Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-04-25 -- 1941.zenb

Mikel Asurmendi

Mungiakoa da. 34 urte ditu. 1998an afiliatu zen Eusko Alkartasunan (EA). V. Biltzar Nagusian Begoña Errazti lehendakariaren zerrendan izaki, EAko idazkari nagusi aukeratua izan zen. Mungian zinegotzi da, halaber. 2001ean iritsi zen Eusko Jaurlaritzara, Sabin Intxaurragaren eskutik. Anjeles Iztuetaren sailean aritu da alderdiaren idazkaritzara iritsi arte. Bizitzaren patuak hartaratua, nonbait.
guztia irakurri

Daniel Udalaitz

Maiatzaren 21ean eta 22an, Iruñeko Baluartean, LABek VI. Kongresua egingo du. Kongresu horren bidez, eredu sindikalean eta subiranotasunerako bidean sakondu nahi dute, langile-munduak eta Euskal Herriko gizarteak planteatzen dituzten erronka berriei aurre egiteko. Ahaztu gabe, betiere, egungo nazioarteko globalizazio kapitalistako egoeraren testuingurua batetik, eta klaseko eta herrien arteko solidaritatearen globalizaziokoa bestetik.

Rafa Diez, 1992az geroztik sindikatu abertzale horren idazkaritza nagusiko buru izan eta gero, berriro hautatuko dute kargurako, itxura guztien arabera, VI. Kongresu horretan. Hala ere, berriro hautatzea gertatuta ere, azken aldia izango da, Diezek berak iragarri duenez, sindikatu horretako estatutuek agintzen dutenari jarraituz.

LAB izaera soziopolitikoa oso sendotua duen proiektu sindikal moduan iritsiko da kongresu horretara. Proiektua, gainera, nazionala izango da, Euskal Herri osoan presente dagoen sindikatu bakarra baita oraingoz. Kongresu hori egiten duten unean, afiliatuen kopurua 35.000ra iritsia izango da. Era berean, sindikatu abertzale horren ordezkaritza gehituz joan da azken urteotan, eta, ELArekin ûgehiengoa duen sindikatu abertzaleaû eta ESKrekin batera, gehiengo sindikal abertzalea osatu dute.

Prozesu subiranista eta kontrabotere antineoliberala

Militanteak eztabaidatzen ari diren ponentzien arabera, kongresuaren asmoa, alde batetik, sindikatuaren izaera soziopolitikoa berrestea da, "aldaketaren subjektu" moduan, eta, bestetik, kontrabotereko ereduan sakontzea, indarrean dauden molde neoliberal eta kapitalistako politika ekonomikoei aurre egiteko. Euskal Herrian sorturiko egoera berriaren aurrean, "demokraziazko eta bakezko jokaleku berri bateranzko bidean" baita Diezek dioenez, sektore askok eskatzen dute jokaleku berri horren neurriko erantzun maila. Horregatik, VI. Kongresu horrek LABengandik eta sindikalismo abertzaleagandik lortu nahi duena da "gauza izan dadila aldaketa politiko eta sozialeko prozesu horretan gero eta konpromiso handiagoak bereganatzeko, estrategia subiranista, demokratiko eta nazional baten barruan". Alde horretatik, "Euskal Herriko prozesu subiranistan erreferente bat izatea" da sindikatu abertzale horren erronka nagusietako bat.

Esparru ekonomikoan eta sindikalean, kongresu horrek lan-merkatuan sumaturiko gabeziei helduko die, eta Euskal Herriko markoa bultzatuko du lan harremanetarako. Horretarako, beste erakunde sindikal batzuekin lan egin beharra azpimarratuko du. Kongresuak, testuinguru horretan, klaseko sindikatuaren ereduan sakondu nahi du, indarrean dauden politika ekonomikoen kontrabotereko elementua izan dadin. Ildo horretan, ponentzietatik kritikatu egiten da nola neoliberalismoak klaseko subjektua konpartimentu estanko handietan banatu duen: langile finkoa, prekarioa, azpikontratatua, immigrantea, emakumea, autonomo faltsuak, eta abar. Neoliberalismoak edo kapitalismo basatiak egin duen langile-klasearen zatikatze horrek, ponentziaren arabera, zailtzen ari du interbentzio sindikala. Horregatik saiatuko da kongresua formula berriak bilatzen, sindikatuak errealitate horren gainean modurik eraginkorrenean jardun dezan.

Eraginkortasun handiago horretarako, LABek egoera berrira egokitu nahi du bere antolamendu sindikala. Horretarako, sindikatua are gehiago eskualdekatuko da, eta bere esku hartzea Euskal Herriko lurralde guztietako 17 eskualdetan banatuko du: Ipar Euskal Herria, Donostia-Hernani, Oarso-Bidasoa, Tolosa-Goierri, Kosta-Urola, Debaldea, Bilbo, Eskumaldea, Ezkerraldea, Durangaldea, Busturialdea-Lea, Gasteiz-Errioxa, Hego Uribe-Arratia, Aiara, Iruñealdea-Pirinioak, Sakana-Larraun eta Erribera-Erdialdea. Era berean, sektoreak beste era honetara ordenatu nahi ditu: Metala; Eraikuntza; Kimikoak eta kidekoak; Zerbitzuak, Administrazioak eta Osasuna; Irakaskuntza; eta Garraioa eta Itsasoa.

Mikel Garcia

Soziolinguistikak zientzia bezala behar asko zituela aspaldi konturatu ziren proiektuaren bultzatzaileak. Duela lau urte, behar horiei erantzuteko, SEI (Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen) elkartea eratu zuten, baina institutua beharrean klusterra sortu dute azkenean. SEIko kide eta Klusterreko idazkari nagusi Pablo Suberbiola soziolinguistikak hemen dituen muga horietaz mintzo zaigu: «Ez daukagu ez Soziolinguistika fakultaterik, ez espezializaziorik unibertsitateetan, ikerketa gutxi dago eta gainera, antolaketa sistema bat ez dagoenez, ikerketa asko galduta edo ahaztuta daude».

Ikerketa lerro iraunkor bat falta izan dela ikusten du Suberbiolak eta argitalpenetan, ikerketetan nahiz delegazioetan nabari dela. «Arazo konkretuei ahalik eta kostu gutxienarekin erantzuteko metodologia eta irizpideak behar ditugu» eta Klusterrak tresna horiek eskuratu nahi dizkie arlo horretan lan egiten dutenei.

Proiektuan ezinbestekoa da guztien elkarlana eta horregatik eratu da elkartea Kluster moduan. Industria munduan erabili ohi den antolaketa horrek esparru jakin batean elkarren artean nolabaiteko interes komuna duten entitateak lotzen ditu, azken finean. Proiektuaren eraketa hamar erakundek sinatu dute oraingoz: Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza zientzietako Fakultatea, Udako Euskal Unibertsitateko Soziolinguistika Sailak, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak, Elhuyar Aholkularitzak, EMUN Kooperatibak, Eusko Ikaskuntzak, EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailek, EHUko Soziologia I eta II Sailek, SEI elkarteak eta NUPeko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak. Eusko Ikaskuntzako ordezkari Iñaki Martinez de Luna izendatu dute lehendakari.

Dena den, soziolinguistikarekin zerikusia izan dezaketen erakunde guztiekin harremanetan jarri nahi dute proiektuaren sustatzaileek. Idazkari nagusiak ere Klusterraren izaera irekia azpimarratu nahi izan du eta gonbidapena luzatzen dio parte hartu nahi duen orori.

Proiektu konkretuak

Prozesu mantsoa da euskararen normalizazioarena; azken finean, gizarte aldaketa prozesu bat da, ia estruktura guztia harrapatzen duen aldaketa. Ondorioz, oso zabala da soziolinguistikaren ezagutza garatzeko landu behar den esparrua, baina Klusterreko eragileek argi daukate ekintza konkretuetan burutu behar dela.

Oraingoz, ordea, orokorrak dira aurkeztu dituzten planteamenduak. Ikerketa eta berrikuntza, formazioa, eta informazioaren kudeaketa eta zabalpena izango dira Klusterraren lan arloak, baina horien barnean makina bat beharri erantzun beharko diote. Besteak beste, ikerketa lanak bultzatu eta erraztea, soziolinguistikari buruzko argitalpenak sortzea eta zabaltzea, nazioarteko soziolinguistikan harremanak sustatzea, profesionalen formazioan laguntzea, esperientziak trukatzeko bilgune sare bat osatzea edo arlo zientifiko-teoriko eta praktikoaren arteko zubiak eraikitzea izango dira eginbeharretako batzuk. Arlo horiek guztietan egingo diren proiektuei buruz hitz egiteko goiz da oraindik.

Lehenengo, zenbat kide atxikiko zaizkien jakin behar da eta mahai gainean jartzen dutenaren arabera sortuko dira, hein handi batean, proiektuak. Proiektuok bai eragileek, bai Klusterreko idazkaritzak plantea ditzake eta hasiera batean ekintza jakinetarako lan-taldeak eratzea da ideia. Lan-talde bakoitzak bere beharren arabera egingo luke lan eta bulegoaren lana bitartekariarena izango litzateke. Antolamendua oraindik zehazteke dago eta atxikimendu berriekin jarriko da martxan benetan Klusterra, irailetik aurrera.

Gainera, SEIk Klusterrean integratzeko asmoa dauka eta beraz, elkarteak egun burutzen dituen lanak Klusterrak bere egingo ditu. Esaterako, BAT aldizkaria, euskararen kale erabilerari buruzko neurketak, soziolinguistikaren inguruan gauzatzen dituen ikerketak eta formazioari eta ikastaroei dagozkien lanak.

Hortik aurrerako ekimen berriei buruz hitz egitea ezinezkoa da, Suberbiolak azaltzen duenez: «Helburuak planteatuta daude, lan arloak eta funtzioak, baina gero horiek praktikan edukiko duten garapena oso desberdina izan daiteke. Hemendik bi urtera emaitza hiru edo berrogeita hamar proiektukoa izan daiteke. Zerikusia izango du partaideen kopuruak, proiektuetan daukaten inplikazioak, haien artean bideratzen diren harremanak...». Ikusteke daude, beraz, erronka indartsu honek ekarriko dituen emaitzak. Uda pasa eta gero izango dugu, berriro ere, Soziolinguistika Klusterraren egitasmoen berri.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan