Perretxiko nahaskia
Hasier Etxeberria / David De Jorge
Lehendabizi perretxiko salteatuak egingo ditugu, bere horretan ere zoragarriak direnak. Kazola batean su bizian jarri olioa. Perretxikoak eta gatz pixka bat gehitu eta pixkana egiten utzi, etengabe bueltak emanez, pixka bat txigortzen hasten direla ikusi arte. Sutatik atera baino minutu batzuk lehenago, baratxuri xehatua gehitu eta gatz puntua zuzendu. Horrelaxe jan nahi baditugu, mahairatzean, perrexila parparreatu. ûZiza hau oso fin eta usaintsua denez, batzuek ez dute baratxuririk erabiltzen. Gustu kontua daû.
Nahaskia egiteko, ordea, perretxiko salteatuak berotzen jarri kazola edo zartagin batean, kontuz, itsats ez daitezen. Arrautzak irabiatu eta perretxikoekin sutan dugun zartaginera bota, eta etengabe eragin koilara batekin. Gatzez zer moduz dagoen ikusteko probatu, eta krematsua dagoenean atera erretilu batera. Perrexil xehatua parparreatu.
Nahaski bat egiteko modurik egokiena ur-bainua da, horrela gelditzen baita benetan krematsua. Saiatu hala egiten, testura eta zapore bikain hori nolakoa den dastatzeko. Edozein nahaski, azkenean gurin eta esnegain harrotu pixka bat gehituz gero, gozo eta leun-leuna gelditzen da, Marilynen sedazko galtzerdien parekoa.
OSAGAIAK:
Kilo bat perretxiko garbi, handienak eskuez puska handitan zatituak
6 koilarakada oliba olio
Baratxuri ale erdi bat, xehatua
Perrexil xehatua, ximiko bat
Gatza
NAHASKIA
Oliba olio pittin bat
8 arrautza
Gatza
Perrexil xehatua
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.