Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-04-04 -- 1938.zenb

Daniel Udalaitz

Nahiz eta orain bere dituen estatu batzuk kanpoan utzi, Europako ekialdea eskubide osoz izango da Europako Batasunean datorren maiatzaren 1etik aitzina. Gaur gaurkoz, ia 75 milioi biztanle biltzen dituzten hamar herri lotu zaizkio EBari: Polonia, Hungaria, Txekiako Errepublika, Eslovakia, Lituania, Letonia, Eslovenia, Estonia, Zipre eta Malta. Europako ekialdeko beste bi estatuk, hain zuzen ere Bulgariak eta Errumaniak, itxaron egin beharko dute bide beretik abiatzeko.

Adierazi bezala, herri horiek EBean sartuko dira, baina ez hala Batasun Ekonomiko eta Monetarioan (BEM). Herri horiek ezin dute euroa berehalako batean hartu. BEMan sartzeko, maila egokia erakutsi behar dute konbergentzia nominalean, hau da, oraingo kideek bere garaian eskakizun izan zituzten lanak bete behar dituzte ûMaastricht-eko irizpideakû. Irizpide horien arabera, inflazioak ezin du 1,1 puntutan gainditu BEMaren barruko inflazio gutxieneko hiru herriek egiten duten batez bestekoa, epe luzeko interes-tipoek ezin dute portzentajezko 2 puntutik gora gainditu lehen zehaztu ditugun hiru herrietakoa, defizit publikoak BPGaren %3az azpikoa izan behar du eta zor publikoak, betiere beheranzko joera eta kanbio-tipoaren bi urteko estabilitatea bermatzen dituela, BPGaren %60az behetik ibili behar du. Beraz, irizpide horiek betetzen dituzten herriak izango dira BEMko kide. Gaur gaurkoz, ezin dira horretara heldu, eta 2006 arte itxaron beharko dute gutxienez.

Hamabosten buruhauste diren ekonomiak

Denak ez datoz bat, ezta gutxiago ere, ekialdeko hamar herri horien EBeko kidetza ebaluatzean. Zenbaiten iritziz, gertaera horrek bete-betean erasango die hamabosten Europako enpresei eta lanpostuei, eta berebiziko pagotxa izango da multinazionalentzat. Beste batzuen aburuz, merkatuko beste perspektiba batzuk jaioko dira herri horietan, eta, oroz gainetik, akuilu ezin hobea dira hamabosten Europako enpresen konkurrentziarako. Gertaeren nondik norakoak erakutsiko du tesi bataren eta bestearen bidezkotasuna.

EBak barruan hartuko dituen hamar herri horiek ia 75 milioi biztanle dituzte guztira. Polonia da herri biztanletsuena eta Malta auzo gutxien duena: 39 milioi eta 400.000 biztanle dituzte ondoz ondo. Oraingo EBean, 15 kidekoan, 100 da, batez beste, banakoen Barne Produktu Gordina edo BPG per capita izenekoa. Ekialdeko hamar herri horietakoa, aldiz, erdia (50). Soldatak eta kostu laboralak kontrastatzeko, EBeko batez bestekoa adieraziko dugu segidan. Orobat, Alemanian eta Espainiako estatuan 2004rako aurreikusitakoak ere azalduko ditugu. EBean, 2.808 eurokoa da batez besteko soldata eta 22,70 eurokoa ordu bakoitzaren kostu laborala. Alemanian, 2.335 eurokoa da batez besteko soldata eta 26,54 eurokoa ordu bakoitzaren kostu laborala. Espainiako estatuan, 1.522 eurokoa da batez besteko soldata, 526 eurokoa soldata minimoa eta 15 eurokoa ordu bakoitzaren kostu laborala.

Ekonomiaren eta industriaren arloan, Europako Batasuneko hamar kide berri horien erradiografiak erakusten duenak dar-dar jarri ditu dagoeneko hamabosten Europa zaharreko ekonomia eta industria batzuk, zeren ondorio nabariak izan baititzakete beren konkurritzeko gaitasunean. Bai, halaxe da. Erradiografiak, izan ere, gure enpresen eta produktuen konkurrentziarako oso garrantzitsuak diren hiru alderdi erakusten ditu: kostu laboral apalagoak, eskulan arras kualifikatua eta atzerriko inbertsioentzako zerga salbuespenak, Europako beste inon baino handiagoak diren neurrian, hainbat eta erakargarriagoak.

Herri bakoitzaren erradiografia

Poloniak, 38.600.000 biztanleko herrialdeak, 41eko BPG per capita dauka. Langabeziaren tasa, %17,6an geratu zen iaz. 580 eurokoa da batez besteko soldata, 169koa soldata minimoa eta 4,48koa lanordu bakoitzaren kostua. Ekonomiako sektoreetan, manufakturako industria dabil indartsuen. Esportazioetan, makinek, material elektrikoak, siderurgiak eta ehungintzak hartzen dute gaina. Hungariak, 10.200.000 biztanleko herrialdeak, 53ko BPG per capita dauka. Langabeziaren tasan, % 6aren inguruan dabil. 520 eurokoa da batez besteko soldata, 166koa soldata minimoa eta 3,83koa lanordu bakoitzaren kostua. Ekonomiako sektoreetan, automobilgintza, kontsumoko elektronika eta komunikazioko sistemak ageri zaizkio aurreratuen. Txekiako Errepublikak, 10.300.000 biztanleko herrialdeak, 62ko BPG per capita dauka. Langabeziaren tasan, % 9,9an dabil. 497 eurokoa da batez besteko soldata, 192koa soldata minimoa eta 3,9koa lanordu bakoitzaren kostua. Oso konkurrentzia ona dauka makinen sektorean, ehungintzan, kautxu-plastikoetan, garraioko materialetan eta armagintzan. Egungo egunean, industria eraberritzeko plan bat dauka indarrean.

Eslovakiak 5.400.000 bizilagun dauzka, eta 47koa da bakoitzaren BPG. Langabeziaren tasan, %15,4 inguruan dabil herrialde hori. 332 eurokoa da batez besteko soldata, 131koa soldata minimoa eta 3,06koa lanordu bakoitzaren kostua. Garraioko materialen produkzioan ageri da gailen, eta orobat elikagaien, zuraren, paperaren, ehunaren, kimikaren, farmaziaren eta metalurgiaren sektoreetan. Lituaniak 3.500.000 biztanle dauzka, eta 39koa da bakoitzaren BPG. Langabeziaren tasan, %12,8 inguruan dabil. 338 eurokoa da batez besteko soldata, 124koa soldata minimoa eta 2,71koa lanordu bakoitzaren kostua. Antzinako Sobietarren Batasunetik libratu zenetik, larriago dabil lehengaiez hornitzeko, eta jaitsi egin zaio, halaber, bere produktuen eskaria. Letoniak 2.400.000 biztanle dauzka, eta 35ekoa da bakoitzaren BPG. Langabeziaren tasan, %11,8 inguruan dabil. 272 eurokoa da batez besteko soldata, 109koa soldata minimoa eta 2,42koa lanordu bakoitzaren kostua. Antzinako Sobietarren Batasunetik libratu ostean, herri nordikoen auzo izateak eta ongi prestatutako eskulana eskaini ahal izateak ekarri dio onura handiena.

Eslovenia 2.000.000 biztanleko herria da, eta 69koa da bakoitzaren BPG. Langabeziaren tasan, %6,4 inguruan dabil. 1.070 eurokoa da batez besteko soldata, 400ekoa soldata minimoa eta 8,98koa lanordu bakoitzaren kostua. Bere industrian, sektore elektriko elektronikoa da ardurakoena, eta, haren ondotik, metalen transformatzaileena eta automobilen osagaiena. Estonia 1.400.000 biztanleko herria da, eta 40koa da bakoitzaren BPG. 415 eurokoa da batez besteko soldata, 118koa soldata minimoa eta 3,03koa lanordu bakoitzaren kostua. Azken urte hauetan, industria arinaren produkzioaren garapenak eta ehungintzaren, altzarigintzaren eta telekomunikazioen arloek ezaugarritu dute. Zipre 800.000 biztanleko herria da, eta 76koa da bakoitzaren BPG. Ez dakigu zer langabezia-tasa duen, ezta soldata batez bestekoa eta minimoa zenbatekoak diren eta lanorduak zer kostu duen ere. Laborantzako ekonomia da nagusi herri horretan, nahiz eta azken urte hauetan industria eta zerbitzuak ere indartu dituen. Maltak, hamarretan txikienak, 400.000 biztanle dauzka, eta 69koa da bakoitzaren BPG. Zipreren kasuan bezala, ez dakigu zer langabezia-tasa duen, ezta soldata batez bestekoa eta minimoa zenbatekoak diren eta lanorduak zer kostu duen ere. Industrien arloan, turismoa, elektronika, itsasontzien sektorea ûeraikuntza eta konponketaû, ehungintza, oinetakoak, edariak eta tabakoa ageri zaizkio indartsuen.

Daniel Udalaitz

Kontsultatu ditugun aditu eta analista guztiek aho batez diote Europako Batasunaren hedatze berri honetatik, ekialdeko beste hamar herri hartzetik, multinazionalak aterako direla irabazle, argi eta garbi. Adibidez, Merkataritzako Bilboko Ganberak oraintsu egin du jardunaldi bat ekialdeko hamar herri horien sarreraren inpaktuaz, eta ekitaldi horretan ere tesi bera abalatu dute. EBeko hamar estatu horietan liberalizazioa eta irekiera ekonomikoa gertatu omen dira, eta "egitate horiek ûziotenû atzerriko inbertsio zuzenen iturri garrantzizko bilakatu dira, eta herri horien hazkunde ekonomikoa bizkortu dute". Ildo horretan, merkataritzako Bizkaiko erakunde horrek berak garbi seinalatu zuen, 1986an, Espainiako estatua integratu zenean, pareko egoera ezagutu zela: "Multinazionalen etorrerak aktibatu egin zuen ekonomia, eta antzera gertatu da ekialdean, non negozio erraza egiten baitute multinazionalek eta abiada hartzen baitu ekonomiak".

Polo bat edo Ibiza bat %20 merkeag fabrikatzen dute Eslovakian

Atal honetako titularrak laburbiltzen duen adibideak berez eta besterik gabe azaltzen du zertan oinarritzen den multinazionalen Europako (edo Asiako) ekialdean inbertitzeko interesa. Ibiza eta Poloa bezalako automobil txikiak fabrikatzea %20 merkeago da Eslovakian Euskal Herrian edo Espainiako estatuko gainerakoan baino. Alemaniako Siemens talde industrialak, puntako teknologien eta euskarri informatikoen garapenean jarduten duenak, iragarri du dagoeneko datozen urteetan goi-mailako teknologiako 10.000 enplegu aldatuko dituela Europako ekialdera. Lanpostu horiek galdu egingo dira Alemanian, Europako ekialdeko enpleguaren mesedetan. Soldaten kostu apala da horretarako arrazoi nagusia. Alemanian, 800 euro jasotzen dute eguneko Siemens taldeko era horretako adituek. Europako ekialdeko herrietan, ordea, lan hori bera 350 eta 500 euro bitarteko kostuan ateratzen da!

Bistan denez, diferentzia ekonomiko nabariak daude Hamabosten eta Hamarren artean, eta desajuste horrek aukera ugari sortuko du EBeko eremu "aberatseko" produkzio industriala eremu "pobreko" beste batera eramateko. Europako Batzordearen iritziz, saihestezineko jokabidea izango da. Dena dela, horrela gertatzea posible izango da, hain zuzen ere, ekialdeko eskulana oso kualifikatua delako, hango kostu laboralak eremu aberatsekoak baino askoz apalagoak direlako eta haien pizgarri fiskalak ere handiagoak direlako. Horretaz jabetzeko, aski da txosten honen lehen parteko datuak gogoratzea. Bestalde, horrela baieztatzen du, halaber, Frantziako Mercer Management Consulting kontsultoreak egin duen Erosketen desafioak 2005ari begira izeneko azterketak. Lan horretan, negozio-bolumenean 260.000 milioi eurotik gora dabiltzan Frantziako berrogeita hamar bat enpresatako erosketako buruen iritzia jaso dute. Atera den ondorioetako baten arabera, garabideko herrietarako deslokalizazioaren bidez ûgarabideko eremutzat Txinatik Europako ekialdera bitartekoa hartzen duteû, enpresek hamarren batean gutxitzen dute eskulanaren kostua eta %30 bitartean merkatzen dute produktuen salmentako prezioa.

Aipatu dugun Mercer estudioa konpainien erosketako aurreikuspenetan zentratzen da, hain zuzen ere datozen bi urteetan beren hornidurak produkzio-kostu apaleko herrietan bikoiztuko dituzten konpainietan. "Hondoko itsaso kezkagarria da" ûdio azterketakû "eta bortitza ere bai, bi urtetan gertatuko baita: konpainiek itxi egingo dituzte instalazioak, muntadurako plantak..., dela Frantzian, dela Europan, eta alde batera utziko dituzte oraingo hornitzaileak, ondorioen pairatzaile lehenak izango direnak. Ildo horretan, luzea izango da erasandako linea produktiboen zerrenda. Oro har, kontsumo masiboko produktuekin zerikusia duten linea produktiboek osatuko dute zerrenda hori: etxetresna elektrikoak, imajina eta soinua, makinak, ekipamendu elektrikoa, menajea, automobilen ekipamendua... Bestela esanda, muntadura, hots, eskulana, behar duen guztia.

Euskal Herrian tentuz

Euskal Herrian, arretaz eta adi-adi ari dira segitzen ekialdeko herri horien bilakaera, eta neurri batean kezkatuta ere bai. Gaur egun, arras apala da erlazio komertziala. Euskal esportazioetan, totalaren %3,27 bakarrik bideratzen da herri horietara. Hegoaldeko enpresei dagokienez, iazko urtean 369 milioi eurotan geratu zen salmenta; inportazioetan, berriz, 227,5 milioikoa izan zen emaitza, totalaren %2,26 hain zuzen. Euskal enpresaburuek Txekiako Errepublikan eta Polonian jarri dute begia batez ere: Polonian, esaterako, 400 milioi eurotik gorako inbertsioak dituzte eginak.

Adituek diotenez, hazi egingo dira pixkanaka Euskal Herriaren eta EBeko hamar herri berri horien arteko harreman komertzialak. Nolanahi ere, inportazioetan esportazioetan baino goranzko handiagoa izango den iritzikoak dira. Hortaz, dekrementua izango genuke balantza komertzialean. Ildo horretan, gogoeta egin beharko genuke gure herriak merkatu komunitarioko hornitzaile gisa duen pisuaz. Izan ere, pisu-galera etor daiteke, baldin Europako kideak gure herriko produktuen ordez aipatu hamar herri horietan manufakturatuak erosten hasten badira.

Testuinguru horretan, Bizkaiko enpresetan egindako inkesta bat seinalatuko dugu, oro har euskal enpresen adierazgarri ere izan daitekeena. Erdiek baino gehiagok (%54,8k) uste dute erlazio komertzialak handitzeko beste parada bat izango dela EBaren hedatzea. Bestalde, enpresen %40,2k "konkurritzeko aski ongi prestatuak daudela" irizten diote.


© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan