Mihura jendea
Jakoba Errekondo
Tokian tokiko kutsaduraren tamaina bertan bizi diren likenen arabera neurtzen da aspalditik. Airearen zikinaren tamaina ematen du, batez ere, neurketa honek. Lurrarenaz jabetzeko beste bide bat jorratzen ari da berriki: mihura (Viscum album). Lurrean berunaren gisako metal astunak eta antzekoak izanez gero zuhaitzak ahulago hazten dira eta hauen bizkarroia den mihurak erosoago erasotzen ditu. Ikerketa bide berri samarra da eta emaitza zehatzak jakin arte denbora pixka bat beharko da. Mila senide baino gehiagoz osatutako Lorantazeoen familia zabalekoa da mihura. Sendi guztien antza honek ere baditu hamaika bitxikeria, baina gaurkoan Australiako Eguberri-zuhaitzarenera lotuko gara. Izen zientifikoa Nuytsia floribunda du, Australiako hego mendebaldea XVII.mendean miatu zuen Pieter Nuytsen omenez. Beste landareek idorte izugarria eraman ezin dutenean Eguberri-zuhaitza, izenak dioen eran, udaren beroenean loratzen da eta suak pasatako sailen batean bizi bada, are eta oparoago. Duela gutxi jakin da ingurukoekiko azaltzen duen harrotasun honen zioa. Mihuratarra izaki hemiparasitoa, lapurra da. Sustraiak ehun bat metro arte luzatzen ditu eta inguruan topatzen dituen beste landareen sustraiak erasotzen ditu. Sustrai bat topatzen duenean iduneko antzeko batez sustraia inguratu, ebaki eta hark hartzen dituen ura eta elikagaiak ebasten dizkio. Ingurukoek udako Eguberri latza igaro behar eta bera, parrez parrez, arra bete baino handiagoko loretzar hori usaintsuak denei erakusten... Espazioko programa baterako lanean ziharduen zientzialari talde batek estazio bat eraiki omen zuen mihuratar hauen sailetan. Estazioaren komunikazioak noiz nahi eten egiten ziren, baita zuntz optikozkoak ere. Bereak eta bi kosta omen zitzaien bestetxeko mihuratar hauen berri izan eta etxekonekoen ohiturak ezagutzeak bizikidetzarako duen garrantziaz jabetzea. Aborigenek Mungi deitzen dute eta, uda beroan animalia mordo bati bezala arbasoen espirituei babesa ematen dietenez, sakratutzat dute. Bizikidetzaren esperientzia. Geure mihura magikoa bezala, betirako txoratzen omen zaitu mihurapean musukatutako ezezagunak... Mihuraren fruitu gozoa jan eta barruko hazia gustuko ez nonbait eta, zuhaitz adarrak igurtziz biskaz mokoari itsatsitakoa ereiten gona bete lan dute sasoi honetan txoriek.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.