Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-04-04 -- 1938.zenb

Pilar Iparragirre


Popotka siux txikia. Iktomiren irakasgaia
David Chauvel, Fred Simon
Saure
32 or.
13,90 euro



Indiar haurrei buruzko komikia


Siuxen hunkpapa tribuko indiarra da Popotka txikia. Bere adineko haurrekin jolasean pasa ohi du ia denbora guztia, baina handitzen denean ehiztaria izateko asmoa du, bisonte haragi asko ekartzeko tribura, bere aitak bezala. Tribuko gehienekin oso ondo moldatzen da Popotka, baina bada han bera eta bere lagunek baino zaharxeago bat behin eta berriz umeez trufaka ari dena, eta halako batean hauek, zeharo asperturik, hura zigortzea erabakiko dute. Gogoan darabiltena ondo ateratzen zaie, klaneko espiritu lagunaren itxuraz baliatuz tribuko guztien aurrean bestea barregarri uztea lortzen baitute. Beraien trikimailuez inor ohartu ez delakoan daude, baina tribuko aztia guztiaz jabetu da eta, maltzurrari maltzurkeriaz erantzun behar zaiola pentsatuz, zigortu egingo ditu.


Azterketak. EAE eta Nafarroako 2004. urterako aurrekontuen balorazioa
Mikel Noval, Julene Gabiola. ELAko Azterketa Bulegoa
Manu Robles-Arangiz Institutua
84 orrialde



Urte honetarako aurrekontuez ELAk eginiko irakurketa


Hego Euskal Herrian egun aginpidea duten gobernu biek aurtengo urterako aurkeztu dituzten aurrekontuen lehen balorazioa eskaintzen du ELA sindikatuko Azterketa Bulegoak, euskaraz eta gaztelaniaz, Manu Robles-Arangiz Institutuak plazaratutako aldizkari honetan. Aurrekontu horiek oraindik onartzeke badaude ere, ELAkoek garbi ikusi dute Eusko Jaurlaritzak proiektu gisa aurkeztu dituenetan eutsi egiten diola gastuak ekonomian duen pisua murrizteko joerari, hala nola superabitaz itxi zituela azken ekitaldiak. Nafarroako Gobernuak, bere aldetik, 2.789 milioi euroko gastua aurreikusten du 2004rako, eta beraz, puntu bat jaitsi da, iazkoaren aldean, gastu publikoak Nafarroako ekonomian duen pisua.


Navarre shall be... La Tierra del Euskara y las Islas Británicas
Rafael López
Pamiela
486 or./ 24,50 euro



Euskaldunak eta britainiar irlak


Historiaurretik hasi eta gaur arteraino euskaldunek britainiar irletako biztanleekin izan dituzten harremanen berri ematen du Rafael López Velasco psikiatra iruñearrak bere ikerketa sakon honetan. Besteak beste, bertan topatuko ditu irakurleak erromatarren inperioaren aurretik izan ziren harremanen aztarnak, erromatarren garaian finkatzen direnak, Erdi Aroan oinarrituak dauden hainbat mito, Nafarroako eta Ingalaterrako errege-erreginen ahaideen arteko ezkontzak, XVII.-XVIII. eta XIX. mendeetan Euskal Herriaz idatzitako bidai liburu ingelesak, Gayarre Covent Gardenen abestuz eta Sarasate errege-erregina ingelesen aurrean joz, Liverpoolera emigratu zuten euskaldunak, XIX. eta XX. mendeetan Erresuma Batura erbesteratu zirenak...


Karmel
Batzuen artean
Euskal Herriko Karmeldarrak
127 orrialde
12 euro
(urteko harpidetza)



Euskarazko hainbat altxor


Euskal Herriko karmeldarren hiruhilabetekari honen azkeneko zenbakiak Vaticano II. Kontzilio Ekumenikoa nola euskaratu zen azaltzeaz gain, euskaraz aurkitutako zenbait altxorren berri ematen du. Xabier Kaltzakortak Anbotoko bertsoak Peru eta Antoni jarriak, berrehun urte inguru badituen bertso-sortaren iturriak eta aldaerak aztertzen ditu, eta Cesar Gallastegik hirurteko liberalaren garaian idatzitako Cadizeko Konstituzioaren aldeko sermoia euskaraz aurkezten du. Sermoi politiko hori Martin de Galarraga apaizari egozten diote, XIX. mende hasierako Gipuzkoan kargu politiko garrantzitsuenak izan zituen Villafuerteseko kondearen maisu eta administratzaile izan zenari. Hirurteko liberala amaitu ondoren, jazarpen politikoa jasan zuen.


Alqueidon-eko iratxoa
Marilar Aleixandre
Desclée De Brouwer
64 orrialde



Iratxoaren lagun egin ziren neba-arrebak


Iratxoak, mintzo diren kilkerrak eta umeek bakarrik ikus ditzaketen izakiak gaur egun ere, noizean behin, agertzen diren lurraldea Sar ibaiaren ertzean dago. Eta hain zuzen hantxe gertatu ziren Marilar Aleixandrek idatzi, Anabel Leerek marraztu eta Begoña Montoriok euskaratu duen istorio honetan kontatzen direnak. Ines eta Diegoren etxekoak lo egin ezinik zebiltzan, gauerdiaren bueltan ganbaran korrika zebiltzan oin txikitxoen zarata zela-eta. Saguak izango zirelakoan, ama ganbarara igo zen eta haiek harrapatzeko satarte bat prestatu zuen. Baina alferrik izan zen, han ez zelako sagurik erori eta berriz gaueko zaratek berdin-berdin jarraitu zuten. Amonak iratxoak izango zirela esan zuen arte.


Sagarno.com
Txema Egiguren
B@i Komunikazioa
96 orrialde



Iparraldeari begira eginiko sagardotegien gida


Sagardun elkartearen babesarekin kaleratu da Sagarno.com 2004, Iparraldeko kiosko eta sagardotegietan aurki daitekeen Euskal Herri osoko sagardotegien gida. Euskaraz eta frantsesez eskaintzen dira sagardoaren gainean eta sagardotegi bakoitzari buruz ematen diren xehetasunak. Hala nola, barrikotea zer den, zenbat alkohol daukan sagardoak, nolakoa den sagardotegietako sagardoa eta zer aldea duen industrialarekin, noiz den txotx-garaia eta zergatik dauden kolore ezberdinetako sagardoak, adibidez.


Orixe saiogilea. Orixe auzitan. Orixe gaitzetsia
Paulo Iztueta
Utriusque Vasconiae
265-127-313- orrialde
19-13-20 euro



Paulo Iztuetaren hiru azterketa Orixeri buruz


Lehendik ere luze aritua zen Paulo Iztueta Orixeren testuinguru soziologikoa ezartzen, Orixe saiogilea, Orixe auzitan eta Orixe gaitzesia azterketak Utriusque Vasconiae argitaletxean plazaratu zituenerako. Oraingo honetan triptiko bat osatu nahi izan du, Orixeren pentsamendua nolakoa zen agertuz, hasteko. Bigarren liburuan, Orixe auzitan izenekoan, berriz, Nikolas Ormaetxearen kontserbadurismo sustraiak nekazal gizartean, integrismo politikoan eta pedagogia jesuitikoan zeudela argi utzi eta gero, Orixeren inguruan sortutako polemikak jasotzen ditu, hau da, Orixe kritikari eta aldi berean kritikatuari buruzko pasarteak. Eta Orixe gaitzetsian, azkenik, gizonaren bizitza garratza kontatzen du, baina ez garraztasuna miazkatzen geratzeko asmoz, ospe handien azpian miseriak ere ezkutatzen direla erakusteko baizik. Izan ere, Paulo Iztuetak aipatu liburuan azaldutakoaren arabera, Orixeren bizitzan, batez ere, idazle profesionala izateko erabakiak maila ekonomikoan ekarri zizkion ondorio txarretan nabarmentzen da hori. Enkarguz egindakoetatik bizi ezin eta, inork emandakoetatik bizi behar izan baitzuen.

Pilar Iparragirre

Zer du Orixek zu hainbeste erakartzeko?
Zertara natorren berriro Orixerengana? Orixe saiogilean batzuentzat zaharrak berritzera eta beste batzuentzat ûgazteentzat, batez ereû, gure klasiko baten pentsamendu-leihoak zabaltzera. Izan ere, literato hutsa ez ezik, saiogile bizi eta prestua ere izan zen Orixe. Modernotasunari sistemaz uko egin zion autore klasikoa izateak ez luke aski arrazoi izan behar haren jakite-maila besterik gabe deskalifikatua izan dadin.

Orixe auzitanen helburua?
Onartuz gero Orixe klasizista eta kontserbadorea izan zela, hipotesia hau da: bere garaian eta bera bizi izan zeneko testuinguru sozio-historikoa kontuan hartuta, izan al zitekeen beste joera intelektual batekoa?

Eta Orixe gaitzetsiaren mamiaz zer diozu?
Hor Orixe gizonaz dihardu, existentzi egoera lazgarriak bizi behar izan zituen gizon batez. Amarik ezaren sentipena modu tragiko batez biziko du; berebat, apaizgintzatik baztertua izanak erruduntasun konplexua eragingo dio, kondenatua sentitzeraino; politikan, gerrate zekenak erbestean jarriko du, nora joan aukera handirik gabe, batean kartzelan, bestean atzerrian ihesi, noiz Iparraldean, noiz Amerikan; eta erbestetik bueltan, etxeratua izan eta gero, berriro erbeste egoera arnastuko du euskal munduan, Euskaltzaindiatik urrundua, belaunaldi berrikoekin loturarik egin ezinik. Bakarrik bizitzan. Bakarrik pentsamenduarekin hizketan. Bestalde, Orixe izan da bere lumatik bizitzen arriskatu zen lehen euskal idazlea.

Garbiñe Ubeda / Joxerra Aizpurua


Eraikinetako airea esterilizatzeko sistema berria
Buffaloko Unibertsitateko (AEB) ingeniari eta zientzialariek eraikin handietako airea modu ziur eta merkean garbitzeko sistema berria aurkeztu dute egunotan. Aparatuak BioBlower du izena eta minutu gutxi batzuetan antrax, baztanga, tuberkulosi, gripe eta airean bizi diren gainerako agente biologiko kaltegarriak eta espezie toxikoak suntsitzeko ahalmena du. Asmatzaileek diotenez, aplikazio ugarietan erabiltzeko aukerak eskaintzen ditu.
Asmatzaileek agindu dutenez, sistema berri hau urrats handia izango da agente patogenoak erabat suntsitzeko bidean, indarrean dagoen teknologiarekin alderatuta, bai baititu hainbat abantaila. Orain erabiltzen diren sistemek paperezko iragazki bereziak erabiltzen dituzte. Iragazki hauek airean bizi diren espora handiak harrapatzeko gai dira baina oso maiz aldatu, biltegietan oso kontuz gorde eta erabili ondoren suntsitu egin behar izaten dira. BioBlower delakoak, berriz, mantenu minimoa besterik ez du eskatzen eta iragazkien beharrik ez du. Aparatu honek airea azkar batean tenperatura handietan berotuz funtzionatzen du eta laborategietan egindako frogek erakutsi dutenez, patogenorik zailenak ere %99,9ko portzentaian hiltzen ditu. 150 gradura bitartean esporarik gehienak kalterik jasan gabe pasatzen dira, baina BioBlowerrek egiten duen moduan, airea 200 gradutik gora berotzean, milisegundo eskas batzuk aski dira denak suntsitzeko.
Sistema honetan airea konpresio mekanikoz berotzen da, eta hala, beroketa modu uniformean eta ia bat-batean gertatzen da. Konpresio horrek eragiten duen konbustio kimikoari esker, agente toxikoak erre egiten dira.

Transgenikoak praketan sartu zaizkigu
Puntako teknologia esparru gehienetara heltzen da eta, noski, baita modaren mundura ere. Orain gehien saltzen diren prakak, alegia zahar itxurako galtza bakeroak, esate baterako, puntako ikerketen ondorio dira, eta hala, ordenagailu eta laserrez gain, bakterio transgenikoak ere erabiltzen dira sekula dendatik atera ez den jantziari askotan erabili izanaren efektua emateko. Beste modu batera esanda, lehen harria igurtziz egiten zena orain bioteknologiaz lortzen da.
Urtero saltzen diren milioika pare horiei entzima eraso baten bidez ematen zaie azken ukitua. Aipaturiko entzima hauek bakterio jakin batzuek sortzen dituzte eta horretarako hartzidurarako aproposak diren makina industrialak erabiltzen dira.
Asko dira teknologia berriei esker merkatuan ikusten diren efektuak: ipurmasail eta izterretako kontrasteak, "katu biboteak" edo iztaietako tolesdura zurituak... Efektu bat edo beste lortzeko, entzimak kotoiaren polimeroa erasotzeko duen moduari erreparatzen zaio ûpolimeroaren bihotzetik erasotzen badu jantziak pigmentazio bat erakutsiko du eta azaletik erasotzen badu beste batû.
Ikerlariak orain dela lau bat urte hasi ziren kotoiaren proteinak aztertzen eta genetika bidezko manipulazioa esparru honetara egokitzen. Helburua: mikroorganismoen lana hobetzea eta, prakaren ehuna hondatu gabe efektu originalagoak asmatzearen alde, entzima berriak sortzea.

Hasier Etxeberria / David De Jorge

Lehendabizi perretxiko salteatuak egingo ditugu, bere horretan ere zoragarriak direnak. Kazola batean su bizian jarri olioa. Perretxikoak eta gatz pixka bat gehitu eta pixkana egiten utzi, etengabe bueltak emanez, pixka bat txigortzen hasten direla ikusi arte. Sutatik atera baino minutu batzuk lehenago, baratxuri xehatua gehitu eta gatz puntua zuzendu. Horrelaxe jan nahi baditugu, mahairatzean, perrexila parparreatu. ûZiza hau oso fin eta usaintsua denez, batzuek ez dute baratxuririk erabiltzen. Gustu kontua daû.
Nahaskia egiteko, ordea, perretxiko salteatuak berotzen jarri kazola edo zartagin batean, kontuz, itsats ez daitezen. Arrautzak irabiatu eta perretxikoekin sutan dugun zartaginera bota, eta etengabe eragin koilara batekin. Gatzez zer moduz dagoen ikusteko probatu, eta krematsua dagoenean atera erretilu batera. Perrexil xehatua parparreatu.
Nahaski bat egiteko modurik egokiena ur-bainua da, horrela gelditzen baita benetan krematsua. Saiatu hala egiten, testura eta zapore bikain hori nolakoa den dastatzeko. Edozein nahaski, azkenean gurin eta esnegain harrotu pixka bat gehituz gero, gozo eta leun-leuna gelditzen da, Marilynen sedazko galtzerdien parekoa.

OSAGAIAK:

Kilo bat perretxiko garbi, handienak eskuez puska handitan zatituak
6 koilarakada oliba olio
Baratxuri ale erdi bat, xehatua
Perrexil xehatua, ximiko bat
Gatza

NAHASKIA
Oliba olio pittin bat
8 arrautza
Gatza
Perrexil xehatua

Jon Alonso


El vuelo de la reinarekin eduki duzun arrakasta eta gero, esaiguzu orain zertan ari zaren.
Begira, berriki bukatu dut nobela bat, El cantor de tangos du izena, Buenos Aires hiriari buruzko nobela bat da. Zazpi edo zortzi hizkuntzatan argitaratuko da batera. Londreseko Bloomsbury argitaletxeak kontratatu zuen, beraz Bloomsburyk aterako du, baina argitaletxe honek, bere aldetik, beste hainbat argitaletxeri ûFrantzian, Espainian, Alemanian, Italian, Brasilen, Herbeheretan, Suedian...û saldu zien; gaztelaniaz, esaterako, Espainiako Planetan aterako da.

Peronismoari buruzko zikloa amaitu da zure nobelagintzan?
Aspaldi dela. Konturatu naiz, hobe esan, alemaniarrek ikusarazi didate ari naizela kontatzen, nahi gabe, nire herriaren historia XX. mende osoan zehar. Izan ere azken nobela hau, El cantor de tangos, 2001eko irailaren eta 2002ko urtarrilaren artean gertatzen da, hau da, Argentinako ekonomiaren amiltzea gertatzen den unean, eta hurrengo nobela, dagoeneko lantzen ari naizena eta Mujer de la vida titulua edukiko duena, diktadura militarraren mendeko eguneroko bizitzari buruzkoa da. Horixe da orain arte ukitu ez dudan aro bakarra, ez nintzelako orduan Argentinan bizi izan; beraz, nobelaren bidez saiatuko naiz berreskuratzen bizi ez dudan bizitza-puska. Peronismoa Santa Evitarekin bukatu zen, eta, beste alde batetik, ziklo laburra izan zen; oso ezagun egin dena, baina laburra.

Hitz egiguzu gehiago nobela berri horretaz.
Bizi izan ez naizen bizitza da, Argentinako diktadurarena, egun bakar batez ere ezagutu ez nuena, nire atzerrialdia Isabel Peronen erregimena erori baino pixka bat lehenago hasi zelako, eta 1984ko maiatzera arte iraun zuelako, eta ordurako erregimena jada demokratikoa zen. Beraz, orduko egunkariak irakurriz, ikertuz, eta garai hartan bizi izan zirenekin hitz eginez, saiatu naiz nobelako historia osatzen urratsez urrats. Eduki nuen amets izugarri arraro batekin hasten da, eta imajina dezakezuen modurik harrigarrienean erabakitzen da. Bi kartograforen istorioa da, bikote baten istorioa; egun batean Buenos Aireseko probintziako hego aldean mapa bat egiten ari dira; gazte bat hartzen dute stopez. Handik kilometro batera militarren patruila batek geldiarazten ditu. Gaztea montoneroa da, hirurak eramaten dituzte preso. Emakumea ez dute torturatzen, ez diote ezer egiten, baina gizonari bai; gizona ikusten dute ateratzen presondegi militarretik, hilik; emazteak ezin du onartu hil denik, hasten da senarra bilatzen; hogeita hamar urte geroago, emakumea New Jerseyn dago, lanean, mapak egiten. Jatetxe batean dago, eta ezagun egiten zaion ahots bat entzuten du, eta senarra da. Igoal-igoal dago, bizirik eta hogeita hamar urte lehenago utzi zuen bezala; ez da aldatu bere irudia, ezta bere ahotsa ere, ez da anaia bat, ez da bikia, ez klon bat, ez da mamu bat: bera da. Eta gainera ez dago elementu fantastikorik. Enigma honetatik abiaturik, nobelaren bukaeran ebazten dena naturaz gaindiko elementurik gabe, senarra badoa kontatzen gertatu zaiona. Horixe da nik bizi izan ez dudan bizitza. Nire herriaren iraganarekin dudan zor bat da, eduki ez nuen denbora berreskuratu nahi izan dut. Gainera oso ariketa bitxia egiten ari naiz, ikuspegia baita diktadurarekin bat egiten duen norbaitena.

Zure nobelagintzan egiazko materialak erabiltzen dituzu gero horrekin fikzioa sortzeko. Zure narratzaile lanaren ikuspuntutik, zer iruditzen zaizu historialarien lana?
Orain arte nik uste nuen historialariak egiaren paradigma zirela, baina deskubritu dut historialariak ere zalantzazko bide batetik ibiltzen direla, eta alde horretatik ibiltzen duten bidea nobelagileena bezalakoa dela. Historia hitzez egina dago, eta beraz, zalantzez eginda dago. Ez dago egiazko historiarik, eta azken buruan irakurtzen dugun historia guztia nobela bat da, baita ere. Gaur egungo historialari askok erabiltzen ditu nobelarenak diren teknikak eta lengoaiak, beraz gurutzatzen ari diren bideak dira, generoak topo egiten ari dira nobelaren barruan, nobela baita askatasunaren genero handia. Nobela berez da askatasun-ariketa bat, eta beraz horren barruan genero guztiak sartzen dira.

Zure herriko errealitate politikora itzuliz; Menem eta De la Ruarekin egon zen halako amets bat, Argentina lehen munduan deitzen denaren barruan sartuko zelakoa edo; gero etorri zen etorri zena. Nola ikusten duzu Argentina gaur egun. Errekuperatzen ari da? Beste alde batetik Kirchner, iragana irekitzen ari da, eta hildakoen eta desagertuen kasuak ezagutzen ari dira.
Argentina ez da oraindik naufragioaz errekuperatu. Zorrik handiena duen herrialdea da, 200.000 milioi dolar, uste dut. Menemen gobernuaren ustelkeria izugarriaren, konparaezinaren ondoren, ûzinismoarekin, gezurrarekin, faltsukeriarekin loturik egon zen ustelkeria, bestaldeû eta De la Ruaren erabateko ezgaitasunaren ondoren, orain badago kemenez lan egiten ari den presidente bat. Ni berez naiz mesfidati boterearen aurrean, beti boteretik kanpo bizi izan naiz, besteak beste nire independentzia intelektualari eutsi ahal izateko. Horregatik beragatik esan dezaket herriak esperantza berri bat aurkitu duela, aurrera egiteko borondatea. Uste dut garrantzizkoa dela herriaren oroimena berreskuratzea, Menemek bere indultuarekin lurperatu zuen oroimen hori, eta uste dut oroimenaren berreskuratze honetan oso gauza larriak deskubrituko ditugula, esaterako 76tik 83rako diktadura militar ikaragarrian argentinar gehienek ezikusiarena egin zutela, besta aldera begiratu zutela, nolabaiteko konplizeak izan zirela. Oraingoz, eta gobernu honek kontrakorik demostratzen ez duen bitartean, uste dut aurrera egiteko aukera itzelak dauzkagula.

Zer iritzi duzu publizitateak eta komunikabideetako kanpainek irakurtzeko ohituretan daukaten eraginari buruz?
Bizitzan zehar aurkitu ditudan idazle handi guztiekin eztabaidatu dut honetaz. Lehen-lehenik, Borgesekin, 83an. Borgesek esaten zuen, «hainbeste urte lan isilean eta azkenean txaloen zarata entzutea ûezin baitut ikusi!û». Bat-batean eskertzekoa da entzutea norbait zenbait jenderen gustukoa dela. Idazleoi ez zaigu gustatzen liburua merkatugai bihurtzea; ez da gure erantzukizuna, guk ez dugu horren errurik. Liburua merkatugai bihurtzearen prozesu horretan etekinik txikiena ateratzen dugunok idazleak gara, hain zuzen. Horretaz onura ateratzen duen artekari-sare handi bat dago. Gero, sortzen den diruaren beste zati handi bat zergek eramaten dute. Idazleen poltsikoetara tantak baizik ez dira iristen. Duela gutxi hitz egin nuen Garcia Marquezekin honetaz; badakizue Cien años de soledad Paper Books-en zerrendan lehena dagoela The New York Timesen? Horrek esan nahi du saldu dituela, azken hiru astetan, gutxienez milioi eta erdi ale, argitaratu eta ia berrogei urtetara. Garcia Marquezek esaten zuen, «begira, kalkulua erraza da, horrek esan nahi du, bost edo sei milioi dolar gordin. Dirutza horren ehuneko hogeia eskuratzen badut, zorte handia edukiko dut. Dena galtzen da bidean, eta idazleak dira onurarik gutxien ateratzen dutenak honetatik guztiatik».

Santa Evitaren arrakastak nola eragin du zure beste lanetan?
Begira, bere alde ona eduki du, baina txarra ere bai, galarazi baitu niri gehiago interesatzen zaizkidan lanak irakur zitezen, esaterako El lugar comun la muerte, edo La mano del amo, nire faboritoak direnak. Santa Evita ustekabeko arrakasta bat izan zen, pelikula egin eta askoz lehenagotik ere. Egilearen gainean eragin gehiegi duten nobela guztiak deserosoak dira, "Santa Evitaren egilea" esaten duten guztietan asaldatu egiten naiz, ematen du ez dudala beste ezer idatzi.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan