Joseba Balerdi
«Truth is the daughter of time, not of authority». (Francis Bacon)
Kontrakorik onartzen ez duen egiarentzat euskaldunek "egia borobila" esapidea erabiltzen dute, geometria eta filosofia uztartuz, geometriaren formarik perfektuena eta filosofiaren muina bera elkarren ondoan jarriz. Baina ez dago egia borobilik kazetaritzan. Egia poliedrikoa izaten da beti, eta askotan ûgehiegitanû gezurraren eta egiaren arteko mugak bereiztea lan nekeza izaten da.
Martxoaren 11ko atentatuek gordin-gordinean jarri dituzte agerian gezurraren eta egiaren arteko muga difuminatu, zail eta iheskorrak. Eta gutxitan bezala jabetu da gizarte oso bat ûEspainiako gizartea kasu honetan, euskal gizartearena beste mekanismo psikologiko batzuek esplikatzen baituteû muga horiek benetan zein difuminatuak izan daitezkeen. Eta zein zaila den mugaz alde batera edo bestera gauden jakitea.
Nik arrazoia eman niezaioke Espainiako Gobernuari, esaten duenean gezurrik ez duela esan. Le Mondek "Estatu gezurra" erabili du Aznarren kabinetearen jokaera definitzeko, baina bereizi egin beharko genuke gezur hutsa eta "Estatu gezurra" gauza bera ote diren. Dudarik ez daukat, Espainiako klase politikoak oro har ûeta Euskal Herrikoak ere baiû gezurra arma politiko gisa erabiltzeko eskrupulo moralik ez daukala. Baina, bai, ordea, gezurretan aritu dela lotsarik gabe aitortzeko. Espainiako Gobernuari lotsa ematen dio gezurretan aritu dela aitortzeak, onar dezagun hori. Eta dialektikoki besterik ez bada ere, sinets diezaiogun behingoz, eta eman dezagun ontzat benetan, gezurrik ez zuela esan.
Baina hori onartuta ere, ez dut inolaz ere onartuko Aznarrek "Estatu gezurra" erabili ez zuenik. Politikaren jarrera zinikoenetik abiatuta ûEspainian agian kultura demokratikoa erabat eskasa delako, eta zer esanik ez Euskal Herrian, zinismoa politikaren osagai oinarrizkoa daû, eta behar bada gezur bakar bat ere esan gabe, "Estatu gezur" ikaragarria sortu zuten, sinetsaraziz atentatuen egilea ETA zela ûbaina egia da M-11 hartako iluntzean bertan eman zutela jakitera ofizialki Alcalako furgonetaren berri, Koranaren zinta eta guztiû. Eta ia larunbat gauera arte, bertsio horri eusteko gauza izan ziren ûnahiz eta bestelako aztarna guztiak ere aipatuû. Gizarteak jokabide normaltzat daukan zinismo lotsagabe horri esker, batez ere; baina baita Espainian inolako kontra-botere sendorik ez dagoelako, eta bereziki azpimarratu beharko genuke hor komunikabideen papera.
Nolabaiteko kontra-botere izan omen den Prisa taldeak krisi honetan zein paper jokatu duen zehaztea ikertzaileen lana izango da. Baina Prisaren estandarteak, El Pais egunkariak, hanka sartze historikoa egin zuen, edizio berezi batean atentatua ETAri leporatuz. Jesús Ceberiok barkamena eskatu die bere irakurleei, baina kazetaritzaren oinarrizko arauak alde batera uzten dituenari horrelakoak gertatzea normala da. Iturri bakar bati itsu-itsuan sinesten diona ez da kazetaritza ona egiten ari, berdin dio iturria Aznar edo Espiritu Santua bera izan. Baina komunikabideen paper eskasaz haratago, bestelako kontra-botererik ere ez zen agertu ordu haietan. PSOEk dio orain, berak bazekizkiela hainbat gauza, baina "arduraz jokatzeagatik" ez zituela argitara eman. Pentsatzekoa da PSOEk baldin bazekizkien, beste batzuk ere jakingo zituztela, baina horiek ere ziurrenik "ardura politikoaren" atzean ezkutatuko dira. Jakinaren gainean egonda, «Estatu gezurra» salatu ez eta bere jarrera ardura politikoaren argumentuarekin justifikatzen duena bi gauza argi erakusten ari da: bera ere gauza dela, gaur edo bihar, «Estatu gezurra» erabiltzeko, nahiz eta inoiz gezur bakar bat ez esan; eta bigarrenez, despotismo ilustratutik oso gertu dagoela: "Dena herriarentzat, baina herria baztertuz".
Gaiak askoz ere gehiagorako eman dezake, baina Espainiakoari dagokionez hontan utziko dut, errepikatuz, zorionez, Espainiako gizarteak debate hau zabalik daukala dagoeneko eta, asko gutxi, debatearen osagai ugari ari direla mahai gainean azaltzen.
Bestelako kontua da Euskal Herrikoa. Mekanismo psikologikoak aipatu ditut gorago, eta nahiz eta honako hau generalizazio merkea izan, hemen jendeak arnasa hartzea bezala behar zuen martxoaren 11 hartan, egilea ETA ez zela izan jakitea. Eta jakin zuen arte, ez zuen arnasarik hartu ûETAri ze pentsa eman beharko liokeen datua, zalantzarik gabeû. Eta ûkezkagarrienaû jakin zuenean erabat hartu zuen arnasa, handik aurrera gertatutakoa guri ez balegokigu bezala. Iruditzen zait kultura demokratikoaz, botere banaketaz, komunikabideen paperaz eta beste hainbat konturen inguruan badagoela zer eztabaidaturik Euskal Herrian ere. Eta beldur naiz, aukera hau alferrik galtzen ez ote dugun utziko, gurea Arcadia zoriontsu eta eder bat dela pentsatuz, eta arazoak espainiarrek dituztela.
Bacon-ek zioen denboraren poderioz ezagutuko dugula egia, baina Descartesekin batera, hobe izango dugu egiaren bila gabiltzan bitartean, aurkitzen ditugun datu guztiak zalantzan jarri, eta bakar bat ere ez sinestea. Bat ere ez. Egiak aurpegi asko dituelako, eta matematika salbu, egia filosofiko, metafisiko, moral, judizial edo periodistikoek ez dutelako zertan bat etorri. Poliedrikoa delako, eta ez borobila. Egia.
Allande Boutin
Ezustekoa da Ipar Euskal Herrian azken hauteskundeen karietara gertatu dena. Nork pentsa zezakeen gauzak aldatzen ahal zirela hain kontserbadorea den herri honetan? Iparraldeko 21 kantonamenduetatik 10 arraberritzen ziren aurten. Bost kantonamendutan sozialistek irabazten dute! Sekulan ez da halakorik gertatu hemen.
Aditu politiko orok ez zioten segurtatzen bere aulkia Jean Espilondo sozialistari, Angelu-Iparra deitu eskualdean. Botoen %58 lortuz, aurkaria zeukan Angeluko auzapeza aise gainditzen du. Baiona-Iparrean, sozialista gazte batek kontseilari nagusi komunistaren segida hartzen du, eskuina zangopilatuz %65 erdietsiz! Baionako gainontzeko bi kantonamenduetan sozialistek ere irabazten dute. Eskuinarenak izan ohi diren hautes-barrutiak eskapatzen zaizkio Pirinio Atlantikoak departamenduko presidenteari. Doi-doia Pauen bere gehiengoa atxikitzen du. Martxoaren 28ko gau iluna izan zitzaion ere Baionako auzapez eskuindarrari, bere bi alkateorde galtzaile baitira hauteskunde hauetan. Bere udal gehiengoa ahul xamarra irteten da. Hemen, dudarik ez, alderdiak bozkatuak izan dira eta ez hainbeste pertsonak, nahiz zenbaketaren gehiengoa eta pertsonala izan. Frantses gobernua ûeta neurri batean udal politikaû zigortuak izan dira. Hauteskunde lokalak, nazionalak bihurtu dira hirietan. Orain dela bi urteko bozen ordaina.
Bukatzeko, aipa dezagun zentro-eskuineko zerrenda beltza: laurogei urtez Intxauspe familiaren esku egon den Garaziko herriaren ezkerrera iragan da. Sistema baten amaiera! Intxauspe bankeroarena. Adinak beharturik politika utzi du aurten, kasik mende erdi batez kontseilari orokor ûeta luzaz diputatuaû izanik. Aitaren segida hartu zuen. Bazirudien belaunaldiz belaunaldi Garazik horrela segitu behar zuela. Baina aldi honetan bederen, Intxauspe semerik ez da aurkeztu, joko ideria utziz. Hala ere, bere oinordekoa "izendatu" zuen Michel Intxauspek: Donibane Garaziko alkate eskuindarra. Galdu du, eta gainera Frantxoa Maitia sozialistaren fagorez! Lau aldiz Michel Intxausperen aurka aurkeztu eta galdu zuen Nafarroa Behereko alkate sozialista bakarrak Garaziko historia politikoaren kapitulu berri bat irekitzen du. Ainitz abertzaleren botuei esker irabazi du Maitiak. Hor ere elementu pertsonala kontuan hartu behar da; Garazi ez da guztiz sozialista bihurtu!
Neo-gaullistentzako beste belarrondoko politikoa Hazparneko kantonamendua da. Orain dela sei urte, lehen itzulian %63 botoekin pasatu zen Hazparneko alkateak galdu du, hogeita hamar urtez kontseilari nagusi edo orokor izanda. Irabazlea, ustez desagertzen ari zen euskaltzale demokristau tradizioaren ordezkari bat: Beñat Intxauspe, pilotari txapeldun ohia. Bere gisako beste zentrista batek bere aulkia salbatzen du Atharratzen (Michel Arhancet), nahiz eta han ere ezkerra aitzina doan. Gainontzeko hiru komarketan eskuina mantentzen da: Miarritze, Iholdi eta Bastidan.
2004ko sozialisten primadera, egun berean izaniko eskualde hauteskundeetan ere ageri da: 21 euskal hautes-barrutietatik hamabostetan Akitaniako Kontseiluarentzako zerrenda sozialista eta ekologistak irabazi dio eskuinari! Segur emaitza hauek baloratu ordukoz Frantzia osoan izaniko uhain larrosa kontuan hartu behar da û22 eskualdetarik bat baizik ez da eskuinaren esku geratzen!û. Gobernuak daraman politika "sozialaren" zigorra, alegia. Baina baita ere azken sei urte hauetan sozialistek Akitanian eraman duten politikaren onarpena eta ezagupena: Iparraldeari dagokionez, mendiko laborantzari buruzko erabakiak, hala nola Euskal Herriko berezko konbenioa. Besteak beste, euskara eta euskal kulturaren aldeko politika hastapen bat bideratzen duena.
Zerbait aldatu da beraz; baina Garazin salbu, Iparralde urbanoan batez ere. Lehen itzulian abertzale nolabait bozkatu badu ere û10 kantonamenduetan abertzaleek %9,73 erdiesten dute, orain dela sei urte heineko emaitzaû barnealdea beti eskuinaren besoetan abandonatzen da.