2004-04-04 -- 1938.zenb
Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberak argitara eman berri du dokumentu interesgarri bat EBren hedatzearen efektuez, eta agiri horri buruzko iruzkin-sorta besterik ez da artikulu hau. Dagoeneko jakinak ditugun datuek balio dezakete epe laburreko ondorioez jabetzeko. Bai, efektuak igarri daitezke, baina, halaz guztiz, informazioa falta zaigu EBeko hurrengo hamar herrialde (A 10 deituko diegu) kideentzat izendatu dituzten subentzio garbiei buruz, eta muga horixe bera dugu mugarri gure azterbidean. Hortaz, datorren maiatzaren 1etik aurrera 25 kide izango dituen EBaren (25eko EB) geroa hobeto ezagutzeko, eskurago ditugu dedukzio astrologikoak arrazoibide ekonomikoak baino.
Badakigu, jakin, 2007tik aitzina ez dutela ikusteko handirik izango mana komunitarioa banatzeko gaur egun erabiltzen diren ehunekoek eta 25eko EBean baliatuko direnek. A10 taldearentzako subentzioetan, 7.000 milioi euro daude aurreikusiak urteko, 2004-2006 Programan. Datu horrek egungo egunera arte Espainiak izan duen egoera erosoari erreparatzera behartzen gaitu. Espainiak, urtebetean bakarrik, Europako subentzio totalen %40a jaso zuen, hau da, 6.000 milioi euro inguru. Ordea, Espainiak jarrera oldartsua erakutsi du Alemaniari eta Frantziari buruz, hots, subentzioetarako kontribuzio handiena egin duten bi herrialdeei buruz, eta, horrela, aurrekontuetan arras igoera apalak proposatzera bultzatu ditu. Ondorioz, ia ez da alderik izango subentzioetan banatzeko diru kopuruan: antzeko zenbatekoa izango da 15 herrialderentzat ematen zena eta 25eko EBari eman beharrekoa. Egitate horrek, nahitaez, kontrako eragina izango du Espainiarentzat EB hedatuan, ezen baliabide propioen bidez ûsubentziorik gabeû sortu beharko ditu errekurtsoak. Eta hain zuzen diru-laguntza horiei esker, neurri batean, Espainiako gobernuak «Espainia ongi dabilela» aldarrikatu ahal izan du.
A 10 taldekoen zenbait datu gainbegiratuta, epe laburreko efektua dutenak azpimarratzea komeni da lehenbizi. A 10 taldeko gazteak, oro har, ongi trebatuak daude bigarren mailako irakaskuntzan: ikasleen %70 (%20 Hegoaldean). Gutxi dira unibertsitatean hezitakoak: ikasleen %15 (%35 Hegoaldean). A 10 taldekoen produktibitatea erdia da 15en Europarekin konparatuta, balio erantsi gutxi dute haien produktu fabrikatuek eta gastu apala egiten dute I+D+i arloan. Gutxi kapitalizatua dago A 10ekoen ekonomia, eta oraingoz atzerriko enpresa gutxi deslokalizatu da herri horietara. Irudi du soldata apalak izan daitezkeela etorkizuneko garapenerako aldeko faktore, baina pizgarri ezak blokea dezake hobetzeko ahalegin oro. Lanorduaren batez besteko kostua, euroetan adierazia, ia 4 aldiz handiagoa da Hegoaldean A 10eko herrietan baino. 15en EBeko herri batzuetako ekonomiako abantailek berdindu ahalko dute egoera hori.
Goian azaldutako arrazoiak tarteko, A 10 herrietan ezar daitezkeen EBeko enpresaburuek nahitaez izan beharko dute diseinurako gaitasuna, balio erantsirakoa, aurrerapen teknologikoetarakoa eta diferentziatzeko posibilitatea, eta orobat kapitalizaziorako gaitasun erreala. Oraingo EBean, BPGaren %2 baliatzen da ikerkuntzara, garapenera eta berrikuntzara. A 10 taldean, %0,84 da batez bestekoa, eta tartean daude, besteak beste, %0,5era heltzen ez diren Zipre eta Letonia herriak. Baldintzak horiexek izanik, zaila da epe laburreko ondorioak ezagutzea.
Hegoalde osoari dagokionez (gogora dezagun ez dugula Iparraldeko daturik), A 10 taldekoen ekonomia egoera berrira egokitzeko finantzarioki parte hartzeko gaitasuna zenbatekoa, halakoa izango da eremu horretan EB hedatzearen efektua. Merkataritzako trukeen kasuan, gure esportazioen %5 eskas bidaltzen dugu A 10 herrietara. Inportazioetan, berriz, gure inportazioen %3 egiten dute jatorriz A 10 herrietakoak direnek. Gure eta A 10 taldekoen artean, + %12 da balantza komertzialeko saldoa. Epe laburrean ez da bariazio handirik izango, ez behintzat beren auzo naturalei edota, zehazkiago esanda, historikoei, Alemaniari eta Austriari alegia, uzten ez badiegu beren egoeraz eta esperientziaz aprobetxatzen, zuzen-zuzenean parte hartuz A 10 taldekoen barruko ekonomien garapenean. EBeko laguntzak gero eta handiagoak izango dira A 10 taldekoentzat, eta bide horretatik lortuko dute makinetan eta azpiegituretan ekipatzea. Epe laburrean hasiko gara barrundatzen benetan asmatu ote dugun A 10ekoen bat-bateko aberaste finantzario hori aprobetxatzen, zeinen bidez izango baitugu posible haien hedatze ekonomikoan parte hartzea eta beren biztanleen garapen iraunekoan laguntzea.
Haien garapena geure kezken artean jaso behar dugu. Izan ere, A 10eko herriak kolektibizazio-urteetan "naturaren errespetua" nozioa galdu duten herriak dira. Nahiz eta ildo horretan gure politika arras eskasa izan, gai gara ingurumenaren kalitatea hobetzeko garabidea hautatzen laguntzeko. EBaren oraingo hedatzea kolaboraziozko terminoetan ikusi beharko genuke, inola ez ekonomikoki ahulak diren hamar herri neokolonizatzeko parametroetan, ezen hurrengo hamarkadan hamaikatxo bat ezusteko eman dezaketen giza baliabideak ere badituzte.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa