2004-04-11 -- 1939.zenb
Orixeri buruzko iritzi eske maizexko datorkit jendea atzenaldian.
Nik ordea, nahiago nuke, Orixez hainbeste iritzi ikusi baino, haren idazlan guziak taxuz bildu, beti ere iturririk fidagarrienak erabiliz, eta gairik gai sailkatuz, modu eskurerraz eta eragingarri batean aterako balira, euskal dibulgazio sare guzietan ahal den oihartzunik handiena emanez.
Orain arteko bilketa lanik handiena, Idazlan guztiak, Paulo Iztuetak egina da, baina itsuak ere badaki, apalak apaintzeko edo gutxi gehiagorako egin zuela Eusko Jaurlaritzak gastu ikaragarri hura. Nik neronek Joxemari Aranalderen eskuerakutsi estimagarri hari esker eskuratu bainituen, bost liburukote beltz handi haiek.
Baina, haietan ere, ohartu baldin bazineten, liburukoterik handiena Paulo Iztuetarena zen, Orixe eta bere garaia izenekoa, alegia. Ulertzekoa da Pauloren obsesioa: Orixeren alderik zakarrenak (integrismoa eta abar) bere garaia aztertuz zuritu nahiarena alegia. Nik hala ere, 1.500 orriko obsesio moderno horren ordez askoz pozikago leituko nituen, Orixeren gutun guziak.
Orain berriz, beste hiru liburu atera dizkigu Iztueta jaunak Orixeri buruz. Neurri handi batean, lehengo liburukote haien puska kopiatuak baino ez direnak. Esate bateko, nahi duenak konpara bitza, lehengo V. tomoko Bizi urratsak eta oraingo Orixe gaitzetsia liburuan esaten direnak; funtsean gauza bertsuak dira, oraingo edizioari erantsi zaizkion lekuan lekutik pasaerako argazki eta inpresio interesgarriak izan ezik.
Baina, berriro diot: zergatik ez dira argitaratu nahi Orixeren gutunak? Deusek emanen ote liguke haren gizatasunaren berri gutun sail horrek baino hobeki? Edo esklusiban gorde nahi ote ditu norbaitek, Orixeren beste hainbat idazlan, dokumentu, eta argazkirekin batera?
Ez al da Orixeren dokumentu bilketa hori, Eusko Jaurlaritzaren diruari esker egina? Beraz, diru publikoz egina bada lana, zergatik ez ipini dokumentu horiek edozeinen eskura? Gizalegea nonbaiten huts egiten ari ote den nago. Beharrik ez dagoen begira, diruz beti urri samar ibilia zen Nikolas zorrotz hura!
Hainbeste gauza esan liteke Orixeri buruz! Esate bateko, erlijiosoa zela arrunt; superstizioso hutsa, alegia. Izan ere, nola izan inor sinesle edo deusen maitale, edo poeta, aldez edo moldez, superstizioso izan gabe. Entenitzen?
Konparazio batera, Joxemari Aranalderi esandako "amets egina dut infernura kondenatua nagoela" hori, Orixeren beste alderdi gaitz askorekin bezain ongi lotu liteke haren izenarekin, Europa guzian sinu gaitzeko zen Mikolas harekin, alegia. Beregan haragitua ikusten baitzuen Orixek, hirutasun santuaren miraria bezalatsu. Zenbat holako kontraste hunkigarri ez ote zituen barren-barrendik bizi izandu Orixek, haur (poeta?) baten lilura zinezkoarekin? Alderdi hori kenduz gero, zer litzateke Orixe? Holako hamaika halabehar ilaunek zinez hunkitze eta minberatze horrek egiten baitu Orixe poeta; eta jakintza klasiko zuhur guzien errauspeko zintasun inoxo horretxek ematen, duen indar liluragarri guzia.
Holako mila orixemin hunkigarriz handik eta hemendik hornitutako biografia inpresionista labur eder-sumaz trinkotutako bat leitu nahiko nuke, Iztueta baino Nikolas zale poetagoren batek idatzia.
Huts nabarmen hori dela medio, nik uste Orixek hunkitu gaituenok ere, ez dugula ongi ezagutzen taigabeko iritzi emaile dugun Nikolas minbera hori. Eta nahinolako izanik ere, gizonak berezko duen ugaritasun konplexu hori ongi ezagutu gabe, alferrik ari gara haren bizkar iritzi pilaketan?
Mikolas izan edo Josu, nik behinik behin gero eta nahiago dut bat bederarena zuzenean jaso, bitartekoen egoa eta diru-gosea dela medio ziliki zalakatutakoa baino. Betoz lehenbizi, Orixeren ixilpeko hitzak, beren zinezko neurri eder minberakor horretan, eta gero gizen eta etzan bedi, nahi duena, haien itzalpean.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa