Iñaki Martinez De Luna
Analisi franko egin dira martxoaren 14ko hauteskundeen gainean, bai Estatuari buruz eta baita Hego Euskal Herriaz ere. Horrenbeste landu ez den eremua Arabakoa da, baina lurralde horretako emaitzek ere ematen dute zer pentsatu. Horregatik, datu horietatik abiatuta euskal gizartean Arabari buruz susmatzen dudan joera kezkagarri bat izango dut hizpide lerro hauetan; kezka bera beste nonbait azaldu dudan arren, gaiak duen garrantziagatik egoki deritzot hona ere ekartzeari.
Hauteskundeek Araban eman dutena, labur-labur, hauxe da: PSE-EEk botoen %31 eta Kongresuan bi hautagai atera ditu, PPk (%27) eta EAJk (%26) eserleku bana lortu duten bitartean. Askoz gutxiago izan dira EB, EA, Aralar-Zutik eta «baliorik gabeko boto» aukerek lorturiko botoak.
Eta Nafarroan egin bezala, «Araba Bai» edo antzeko hautesle-zerrenda bat osatu izan balitz, zer gertatuko zen Araban? Emaitza errealak aintzakotzat hartuz, EAJ, EA eta Aralar-Zutik-ek, hiruok elkarrekin baleko botoen %32 lortu dute. Hau da, ozta-ozta bada ere, balizko zerrenda bateratu hori lehenbiziko indarra izango zen. Eta boto horiei Bergarako proposamena bultzatu zutenen botoak ere gehituz gero, balizko hautagai-zerrenda bateratua botatuena izango zen, dudarik gabe. Horren ondorioz, euskal nazionalismoak Arabatik bi eserleku izango zituen Madrilgo Kongresuan eta beste hiru Senatuan. Oraingo emaitzekin, aldiz, lehenengoan bat atera du eta bigarrenean bakar bat ere ez. Galdutako aukera agerian utzita, zer dela-eta da akordio bat Nafarroan izatea eta Araban ez?
Susmo bat dut: beste euskal lurralde guztiek bezala, Arabak ere badu izaera propioa, baina euskal politikan eta kulturan zein euskalgintzan dihardutenek ez dute halakorik kontuan hartzen.
Eta hauteskundeetako emaitza errealez jabetuta, beste galdera bat egingo dut: zergatik sozialistek eta nazionalistek ez diete popularrei boterea kentzen Arabako Foru Aldundian eta Gasteizko Udalean? Horretarako legitimotasun nahikoa dutelakoan nago, batetik, PP orain galtzaile gertatu delako eta, bestetik, 2003ko Biltzar Nagusietan EAJ-EAren zerrenda botatuena eta eserleku gehien atera zuena izan zelako. Zergatik, ordea, ez zaie popularrei boterea oraintxe bertan kentzen? Izango da sozialistei eta jeltzaleei, EAEko politikak dituen lehentasunen arabera, interesatzen ez zaielako?
Trebiñokoa ildo bereko beste adibide bat izan daiteke: enklabe hori Gipuzkoa edo Bizkaiko bihotzean kokatuta egonez gero, ez litzateke euskal auzi politikoen artean lehenengo lekuetan agertuko? Baiezkoan nago, baina orain soilik Araban eta noizbehinka hartzen da aintzakotzat.
Hel diezaiogun hizkuntzari ere. Arabako erakunde publiko nagusiek (Foru Aldundia eta Gasteizko Udala) euskararen normalkuntzan hutsaren hurrengoa egitetik gertu daude, bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian horien pareko erakundeek egiten dituzten ahaleginekin alderatuz gero. Baina, hala ere, Araban dagoen hutsune hori estaltzeko Euskal Herriko eragileek ez dute ezer berezirik egiten.
Hona hemen beste kasu bat: Arabako irakaskuntzan B eredua nagusitzen da, baina zientifikoki probatuta dagoenez, B ereduak ez du euskarazko eta erdarazko gaitasun orekaturik bermatzen. Halere, D eredurantz joan litezkeen matrikulen kopurua areagotzen ez da ia inor behar beste saiatu; ez behintzat auzi horrek duen garrantziaren tamainan. Zergatik?
Gertakizun horiek ikusita, arestian susmo gisa azaldu dudana, orain hipotesi mailara daramat: Euskal politikan, euskal kulturan eta euskal sena duen guztian Arabari ez zaio garrantziarik ematen; ez du berezko lekurik. Araba euskal gizartearen interesguneetatik kanpo gelditzen da, neurri batean. Eta baliteke uste hori nirea soilik ez izatea, ezta egungoa ere; baliteke aurrekari historikoak izatea eta Arabako gizartean ondo errotuta egotea ûUnidad Alavesa, besteak beste, hortik elikatuko zenû.
Botatako hipotesian urrats bat gehiago emanez, esango nuke Arabako planteamenduak ûhala politikoak nola linguistikoak edo kulturalakû EAErako edo Euskal Herrirako erabiltzen diren estrategien menpe daudela, guk ditugun berezko premiei eta berezitasunei jaramon handirik egin gabe. Eta hori erakunde publikoen zein herri ekimenetik sortutako taldetan gertatzen da.
Nafarroa, aldiz, kontuan hartzen hasia da. Lurralde horretan euskal nazionalismoak jasan duen porrota eta euskal kulturak pairatu duen zapalketa direla eta, nafarren neurrietara sortutako saioak hasi dira aplikatzen.
EAEko politikaren aterki pean kokatze hutsarekin Arabarako nahikoa dela uste dute gure buruzagiek; euren jardunak hori adierazten du, behintzat. Alegia, EAErako edo Euskal Herri osorako diseinatzen diren estrategiak eta ekimenak Araban ere mimetikoki ezartzen dira, euren egokitasun edota nahikotasunari erreparatu gabe. Eta hori arriskutsua da, Araba izan baitaiteke kate-begietatik ahulenetariko bat Euskal Herri baten egitasmorako. Horregatik ere Araba zaindu beharra dago.
Azaldutako susmoa, hipotesi mailan uzten dugu, oraingoz. Ea geroak ez duen berresten!
Ismael Manterola
Bartzelonan egon naiz egun batzuk pasatzen. Deformazio profesionalak bultzatuta, Daliren jaiotzaren ehungarren urtea ospatzeko La Caixan antolatu den erakusketa ikustera joan nintzen. Erakusketa interesgarria eta ederra izateaz gain, zer pentsatua eman zidan Euskal Herria eta Kataluniako egoera kulturalari buruz.
Azken garaian asko hitz egin da bi herrialdeei buruz eta ia beti elkarren arteko antzekotasunak azpimarratzeko. Desberdintasunak kontuan izanda ere, ezin da ukatu bi herrien arteko adiskidetasuna edo elkar ulertze maila handia dela. Biok Espainian moldatzeko arazoak ditugu eta antzekotasun kulturalak daude gutxieneko hizkuntza duten bi herrien artean.
Kulturaren alorra da, hala ere, Daliren erakusketa ikusten ari nintzela hausnarketarako aukera eman zidana. Ez horrenbeste gutxieneko hizkuntzaren inguruan dagoen adostasun zabal xamarrak, ezta erakunde autonomikoek edo orokorrean erakunde publikoek duten politika ezberdina, La Caixa bezalako erakunde pribatuen jarduera baizik.
Sarritan Eusko Jaurlaritza kritikatzen dugu azpiegitura eta politika kultural ezegokia egiteagatik, eta niri gehiegitan egiten dugula iruditzen zait, baina gutxitan konturatzen gara gizartean eragin handia duten beste erakunde pribatuak ere badudela, tartean gure kutxak. Hain zuzen, lurraldeka banatuta dauden gure aurrezki kutxak erakunde erdi pribatu, erdi publikoak dira, hau da pribatuak nahi dutena egiteko eta publikoak politikoek kontrolatu ahal izateko. Gainera, legeak behartuta, kutxen irabazien ehuneko handia gizartera begirako proiektuetara bideratu behar dira, horrek bereizten baititu ohiko beste bankuetatik.
Gure artean ohikoa izan da kutxak lehen aipatutako irabazien zati bat kulturan eta bereziki artean inbertitzea. Kutxa guztiek dute arte aretoren bat eta erakusketak antolatzen dituzte edo beste erakundeek antolatutakoak laguntzen dituzte. Hona iritsita konturatuko gara zein desberdina den gure egoera eta Kataluniakoa.
Gure kutxek artearekin duten harremana garai bateko da, oso kontserbadorea, aurreikuspenik gabekoa eta mugatua, batez ere herrialdeari begira daudelako eta ez Euskal Herriari. Badakit bi erakunde autonomikoetan banatuta egoteak ez duela laguntzen eta Nafarroako Kutxak ezingo lukeela gaur egun Hego Euskal Herriko gainontzekoekin harreman indartsurik izan, baina ez dut ikusten beste hiru lurraldeen arteko harreman handirik proiektu kulturalak bultzatzeko.
Orain arte esan dudanarekin ez dut La Caixa delakoa mitifikatu nahi, guztiok dakigu arteak, edo kulturak orokorrean, propaganda emateaz gain, beste abantaila asko ere ematen dizkiola, adibidez, zergak desgrabatzea. Dirua irabaztea da La Caixaren helburua beste edozein kutxarena bezalaxe, baina ezberdintasuna legeak gizartean inbertitzera behartzen duen ehuneko horren erabilpenean dago. Batzuek arte bilduma ona osatzen duten, erakusketa onak antolatzen, ikerketarako zentroak eraikitzen dituzten eta dirulaguntzak ematen dituzten bitartean ûez bakarrik La Caixak, baita Caja Madridek ereû, beste batzuek, erakusketa areto eskasak eraikitzen dituzte ûKursaaleko kuboa edo Gasteizko Vital Kutxako Erakusketa Aretoaû, baina erakusketa proiektu propiorik ez dute. Hegoaldean ez hankarik ez bururik ez duten lehiaketak antolatzen dituzte ûVital Kutxa Arabako herriak eskulturaz betetzeko egiten ari den ahaleginaû edo erdipurdiko aretoa zabaltzen du Madrilen Nafarroako Kutxak.
Azken urteetan behin bakarrik ikusi dut esaten ari naizenaren salbuespena, BBKk Elkano kaleko aretoan Rodtxenkori eskainitako erakusketa. Benetako erakusketak, benetako arte bilduma eta benetako arte sustapena egin beharko lituzkete Hego Euskal Herriko lau kutxek. Agian berezko eredua asmatu beharko genuke beste herrialdeek duten zentralismoari erantzuteko. Ez dut euskal zentralismoa eskatzen duen eredua jarraitu nahi, batez ere XIX. mendeko estatu ereduan pentsatzen ari direlako, baina gure lurralde banaketa oztopo izan beharrean kultur pizgarri izaten asmatu beharko genuke, konpetentzi faltsurik gabe, baina ikuspegi orokorrarekin. Erakunde publikoei hainbestetan eskatutakoa pribatu edo sasi pribatuei ere eskatu beharko diegu.