Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-04-25 -- 1941.zenb

Pilar Iparragirre

Uratxima kementsua
Nathalie Bodin
Saure
32 orrialde


Ezetz esaten zekien mutila

Sarritan adore handia behar da baten batzuei ezetz esateko. Baina horixe egin zuen Saure argitaletxeak plazaratzen duen komiki honen protagonistak, Txokeik, bizi zen Japoniako herrixkan jaun eta jabe zen mutil talderik indartsuenaren buruak neska ile zuriarekin hitz egitea debekatu zionean. Bost axola Uratximari besteak haserretzen bazitzaizkion ere, neska hura bere laguna zen eta kito. Baina neska ile zuriak ez zuen bere jarrera hura ulertu, ondo baino hobeto baitzekien zeinen gogorra zen onartua ez izatea. Berak edozein gauza egingo zukeen Txokeiren bandakoa izatearren. Eta haiek bizia bera arriskuan jartzera zeramaten erronkak proposatu zizkiotenean, prest agertu zen eskatzen zizkiotenak egiteko, benetan kementsu izatea zer zen ikasi zuen arte.

Gure Mikel
Juan Luis Goikoetxea, Iñaki Aretxabaleta, Iskander Ojanguren
Lezamako Udala eta beste asko
141 orrialde + diskoa


Mikel Zarateren heriotzaren hogeita bosgarren urtean

Hogeita bost urte igaro dira jada Mikel Zarate (1933-1979) joan zenetik. Haren omenez eginak izan dira bai Juan Luis Goikoetxea, Iñaki Aretxabaleta eta Iskander Ojangurenen artean Mikel Zarateri buruz haren senideei, Seminarioko irakasleei, auzokoei zein adiskideei galderak eginez jaso dituzten testigantzekin osatutako Gure Mikel liburua, bai Natxo de Felipe, Anje Duhalde, Mikel Markez, Aiora Renteria, Aintzira Gorosabel, Leire Iturrioz, Iñaki Aretxabaleta, Beñat Aiartza, Nuska Corriá, Gaizka Peñafiel eta Etxak taldearen artean osatutako CDa. Mikel Zarateren hainbat alderdi ezagutu zituzten pertsonen iritziak jakiteko eta gizon bezala zenbat apreziatzen zuten ohartzeko lan aproposa.

Ipar Euskal Herria. Gida
Amaia Ereñaga, Conny Beyreuther
Baigorri argitaletxea
432 orrialde
29,50 euro


Ipar Euskal Herriaren gida

Ipar Euskal Herria ezagutzeko bost arrazoi garrantzitsu emateaz gainera, lurraldearen ingurune fisikoa, gizartea, ekonomia, historia, pertsonaiak, kultura, kirola, gastronomia, egin daitezkeen erosketak, dituen festak eta beste gauza asko jasotzen ditu, euskaraz eta frantsesez, Gara egunkariak hala eskaturik, Conny Beyreutheren argazkiak lagun, Amaia Ereñagak idatzi duen gida honek. Bigarren atala du zabalena, bertan agertzen baitira Ipar Euskal Herrian barrena egiteko oso politak diren hamasei ibilaldi, beren mapa eta guzti. Ibilaldi horiek proposatzeko oinarri gisa, geografia edo kultura ezaugarriren bat komunean duten eskualde edo zonaldeak aukeratu dituzte. Hirugarren atalean, berriz, Ipar Euskal Herri osoko ostatuen zerrenda eskaintzen da.

Etorriaren Zorabioz
Mikel Zarate
Ikeritz
71 orrialde
7 euro


Zarateren lan argitaragabea

Mikel Zarateri bere heriotzaren hogeita bosgarren urtean egin zitzaion omenaldiaren barnean plazaratu du Jon Kortazarrek oraindik argitaratzeke zegoen haren lan hauxe ere. Lau eskuizkribu zituen Mikel Zaratek argitaratu gabe hil zenean, Jon Kortazarrek Etorriaren Zorabioz liburuaren hitzaurrean agertzen duenez. Haietako bat, Utopiaren fantasian, Luis Haranburu Altunak kaleratu zuen, 1979an. Etorriaren Zorabioz liburu haren bikia dela esan daiteke, poemaz eta prosa poetikoz osatutakoa baita hauxe ere, baina zaila omen da jakitea bietatik zein izan zen aurretik idatzia, liburu honetako hainbat poema Utopiaren fantasianen agertzen direlako baita ere. Dena dela, Mikel Zaratek bere azken hilabeteetan idatzi zituen lanetatik beste bi leudeke oraindik argitaratu gabe.

Gogoa III-2
Batzuen artean
Euskal Herriko Unibertsitatea
326 orrialde


16 euro
Konputazio makinak
eta adimena

UPV/EHUko Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako Institutuari esker duela hiru urtetik hona plazaratzen den Gogoa Euskal Herriko Unibertsitateko hizkuntza, ezagutza, komunikazio eta ekintzari buruzko aldizkariaren azkeneko zenbakian Alan Mathison Turing-en Konputazio makinak eta adimena euskaratu du Xabier Arrazolak, logika eta semantika Erdi Aroan aztertu du Xabier Andonegik, Konplexutasunaren metodologiaz dihardu Eguzki Urteagak eta Kohesio anaforikoa. Adinaren eta testu generoaren araberako azterketa gaia aukeratu du Inés García Azkoagak bere artikulua egiteko. Horiez gain, liburuen kritikak eta hainbat berri aurki daitezke bertan.

Txomin ametsetan
Liesbet Slegers
Ibaizabal
32 orrialde/ 5,60 euro


Txomin txikia amesgaiztoak uxatzeko era irakasten

Etxeko txikienen lagun aproposa da Txomin. Asko jolasten du egunean zehar eta, jakina, arratsean neka-neka egon ohi da. Aitak etxera darama, elkarrekin dutxa daitezen. Gero afaria eman eta ohera laguntzen du bere semea. Izara artean sartu, musu bat eman eta ondo lo egiteko esaten dio Txomini. Berehala ixten zaizkio begiak mutikoari, eta ametsetan hasten da, gozo-gozo hasieran, halako batean amesgaizto bat izaten duen arte. Negar batean, aitari laguntza eskatzen dio orduan, eta baita honek lasaitu ere.

Greta
Jasone Osoro
Elkar
199 orrialde
13,95 euro


Greta, Jasone Osororen lehen eleberria

Bere amonaren dendan dagoen maniki batekin harreman oso berezia izatera iritsi den mutil gazte bat, harreman hori ulertu ez eta erabat mindurik dagoen mutil horren andregaia eta Greta manikia, hiru pertsonaia nagusi hauen kontakizunen inguruan eraiki du Jasone Osorok Greta, bere lehen nobela. Pertsonaia horietako bakoitzak bere ikuspegia azaltzen du bizitzea egokitzen zaien arazoaren aurrean. Begirada zinematografikoa erabiliz azaltzen du elgoibartarrak bere ama ezagutzerik izan ez duen Oskarrek haren ordezko gisa aukeratutako manikiarekin dituen harreman estuak, eta haien ondorioz jasan beharko duena. Izan ere, gizon horrek orduak ematen ditu manikiari hitz egiten, hura garbitzen eta janzten, eta jakina, berarekin ezkontzear dagoen emakumeari ez zaizkio batere atseginak gertatzen bere senargaiak panpin batekin dauzkan gehiegizko adeitasun horiek. Beraz, ultimatum baten aurrean jarriko du Oskar: aukeratzeko panpinarekin edo berarekin gelditu nahi duen. Gizonak ez daki zer egin, ordea, biak maite baititu, eta hirira alde egingo du, ea behintzat han manikiarentzat leku aproposen bat bilatzen duen.

Pilar Iparragirre


Zer adierazi nahi izan duzu nobela honekin?
Bakoitzak bizitza ulertzeko modu bat daukagula, eta hori batzuetan kanpotik ez dela ulertzen edo arraro ikusten dela. Eta nola badirudien arraro den oro ez dela ona, edo ez dela normala, bada, beti hasten gara haren esanahiren bat topatu nahian, baina horrek ez du esan nahi bestea benetakoa ez denik. Hori pasatzen zaio Oskarri, nobelako protagonistetako bati. Eta baita bere andregaia Anari ere, zeren Anak ulertu nahi du Oskarrek zer harreman daukan Greta manikiarekin, baina era berean berari min egiten dion harreman bat da hori.

Nola islatzen da narrazioan hori guztia?
Azken batean sentimenduak, barne-borrokak daude, eguneroko bizitzan sortzen diren hainbat oztopo, askotan aurrera egitea eragozten digutenak. Hortaz hitz egiten du manikiak, zeren Greta maniki bat da, baina sinbolo bat ere bai, pertsonaietako bakoitzak hainbat lotura dituelako lehenaldiarekin, eta Oskarren lotura hori maniki bat da.

Nor dugu Oskar?
Peter Pan moduko bat. Ez du hazi nahi, hazteak beldurra ematen diolako eta haurtzarotik hutsune batzuk dauzkalako, garrantzitsuena bere amarena, eta bere amaren hutsune hori maniki batekin bete du berak. Oskarren ikuspegia koldarragoa da, nahiz beste alde batetik oso normala ere baden, denok ditugun beldurrak eta zalantzak dituelako, eta horiek argitu behar ditu benetan zer nahi duen jakiteko. Eta ekiten duen bidaia fisikoa bere burua ezagutzeko egingo duen bidaia da.

Elisabeth Pombo

Teknologiak aldaketa nabarmenak eragin ditu. Guztia 0 eta 1 bihurtzean, informazioaren metaketa inoiz baino errazagoa da. Gu geu ere informazio bihurtu gara, dela kode genetikoaren eraginez, dela kanpo irudia digitalizatuz. Musika eta zinema ere informazio digitala dira eta gainera, inoiz baino errazagoa bihurtu da datu digital horiek elkarren artean banatu eta kopiatzea. Internet, P2P programak, ordenagailuko CD grabagailuak eta beste hainbat asmakuntzek horretarako aukera eskaintzen dute. Ondorioz, sormen kutsua duen edozeren gainean egile eskubideak eskatzen dira, ideia eta asmakizunei, kontsumo gizartetik eratorritako etekinak ateratzeko asmoz eta gizarteak duen altxor garrantzitsu bat, ideiak, babesteko helburuz.
guztia irakurri

Josu Iztueta

Etxera etorri naizela jakiteko ez daukat mapa bati begira jarri beharrik, badira hemendik kanpo hainbat gauza gurean bezala sentiarazten nautenak eta alderantziz, hemen zenbait egoera arrotz sentiarazteko modukoak... esate baterako, sagardotegiak. Astigarragan edan daiteke sagardoa, baina baita ere Asturiasko Bulnesen, Txileko Valdibian edo AEBetako Connecticcut-en.

Txotx egin

Urtean bizpahiru sagardotegi egiten dituen horietakoa naiz, eta ARGIAko langile eta kolaboratzaileekin data jarria zegoen martxoaren 23rako. Patuak horrela nahi, eta aurreko astean Oreka TXekoekin egitekotan ginena atzeratu, eta 24an jarri genuen zita. Denboraldiko lehena egin gabe eta orain bi bata bestearen segidan.

Behin baietza emanez gero kale egin nahi ez eta sagardotegira. Aitortzen dut sagar bati kosk egitea baino gutxiago kostatzen zaidala sagardoari trago egitea, eta edalontzia betetzeko ez dago nahi eta nahi ez upeletara hurbildu beharrik. Gure ustez xanpain botilak zirenak aprobetxatzen zituzten sagardoz betetzeko. Juxtu xanpainari cava deitu behar zitzaiola enteratu ginenean, botila normalizatuak atera ziren, etiketa eta guzti. Hiru laurdeneko botilak 75 zentilitro zituela ikasteko balio izan zuen.

Sagardoak ez zuela mozkortzen ere entzun izan genion norbaiti... Jatorrizko edaria berdin sagardo naturala dioen papertxoan beste hau ere irakur daiteke: alkohola %6, arraioa! Tabako kutxatiletan idatzi dutena irakurrita eta horrela dela sinetsita, ez dago dudarik alkohol horrek ere mozkortzen duela. Neurri kontua izango da guztia!

Txikitan, han aritzen ginen izeba-osaben baserrian, botila barruan geratzen ziren kortxoak ateratzen. Ez pentsa erraza zenik, soka bati korapiloa egin, botila azpikoz gora jarri eta kortxoa sokarekin trabarazi. Orduan gogotik tira behar izaten zen. Atzamarrak minduta amaitzen genuen. Ordurako eskolan ikasiak izango ginen, "más vale maña que fuerza" eta zinez bietatik behar zela, ez dakidana da zein ordenetan... Urte asko pasa dira geroztik eta dena asmatua zegoela zirudienean "eskantziadore" sofistikatu bezain xinple horiek azaldu ziren; erdia kanpora bota gabe dena edalontzira, eta handik eztarriko zulora!

Txotx eta Mojon artean bakailaoa eta txuleta, kontua eta berriketa. Nik "mojon" entzuten dudanean zera etortzen zait burura: errepide bazterreko mugarria, kilometro zenbakiz margotutako harria. Baliteke "deformazio profesionala" edo ordu asko bolantean pasatzearen ondorio izatea. Sagardotegiko mojon eta errepideko mojon inkonpatibleak dira, autobusa gidatzeko %0,0 alkohol da muga, deskuidatuz gero, gaizki garbitutako baso batean edandako urak eman dezake hori!

Upel ilunak gero eta gutxiago dira, ontzi distiratsuak ugariago. Aldaketa bisuala da, altzairu herdoilgaitzezko tanketzarrak manometro eta termometroak bistan dituztela daude, osasun eta garbitasun neurriak direla medio, pixkanaka sagardotegi guztietara ari dira zabaltzen. Bada egurrezkotik inoxidablezkora diferentzia antzematen duela esaten duenik. Begiak itxi eta frogatu beharko litzateke. Inguruan egoten den usainean baliteke antzematea, baina dastatzeko orduan ez dut uste...

Txotxeatzen

Sagardotegietako "fauna" ere aldatuz doa, gero eta urbanoagoa da giroa eta baliteke ondorioz erdaldunagoa ere izatea. Bertara hurbiltzen garenon artean bai ikus daitezkeela upelak. Batzuk denboraldi oro pare bat aldiz etortzen garela, baina beste batzuek, itxura guztien arabera, bizpahiru bixita astero egindakoak dirudite. Norbera sagardotegira egun berezia delakoan hurbiltzen da, ni behintzat horrela joaten naiz. Gero kontu hartzen dut berdin dela zein astegun izan, hemengoan nahiz hango sagardotegian gelditu, errepide bazterrekoan edo mendi puntakoan zita jarri. Denak daude jendez gainezka. Ordaintzen dena eztabaidatzen hasi gabe bapo bizi garen seinale.

Sagardotegian Txotx egitea ez da jolasean Txotx egitea. Zotz egitea zotz edo txotx txikiena nork atera erabakitzen duen jolasa da. Gerora "zozketa" hitza hortik zabaldu da edozein motatako "sorteoa" ezagutzera emateko. Berdin du, sagardotegian txotx egiteko ez da zozketarik behar, baina askotan kontua ordaindu eta gero sobran geratzen den dirua ONCE edo beste zozketaren batean erabiltzen da.
Txotxera maiz hurbilduz gero hasten da bakarren bat Txolintzen. Ordurako besteren bat Txotxolotuta dago, Txotxonduta egoteko beste pare bat biaje nahikoak dira... Gauerdirako Txotxongilo piura hartuta, ezertarako gauza ez den norbait izaten da inguruan.

Asteburua iritsi dela eta Tolosan nagoela ohartarazteko baditut bi gertaera jakin: Bata, etxetik 100 metrora, Zerkausian, larunbatero egiten den azoka. Bestea, alde zaharrean, Txistulari Bandak kalejira egiten du igandero goizeko 9:00etan. Ohetik entzuten dudanean, (urtean dozena erdi bat bider), ez zait inoiz ahazten nongoa naizen, joan-etorrian asko ibilia izan arren, non jaio nintzen.

Sagarrondo bat ihartu zela abixatu zidan aitak eta igande goizean igo nintzen Berastegira. Motozerra hartu eta arbol ipurdia moztu aurretik adarrak soildu genizkion. Azkenekoz motozerra izotza mozteko erabili genuen Laponian eta oraingoan betikoa mozteko: egurra. Sutarako aprobetxagarri egiteko neurrian moztu behar genuen. Gainontzekoa aizkoraz eta eskuz txikitzeko modukoa zen, zotzak ziren... Eta hara non, astean zehar bi sagardotegitan Txotx egin ondoren, igandean sagarrondoarekin Txotxak egiten topatu dudan neure burua. Txotxeatzeko modu asko dago eta gaurkoan ez ditugu denak esan!

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda


Karbono 14, antzinatasunaren erakusle

Saclay-ko CEAn masa-espektrometriako aparatu berezi bat instalatu berri dute, Artemis izenekoa. Honekin urtero 4500 lagin baino gehiago aztertzea itxaron da, karbono 14 deituriko sistemaren bidez.
Jakina denez, karbono 14an oinarritutako sistemak milaka urteko antzinatasuna duten fosilak datatzeko erabiltzen dira. Karbonoa oso ugaria da Lurrean, bai zoluan baita atmosferan ere; gehiena oso egonkorra den karbono 12 eran dago eta portzentaia txiki bat karbono 14 moduan. Izaki bat hiltzen denean izakiak eta inguruak izaten duten gas-trukaketa eten egiten da eta izakian metatuta dagoen karbono 14a ez da berritzen.
Williard Willard Franck Libby Libby-k 1940an karbono 14aren desintegrazio-abiadura neurtu zuen eta 5730 urtean kopuruaren %50 desintegratzen zela frogatu zuen. Beraz, fosiletan topatzen den karbono 14aren kantitatea neurtuta jakin daiteke zenbat desintegratu den eta, ondorioz, noizkoa den.
Guztia ongi badoa Artemisek eguneko 24 ordutan eta asteko zazpi egunetan lan egiterik izango du.


Sudur elektronikoak usaintzeko

...... .. .. ....
Demagun jatetxe batera joan nahi duzula eta Internetetik jatetxekoek prestatutako plater batzuen argazki bat bidaltzen dizutela. Eta argazkia ikusteaz gain, prestatutako jakia usaintzeko aukerarik balego...
Alberta-ko unibertsitateko bi ikerlari usaina elektronikoki aztertzen ari dira eta jada lortu berri dute lehen sudur elektronikoa. Sudur honek hamar usain desberdin ezagutu ditzake une honetan eta oso usain desberdinak gainera, hala nola frutak, kafea, gasak eta espezieak.
Sudur elektronikoa PC bati konektatzen zaio eta honek interpretatzen du sudurrak usaindutakoa. Orain arte hainbat usain-detektagailu erabili dira industrian, batez ere arrain ustela topatzeko edo pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen gasak detektatzeko. Hala ere, detektagailu hauek oso garestiak izateaz gain ez daude ingurune multimedia batean erabiltzeko diseinatuta.
Mandal eta Castro ikerlariek sortutako sudurraren osagai elektronikoak merkeak dira eta elektronikako edozein dendatan topa daitezke. Dena den, honek ez du esan nahi sistema erraza denik; giza begiak kolorearentzako hiru hargailu dituen bitartean, giza sudurrak gutxienez mila hargailu desberdin ditu usainak detektatzeko, beraz, sudur elektroniko batek ere mila hargailu desberdin beharko lituzke usainak ongi detektatzeko.
Aipatu ikelariek hainbat eragozpenekin topo egin zuten beren ikerketan, batzuk gainera espero ez zitezkeenak. Adibidez, irudietan edota audio-seinaleetan ez da behar molekulak higitzea, baina usaintzeko bai eta gainera molekula horiek itsatsita gera daitezke sudur elektronikoan arazoak sortuz. Arazo honi aurre egiteko garbiketa-sistema berezi bat sortu behar izan zen. Une honetan ikerlariak analizatu eta kodifikatutako usaina birsortzeko sistema ari dira aztertzen. Hau da, sistemak ulertzen du usaina baina jatetxeak guri bidalitako e-maila zabaltzean sistemak usaina sortu egin behar du.
Oinarrizko ikerketak bizpairu urtetan amaitzea itxaron bada, produktu komertziala ez da bost urte baino lehenago ez da lortuko.

Hasier Etxeberria / David De Jorge


OSAGAIAK:

Ahate eder bat, garbia eta erretzeko prestatua, edo 2 ertain (erretzeko arraza egokia da Barberie delakoa)
Baratxuri-buru bat
Gatza eta piperbeltza, eho (xehetu) berria
2 baso bete ur
Gatza

Labe-erretilu batean ipiniko ditugu baratxuri aleak barreiatuta, hegaztia garbitzerakoan bereizi ditugun lepoa eta hegal-muturrak, eta ahatea, alde baten gainean. Urez garaztatuko dugu guztia. Labea 200 graduko tenperaturan jarri eta hantxe edukiko dugu erretilua 25 bat minutuan. Haien ostean, labeko atea ireki, bere zukuaz garaztatu eta erretako aldearen gainean jarriko dugu ahatea, horrela beste 25 bat minutu egin ditzan. Ondoren, labea ireki eta bere paparraren gainean jarriko dugu ahatea, mokoz behera, eta beste 25 bat minutuan edukiko dugu jarrera horretan.
Bere zuk.uan bustiko dugu berriro hegaztia. Azkenik, epe horren ondoren, mokoz gora jarriko dugu hegaztia, paparra gora beraz, eta erretzen utziko dugu, ongi gorritu arte. Beharko balitz, ur pixka bat erantsiko genuke hegaztia erre bitartean, lehor ez dadin. Heze egon behar du beti erretiluak.
Ahatea plater batean ipini eta aluminio-paperaz bilduko dugu ondoren. 10 minutuan edukiko dugu horrela, pausatzen. Hegaztia puskatzerakoan, 2 hankak eta bi paparrak bereiziko ditugu lehenik, eta bitan egingo dugu ondoren puska horietako bakoitza, duten tamainagatik. Beraz, 8 puska bereiziko ditugu guztira.
Erretilu bero batean banatuko ditugu, ogi txigortuen ondoan. Baratxuri erreen mamian busti ahal izango ditugu ogi txigortu horiek.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan