Koldo Izagirre
Gazte gera gazte, ta ez gaude konforme..." kantatzen genuen, Lurdes Iriondorekin batera, hondartzan. Familiak alde eginak, ilunabarra geuretzat osorik, lehen diskogailu eramangarria... Neska-mutilok begiz begi eta begiaren ertzean izarniadura bana.
Onerako amorru pittin bat daukanak mundumolde honi uko egin behar diola ikasi zuen belaunaldi batekoa nauzue, Utikan! handi bat dago nire kultura politikoaren oinarrian: gizarte honi ez, justizia honi ez, bake honi ez... "Diguem no!" kantatzen zuen Raimonek, "Ez, ez dut nahi, ez, ez, ez..." kantatzen zuten Derion itxitako apaiz zahartuko ez ziren apaiz gazte haiek.
Susmagarri zaizkit bai gehienak. Bidegabekeria onartzea bezala egiten zait bai esatea, makur horixe daukat. Iriondoren diskoa aspaldi galdu eta udan ilunabarrak hondartzan ematen ez ditudan arren, inposibilista izaten jarraitzen dut. Ez dut aukera politiko hoberik ikusten. Horregatik jaurti zidan hondarra begira azken hauteskundeotan bazter guztietan ageri zitzaigun "Bai, gehiago nahi dut" lelo publizitarioak.
Gehiago? Oraindik gehiago?
Sinetsia nago gure burges jatorrak sinetsiak daudela, xalo bezain gogor, gainerakook baino gehiago merezi dutela, gu baino saiatuagoak, zuhurragoak, ederragoak direlako. Zergatik izan behar dira beraiek inoren bizi-baldintza miserableen erantzule? Zure errua da, ez zintudan nik emakume sortu. Zure errua da, eraikuntzako langile elbarritua. Zure errua da, zeure burua trebatu ezak utzi zaitu langabezian. Zure errua da, Afrika ederra utzita hona azaldu zinen paperbakotu hori. Zure errua da, Afrika utzi eta gure ederrera egokitzeko kemenik ez badaukazu. Zuentzako karitatea dago, ez niri eska deus.
Burgesa ase-ezina da, bagenekien, hondartza ez ezik ilunabarra pribatizatu nahi luke. Ez dauka lotsaren arrastorik, eta ez da ohartzen sobera daukala, sobera eta orotarik. Baina lehen ez bezala, orain erakutsi egiten du publikoki bere gosea, eta ez, noski, damutzearren. Zikina iruditu zitzaidan leloa, inpudikoak aurpegi satisfos haiek.
Halakoak eragin zizkidan "Bai, gehiago nahi dut" hark.
Handik egun batzuetara postontzian hartu nuen publizitateak frogatu zidan, ordea, oker nengoela. Hogeita hamarren bat esloganetan zehazten zidan gure burgesia nazionalak zeri zion esaten bai, zertarik nahi zuen haboro: bai, bake gehiago nahi dut; bai, elkarrizketa gehiago nahi dut; bai, adierazpen askatasun gehiago nahi dut; bai, integrazio gehiago nahi dut; bai, elkar-ulertze gehiago nahi dut; bai, aukeratzeko eskubide gehiago nahi dut; bai, euskal kultura gehiago (sic!) nahi dut; bai, etorkizun gehiago nahi dut; bai, elkarkidetza gehiago nahi dut; bai, ongizate gehiago nahi dut; bai, elkar-truke gehiago nahi dut...
Oker nengoen, beraz. Gure burgesia asea dago eta mundu humanoago bat nahi du orain, premia ekonomikoetarik beharrizan sozialetara etorria dela dirudienez. Eta are inpudikoagoa, are zikinagoa iruditu zitzaidan gehiago nahi izate hori, lehengoaren gehitzez baita injustizia, ongieza, bazterketa, inkultura betikotzen. Honetarik gehiago nahi izatea, azken finean, dena eta berez behar dena eskatzeari uko egiteko modua da. Eta nik behintzat dena nahi dut, besterik alegia, dena eta berehala, nire nahia beharra delako. Askatasuna behar dut, ez askatasun gehiago; berdintasuna behar dut, ez berdintasun gehiago; kultura behar dut, ez (euskal) kultura gehiago... Nik ez dut mundu humanoago bat nahi; nik mundu humano bat nahi dut, hain zuzen.
Ez diet utziko teknokratei ilunabarra kudeatzen.
Egin zen bozka, eta bai zikin, bai inmoral hura eskatzen zidan alderdia izan da, oraingoan ere, aldeko gehien bildu duena.
Ta ez nago konforme.
Iñaki Barcena
EHUko errektorea hautatzeko prozesuak gauza bitxi batzuk agerian jarri ditu gure artean. Esaterako, nire aburuz zazpi errektoregai egotea ez da dibertsitatearen seinale bere baitan. Zenbaki horrek aniztasuna adieraziko du batzuen begietara, baina programak ikusi eta irakurriz gero, gehienek gauza berdintsuak esaten dituzte eta desberdintasun politiko-ideologikoak salbuespenak baino ez dira, gutxienekoak.
Unibertsitatea instituzio feudala dugu eta sailak eta fakultateak zerikusi gehiago daukate erresuma taifekin, sistema demokratiko batekin baino. Oraindik ez da onartzen gure unibertsitatean sufragio unibertsala, hots, pertsona guztiek eskubide zibil berdinak izan behar dituztela. Boto plurala edo mailakatua ezarrita dugu, non ikasle, langile eta irakasleen botoak ez diren balio berberekoak. Baten batek azaldu beharko luke zertan diren hain bereziak unibertsitateko kontuak, ezin direla beste alor sozialen arau politiko berdinetan neurtu. Norbaitek azaldu beharko zuen ere, zergatik Espainiako Erresumatik inposatutako legea gure jauntxoen artean arras ongi ikusia den, gutxienik ordezkapen arlo honetan.
Kandidatu gehienek unibertsitate-enpresa harreman berezi eta ugalkorretan arreta handia ipintzen dute eta pare batek horri gizarte eta unibertsitateko lotura deitzen diote. Kuriosoa da ere, zer gutxi saltzen duen lider unibertsitarioen artean ingurumenaren altxorrak. Agian, feudalismoa aurreindustriala delako eta kritika ekologikoa asmatu barik zegoelako. Batek daki!
Ez litzateke justua izango errektoregai guztiak ingurumenarekiko sentiberan parekatzea, alor horretan Iñaki Antiguedad marathon ekologistaren korrikalari klasikoa dugu eta. Bere zerrendan genero-politikaren errektoreordetza bat izendatuta dago modu berezian eta langile zein ikasleen ordezkariak ere badaude, aniztasunaren benetako froga. Nire botoa izango dute duda izpirik gabe. Hala eta guztiz ere benetan harrigarria iruditu zait ingurumen eztabaidaren falta hauteskunde hauetan.
EAEko unibertsitate publikoaren publikoa kopurutsua da oso. 60.000 pertsona inguru gara hiru herrialdeetan. Horrek esan nahi du populazioaren %3 unibertsitarioa dela, eskola edo fakultatetara joaten dela lanera edo ikastera eta ibilbide horretan kilometro asko egiten ditugula. Mugikortasun eta irisgarritasun aldetik Ibaeta, Gasteiz edo Bilboko campusak hobeto kokatuta badaude, Leioakoa hanka sartze frankista baten herentzia dugu, egun auto pribatuaren erabilera eroaren lekukoa. Askotan entzun dugu garraio publikoaren hobekuntza etorriko zela eta egia da azken urteetan autobusen zerbitzuak hobetu egin direla, baina automobil pribatuak ditugu jaun eta jabe, espazio unibertsitarioaren okupatzaileak. Nork eta noiz egingo dio kontra fenomeno unibertsitario honi?
Ura, papera, argindarra, telefonoa eta bestelako lehengai zein zerbitzuen kontsumo altua dugu eta ez dirudi hondakinak gutxitzea, erabileran aurreztea edo birziklatzea euskal unibertsitarioen erronka bat denik. Ez ote dugu horretarako astirik?
Nire uste apalean instituzio eta komunitate ezin aproposagorik ez dago erronka ekologikoari eusteko. Jende gazte ugari eta ezagutza maila probetxugarriarekin. Zergatik ez da gure unibertsitatea, Europako beste batzuen antzera, produkzio eta kontsumo jasanezinei alternatibak eskaintzen duen unibertsitate horietako bat? Ez al da hori bide zuzen bat gizartearekin loturak eta konpromiso amankomunak eraikitzeko? Bai, badakit. Horrek ez luke hazkunde ekonomikorik ekarriko. Seguru nago ez duela kapital askorik sortuko, baina bai aldiz bizimodu hobeago bat. Noizko izango dugu gure unibertsitatean beste bide ekologiko horren eredua? Bestelako unibertsitatea posible da.
Iñaki Iriondo ( kazetaria)
Hauteskunde Legeak onartzen zuen bitartean kaleratu ziren inkestek Espainiako Estatuko hautesleen artean aldaketa gogo handia zegoela adierazten zuten. Baina ez zuen ez boto aukerarekin ûinkestek PPk irabaziko zuela adierazten zutenû ez Mariano Raxoi Gobernuko hurrengo presidentea izango zenaren aurreikuspen orokorrarekin bat egiten. PSOEtik esaten da orain M-11 aurreko eguneko barne azterketen arabera boto gehiago zutela, nahiz eta PPk baino aulki gutxiago izan. Ostegun goizeko sarraskia eta hauteskunde eguna bitartean gertatutakoak inkestek adierazten zuten aldaketa gogo hori boto eta diputatuetan bilakatu baino ez zen egin. Hamaika analisi politiko egin dira milaka abstentzionista potentzial bozkatzera eraman bide dituen ûgarrantzia handiko lau egun horietanû sarraskiaren inguruan. Bi datu eztabaidaezin daude: herritar askok Madrilgo aldiriko trenen atentatuen eta Jose Maria Aznarren Gobernuak Iraken okupazioari emaniko laguntzaren arteko lotura zuzena ikusi duela, eta datuak ezkutatuz nahiz hilketen egiletasuna ETArengana desbideratuz iritzi publikoaren manipulazio saiakera garbiak egon direla. Orain ikerketa zientifikoari dagokio horrek guztiak emaitzetan zenbaterainoko garrantzia izan zuen aztertzea.
Jose Maria Aznarrek ûETAren amaierari data jarri zion gizona eta bere herria "historiaren txoko ilunetik" ateratzeko gerra batera eraman zuenaû ez du euskal erakunde armatuarekin bukatzea lortu eta gainera modu iraingarrian amaitu du agintea; ETAren argudioari gogor eutsi dio ez galtzeko. Le Monde egunkarian Jacques Chiraci nola jokatu behar zuen irakastera ausartu zen gizona, ostikoka bidali du herriak. Eta, berriro ere, Euskal Herriko gatazka ez konpontzeak galbidera eraman du presidente bat, gobernu bat eta partidu bat. GAL Felipe Gonzalezen aurkako bumerana bilakatu zen eta ETArenganako obsesioak Aznar eta, bide batez, Mayor Oreja pertsonaiarekin bukatu du.
Espainiako Gobernuan txandaketa dagoen bakoitzean gertatzen den bezala, Euskal Herrian aldaketa baten itxaropena irekitzen da. Gatazkaren konponbide posiblearen ilusioa eta keinu edo adierazpen bakoitzean esperantzarako arrastoak aurkitu nahia, orain arte presidente guztiek bere aurrekoa ona egin duten esperientziarekin kontraesan dialektikoan daude. Horregatik, ezer ospatu aurretik aldaketa nahiak errealitatearekin eta adierazpenak gertakariekin alderatzea komeni da.
Egia da, hala ere, aldaketak sor ditzaketen egoerak badaudela, beste gauza bat da horiek gatazkaren behin-betiko konponbiderantz bideratuko diren ala soilik egungo marko autonomikoaren berrikuntza baterantz joko duten, Konstituzioak eta estatutuek konpondu gabe utzi dituzten arazo berdinekin jarraitzeko.
Alde batetik, PSOEk bigarren deszentralizazio bati aurre egiteko asmoa adierazi du. Eta emandako hitza betetzera behartuta dago, Andaluzia eta Kataluniako bere presidenteek hala eskatzen diotelako. Noraino iristeko gauza den ikusi beharko da, baina baikortasunerako faktore bat dago: ERCren presentzia Maragallen Govern-ean eta azkeneko hauteskundeetan partidu horrek izandako igoera meteorikoa, Kataluniako hirukoaren partaideek jasotako emaitza onez lagunduta. Aldiz, Jose Luis Rodriguez Zapaterok Itun Antiterrorista delakoa mantentzeko asmoa azaldu du eta baita, pentsa daitekeenez, Itunak berarekin zekartzan lege eta neurri antidemokratikoak. Esparru honetan, ikusi egin beharko da Ituna nola garatzen den PSOEk beste talde politikoetara zabaltzeko asmoa adierazi eta gero, berau berrikusi beharko baita. Bakean eta askatasunean araututako bideetatik euskal herritarrek azaldutako nahia ezingo duela legediak ito esan dio Ramon Jauregik Garari. Adierazpen hauek ere kontuan hartu beharko dira. Horiek ez dira inprobisatutako hitzak. PSE-EEk Patxi Lopez idazkari nagusi aukeratu zuen batzar berezian guztien adostasunarekin onartutako txosten politikoan ere ideia berdina agertzen da, nahiz eta garai hartan ez zitzaion jaramon handirik egin partiduak EAEn nahiz Espainiako Estatuan bizi zuen egoeragatik. Dena den, gogora ekarri beharra dago Ajuria Eneko Ituneko adierazpen batek antzeko kontzeptua jaso zuela bere garaian, Jaime Mayor Oreja ados agertu zen kontzeptuarekin Egini egindako adierazpenetan, eta gero gauzak desberdin joan ziren.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernura iristearekin batera EAJko EBBko zuzendaritzaren aldaketa izan da. Josu Jon Imaz presidentearekin alderdiak prest dirudi PSOErekin akordioak bilatzera, eta hartara, duela hogeita bost urteko hutsak berriro ere errepika daitezke. Eta aldi berean, duela hilabete batzuetatik hona konponbideen bilaketan "arriskatzeko" prest dagoela adierazi duen ezker abertzalearekin bat egiten du, Nazio Eztabaidagunean debateek aurrera jarraitzen duten bitartean.
Beraz, mahai gainean hainbat norabidetara jotzen duten indarren koktel kontraesankorra daukagu. Aldaketarako nahia eta horretarako baldintzak daude, baina zer aldaketa? Hor dago, beste behin ere, koska. Eta hori denen ardura izango da.