Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Zientzia eta teknologia

2004-03-28 -- 1937.zenb

Jakoba Errekondo

Laster loratuko dira Wisteriak eta bihotza duten poetak eta jo eta su trukean aritzen diren atsoak zoratuko ditu. Wisteria xarmanta Leguminosae familiakoa da, beraz baba, indaba, sasi-arkazia eta otearen bestengusua da. Izena Pennsylvaniako Unibertsitateko anatomia irakasle zen Caspar Wistari (1761-1818) zor dio. Hamar espezie daude genero honetan, bi Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldekoak eta besteak Asia ekialdekoak, Txina, Japonia eta Korea. Txinarra (Wisteria sinensis) eta japoniarra (Wisteria floribunda) dira lorategi deitzen ditugun baratzetan erabilienak.
Landare igokariak dira, ikaragarrizko indarrez hazten direnak, beti beste landare edo edozein euskarriren gainean. Negu partean adar kiribilak soildu egiten dira geurean, beste giro batzuetan jantzita jarraitzen du. Udaberriaren hasieran lehertzen da, lehertzen da, bai: Hostaia berria zabaldu aurretik lore multzo zintzilikario izugarriak luzatzen ditu, zuriak, larrosak, gorriztak, urdinskak... batzuk metro eta erdiko luzera dutenak. Espektakulua harrigarria da, wisteria heldu samarra bada lore emana desdetxa da, ikusgarria. Landare zahar batek etxe handi baten fatxada osoa bete dezake, imagina ikuskizuna...
Eguzkizalea da, egunean sei ordu edo gehiago gustura hartuko ditu eta lurra dela eta ez da mizkina, ia edozein lurretan biziko da azido-punttua dutenetan askoz ere mardulago haziko bada ere.
1816. urtean Txinatik Ingalaterrara ekarri zutenetik morexka den barietate bat da gehien erabiltzen dena, baina egun ia edozein lor daiteke, Italia aldetik batik bat.
Bere lorealdiarekin txoratzen bazara ere, kontuz maitemindu, eta batez ere hazirik ez jan, damutuko zara.

Jabier Agirre


40 urterekin pisu gehiegi dutenek sasoian daudenek baino hiru urte lehenago hiltzeko arriskua dute, eta horrek esan nahi du bizi-itxaropenari dagokionez, obesoa izatea erretzea bezain txarra dela, ikerketa batek dioen bezala. Ikerketa hori aditu holandarrek egin zuten eta urtarrilean argitaratu zen Annals of Internal Medicine izeneko aldizkari ospetsuan.
Gainpisua duten ez-erretzaileek, obesoak izan gabe ere, hiru urte galtzen omen dituzte, batez beste. Obesoak, noski, oraindik ere lehenago hiltzen dira. Gehiegizko pisua duten emakumeak 7,1 urte gutxiago bizi omen dira, batez beste, gizonezkoak 5,8 urte lehenago hiltzen diren bitartean.
Ideia hori (alegia gehiegizko pisua duen pertsona batek bizi-itxaropen laburragoa duela) aspalditik zebilen zientzialarien ahotan, baina hau izan da zenbat urte galtzen diren kuantifikatu duen aurreneko ikerketa-lan serio eta onartua. "Ikerketak adierazten du 30-40 urterekin gainpisua duenak, baita ondoren pisua galtzen badu ere, hiltzeko arrisku handiagoa duela", azaldu zuen Serge Jabbour doktoreak, Filadelfiako Thomas Jefferson Unibertsitateko Ospitalean pisua galtzeko klinikaren zuzendari denak.
Eta erretzaileentzat emaitzak oraindik okerragoak dira. Emakume erretzaile obesoak 7,2 urte lehenago hil ziren pisu normala zuten emakume erretzaileak baino, eta ez-erretzaileak baino 13,3 urte lehenago. Gizonezko erretzaile obesoak 6,7 urte gutxiago bizi dira meheak baino. Ikerketa hau 3.457 boluntariorekin egin zen AEBetako Massachusetts-en, 1948. urtetik 1990era bitartean. Eta informazio horiek Holandako Groningem-eko Unibertsitatean aztertu ziren.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan