuak 19:00etatik aurrera izango diren arren, haurrentzako antzerkia, dantza eta ipuin kontaketak izango dira goizeko 11:00etatik. Bestetik, goizeko lehenengo orduetan lehengo Erakustazokaren eraikinera hurbiltzen direnek Hego Amerikako produktuak dastatzeko aukera izango dute.


Euskal Pen Kluba abian

Liburuaren egunean, apirilaren 23an, egingo dute Donostian Euskal PEN Klubaren sortze batzarra. Euskaraz aritzen diren idazleak, gidoigileak, kazetariak eta kantautoreak deitu dituzte sortze batzarrera. Nazioarteko PEN Kluba 1921ean sortu zen Ingalaterran, eta ordutik, adierazpen askatasuna, prentsa askea eta ordena politiko eta ekonomiko justua aldarrikatu ditu. Egun 130 talde ditu munduan nazioarteko klub honek eta milaka idazle eta kazetari biltzen ditu. 1951n PEN Euskal Bilkura abiatu zuten hainbat idazlek baina bizitza laburra izan zuen. 1987an beste saiakera bat egin zen eta Euskal PEN Kluba indarrean izan zen hiru urtez, baina bertan behera geratu zen egitura sendoa ez zuelako.

Katixa Garate


Pako Aristik honakoa zioen Uztarrian: «Autokonplazentziatik ihesi behar du artistak, ñoñokeria baztertu, edergarri hutsalak ere bai, nerabeen sindromea atzean utzi behar du, eta maitasun faltaz ahal bada ez hitz egin: horteroa geratzen da bihotzaren programen inperioan bizi garelarik».

Natalie Morel musikologoak Euskonews & Median: «Esan behar da oso gutxi direla euskal operak, hamabost inguru. Eta hori oso gutxi da Europan lau mendez sortu diren milaka eta milaka operen aldean. Euskal lanen artean, hiru edo lau besterik ez dira azpimarragarriak. Besteek balio soziologikoa eta kulturala dute, baina musikaren aldetik ia batere ez».

Ana Pimentak zera zioen «El País»en: «Antzerkiak badu desagertzeko arriskua: bere gainean fantasma ugari ditu eta iraunarazi egin behar da, museoko pieza bezala bada ere».

Kike Otxoak esanak Deian: «Guztiok jaiotzen gara dibertitzeko eta barre egiteko gogoz. Barre eginarazten duen eskaintza bat dagoenean antzokiak nola betetzen diren ikusi besterik ez dago».


Katixa Garate


Tere Irastortzak eta Bernardo Atxagak Espainiako Kritikaren Saria jaso dute Soinujolearen semea eleberria eta Glosak. Esana zetorrenaz poema liburuagatik. Atxagak 5 aldiz irabazi du sari hau eta Irastortzarentzat bigarren aldia da.

Marea talde nafarrak urrezko bi disko jaso ditu bere azken lanengatik: Besos de perro eta 28.000 puñaladas (azkena). Disko bakoitzetik 50.000 aletik gora saldu ditu. Azken diskoa martxoaren 22an jarri zen salgai.

Koldo Serra zinemagile getxoztarrak Europako Urrezko Melies Saria eskuratu du El tren de la bruja film laburrarekin. Serrak adierazi duenez, film luze batean ari da lanean eta baliteke ingelesez izatea.

Maskarada antzerki taldeak A ze parea! estreinatu berri du Bilborock aretoan. Manuel Hidalgoren La guerra del sofa eleberria du oinarri eta ikusle gazteei zuzenduta dago.

Arika Bibangek Afrika, entzun bakarkako lehen lana kaleratuko du Metak diskoetxearen Kontrakalea zigilupean. Etsaiak taldean ibilitako Afrikak musika beltza, dantza egitekoa bildu diskoan.

Juanjo Olasagarrek Ezinezko maletak nobela argitaratu du Susarekin. Hiru lagunek beste lagun baten hileta dela-eta Londresera egindako bidaia kontatzen du.

Kepa Junkeraren Oliene abestiak euskarazko abesti onenaren saria jaso du Espainiako Musikaren Sarietan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan