Edorta Arana
Hedabideek, eta horien artean telebista nagusi, aginte-egitura osoa, estamentu bakoitzaren lekua, joko-arauak eta, orokorrean, gizartea ulertzeko osagarri informatiboak eta sinbolikoak transmititzen dituzte. Eguneko gertakizunei buruzko datuak eta esangurak zabaltzen dituen telebistaren bidez, beste askoren artean, harreman sozialen joko-lekua zein den eta horren baitan eremu pribatuaren eta publikoaren arteko mugak eta harremanak nolakoak izan behar diren erakusten zaigu.
Azken denboraldian, asko dira pertsonaia ospetsuen zein hain ezagunak ez direnen bizitzan, jarreretan eta baita intimitatearen eremu fisikoan ere sartzen diren telebista-programak. Guzti horien atzetik pribatua edo publikoa dena birdefinitu beharra dutela ikusten da eta, zalantzarik gabe, mugarriak nork eta non jartzen dituen inguruko borroka ezkutua bezain gordina ageri da.
Egia da eremu pribatuaren eta publikoaren arteko mugak urtuz doazela. Pertsonala, intimoa eta mediaziorik gabeko harremanen lurraldea kontsideratu izan dena desagertzen ari da. Inplikazio ideologikoak, ekonomikoak eta sozialak dituen kolonizazio horrek, esan bezala, telebista du aitzindari eta legitimatzaile parebakoa.
"Big brother", prentsa-arrosa saioak eta albistegiak gizabanakoek eremu pribatuarekiko dugun/genuen autonomia sozial galtze horren hiru adibide besterik ez dira. Lehenaren kasuan, lehiakide izatearen truke, toki eta ordu guztiak ikusgarri jarri beharra dute partehartzaileek. Etxe baten itxura duen platoak, intimitatea leherrarazten du eta behin betirako zelatatua izatearen normalizazio mekanismoa jartzen du martxan. Pertsonak pertsonaia bilakatzen dira eta fikzioa/errealitatea bikotea banaezina da. Bien bitartean, hori baino eszenategi zabalagoan, gure egunerokoan, gero eta gehiago dira telebista zirkuitu-itxia duten erakunde, errepide, denda, kale, banketxe eta osasun-zentroak. Grabatuak ez izateko eskubidea edo zinta horien gaineko kontrol ezarekin batera norbanakoaren irudiaren jabetza galtzen da.
Prentsa-arrosak eta, batera hartuta, famatu egin berrien bizitzan, kontu-korrontetan, sexu-harremanetan eta orokorrean bizitza pertsonalean sartzen diren talk-showek, gu guztion intimitatea bortxatzea dakar, hiruko erregela sinpleena aplikatuz. "Arrakastatsuen" segizioa, argazkiak ateratzea, gogoz kontra deklarazioak egitera behartzea eta amaierarik gabeko kontrolera kondenatzea, hedabideen boterea, industria erraldoiaren gosea, kazetari lanetan dihardutenen etika falta eta gizabanakoekiko errespetu eskasa erakusten dute. Intimitatea merkantzia bilakatzen da eta iraina, froga eta argudiorik gabeko salaketa eta susmoa inkisitoriala eguneko dinamikan txertatzen dira.
Azkenik, informazio-saioek ere intimoa eta pribatua kontsideratu izan den eremuaren zapalketa legitimatzen dute. Gero eta gehiago dira, "errealitatearen lekuko" izan eta "informatu beharraren" aitzakiaz, jendearen ohorea, intimitatea eta bizitzaren esparru pribatuenak erakusten dituzten albisteak. Polizia-atxiloketak, baimenik gabeko irudiak eta sekretupeko datuen publizitazioa dira adibideetako batzuk. Eta hedabideek eta bertan diharduten kazetariek, iturri "ofizialetatik" etorritako informazioa denez, datuak ez dituzte kontrastatzen, giza-eskubideak errespetatu ote diren ez da zalantzan jartzen eta, guztiaren gainetik, informazioaren ordenu-berriaren operatzaileak bilakatzen dira, somara edo destajora.
Aipaturiko hiruek, paradigma berriaren atarian gaudela erakusten dute, non botereak orain arte intimoa eta pribatua izan denaren eremuan sartzeko ateak zabalik gura dituen eta legitimazio bila dabilen, beste askotan bezala, telebista erabiliz.
Eta horretan daudela, telebistaren inguruko metafora erabilienak gogoratuko ditugu. Batak dio, telebista leiho bat bezala hartu dezakegula eta etxetik kanpora gertatzen dena ikusteko balio digula. Besteak, telebista ispilu bat dela defendatzen du eta, hala izanik, gurean bezala gainontzeko etxe, kale eta herri guztietan pasatzen direnak islatzen dituela.
Hirugarren bat dut nik, egungo panoraman, gustukoago: proiektagailuarena. Telebista argi fosforeszente indartsu bat besterik ez da eta segundoko 25 aldiz sortzen dituen irudiak zabaltzen ditu, eta, garrantzitsuagoa dena, guk pantaila lana egiten dugu. Ez leiho, ezta ispilu ere, telebistan esan eta erakutsi egiten direnak gugan proiektatzen diren neurrian gauzatzen dira.
Hasier Etxeberria
Amsterdamen izan zen, duela hogeita bost urte edo. Van Goghen museotik gertu, eskultura handi bat zegoen zutik, hiru burdinazko xafla ikaragarriz eraikia. Kanpotik, egia, eskulturak ez zirudien gauza arranditsuegia: burdinazko forma bertikal erraldoi bat baino ez, belardi baten gainean jarrita. Ez dakit zenbat metro edukiko zuen garai, baina sekulakoa zen eskulturatzarra, hamabi metrokoa edo. Ene gogoan handi eta zutun geratu zen, betirako itsatsia, erraldoi eta itzel. Eskulturatzarra.
Aztarnarik ere ez neukan zer arraio ote zitekeen hura. Sekula ez nuen ikusi halako eskulturarik, gogoetarik ere ez nuen egundo egin eskulturaren funtzioaz. Kontua da, halako batean, eskultura haren barnera sartu eta hiru xafla haien artean aurkitu nuela harrapaturik neure burua. Hiru lauki zuzen baino ez ziren, elkarren kontra zutik jarrita. Hori bai, begiratzen zenuen gorantz eta, han goian, zeru zati bat ikusten zenuen triangelu batean magikoki harrapatuta. Perfekzio sekulakoa. Mistikoa izan zen han barnean eskulturak eragin zidan zirrara.
Minimalista zela esan zidan baten batek, eta orduan entzun nuen estreinakoz hitz harrigarri hori. Zer ote da minimalista izatea? Baina ez nuen adorerik izan inori ezer galdetzeko, ez nuen gogorik ezjakintzat har nindezaten. Gerora baizik ez dut ikasi zer den minimalismoa eta gaur da eguna, artegintzaren bide hori oraindik ere definitzera ausartzen ez naizena. Beti izan naiz gehiago, Arte Poveraren aldekoa: Kounellis, Mertz... Nolabait esateko, material beroagoen eta artebide zabarragoen adierazpenak ditut askoz ere maiteago.
Ezin ukatu, ordea, Amsterdameko eskultura hark bide berrien zantzua erakutsi zidala. Arte kontuetan, hobe direla leihoak zabalik itxita baino, ezagutzen ez den txori ederra pausa bailiteke, uste gabean, norberaren arimako hegian.
Zorionez, gainera, ordurako ezagutzen nituen Ad Reinhart pintore amerikarraren lanak eta haren teoria batzuk ere bai. Badakizue, Malevitxen bidearen ondotik, beltzaren gainean beltzez margotzen zuen erradikal huraxe: ez formarik, ez argirik, ez kolorerik... Oso gaztetan iritsi zitzaidan esku artera liburu bat eta, irakurritako guztia ulertu ez banuen ere, jabetzen nintzen arteak badaukala arrazoiaren bidetik harrapa ez daitekeen zerbait. Areago: osagai adierazi ezinezko bat eduki behar duela arteak, benetakoa izango bada.
Nire ezjakintasunean, Minimal Art izenekoa, Espresionismoaren bestalderako bidea izan zitekeela, pentsatu nuen. Bai, horixe pentsatu nuen. Beroaren lekua, hotzari eskaintzen zion zerbait zela. Ariketa geometriko minimoen bitartez, adierazpen sotilak lortzeko bide eder bat izan zitekeela Minimal deituriko bide berri hura. Gerora, Oteizarekiko hurbiltasunak eta parrandek, hori baino gehiago ere badela erakutsi zidaten, baina, tira, ez nintzen zeharo erraturik ibili hastapeneko neure juzkuan.
Bai, Amsterdameko eskultura hura Richard Serra handiarena zen eta benetan diot, harrez gero itsua naizela eskultore zintzoen lanarekiko. Pinturaren gainetik maite dudala eskultura, alegia. Niretzakoagoa dela iruditzen zait. Marrazten oso baldarra naizelako izango da, seguru asko, edo koloreekin ez naizelako ondo moldatzen. Ez dakit segur. Nolanahi den, eskultura askoren aurrean sentitu dudan estasirik (Tony Cragg, Richard Long, Mendiburu...) ez zait gertatu ez eta Las Meninas edo Guernicaren aurrean ere. Anormal xamarra izango naiz, seguru asko. Soilik Anselm Kiefer germaniarraren pintura bibliko batzuk iruditzen zaizkit eskulturen pareko. Bai, anormala izango naiz, zeharo.
Izanak izan, Amsterdameko egun hura mugarri gertatu zen niretzat. Richard Serraren pausoak jarraitzen saiatu naiz harrez gero han eta hemen. Haren lanik inon bada, ikusten eta, batez ere, sentitzen saiatzen naiz, eta beti jaso dut hiru xafla haien artean bizi izandako zirrararen oihartzuna. Serenitate moduko bat. Serrak ez dit oraino kale egin. Handia da estatubatuarra, benetan. Ene irudikoz.
Egia da, hala ere, bere lanean kurbak sartzen dituenean okerrago moldatzen naizela. Guggenheim Bilbao Museoa-ko Snake erraldoia da horietako bat. Atsegin bazait ere, ez zait sekulako eskultura begitantzen. Hobeak baditu Serrak. Askozaz ere.
Eta, lerro honetaraino iritsita, esango duzue: zer dabil orain Etxeberria, arte kontuez idazten, horretaz zerbait baleki bezala? Eta arrazoi duzue harritzeko, arrantza baizik ez baitezake astoak. Baina beste biderik ez zait bururatu Serrari diodan miresmena egiazkoa dela zuoi aitortzeko. Izan ere, pozarren behar bainuke albistearekin: lau metro garai diren zazpi eskultura itzel jarriko ditu Guggenheim Bilbao Museoak "Fish" izeneko salan, "Arraina" aretoan, alegia. Bai, pozik behar nuke "bizirik dagoen eskultore handienaren" lan horiek, 16.000.000 euro "bakarrik" ordainduko ditugulako. Neu izango naiz lehenengoetakoa obra horiek ikusten eta gozatzen, nahiz eta pentsatu, barruan baino, kanpoan behar luketela leku, izatekotan. Edukiko duten tamainarekin, absurdoa dela halako lanak teilatupean erakustea, zerua eta lurra bestelako osagai minimorik behar ez dutenean. Natura luketela osagai derrigorrezko eta berezko, alegia, Amsterdamgoaren antzera.
Ordea, Serrak berak esandakoa da, mundu guztian, Bilbon bakarrik egin diezaioketela gaurko egunean halako enkargu sekulakoa. Akabo ba! Non kabituko dira Bilbon ez bada?
Jorge Gimenez Bech
Nola aldaraziko ditu hirugarren mundu gerra honek gure kultur jokabideak? Lehendabizikoaren ondoren, inperio zaharren errautsetan erregimen totalitarioak ernaldu baziren ûeta, haiekin batera, bizitzaren zentzu kolektibo orojale batû, eta bigarrenak hotza omen zen blokeen arteko gerra ekarri baldin bazigun ûeta, harekin batera, kontzeptu geopolitiko deshumanizatuen nagusitasunaû, nolakoa izango da oraingoaren ondarea?
Bere izaeran bertan dakar oraingo gerrak lehendabiziko ondorioa: guda-oin zehatzik edo atzeragoardia garbirik ez izateak areagotu egiten ditu, arindu beharrean, gerrak berezkoen dituen tasun-keriak oro, eta, horietan lehena, mesfidantza. Ez, hainbeste behintzat, arabiar etorkinenganakoa ûlehenagotik zebilen hori gurean, eta lasai asko ibili ere, ijitoen aurrean erakutsi ohi dugun jokabide berdintsuaz: "ni ez naiz arrazista, bainaà"û, ez eta gure arteko terroristenganakoa ûbai baitakigu, besteak beste, horiek, mendebaleko burges ttipi arruntenen tankeran, ez direla batere autoinmolazio zaleakû.
Ez. Oraingo gerrak dakarren mesfidantzak erro sakonagoak ditu gure kultur sisteman, eta, beraz, gure eguneroko bizimoduan: ñabarduraren amaiera iragartzen digu nagusitzera bide doan mesfidantzak. Datorkiguna ez da, alegia, zibilizazioaren antolamendu hierarkizatuak berez dakarren disidentzia eta disidentearekiko beldurrean bermatutako mesfidantza, ez eta etsaia ugaltzeari zor zaion izu guztiz gizatiarra ere.
Gaur, ekintzailea da, alde batean zein bestean, erabateko nagusia, eta ekintzaileak, jakina, garbi behar ditu gauzak, ñabardurarik gabeko gardentasunean soilik bilatzen baitu indarra soinean daraman lehergailuarekin batera lehertzeko edota Guantanamon etsai presoak gizatasuna ebatsi arte umiliarazteko. Horrelakorik egiten dituenak, pitzadurarik batere gabeko ziurtasuna behar du, eta gorrotoz begiratuko dio, ezinbestez, ñabardurarik txikiena begi aurrean jartzera ausartzen zaionari.
Zergatik, adibidez, aurkeztu nahi zaigu mendebaldarroi oraingo gerra "zibilizazioen arteko gatazka" izen apokaliptikoan bildua? Horrelako izen-izanik merezi duen talkarako prest egoteak erabateko koherentzia eskatzen du ahari talde bakoitzaren baitan, eta hori da ekintzailearen ametsa: ahari talde trinko fidela, obeditzera emanagoa, ñabardurak bilatzera baino.
Batzuetan, hala ere, gauzak ez dira ateratzen ekintzaile nagusien estrategek aldez aurretik programatu bezala. Batzuetan ûEspainiako azken hauteskundeetan, adibidezû, ekintzaile nagusien morroien baldarkeriak pitzadura sakon samarra eragiten du eraikuntzaren zoko batean. Gerta liteke, baita ere, ekintzaile nagusien etxea bera pitzatzea, eta, demagun, Bushek hauteskundeak galtzeaà Eta, jakina, ez da inondik inora ere berdin bi adibide horietara ekarritakoak alderantziz gertatu izan(go) balira. Baina, funtsean, arazo nagusiak bere horretan dirau: segurtasunaren aldarean, ñabardura sakrifikatzen jarraitu nahi izango dute ekintzaile nagusiek. Eta gainerakook, sormenaren indar guztiak ñabarduraren alde jarri ezean, "zibilizazioen arteko gatazka" formulazioak bere baitan daraman kontraesan gaindiezina gure kultur ekimen guztietan eta bakoitzean, salatu ezean, "segurtasuna versus askatasuna" amarruaren amaraunean eroriz gero, aukera bakarra izango dugu laster begien aurrean jarri nahi izango diguten bidegurutzean: "gurutzada" markatzen duen bide zabaletik abiatzea, armak hartuta Arma intelektualak edo bestelakoak, ez baitakigu-eta nolakoa izango den ekintzaileek "gure zibilizazioaren alde" eskatuko diguten konpromisoaà
Juan Joxe Petrikorena
Aurtengo Aberri Eguna une oso berezian iritsi da. Espainiako Estatua trantsiziotik ezagutu ez den krisi egoera batean sarturik dago: PSOEk Espainiako hauteskundeak irabazi ditu; Euskal Herrian, baita Katalunian ere, eragile politiko, sindikal eta sozialek hankaz gora jarri dute indarrean dagoen marko juridiko-politikoa eta eszenatoki politiko berri baten aldeko borondatea zabaltzen ari da.
Borondateak bildu eta lanean jartzea litzateke, orain, lehentasunez eman beharreko hurrengo urratsa. Honetan asmatu du Nazio Eztabaidak eta honen lekuko Aberri Eguneko argazki ederra, aspaldian ikusten ez genuena. Zorionak, beraz, emandako urratsagatik.
Aurtengo Aberri Eguneko «betiko» argazkia, berriz, alderdi abertzaleen deialdietatik ateratakoa litzateke eta irudi honek zer pentsaturik ematen digu. Zera, herri honetan gatazka politikoa gainditu eta nazio eraikuntzari heltzeko borondateak eta ahaleginak zehazten ari diren honetan, handiak baitira beldurrak eta tentaldiak, berriro ere alderdi interesak herriaren nahiaren eta beharraren gainetik jartzerainokoak.
Eta hauxe da Batasunak gainditu nahi duena, Aberri Egunaren aurretik eta ondoren gure lehentasuna: herri hau autodeterminazioa eta bakearen aldeko estrategia eraginkor batean kokatzea.
Azken 25 urteotako ziklo politikoa amaiturik, prozesu demokratikoa muturreraino eramango duen ziklo berria zehaztea dagokigu, Euskal Herria bere osoan harturik, euskal herritarroi. Honetan ari gara gorabeherekin, mahai gainean agertu diren proposamen ezberdinekin, eztabaidekinà alegia, forma definitiboa ematen azken urteotan zabaldutako bideari. Eta honetan kokaturik dago «pultso» politikoa, bai Madrilen aurrean, bai euskal alderdien artekoa ere.
Estatu espainiarra karta «markatuekin» ari da, baita PP eta PSOE ere egun indarrean dagoen eredu juridiko eta politikoaren sostengatzaileak diren neurrian. Definitu eta bildu behar dugunak, beraz, beste marko politiko eta juridiko baten alde azaltzen ari garen indarrak gara.
Definitu zer? Lizarra-Garazin zehaztu genuen edukia: herriaren hitza eta erabakiaren errespetua. Orain, autodeterminazio eskubidea gauzatzera garamatzan prozesu demokratikoa adostu behar dugu, euskal herritarron artean.
Zeregin nagusia hau izanik, ez du balio elkarrizketarako deiak luzatzea, egunerokoan, Euskal Herrian eman beharreko prozesu demokratikoa etengabe zapuztu nahian ari diren alderdiei, Imaz ari den moduan, eta aldi berean abertzaleen arteko etena gero eta mingarriagoa bilakatzen saiatzea.
Ez du balio bitarteko politiko guztiak erabiltzea ezker abertzalea jipoitzeko, erasotzeko, baztertzeko, alegia, milaka herritarren ahotsa isilarazteko, Gasteizko hiruko gobernua egiten ari den moduan.
Garaia heldu zaigu gu guztioi norekin eta zertarako gauden esateko. Argi eta garbi esateko. Prozesuak ezin du gehiago itxaron. Ezin du «atsedenaldian» egon. Ezin da inoren sufrimenduarekin jokatu. Ezin ditugu hika-mika etengabe batean murgildu gure indarrak. Jarrerak eta bidaia-lagunak definitzeko garaia heldu da, guztiontzat.
Garaia heldu da herri honetako indar politiko, sindikal eta sozial abertzale eta demokraten arteko adostasun eremuak zehazteko. Eta adostasun eremuaren erdiguneak gatazkaren konponbidea behar du izan, Euskal Herriaren onarpena eta erabaki gaitasuna aintzat hartuta. Beraz, lehendabizi egin dezagun gure artean bidea, gero, ondoren, Madril eta Parisekin hitz egin eta adosteko.
Egungo egoerak eta euskal herritarren gehiengoak eskatzen duen jauzi politiko honi erantzuteko gai izango al gara? Horra, oraingoan ere, airean geratzen den galdera. Jada gu guztiok «topiko» bihurtu dugun erantzuna ere hor dago: ezin dugu aukera pasatzen utzi. Bada, ez dezagun pasatzen utzi, oraingoan. Gure esku dago, gure borondate politikoaren esku. Gure esku, zentzurik zabalenean hartuta, euskal gizartearen esparru askotatik iniziatiba hartzeko ordua ere heldu baita.
Autodeterminazioa oinarri izanik, indarrak bildu eta ausardiaz joka dezagun. Hala bedi.