Pilar Iparragirre
Bederatzietatik bederatzietara
Leo Perutz
Alberdania, Elkar
209 orrialde
11 euro
Lapurreta txiki baten ondorioak
Anton Garikano Iruretagoienak itzuli du euskarara Leo Perutzek (1882-1957) idatzitako Zwischen neun und neun nobela. Absurdoarekin zerikusi zuzena duten egoerak azaltzen ditu Perutzek narrazio honetan. Diru lapurreta egingo du ikasle batek bere neskalaguna izandakoa berreskuratzeko eta biek elkarrekin Veneziara joan ahal izateko. Ordurako neska horrek ez du ikaslea begien aurrean ikusi ere egin nahi, eta ikaslea ez dago zeharo maitemindurik panpoxa hartaz, baina gauzak aldatu arren, amorrazioa ematen dio bestearen agurrak eta prest dago edozein gauza egiteko bere erabakia alda dezan. Beraz, lapurreta burutuko du, baina hartaz geroztik etengabe ihesi eta ezkutuan ibili beharko du.
El mundo de los Pirineos
Batzuen artean
Sua
130 orrialde
5,15 euro
Pirinio inguruetako klimari buruzko sail baten hasiera
Pozik agertzen zaizkigu Javier Pascual Otalorak zuzentzen duen aldizkariko lagunak martxoa-apirileko zenbakian. Iazko udan, haur eta gaztetxo mendizalei begira aukeratutako 50 mendi-ibilaldi erraz proposatzen zituen zenbaki berezia kaleratu zuten eta Lleidako Diputazioak Pica dďEstats saria eman dio. Horrez gain, El mundo de los Pirineoseko kolaboratzaile den Oriol Alemanyk ere beste sari bat jaso du, argazkilari honek izan duen jarduera profesional eredugarriagatik. Eta hain zuzen ere Oriol Alemanyrenak dira Pirinioetako klimari buruz hainbat zenbakietan plazaratuko duten sailaren argazkiak. Hastapen gisa, mendilerroan nola egiten duen euria azaltzen dute berak eta Mikel Tellagorrik.
Euskarazko tradizioa eta molde berriak
Gotzon Garate
Gero
150 orrialde 11 euro
Euskara kaskarra baztertzeko erak
Azken garaiotan euskara asko zabaldu bada ere, Euskal Herrian diglosia gorrian bizi garenez, geroz eta euskara kaskarragoa nagusitzen ari da gure artean. Euskararen gainbehera horrek kezkatuta hasi zen Gotzon Garate duela hogeita hamasei urte arazoari atakak eta hesiak jartzeko era bilatzen. Horretarako, aurren-aurrena, euskaraz ongi egiten zen lekuak bilatu behar zituen, eta Bizkaiko Zeanuritik hasi eta Zuberoako Larrainerainoko baserrietan egonaldiak egiteari ekin zion gizonak, euskal tradizioa jaso ahal izateko. Tradizioak euskarazko aberastasun handia ematen digulako, eta tradiziotik atereaz, gehienetan, euskara murriztu eta eskastu egiten dugulako. Euskarazko tradizioa eta molde berriak liburua baserrietan egin dituen egonaldi horien emaitza da.
Jakin
Batzuen artean
Jakin
134 orrialde
9,10 euro
2002ko euskal liburugintza
Joan Mari Torrealdaik 2002ko euskal liburugintza nolakoa izan zen erakusten du Jakinen azkenengo zenbakian. Horretarako, argitaratzaileen jarduera, eskaintza editoriala, tituluak eta tiradak, nobedadeak, berrargitalpenak, itzulpenak, hezkuntza eta irakaskuntza liburuak, haur eta gazteei zuzenduak, giza eta gizarte zientziak eta helduentzako literatura aztertu ditu. Orotara, 1.586 titulu kaleratu ziren urte horretan, ordura arteko produkzioaren gailurrera iritsiz. Titulu horietatik %70,8 izan zen nobedade eta %29,2 berrargitalpen. Baina hamaika argitaletxe handienek nobedadeak eta berrargitalpenak erdi bana plazaratu zituzten. Bestalde, Torrealdairen lanaz gainera, Luis Bandresen "Politika erlijio bihurtuta. Marxismo-leninismoa eta Faxismoa" hausnarketa aurkituko du irakurleak aldizkarian.
Urtziren diarioa
Antton Kazabon
Ibaizabal
79 orrialde
8,21 euro
Hamar urtetik aurrerako irakurleentzat
Antton Kazabonek idatzitako liburu honetako protagonista bere aita ezagutzen ez duen mutiko bat da. Jakin badaki, amari entzunda, zerri bat dela eta herrikoa bera eta ama bakarrik utzi zituen gizona, baina hortik aurrera deus gehiagorik ez, amak ez baitio ezer argitu nahi handia egiten den arte. Baina mutiko horrek dagoeneko hamabi urte baditu, eta ez ditu ulertzen amaren aitzakiak. Zeren beldur ote da? Berak onartuko ez duen beldur, apika? Nor den jakitea baino ez du nahi, hori da dena, nahiz eta batzuetan amets ere egiten duen, beharbada aita ezezagun horrek larunbatetan partiduetara eramango lukeela-eta pentsatuz. Agian ezkonduta dago, agian seme-alaba gehiago izango ditu...
Txit oilo bitxia eta katuak
Mercč Arŕnega
Ibaizabal
28 orrialde/ 5,24 euro
Txinatik etorritako oilo bitxia lagun berriak egiten
Etxeko txikiei irakurtzeko, marrazteko eta jolasteko aukera eskaintzen dien liburua da Txinatik iritsitako Txit oilo bitxiaren hauxe. Auskalo zenbat gauza ez ote dituen oilo ibiltari horrek bere maletan gordeta, baina gauza da harat-honat dabilenean gauza horietatik asko galtzeko joera duela. Ipuineko orri bakoitzean bat galtzen du, pentsa, eta irakurleek lagundu behar diote horiek aurkitzen. Oraingoan, gure oilo horrek hiru katu polit ezagutuko ditu, eta puzzleak nola osatzen diren erakutsiko die.
Zoririk ez
Imre Kertész
Elkar
264 orrialde
16,15 euro
Urtzi Urrutikoetxeak euskaratutako nobela
2002ko Literaturako Nobel Saria eskuratu zuen Imre Kertész hungariarraren lehen nobela da Zoririk ez. Urtzi Urrutikoetxeak euskaratu du idazlana. Bertan, hamabost urteko mutiko hungariar judu batek nazien kontzentrazio esparruetan igaro behar izan zuen egonaldia kontatzen du. Gutxi espero zuen Budapest hirian bizi zen mutiko horrek igaro behar zitzaiona, 1944ko martxoaren 19an naziek bere herria okupatu zutenean, nahiz eta geroztik izar horia jantzi behar eta kalera ordu jakin batzuetan soilik irten ahal izan zuen, bertako beste judu guztiak bezala. Ezjakintasun berean jarraitu zuen aita kontzentrazio esparru batera deportatu zioten arren, hark oso ondo aurkitzen zela eta horrelakoak idazten baitzituen, halabeharrez, bidaltzen zituen gutunetan. Baina halako batean mutiko hori atxilotu, merkantzia bagoi batean sartu. Eta Auschwitz izeneko leku batera eraman zuten, eta haindik aurrera amesgaiztoetan ere irudikatu ez zituen esperientziak bizitzera beharturik aurkitu zen. Horiek guztiak kontatzen ditu Imre Kertész-ek giza izateaz egiten duen hausnarketa sakon honetan, sentimentalismo guztiei muzin eginez.
Pilar Iparragirre
"Zoririk ez" liburuaz
Nor dugu zuk euskaratutako lan honen egilea?
Imre Kertész hungariarra da, baina liburuan somatzen zaionez, ez oso abertzale sutsua. Familia judu batekoa da, baina judutartasuna ikusteko ere oso ikuspegi berezia ematen du, alegia naziek edo Hungariako gobernu kolaborazionistek bultzatu dutela bere judutartasun horretara.
Zoririk ez liburu autobiografikoa al da?
Hasieran bai. Kertész bera halako familia batekoa zen eta hamabost urte zituela Auschwitzera deportatu zuten, Hungariako judu askorekin gertatu zen moduan . Urtebete eman zuen han eta gero Alemanian bertan zegoen Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura eraman zuten, eta inguru hartan askatu zuten AEBetako indarrek. Nobelan antzeko zerbait kontatzen du, baina beti ere fikzionatuta, argi izanik nobela bat dela, autobiografikotik asko izan badezake ere. Nobela bezala irakurri nahi duenak, uste dut irakurraldi ona hartuko duela, liburu oso tragikoa den arren.
Zerk egiten du nobela hau berezi?
Gaztetxo baten begietatik ikusten duela gertatzen ari den guztia. Eta oso irreberentea da alemanekiko eta bere herriarekiko duen ikuspuntua. Esperientziatik hartu ahala ikasten du berak, inoiz ez du pentsatzen zer datorkion gainera. Askotan, zaplasteko bat emateko gogoa ematen dizu. Aizu, ez zara konturatzen zer gertatzen zaizun? Ez da konturatzen. Hamabost urteko gaztetxo bat da, eta munduko ankerkeriarik latzenak eginda ere, nolabait sinetsi egiten du besteen ontasunean.
Joxerra Aizpurua / Garbińe Ubeda
Irratifrekuentziazko etiketak produktuetan
Produktuetan oso ezaguna da barra-kodea eta beronen bidez produktuaren izena, salneurria eta beste hainbeste datu ezagutu daiteke. Hala ere, etxera produktua ematean estaldura apurtzen dugu eta barra-kodea ere bai.
Orain gutxi jakin izan da Gillette konpainiak 500 milioi RFID (irratifrekuentzia bidezko identifikatzaileak) etiketa enkargatu dizkiola Alien Technology enpresari eta Tesco, Mark&Spencer eta beste enpresa handi batzuk jada RFIDak erabiltzen dituztela.
Zer dira bada, RFIDak? Irratifrekuentzia bidezko seinaleak emititzen dituzten etiketak.
Etiketa hauek produktuetan txertatzen dira eta beren seinale-emisioetan oinarrituz etenik gabe jakin daiteke produktua non dagoen, nola erabiltzen den, eroslekutik zein distantziara dagoen, eta abar. Datu guzti hauekin, enpresek merkatu-azterketa sakonagoak eta fidagarriagoak egin ditzakete eta diruaren edo produktuen faltsifikazioak neurri handi batean saihestu ahal izango dira.
Hala ere, hainbat pertsonak eta erakundek argi gorria piztu dute produktu honen inguruan. Arrazoia hauxe da: aipatu etiketa sistemarekin familia bakoitzak duen gustuen inbentarioa egin daiteke eta hau estrapolatuz erakunde bateko edo zergatik ez, hiri bateko joerak azter daitezke eta honek manipulazioaren atarian jar gaitzake. Beraz, kontrolatutako giza taldeak oso manipulagarri bihurtzen dira eta honek giza duintasunaren oinarriak bete-betean jotzen ditu.
Alarma honen aurrean, Philips Semiconductors enpresak RFID mota berri bat diseinatzen ari da, hain zuzen ere, kontsumitzailearen nahiaren arabera sistema desaktibatzeko aukera eskainiko duena, honek saltokia utzi eta gero.
Glaziareen urtzea
Alpe frantziarretan 3.200 metroko altueran dagoen Rochemelon lakuaren tamaina etenik gabe hazten doa. Laku hau orain 10 urte sortu zen tenperatura handiketak eragindako izotz urtzeagatik eta azken hiru urteotan 600 metro luze izatetik 650 metro izatera, 40 metro zabal izatetik 60 metro izatera eta 19 metroko sakonera izatetik 25 metroko sakonera izatera igaro da.
Urteko sasoi batzuetan termometroak 10şC markatzen du aipatu lakuaren inguruan eta hori ez da aurreko hamarkadetan inoiz ezagutu. Gainera, neguan lakuaren ixuritegia izoztu egiten da eta ura metatzen joaten denez, batzuetan gainezka egiten du ondoko lautadak ureztatuz.
Nekazaritza eta Ingurumenerako Frantziar Institutuko (Cemagref) ikerlariek arreta handiz jarraitzen dute arestian aipatu eremua eta beste batzuk ere bai, gero eta arrisku handiagoa baitago glaziareen azpian bizi direnentzat.
Azkenik esan hainbat estimazioren arabera, laster uholde edota lur-jauzien arriskua kontuan hartzekoa izango denez, Europako Batasunak Glaziorisk deituriko proiektua abian jarri duela Europako arrisku lekuak detektatzeko.
Estitxu Eizagirre
Igande honetan jokatuko da Nafarroako Bertso Txapelketako finala. 18 bertsolarik hartu dute parte, eta argazkietako zortziak dira azken txanpan indarrak neurtuko dituztenak. Joxema Leitzak, Txapelketako koordinatzaileak azaldu duenez, «aurten Iparraldekoek ez dute parte hartu txapelketan. Egoera berri horri ahalik eta ondoen erantzutea da gure helburua. Eta zer maila izango duen da erronka nagusia».
Orain arteko Txapelketaren balorazio hau egiten du Leitzak: «Gazteek esperotako maila eman dute, eta gainera horietatik Jon Barberena finalean sartu da eta Erika Lagoma finalaren atariraino iritsi. Baina orokorrean, maila apalagoa izan da. Entzule kopuruarekin gustura daude, aurreko urteetakoa bildu delako».
Giroak ere ez du aurtengo txapelketa gehiegi lagundu, elurragatik saioak aldatu behar izan baitituzte. «Doneztebeko saioan, berriz, jendea oraindik Madrilgo kontuekin zebilen. Eta hala ere, hura atera zen saiorik onena», kontatu du Leitzak.
Zergatik ez dago aurten Iparraldekorik?
Aurten jokatuko da lehen aldiz Nafarroakoa bakarrik den txapelketa, orain arte Iparraldekoek ere parte hartu baitute bertan.
Erabakia arrazoi honetan oinarritu du Nafarroako Elkarteak: «Nafarroako bertsolari zenbait txapelketaren atarian gelditzen zirela ikusirik, horiei ere aukera bat ematea». Joxema Leitza koordinatzaileak aurreko arrazoiari lotutako beste ondorio hau gaineratzen du: «Geografikoki, orain arte txapelketan parte hartu izan duten bertsolari gehienak Baztan eta Bortzirietakoak izan dira. Azken urteetan Sakanan, Iruñerrian eta Araitz-Larraunen bertsolariak badira, baina orain arte ez dute txapelketan parte hartzeko aukerarik izan. Aurten, hori bermatu dugu».
Txapelketan islatzen den lana
Geografikoki nahiko orekatua izan da parte-hartzea. Bortzirietakoak dira aurkeztu diren bertsolari gehienak, 7 hain zuzen. Araitz-Larraun, Baztan eta Sakanako hiruna bertsolari aritu dira, eta Iruñeko eta Aranoko bana. Berezitasun honen garrantzia nabarmendu du Leitzak: «Tokian tokiko erreferentziak sortzea beharrezkoa da bertso zaletasuna zabaltzeko. Etxarriko saioan, esaterako, 160 entzule inguru izan ziren, eta gehientsuenak bertakoak, Joseba Beltza eta Eneko Lazkoz entzutera joandakoak».
Aurtengo txapelketako izen berriak Erika Lagoma, Julio Soto, Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe eta Jon Barberena dira. Bertsolari berriak atera izana eskualde horietan bertso eskolak sortu eta egindako lanaren fruitu da. Aurrera begira ere joera horri eusteko itxaropena du Leitzak: «Badira bertso eskolako kideak hemendik pare bat urte edo hirura txapelketan parte hartuko dutenak».
Txapelketa aurretik berotzeko, Liga
Aurten hirugarren aldiz, txapelketa aurretik 15 saioko liga jokatu da, besteak beste Urdiain, Bakaiku, Etxarri-Aranaz, Irurtzun, Betelu, Astitz eta Iruñean. Liga indartuz Txapelketari pisua kentzea du helburu Nafarroako Elkarteak eta egun, Txapelketak adina garrantzia badu. Horrela, bertsolariek ingurune naturalago batean kantatzen dute. Txapelketako estuasunik sufritu gabe ohitzen dira jendaurrera eta bertsotan trebatzen dira. Bertsolarientzat bakarrik ez, Nafarroako bertsolaritzarentzat ere formula aproposa da Liga, normalean bertso saiorik antolatzeko ohiturarik edo bitartekorik ez duten herriei saio bat antolatzeko aukera eskaintzen baitie.
Josu Iztueta
Duela hogei urte izan nintzen estreinakoz Laponian. Geroztik hogei bat aldiz izan naiz bertan. Gehienetan uda partea aukeratzen genuen, Nairobitarra autobusaren bolantea hartu eta Ipar Lurmuturreraino joaten ginen (NordKapp). Mapako puntutxo hori Europako iparrena dela jakinda, han abiatzen ginen 20 laguneko taldearekin joan-etorriko 10.000 kilometroak egitera. Berrehun lagun gauerdiko eguzkia bixitatzera eraman baino gehiago pozten nau berrehun lagun Laponiako errealitatera hurbildu izanak. Errealitate hori gainera, aldatuz joan da urtetik urtera, eta horren osagarri bezala beste urte sasoi batzutan hurbildu izan gara bertara, eskiz, piraguaz edo bizikletaz. Nire bizitzako 500 egunetan gutxienez han esnatu naiz. Ilunik gabeko gauetan argiak engaina gintzakeen, baina egutegiari begiratuz ez gara inoiz hainbeste despistatu. Oraingo hiru asteko bidaiak ikuspegi berri bat eskaini dit beste lagun batzuekin joan naizelako. Leku bera ez da inoiz berdina, pertsona berbera ez da inon berdina.
Lehen astea, musikala
Lehendik ere, 2000. urtean, Eskandinavian egonak ginen abesbatza batekin, Norvegia hegoaldean hainbat kontzertu eskaintzeko aukerak eraman gintuen bertara. Hondarribiako Eskifaia taldea zuzentzen zuen Migel Zeberiok jarri zion ontziari lema, esperientzia aberatsa izan zen guztiontzat, musika kantuak eta musika kontuak ere bereizten ikasi genuen. Oraingoan berriz OREKA TX-eko Igor eta Harkaitz txalapartariek bota zidaten proposamena. Indian egon berriak ziren eta txalaparta mundializatzeko ahaleginari itxura ezinhobea hartu nion. Amets honi forma ematea egur puska bati nota musikal jakin bat ateratzea bezalakoa izan da hasieratik, gainera egur puskak izan ordez izotz zatiak izango zirela pentsatzeak gehiago animatzen ninduen, gehiago ilusionatzen.
Gu Laponia aldera hegazkinez abiatu aurretik, eskiak eta zurezko txalaparta bidali genituen airez, baina ez ziren garaiz ailegatu. Egun epel batean iritsi ginen Kirunako aireportura. Elurra urtzen ari zen zero gaineko tenperaturen ondorioz, «Asunto txarra izotz txalaparta egiteko!» pentsatu genuen gure baitan, "Zer Laponia klase da hau", ondoren. Hori gutxi balitz, etxean elurra eta izotza kostalderaino jaitsiak ziren. Euskal Herrian errepideak ixtea, autoek kateak erabili behar izatea, tren zerbitzuak etetea eta argindarra moztea eragin zituen elurteak, Laponia txiki bat bihurtu berri zen guk berde utzitako ingurua eta zuri espero genuen Laponia berdetzeko bidean zen... Ez zuen asko iraun horrek, 5, 10, 15, 20, 25, 30, 35 şC zeropetik izatera iritsi ginen ondorengo egunetan. Izotza urtzeko inongo arriskurik ez, bai ordea atzamarrak eta behatzak izoztekoa!
Motozerra hartu eta bi metro kubiko zituen izotz bloke bati ekin genion, lan hau kanpoaldean egin beharrekoa da, zaratagatik batik bat. Torneo ibaian negu oro sortzen den izotz hormak 80 zentimetroko lodiera izaten du batez beste. Bertatik ateratakoak ziren txalaparta osatzeko zazpi "oholtzar" trasparenteak. Aldameneko izotz hoteleko logela batera sartu eta bertan inprobisatu genuen grabaketa estudioa, kanpoko hotzarekin alderatuz gero, barruko -4şC gustura hartzen ziren. Trintxarekin "instrumentuak" afinatu eta nota musikalak bilatu ondoren, Igor eta Harkaitz prest zeuden lanerako. Norvegiar musikari batekin eta laponiar abeslariarekin orduak eman zituzten igloo antzeko eszenatokian, bost metroko diametroan mikrofono eta kable artean. Raul kamera nafarra irudiak hartzen, zarata txikiena egiteko beldurrez argi zuriak besterik ez.
Laponian hainbeste laku eta ibai izoztu zeharkatu ondoren nork esan niri eski azpiko izotz geruza hark musika egiteko balio zezakeenik? Ordura arte izotzari soinu bakar bat ezagutzen nion: krassskkk!!!, eta egoera horretan inoiz suertatu bazara «grabatuta» geratzen zaizu gero!
Bigarren astea, kulturala
Laponia, Eskandinavia iparraldean kokatuko dugu, baina Laponia hitzak ez die muga politiko edo administratibo jakin batzuei erantzuten, muga kultural batzuei baizik. Saami herria Norvegia, Suedia, Finlandia eta Errusiako Kola penintsulan bizi da, guztira 70.000 inguru dira eta gutxi gorabehera honela banatuak daude: 35.000 Norvegian, 25.000 Suedian, 7.000 Finlandian eta 2.000 Errusian. Oso zaila da halere Saame bat zer den definitzea, nor den saame eta nor ez esatea. Aita edo ama, aitona edo amona, bietako bat izatea nahikoa da batzuentzat, besteentzat ordea hizkuntzak ematen dio izenari izana.
Ez zegokigun guri hori erabakitzea, baina haritik tiraka ibili ginen aldiero. Laponian kilometroko, batez beste biztanle bakar bat bizi da eta tarteka gutxiago. Kautokeino herrian, esate baterako, 3.000 biztanle daude 10.000 kilometro koadroko (Nafarroa)... Hortik atera kontuak!
Populazio gutxi horien artean topatu genituen, irakasleak, kazetariak, kantariak, irrati esatariak, artzainak, arrantzaleak, politikoak, artisauak eta gainontzekoak. Beraiena entzun eta gurea kontatu... Saame culture, Basque music, Minority language, behin eta berriro errepikatuz. Ia bi mila kilometro egin genituen errepide izoztuetatik barrena, Lofoten irletako itsasalde bertikaletik barnealdeko paisaia horizontalera. Alokatutako kotxea trastez leporaino kargatu eta gure barrua istorioz bete genuen. Ikusi eta entzundakotik 20 ordu grabatu ditugu euskarri digitalean.
Hirugarren astea, naturala
Bai, eta bageneukan gainera horren beharra. Hainbeste inguratzen gintuen naturan murgiltzeko irrikitan geunden. Ordurako Raul, etxera bidean zen bere tresneri guztiarekin, Igor, Harkaitz eta hiruroi Alberto eta Juanra elkartu zitzaizkigun. Suhiltzaileak dira azken bi hauek. Alberto bilbotarra zortzimilakoetan zaildua eta Juanra hernaniarra zazpimilakoetan ibilia. Eski materiala eskuratu, zazpi egunerako janaria erosi eta elur lera xinple batzuk prestatu genituen. Bizkarrean eraman beharreko zama asko arintzen da arrastaka eramanez gero, errazago ematen direla, alegia, 25 kilo leran motxilan baino. Honela abiatu ginen Abiskotik hegoaldera, paisaia elurtuan barrena. Gauak aterpetxetan igaro eta 13-25 kilometro bitarteko etapak eginez osatu genuen 100 km-ko ibilbidea.
Eguraldia egunez egun aldatzen joan zen, zeru estalia, garbia, lainoa, haizea, elurra... Azken aurreko egunean Kebnekaise mendira igotzeko ahalegina geneukan aurreikusita. Eguraldi txarrak ordea, ez zigun aukerarik eman eta 2.000 metrotik gorako mendia hantxe gelditu da beste baterako, ez dakiguna da hurrengo batean zenbat metro gutxiago igo beharko ditugun... Izan ere, mendi tontorraren gainean daukan izotz eta elur geruza urtetik urtera txikiagoa da. Egun 50 metrotik gora ditu eta neguan eroritako elur kopuruaren arabera mehetu edo loditzen da. Ez dauka gure antzik, eski zeharkaldietan neu normalean argaldu egiten naiz, baina oraingoan gizendu. Itxura guztien arabera, jandakoaren proportzioan ez dugu gastatu eta behingoz mejoratua etorri naiz.
Amaiera, mortala
Mejoratutako guztia galdu genuen ia bat-batean... Telefono mezu bat M 11 goizean, telebista piztu txabola barrenean, hitzak ulertu ezinean, irudi negargarriak begien parean, korapiloa eztarrian, isiltasuna gure artean, pisu astuna bizkar gainean, bihotza lehertu beharrean, burua hotz mantendu nahian, ordu larriak etxera bidean... Hortik aurrera gertatutakoa denok jakinikoa.
Post-data.
Dozenaka postaletan Basque Country, Baskiland, Baskian idatzi eta bidaltzerakoan, ez da inoiz jakiten helbide zuzenera iritsiko diren ala ez. Oraingoan ez da munduan postaririk geratuko euskaldunok non bizi garen ez dakienik. Zoritxarraren zorion bakarretakoa izan liteke hori argitutakoak argitu ondoren. Madrilera jaitsi naizenetan tren horiek inoiz hartutakoa naizenez, ale honetako NAGOEN LEKUTIK "egon nintekeen lekukoei", agur eta besarkada beroena bihotza kasik izoztu zitzaidan tokitik.
Josu Iztueta Azkue Stockholm
Jon Gurrutxaga
Lubaki bandatik gaurdaino eraldaketa prozesua izan du Serranok idazle moduan. Eibartarrak aitortzen duenez, lan honekin oinarrietara itzuli da: "Lubaki Bandan autore sozial etiketa jarri zidaten, Lorelein juerga asmoan ibili nintzen, bakarkako estreinakoarekin lasaitu eta disko berri honekin garai batean izan nintzen errebelde izaerara hurbildu naiz". Gizartearenganako ardura azaltzen du Serranok Gerrari bai lan berrian eta, besteak beste, Irakeko gerrak zein Euskal Herrian bizi dugun egoerak sortzen dion "desilusioa" izan da horretara bultzatu duena. "Ahotsaren interpretazio aldetik nortasun handia ematen saiatu naiz, hitzak sinetsiz eta desilusio hori agertuz, baina hein batean itxaropenari ate bat ere zabalduz".
Bere belaunaldiko jendearekin eta datozenekin ilusioa galduta agertzen da musikari eibartarra, bere hitzetan "erosotasunean" bizi baitira. Hori izan zen, hain zuzen ere, diskoa ixten duen Aneren kantaren abiapuntua, ondorengo gertuetan baino ondorengo urrunetan sinesten baitu Serranok. "Abesti horrekin atetxo bat irekitzea nahi izan dut, nik ez dut gizarte honetan sinesten, baina etorriko dira gizarte batean sinetsi eta ni bezalako zaharrei sinesten erakutsiko diotenak", diosku. Ane, Antxon Sarasua taldeko teklistaren alaba jaioberria, da diskoko azken kantaren protagonista. Hiru hilabete zituela hamar bat minutuko saio bat grabatu zuten haurrarekin: oihuak, barreak... Gero grabatutakoan oinarriturik eta ordenagailuaz baliatuz kanta sortu zuten. Perkusioaren atala bera ere txintxirrinaren edo sonajeroaren antzeko soinuekin landu dute. Olerkari eta musikari eibartarrak disko iluna egiteko asmoa bazuen ere, taldekideak izan ziren azken kanta itxaropentsu hori lan berrian sartzera animatu zutenak.
Argitaratu dituen azken bi lanak Asier Serranoren sinadurarekin karrikaratu badira ere, eibartarrak ez du bakarlanean diharduen sentsaziorik. "Ni ez naiz lider izateko jaio, proiektu hau bost pertsonek osatzen dugu, eta beraz, mahai borobil bat egituratu dut", onartu du Serranok. Kantautore sentitzen da, berak sortutako hitzak musikaz jantzi eta interpretatzen dituelako. Bestalde, bere kantak autore askorenak bilakatzen direla uste du, hasierako jantzia gitarraz, bateriaz, teklatuaz eta baxuaz bordatu eta josten baita.
"Nire belaunaldi galduak poeta ninduen sortu" dio Asier Serranok bere abestietako batean. Euskal Herrian biziko ez balitz ardura gabe eta askoz lasaiago biziko litzatekeela uste du eibartarrak eta poeta baino "patateroa-edo" izango litzatekeela uste du. "Euskarak jasan duen jazarpenak eta historikoki Euskal Herriak jasan behar izan duen egoerak egin nau poeta, behar batek sortu nau poeta, Euskal Herriak sortu nau poeta", diosku Serranok.
Grabaketa "luzea eta nazkagarria"
"Luzea eta nazkagarria" adjektiboekin deskribatu du musikari eta olerkari eibartarrak Gerrari bai diskoaren grabaketa prozesua. Duela bi uda entsegu lokala estudio gisa intsonorizatu eta egokitu zuten. Eta bertan, Zarautzen, joan zen udan grabatu zuten disko berria. Izan ere, Asier Serrano bera eta taldekide gehienak Zarautzen bizi dira. Guztira bost hilabetez murgildu dira estudioan. Eta eibartarraren esanetan, udako beroa izan da grabaketaren alderik txarrena. "Nik argi nuen hurrengo lana entseguetan egindako disko bat izango zela, alegia, entseguetako lana trasladatuko zela diskora. Baina zorionez edo zoritxarrez grabaketan geundela ideia asko sortu ziren. Eta beraz, ordu asko sartu ditugu". Arratsaldeko bostetan estudioan sartu eta goizeko zortziak bitartean aritzen ziren lanean. Batez ere, uda honetan egin duen bero jasanezina saihesteko. Bestalde, grabaketa prozesu luze horrekin asko ikasi dutela ere onartzen du musikari gipuzkoarrak.
«Zentsura baino, ezjakintasuna»
Azkenaldian Euskal Herriko hainbat taldek Espainiako Estatuan aurreikusitako zenbait kontzertu bertan behera utzi behar izan ditu aretoek jasotako mehatxuak direla medio. Asier Serranok Bartzelonan, Madrilen eta Cadizen eskaini beharreko kontzertuak suspenditu ditu. Espainiako Artisten eta Interpreteen Elkarteak (AIE) antolaturiko emanaldiak, hain zuzen ere. Hedabideren batek kontzertuak taldeak berak suspenditu zituela esan badu ere, erabakia kanpotik etorri zela argitu beharra dago. Joan zen urtean aukeratu zuen AIEk Asier Serrano Artistas en ruta egitasmorako, musika taldeak beraien erkidegotik kanpora irtetea ahalbidetzeko ekimenean parte hartzeko. "Orduan disko bakarra nuen kalean, lasaia eta beraientzat politikoki zuzena. Baina Gerrari bai argitaratzean ezjakintasunez eta lan berria zertaz doan jakin gabe aurreiritziz jokatu du elkarteak", azaldu du eibartarrak. Serranoren ustez, aretoen beldurragatik baino AIEk zuen beldurragatik gelditu dira bertan behera emanaldi horiek. "Elkarteak eskuak garbitu eta arazoa Vigo eta Iruńea bezalako hirietara urruntzen saiatu da. AIEra deitu eta arrazoiak eskatzen saiatu naiz, baina ez dit inork erantzuten", dio Serranok. Zentsura baino ezjakintasunezko jokabidea izan dela deritzo musikari eta olerkari eibartarrak. "Dena dela nik ez dut biktimismo kontuetan sartu nahi, izan ere, Euskal Herrian dena politizatzeko ohitura dago", aitortu du Serranok.
Hasier Etxeberria / David De Jorge
Gatza emango diegu txitxarroei. Zartagin handi batean olioa eta gurina jarri eta su eztian jarriko dugu. Gurina apar zuri bat isurtzen hasten denean, utzi pixka batean, baina kontuz, ez dadila erre. Txitxarroak irinetan pasatuko ditugu ondoren, banan-banan, eta frijitzen jarri aurretik, hegalak leun astindu eta soberan duten irina kenduko diegu. Su eztian edukiko ditugu frijitzen, koipea erre ez dadin, horixe baita arrainei gainetik bota behar dieguna. 5 bat minuturen buruan, irauli űbinaka egingo ditugu, zartagina zabal samarra badaű eta beste aldetik edukiko ditugu 4 bat minutuan, mamia hezurretik aise askatzeko moduan dagoela ikusi arte. Zartaginetik atera eta modu berberean jokatuko dugu beste bi txitxarroekin. Arraina egindakoan űlehenengo bi txitxarroei labealdi bat eman ahal izango diegu mikrouhinetan, berotzekoű, limoi-zukua erantsiko dugu frijitzen erabilitako koipeari, eta segundo batzuez edukiko dugu saltsa sutan murrizten, zukua loditu eta itxura hartu arte. Hondoa marruskatuko dugu ondoren, zartaginean gelditutako hondarra askatzeko. Gurina erantsiko dugu ondoren, mutur gutxi batzuk, eta, zartaginari eragin eta gero, perrexila erruz bota eta gatz pixka bat emango dugu. Zuku mamitsu honetaz garaztatuko ditugu txitxarro egin berriak.
Escoffier eta Teodoro Bardajiren liburuek diotenez űParabere markesak ere gauza bera esango du seguruenikű, meuniere saltsak lurrunez egositako patata behar du aldamenean. Guk berriz űkontrakarrean beti guű zera diogu: nahi duen moduan jan dezala norberak meuniere saltsa, uraza nahiz tomate entsaladarekin, patata frijituekin, brokoli salteatuarekin, eta abarrekin.
OSAGAIAK:
4 txitxarro ertain, azalarekin, bururik eta alboko hezurrik gabe
Koilarakada bat oliba olio
Gurina, zati handi bat
2 limoiren zukua
Perrexila, txikitua
Irina eta gatza