Pilar Iparragirre
Harri txintxolak
Jean-Louis Davant
Elkar
110 orrialde
11 euro
Davanten olerkigintza klasikoa
Bertso librean idatzitako poemarik ere baden arren -hala nola Bitoriano Gandiagari eskainia-, sonetoa da gehien agertzen dena Jean-Louis Davanten Harri txintxolak olerki sortan. Zuberoa du ama eta gainerako Euskal Herria emazte maite Davantek, eta urteko lau sasoiei eskainitako olerkiekin lana hasten badu ere, berehala da bere sorterria den Zuberoako lur eta jendeei zubereraz eta Euskal Herria osoari euskara batuan Herriminez kantatzen. Eta heriotza bakoitzaren ezin baztertuzko pasarte bortitza bada ere, haren aurrean itxaropena agertu nahi izan du Biziminez olerkariak, itxaropena beste guztien gainetik dagoen bertutea delako berarentzat. Eta azkeneko atalean, zendutako hamasei idazle eta euskaltzain lagun omendu ditu.
Zer da psikoanalisia?
Batzuen artean
Gaiak
151 orrialde
15 euro
Psikoanalisia eta beste psikoterapiak
Gaiak argitaletxeko aditu talde batek psikoanalisiaren teoria eta praktika aztertuz osatu duen liburu honen izenburu zehatza Zer da psikoanalisia? -Inkontzientea, Super-nia, Libidoa, Terapiak- da, eta gutako bakoitzaren barnean dagoen inkontzientea aztertzetik hasiz, super-ni kontzientearen eta inkontzientearen nondik norakoak agertu eta gizakiaren garapenean eta bizitza psikikoan psikoanalisiarentzat hain funtsezkoa den sexualitateari buruzko azalpenak eman eta gero, sendabide psikoanalitikoaren gaiari heltzen zaio bertan. Ondoren, XX. mendearen erdialdeaz geroztik Freuden lana berrikusi eta alditan bazterrera ere utzi zuten teoria eta ikuspegi psikoterapeutikoen berri ere ematen da liburuan.
Euskal Gaiak (H). Euskal Herriko Historia
Susana Truchuelo, Marta Truchuelo
Ibaizabal
142 orrialde
13 euro
Gure historian barrena
Historiaurretik hasi eta gaur arte Euskal Herriak bizi izan dituen historiako pasarterik gogoangarrienak jasotzen ahalegindu dira Susana eta Marta Truchuelo Ibaizabal argitaletxeak Euskal Gaiak bilduman plazaratutako liburu honetan. Hona landutako garai batzuk: Euskal lurretako giza presentziaren lehen lekukotasunak, euskaldunak erromatarrek lurraldea konkistatu zuten garaian, geroztik jasan zituzten inbasioak eta lurraldeen lehen zedarriak, Nafarroako erresumaren irmotzea eta gainbehera, bandoen arteko gerrak, erregimen foralen finkatzea eta sistema horren krisia, liberalismo politikoa, karlistaldiak, klase gizartearen ezartzea eta bilakaera, aldaketa demografikoak, Primo de Riveraren diktadura, 1936ko Gerra Zibila eta ondorengo diktadura, trantsizioa, sistema autonomikoa, Europan txertatzea...
Euskaltzaindia-ren arautegia. Euskaltzaindia-ren barne-erregelak
Batzuen artean
Euskaltzaindia
66 orrialde
Euskaltzaindiaren arautegia
1982an argitaratu zituen Euskaltzaindiak Arautegi eta Barne-Erregelak. Ordutik hona urte asko igaro dira, ordea, eta harrezkero arau multzo horren testuan aldaketa batzuk ere egin direnez, komenigarria iruditu zaie Euskaltzaindiakoei Arautegia eta Barne-Erregelak berriz argitaratzea, edizio eguneratu eta zuzendu batean, Euskaltzaindiaz interesaturik dauden guztiek bere jardueraren oinarriak zeintzuk eta nolakoak diren jakin dezaten. Aldaketa batzuk Espainiako Presidentziako Ministerioak 2000ko otsailaren 25ean onartutako Errege-Dekretuaren ondorio dira, hala nola, 1, 5, 15, 17, 18, 19, 20, 25, 27, 28, 36, 40 eta 41 artikuluei dagozkienak. Aldiz, beste batzuk formazko aldaketa txikiak baino ez dituzte.
DodecaSexual
Eseté batzuek
Amasté Comunicación
146 orrialde
5 euro
Sexu harremanen hamaika aurpegi
Bilboko Amasté Comunicación-ek plazaratzen duen Eseté aldizkariko azkeneko zenbakiak izenburu hauxe du: DodecaSexual eta, beti ere umore ukitua baztertu gabe, sexu harremanen gaineko hamaika jarrera eta iritzi azaltzen ditu bertan: Paperean irudika daitezkeen hainbat sexu-fantasia, larunbat gau batez porruak erre eta porno filmak ikustera elkartzen diren sei nesken arteko sexu grin eta gogoei buruzko elkarrizketa, koitoari uko egitera ausartzen den emakumezko baten aitormenak, sadomasokismoan murgildurik ibili den batek kontatutakoak, porno munduan makilatzaile gisa dabilen mutila, bere bikoteari nola negar egin arazi dakienaren jarrera likitsa eta abar luzea.
Ni ez naiz txerria
Pello Añorga, Jokin Mitxelena
Elkar
36 orrialde/ 5,70 euro
Gure buruarekin konfiantza izatearen onurak
Lagunekin haserre dabil Joannes, Pello Añorgak asmatu eta Jokin Mitxelenak marraztutako Ni ez naiz txerria kontakizuneko protagonista. Izan ere, mutiko horri "txerria" deika hasi zaizkio ordura arte adiskidetzat zituen guztiak, orri txuri batean irudikatu dituen hamaika gauza eta koloreen artean txerri hori bat marraztea bururatu zaiolako. Txerri maitagarria da, kurrin-kurrin egiten ari dela ematen duen horietakoa, baina Joannesek ez du inolaz ere nahi bera inork txerritzat hartzea. Zer egin horretarako, ordea?
Euskaldun
fededun
Belen Altuna
Alberdania
374 orrialde
21 euro
'Euskaldun ona' izateko modu baten historia
Integrismo katolikoaren garairik ilunena islatzen saiatu da Belen Altuna Euskaldun fededun. "Euskaldun ona" izateko modu baten historia saioan. Historialariak bat datoz Euskal Herrian katolizismoak eduki duen indarra eta garrantzia azpimarratzerakoan, beste inguruko herrietan baino eragin gehiago izan zuela esatean. "Euskaldun fededun"en ospea oso zabaldua izan dugu urte askotan eta estatistikoki ere frogatua omen dago inon baino apaiz gehiago egon direla gurean. Bada, horren guztiaren abiapuntura eramaten gaitu Altunak bere lanean, duela berrehun bat urte euskaldunen bizimodua arautzen zuen moraltasun erlijiosora hurbilduz. Eta oraindik ez asko, duela berrogeita hamar bat urte ere indarrean zirauen katolizismo estu bezain zorrotzak giza kontzientziak eta jokabideak nola itotzen zituen Euskal Herrian azaltzeko, garaiko testu erlijiosoetara jo du, euskaraz nahiz erdaraz orduan idatzi ziren sermoiak eta doktrinak arakatuz, kontuan izanik haien bidez iristen zitzaiola jendeari jaso beharreko mezua, Elizari eta botereari interesatzen zitzaiena, sermoilari haiek boterearen eta herri xehearen arteko bitartekariak zirelako.
Ainhoa Lendinez
Donostiako Goena etxean, ganbaran, makina bat dantzari biltzen da asteazken eta larunbatetan. 60 bat lagun, dantzari eta musikariak, Juan Antonio Urbeltzen azken ikuskizuna prestatzen aritzen dira: Pas de Basque. Iñaki Arregi, Fernando Aristizabal eta Jesus Larrea dantza-maisuen laguntzaz, Urbeltzek orpoz orpo zaintzen du dantzarien lana. Añorgako Arkaitz, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeetako kideen laguntza jasotzen du Donostiako Argia taldeak. Proba-saioak girotzeko hiru elementu biltzen dituzte: argi mehea, zuzeneko musika eta dantzako oinetakoak.
guztia irakurri
Pilar Iparragirre
«Euskaldun fededun» liburuaz
Saio bat da zurea. Zer harrera izango ote du?
Jende askok beldurra dio saiakerari, eta euskaraz bada gehiago, baina, beno, saiatu naiz behintzat ahalik eta irakur atseginen idazten. Egia da bere jatorria doktore-tesi bat dela, baina hark zituen kutsu akademikoak kendu dizkiot eta askoz ere era zuzenago eta erdi literario batean gauza guztiak adierazten ahalegindu naiz.
Gaurko irakurleak ulertuko du zure lanaren mamia?
Ez dakit. Kontu honetan lehenengo eta behin misterio ikaragarri bat dago; azken berrogei urte inguru hauetan Euskal Herrian eta beste lekuetan eman den sekularizazio prozesua. Benetan harrigarria da gure aiton-amonentzat bekatuak egituratutako mundu ikuskera zela beraien sentitzeko, pentsatzeko, errudun sentitzeko kosmobisio guztia, bekatu ideiaren eta Jainko zigortzaile baten ikuskeran nagusitzen zela beren jokatzeko era guztia, eta hamarkada gutxi batzuetan hain zentrala zirudien mundu hori nola desagertu den, hondarrezko eraikuntza izugarria balitz bezala.
Non kokatzen duzu «euskaldun fededun» izatearen abiapuntua?
Erregimen Zaharraren krisialdi garaian, XVIII. mendearen bukaeran edota XIX.aren hasieran. Elizaren botere eta monopolio ideologiko eta politikoaren aurka Europatik aire ilustratuak, frantses iraultza eta liberalismo politiko eta ekonomikoaren haize berriak datozenean, horri aurre egiteko tradizioa nola berrindartzen aztertzen dut bertan, eta baita orduko Euskal Herriko giro politiko, moral eta erlijiosoa ere.
Nere Lujanbio
Inoiz existitu ez den hiria: Fantasiazko arkitekturak mendebaldeko artean izeneko erakusketa aurkeztu zuen joan den otsailean Bilboko Arte Eder Museoak, Bartzelonako CCCB-rekin (Arte eta Kultura Garaikideko Zentroa) elkarlanean. Arte historian zehar sortu izan diren irudimenezko hiriak, errealitatean ezinezkoak, biltzen dira bertan eta K. o. I. mendeko Ponpeiako freskoekin hasi eta XXI. mendeko lehen urteetan sortutako lanen arteko ibilbidea osatzen du. Maiatzaren 30a arte ikusgai izango den erakusketak arreta berezia eskaintzen die XVI. eta XVIII. mendeen artean Europako pinturan ohiko bilakatu ziren kapritxo arkitektonikoei.
guztia irakurri
Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda
Berotegi-efektuaren erantzule diren gasak gorantz
Berotegi-efektuaren inguruko datuak behin baino gehiagotan eman dira ARGIAn. Lurrean gertatzen ari diren hainbat klima gertaera berotegi-efektuarekin loturik daudenez, noizean behin berriak ematen jarraituko dugu gaiaren garrantziagatik. Azkena dakiguna, zientzialari australiarrengandik etorri zaigu, hauen arabera 2002. urtean 18 mila milioi tona CO2 isuri baitziren atmosferara eta 2003. urtean 17,1 mila milioi tona. Datu hauek alderatu edo baloratu ahal izateko jakin behar da 1993 eta 2003. urte bitartean urteko batez beste isuritakoa 13,3 mila milioi tonakoa izan zela, eta goimugara, berriz, 1998. urtean iritsi zela, 23 mila milioi tona isuriz. Urte horretan, hain zuzen ere, Indonesiako baso-eremurik gehiena erre egin zen eta hortik etorri zen isuri erraldoia.
Azken bi urteetako isuri-kopuruek alarma sortzeko arrazoi nagusia isurien jatorria da, azken bi urteotan baso gutxi erre denez, gizakion emisioak izan behar baitu gora egin duena.
Berriro gogoratu behar dugu Kyotoko hitzarmenaren arabera, 119 estatuk bidea jarri behar zutela 1990-2012 bitartean gas karbonikoaren isuria %8 gutxitzeko. Baina sinatzaileek munduan isuritako gas karboniko osoaren %55 baino gutxiago isurtzen dute. Beraz, oso kutsagarriak diren estatu batzuk oraindik Kyotoko hitzarmena sinatu gabe daude, besteak beste AEB, Errusia, Australia eta Kanada.
Robotak gizakiaren laguntzaile
Gizakiari konpetentzia egingo dien izaki gisa hartu ditu robotak hainbatek, zientzia fikzioko filmeen eraginez. Zientzialariek, ordea, badakite ezin izango dela gizakia baino robot gogorrago eta egokigarriagorik diseinatu. Hau dela eta, zientzialarien helburua giza lanen laguntzaile izango diren gero eta robot hobeak sortzea da.
Datozen hamar urteetan robot mota asko izango ditugu laneko laguntzaile. Etxean jada badaude xurgagailuak eta belar-mozkailuak, baina laster Sonyren AIBO txakurra izango dugu, adibidez. Lan arriskutsuetan aritzen diren hainbat makina ere, esaterako tripulaziorik gabeko ibilgailuak, minen ateragailuak edo hondakin toxikoen garbigailuak, robotzat har ditzakegu.
Zientzialariak aztertzen ari diren beste aukeretako bat robotak kooperazio-lanetan aritzea da, hau da, guztiek helburu bakar bat lortzeko kolaboratzea. Hori aztertzeko biologia du hainbatek eredu, intsektuen mundua, hain zuzen. Hainbat intsektu sozial, txindurriak kasu, oso adimen urrikoak badira ere, taldean oso ekintza konplexuak gara ditzakete.
Beste erronketako bat robotei sentsoreak jartzea da, ingurua interpretatu ahal izateko. Adibidez, robotek itzalak askotan gaizki ulertzen dituzte eta hau betiko muga izan da robotak garatzerakoan.
Beraz, gero eta robot lagun gehiago izango ditugu alboan eta ez filmetan azaltzen zaizkigun munstroak.
Mikel Asurmendi
Nikolas Ormaetxea Orixe (1888, Orexa - 1961, Añorga) gizon, pentsalari eta literatoaren jakingura genuen. Hartara, Paulo Iztueta irakaslearen hiru liburuen arrastoan jarri ginen: Orixe saiogilea, Orixe auzitan eta Orixe gaitzetsia. Paulo Iztuetarekin batera, Orixe zenaren Jose Mari Aranalde iloba bildu dugu solasera. Patziku Perurena idazlea ere mahaira gonbidatua zegoen. Elurrak galarazi zuen ordea. Bere iritzi artikulua paratu dugu ordainetan.
guztia irakurri
Hasier Etxeberria / David De Jorge
OSAGAIAK:
800 gramo ilar fresko, xamur eta txiki (lekak gordeko ditugu, zabalik)
Urdaiazpiko xerra bat, dadotan moztua
10 koilarakada ilar leka salda
Tipulin fresko bat, pikatua
2 baratxuri ale, xehatuak
4 koilarakada oliba olio birjina
4 arrautza fresko
Gatza
Ilar lekak egosiko ditugu litro bat urean. Tipulina gozatuko dugu paderan, olio beroan. Urdaiazpikoa ere hantxe jarriko dugu. Ordu laurdenaren ostean erantsiko dizkiogu ilarrak, azukre pixar batekin. Beste bost bat minutu egin eta salda gaineratuko dugu, 10 koilarakada. Arrautzak hautsiko ditugu haren barruan, ezti eta leun, kazolaren bi ertzetan, zuringoek elkar jo ez dezaten. Su eztian edukiko dugu guztia egosten, bost bat minutuan, salda murriztu eta arrautzak mamitu arte. Gatz-puntua neurtu ûkontuz urdaiazpikoak eman diezaiokeenarekinû eta mahairako prest izango ditugu ilarrak.