Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-03-28 -- 1937.zenb

Daniel Udalaitz

bilbao exhibition centre, 2001eko martxoan eraikitzen hasi zirenean, artean amets bat besterik ez zena, errealitate bihurtzeko zorian dago. Bilboko Nazioarteko Erakustazoka berria, orain, Bilbao Exhibition Centre (BEC) izenarekin bataiatu dute ûpinpirin samarra apika, baina nazioarteko soinua duena, ingelesez jarri baituteû, eta apirilaren 21ean zabalduko ditu ateak. Egitura eta diseinu modernoak, edukiera handiak eta baliabide eta euskarri teknologikoek munduko modernoetakoa bihurtuko dute azoka-leku hori, eta, batez ere, Euskal Herriko jarduera ekonomikoaren nazioarteko eszenatokia eta erakuslekua izango da. Azoka-leku berri horren arduradunek, ametsa egia bihurtu izanaz harro, dudarik ez dute egiten esparru hori "Arku Atlantikoko feria nagusia" bihurtu nahi dutela, Juan Garayurrebaso oraingo zuzendari nagusiak adierazi duenez.

Azoka-leku berria Barakaldoko Ansion eraiki dute; hain zuzen ere, garai bateko Bizkaiko Labe Garaiak enpresa siderurgiko zentenarioaren lur-sailen parte batean. BEC sozietatea izan da Nazioarteko Azoka hartuko duten lokalen promotorea, eraikitzailea eta jabea. Sozietate horretako partaideak bost bazkide dira, eta 85 milioi euroko kapitala jarri zuten. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak %40,83nako partizipazioa dute, Barakaldoko Udalak %14,34koa, Bilboko Nazioarteko Erakustazokak %3,53koa eta Bilboko Merkataritzako Ganberak %0,85ekoa. Esparru horretako inbertsio totala 420 milioi eurora iritsiko da.

Erakustazoka zaharraren bikoitza

Ansioko azoka-leku berria erabilera anitzeko makrozentroa da, Bilboko Erakustazoka zaharrak halako biko kapazitatea duena. Guztira, 117.700 metro koadro dauzka azokarako eraikiak. Beraz, San Mamesko futbol-zelaiaren ondoan zeuden lehenagoko instalazioak halako bi da. Eraikin berri horrek 500 metro luzeko eta 40 metro zabaleko kale zentral bat izango du, eta han instalatuko dituzte hainbat zerbitzu eta jatetxe.

Sei pabiloi ditu: horietako lau 15.000na metro koadrokoak, beste bat 21.000 metro koadrokoa, eta beste seigarren bat, erabilera anitzetarako balioko duena, 27.000 metro koadrokoa, Arena Pabiloia izendatuko dutena. Era berean, VIP pabiloi bat eta 18.000 metro koadroko kongresu-zentro bat edukiko ditu, beste 6.500 metro koadro bulegoetarako erabiliko dituzte, eta beste 37.000 metro koadro hartuko ditu atariak. Horretaz gain, 180.000 metro koadroko gunean 4.000 plazako aparkalekua egongo da. Azoka-leku berri horretarako egindako diseinuak garraio astuna ahalbidetuko du, erakusketariei sarbidea errazteko, zeren kamioientzako bide independenteak baititu, eta altuera ezberdinean ibili ahalko baitira lehiatoki edo zerbitzu osagarrietara doazen bisitariak.

Ekonomiarako trakzio-efektu garrantzitsua

Instalazio berriek, azoka guztirako zerbitzu osagarrien aukera zabalarekin, trakzio-efektu handia izango dute ekonomiarako. Produkzioari dagokionez, 430 milioi eurotik gorako jarduera ekonomikoa eragingo dutela kalkulatzen da. Erakusketarien eta bisitarien zuzeneko gastua ez da Bilboko erakustazoka zaharrak sortzen zituen 60 milioi euroetatik askoz goragokoa izango. Azoka-lekuak dituen zerbitzu osagarri berriak direla bide, ordea, 30 milioi euro gehiago sor daitezke. Begi-bistakoa da, bestalde, azoka-leku berriak enplegu zuzenekoan nahiz zeharkakoan izango duen efektua. Enpresa aholkulari batzuek jadanik eman dituzte gai horri buruzko zifra batzuk, gehiegizko samarrak apika, baina praktikan ikusi beharko da zein den arlo horretan duen efektu erreala. Gauza bat da obrek enpleguan duten efektua eta beste bat azokaren eguneroko funtzionamenduaren efektua, behin inauguratu eta gero.

Inma Muñoa

Ahozkotasuna irakasleon artean kezka iturri izatea ez da harritzekoa, ondo hitz egiten jakitea gizakiok guztiz beharrezkoa dugun trebezia baita, bai ezagutzak eraiki eta pentsamendua garatzeko unean, bai norberaren nortasuna sendotzeko eta bizitza pertsonal zoriontsua bideratzeko, bai eta gizartean besteekin elkarrekintzan era egokian parte hartu ahal izateko. Eguneroko bizitzan ahozkoak dira ûhitz egin eta entzunû gure hizkuntza jardueraren gauzatze gehienak. Gaur egungo eremu profesionalean ere, modu errezeptiboan entzuten jakitea eta komunikazio egoera bakoitzari dagokion egokitasun mailaz hitz egiten jakitea asko baloratzen diren gaitasunak dira eta, era berean, baita harreman onak, pertsonalak nahiz sozialak, ezartzeko beharrezko trebeziak ere.

Ondo hitz egitea pertsonek duten berezko dohaina dela, batzuek dutena eta besteek ez dutena, esan ohi da maiz askotan. Ezin ukatu, dantzarako edo eta marrazteko bezala, hobeto edo okerrago hitz egiteko ere aurretiko joera naturala baduela izakiak, baina horrek ez du ukatzen gehiengook zeregin horiek modu onargarrian egiten ikasteko dugun gaitasuna. Ildo horretatik, gurea egin dugu Ignasi Vilaren ideia: edozein pertsonak ikas dezake hobeto hitz egiten eta entzuten, baldin eta norbaitek irakasten badio.

Baina nola irakatsi ahozkotasuna? Jakin badakigu hitz egiten irakastea ez dela bakarrik hizkuntzaren egitura zuzenak irakastea. Halaber, hitz egiten irakastea ez da euskara herrikoi, bizi eta koloretsua, irakastea soilik. Esparru garrantzizkoak dira dudarik gabe ahozko hizkuntzaren jabetzean, baina ahozkotasuna, ikasteko eta pentsamendua garatzeko tresna gisa eskolako hizkuntza formala era egokian erabiltzea ere bada, taldean harremanetarako arauak errespetatuz elkarrekintzan era egokian aritzea ere bada, norberaren iritzia defendatzen eta justifikatzen jakitea ere bada, bizitzan beharrezko zaizkigun harreman instituzionaletan erregistro egokia erabiliz komunikatzea ere bada... Hitz egiten irakastea, bizitza "errealeko" egoera horietan guztietan besteekin komunikatzen irakastea da.

Begi bistakoa da ikastolek eta antzerako eskolek zeregin horretan dugun garrantzia, begi bistakoak ere zeregin horretan egunero topatzen ditugun zailtasunak, baina argi izan behar dugu ahozkotasunak bizitzako esparru guztiak ukitzen dituen bezalaxe, eskolako esparru guztiak ere ukitzen dituela. Hartara, ahozkotasunaren garapen egokia hezkuntza komunitate osoaren ardura da eta ez Hizkuntza (edo Euskara) irakasleena soilik.

Asko da Hizkuntza arloak egin dezakeena, hizkuntza sistema, komunikazioa eta haren arauen inguruko hausnarketa ez ezik, ereduak aztertu eta saiakera askotarikoak egiteko leku ezin aproposagoa baita arlo hori. Hizkuntza arloa diot, eta ez Euskara arloa, eskolan erabiltzen/irakasten diren hizkuntza guztiak hartu behar baititugu kontuan. Hizkuntza bakoitzak bere baliabide linguistikoak izango baditu ere, badira hizkuntza guztietan berdinak diren edukiak eta, beraz, batetik bestera transferitzeko modukoak direnak. Ikuspegi horretatik abiatuta, Hizkuntza irakasle guztien elkarlana beharrezkoa izango da transferigarriak diren edukiak identifikatu, landu eta transferentzia hori bideratzeko.

Ikasitakoa praktikan jartzearen garrantzia

Halere, guztiok dakigu hitz egiten ikasteko benetako komunika zioa ezinbestekoa dela eta hemen topatzen ditugu Hizkuntza arloaren mugak. Arlo horretan egiten den lanak ez du eraginik izango, berezko erabilera egoeratan ez bada ikasitakoa aplikatzen eta sendotzen. Esaterako, eskolako arlo guztietan erabiltzen dugun tresna nagusia ahozko hizkuntza (eta idatzizkoa) den arren, eskasa izan ohi da hizkuntzari arlo horietan eskaintzen diogun arreta. Beraz, ahozko hizkuntzari dagokionez, ikastarlo bakoitzak zer behar duen erabaki, eta hori lantzeko bideak zehaztu beharko ditugu. Hizkuntza arloak berak lagundu egin dezake, baina irakasle bakoitzak bere arloko edukien artean ahozkoari dagokion lekua aitortzen ez badio, alferrik galduko da Hizkuntza arloan egindako lana. Bestela esanda, eta adibide gisa, Hizkuntza arloan ahozko azalpen mamitsuak eginez asko ikasten da baina ahalegin horrek ez du benetako eraginik izango baldin eta gainerako arloetan ahozko azalpenik egiten ez bada.

Baina ahozkotasuna ezin dugu ahozko azalpen, debate, eta antzerakoetara soilik mugatu, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan elkarrizketa oinarrizko tresna baita ezagutzak barneratzeko garaian. Horrela, ikasten ari garenaren inguruan hitz egitea garrantzitsua da, kontzeptu berri bat ahoz adierazterakoan ikasleak kontzeptu hori garatu eta osatu egiten baitu. Kontzeptu hori nahiko garatua egon daiteke ikaslearen buruan, baina hitzez adierazi arte ez du(gu) jakingo benetan barneratu duen ala ez. Elkarrizketa hori, jakina, ez da irakasle eta ikasleen artekoa soilik; ikasleen artekoa ere bada. Gela barruko bost orduotan hitz egiteko zenbat aukera eskaintzen diegu ikasleei? Gela barruan hizkuntza erabiltzaile nagusia irakaslea baldin bada, nolakoa izango da ikasle horien ahozko gaitasuna? Hezkuntzak ahozkotasunari eman diezaiokeen erantzuna neurri handi batean gela barruko lan motan kokatzen da eta esparru horretan badugu zer hausnartu eta zer egin.

Hala eta guztiz ere, eskola ez da soilik ikasgela, eta ezinbestekoa da arlo akademikoaz gain ikaslearen beste bizitza esparruetan ere eragitea, haietan ohiko komunikazio hizkuntza euskara izan dadin ziurtatu nahi badugu. Ikastoletan aspaldi ohartu ginen testuinguru euskaldunak sortzearen beharraz eta ekintza mordoa antolatu ohi dugu. Eskolaz kanpoko esparruak, eskola barruan ez ditugun aukerak eskaintzen dizkigu, euskalkiak, erregistroak, hizkera kolokiala eta antzerakoak lantzeko. Izan ere, esparru horretan irakasleok bideratu dezakegun hizkuntza erabilera antzua ez ezik, artifiziala ere gerta daiteke. Horregatik, hizkuntzaren erabilera egokia bermatu nahi badugu, eskolaz kanpoko ekintza horiek bideratzen dituztenek ondo ezagutu beharko dituzte egoera horiei dagokien hizkuntza eta haren erabilera sustatzeko estrategiak.

Azken batean, ahozkotasuna garatzeko bizi egin behar da, hau da, bizitzako eremu guztietan erabili behar da hizkuntza. Helburu hori lortu ahal izateko, ezinbestekoak izango dira plangintza sistematikoak garatu eta gauzatzea, eta ez ekintza bakartuak. 2002. urtean abian jarritako Ikastolen Hizkuntza Proiektua egitasmoak, bide horretan laguntzea du xede. Hizkuntza Proiektua ikastolako hizkuntzen irakaskuntza eta erabilerari dagozkien alderdi guztiak bildu, eta hezkuntza komunitate osoaren elkarlana ziurtatuko duen tresna da. Hartara, aukerak eskaintzen dizkigu, besteak beste, ikastolaren egoeraren diagnostiko egoki bat egiteko, lan plangintza koherentea eta egingarria martxan jartzeko, zein egindako lanaren emaitzak baloratzeko. Bestela esanda, ahozkotasunari bere osotasunean heltzeko eta erantzuteko aukera ematen digu.

Mikel Asurmendi

Zer gogoeta egin zenuen hauteskunde ostean, Madrilgo atentatua gogoan izaki?
PPk atentatuaren ondorengo gertakariez eman zuen erantzunak izan zuen eraginaz hausnartu nuen. Niri kosta zitzaidan atentatua ETArena zela sinestea. PPk atentatua ETArena izatea nahi zuen, eta hori barkaezina da. Gobernu batek emaitza elektoralengatik hori nahi izateak eta hori horrela izan zedin informazioa manipulatzeak eraman ninduen pentsatzera gobernu horrek ezin zuela gehiago jarraitu. Hiritarrak jazarriko ote ziren pentsatu nuen. Aldaketa ekarriko zuen erantzuna espero nuen PPk politika egiteko izan duen moduarekin bukatu ahal izateko. Finean, hauteskundeen emaitzak ezagutzean, PSOEk gobernatzeak eman ziezadakeen satisfazioak baino, gehiago poztu ninduen politika egiteko modu horren amaierak.

Zein izan da funtsezko arrazoia PSOEk irabazteko?
Arrazoi asko eta anitzak dira, ez dago arrazoi bakarra, hainbat arrazoiren metaketa baizik. Azken lau urteetan iritzi publikoa aldatuz joan da PPk botereaz egin duen abusuak eraginda. PPren politika oldarkorrak herritarrak izutu ditu. Espainiako gizarteak diktaduratik demokraziara iragatean lortu zituen askatasun baloreak berreskuratu nahi zituen, balore horien galeraz jabetu zen kanpainaren azken egunetan pertsonen bizitza hain nabarmen manipulatzen ikustean. Bi egunetan gizartea jabetu zen gobernu honek terrorismo nazionalaz eta nazioartekoaz egin zuen erabilpenaz. PPk kolpismoaren moduak erabili izan ditu eta, une batez.

Madrilgo sarraskia gertatu gabe PSOEk irabaz zezakeen?
Bai. Atentatuaren aurretiko azken inkestek emaitza onak ematen zizkiguten. Gobernuak atentatuaz egin zuen manipulazioak boto emateko asmorik ez zuen boto-emaile asko bozkatzera bultzatu zuen. Egia da. Baina gure azken inkestetan PP eta PSOE oso parekatuak ziren, horregatik ez dut baztertzen atentatua gertatu gabe ere PSOEk irabazteko zuen aukera.

Zer hautematen duzu zure alderdian?
Esperantzazko eta ardurazko sentimendua. Soluziobiderako garaia da, arazoak konpontzeko garaia da. Unea iritsi dela hautematen dut, ezin dugula garai hau galtzen utzi.

Nola egin ahal dio aurre PSOEk uneari Rodriguez Ibarrak «Barne ministro izanez gero Rafael Vera eta Rodriguez Galindo askatuko zituela» esan badu. Zapaterok alda ditzake jarrera horiek?
Nik ez dut bat egiten adierazpen horiekin. Rodriguez Ibarraren ohiko agerraldi burrunbatsu bat izan da, lekuz kanpokoa. Duten dimentsioa dute, ez gehiago, eta anekdotatzat jotzen ditut. Horiek ez dira alderdiaren jarrerak. Nik Zapaterok hartu dituen lehen konpromisoak egiten ditut neure.

Zapaterok hiru konpromiso hartu ditu: bakarka gobernatzea, tropak Iraketik ateratzea eta Autonomia Erkidegoetako presidenteekin hitz egitea. Nola baloratu dituzu konpromiso hauek?
Oso baikor. Inorekin hitz egiten ez zuen Gobernutik gehiengo osorik ez duen Gobernura pasa gara. Hori niretzat oso beharrezkoa da demokrazian. Zapatero Ibarretxerekin elkarrizketatuko dela azaltzea ûPPk gehien kriminalizatu duen presidentearekinû, hasteko, aldaketa handia da. Zapaterok instituzioen arteko harremanak landu eta alderdi politikoekin hitz egin behar dela esateak 180 gradu aldatu du politikaren norabidea. Oro har, distentsiorako jokalekua prestatzeko jarrera agertu du. Zapaterok beste presidente baten izaera agertu du, terrorismoa ez dela gerraren bidez konbatitzen eta arazoen kausetara joan behar dela dionean. Eta hori ez da terrorismoa izateko arrazoiak daudela esatea, kausak daudela baizik. Mundu dramatiko hau ezin da modu baketsuan konpondu, ez badiegu kausei kasurik egiten.

Hauteskundeen aurretik Kataluniako Gobernua desagertzeko zorian egon zen. Orain, berriz, Espainiakoaren ardatza izan daitekeela esaten da.
Izugarri gustatuko litzaidake Estatuko Gobernuaren filosofian Kataluniako Gobernuaren proiekzioa ikustea. Kataluniako Gobernua anitza da, eta Espainiako gizartea ere bai. Zapaterok konfigurazio horretatik gobernatu behar du, aniztasuna errespetatuz.
Gizartearen gehiengoaren apustua estatu-nazio anitza sortzea da. Espainiako Estatuak ez du orainokoan estatu plurinazional hau osatzen duten nazioekiko errespetua guztiz garatu. Zapateroren Gobernuaren ideia honen proiekzioan ikustea espero dut. Katalunian, Euskal Herrian eta Andaluzian bereziki, gizarteak PSOEren alde bozkatu du. Horri ez erantzutea oker handia litzateke. Erantzungo dio, nik uste.

Egungo Konstituzioarekin estatu eredu berri bat eraiki al daiteke? Eta Euskal Herriko gatazka gainditu halaber?
Bai. Orain oso konplikatua iruditzen zaigu, PPren agintearen ondorioz Konstituzioaren interpretazio oso murritza egin delako. PPk ez ditu ez euren hitzak ez ahalmenak errespetatu. Gainera, arau juridikoak herritarren eskaeren beharretara moldatu behar dira. Herriarekin gobernatzea herriak nahi duenarekin bat egitea da.
Azken 25 urteetan, proiektu politiko guztiak defendagarriak direla esan izan da, baina praktikan, denak ezin direla gauzatu esan ohi dugu, halaber. Konstituzio eredu adostu batek proiektu politiko guztiak praktikara eraman daitezkeela ziurtatu beharko luke. Baina, artean, denok dakigu PPk Estatuko lurraldeen arteko harremanak atezuan utzi dituela. Sosegu handia beharko dugu Konstituzioaren 8. artikuluari buruzko debate lasaia burutzeko eta alderdi nazionalista guztiekin elkarrizketa sakona gauzatzeko. Alderdi nazionalistek leku izan behar dute Estatuaren proiektu artikulatuan eta Estatu Federalaren proiektuan. Estatu Federala gauzatzeko, berriz, Senatuaren erreforma beharko litzateke, Estatu Federalean sortu daitezkeen konflikto politikoak konpondu ahal izateko. Eta horretarako Konstituzioa aldatu behar bada, alda dezagun alderdi politikoen eta gizartearen gehiengoaren adostasunarekin.

Katalunian estatutu berri bat prestatzen ari dira. Hemen, Eusko Jaurlaritzaren Estatutu proiektu berriaz gain, PSE-EEk aurkez lezake beste proiektu bat?
Bai. Baina premisa bat behar dugu guk gure proposamena, Eusko Jaurlaritzak Ibarretxe Plana edota ezker abertzaleak independentziaren proposamena aurkeztu baino lehen. Aurrera egiteko, lehendabizi, zein balore eta prozedura erabiliko ditugun adostu behar dugu elkarrekin. Blokeo egoera hertsian gaude eta proposamenek ezin dute aurrera egin berau desblokeatu gabe. Alderdi katalanak ûPP salbuû nork bere proposamena egin aurretik, ados jarri dira. Hemen ere saia gaitezen aurre prozedura hori zehazten. Euskaldunok zein trenera igo nahi dugun zehaztu behar dugu, baina trena eramango duten errailak denon artean ezarri behar ditugu. Blokeo egoera hau oldartze eta inkomunikazio egoera baten ondorioa da, elkarrizketa ezaren ondorioa da eta, hartara, alderdiak geltoki ezberdinetan gaude. Euskal sozialistak, hasteko, geltoki berean biltzeko prest gaude. Eta gainontzeko guztiak ere prest egon daitezkeela uste dut.

Premisak premisa, zein da abiapuntua?
Neurtu dezagun ea euskaldunok benetan aldaketa politikoa nahi ote dugun. Eta, horrela bada, zehaztu dezagun zein puntutan jar gaitezkeen ados legitimitate politiko berri baten bila joateko. Behin hori eginda, jar ditzagun proiektu politiko guztiak mahai gainean eta galde diezaiogun euskal gizarteari horiei buruz.

Onintza Irureta

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak bere alderdiaren (EAren) printzipioekin guztiz bat egiten zuela eta duela azpimarratu digu. Hori erantzun digu EAko kongresua zela-eta sortutako tira-biretan sailburu kargua kolokan ikusi al zuen galdetutakoan. Hezkuntza Sailean kargua hartu zuenetik taldeak ausardiaz lan egin duela nabarmendu digu; 0-3ko haurren aferarekin, inmigrazioaren inguruko gaiekin, Euskal Herriaren Historiari buruzko hautazko ikasgaiarekin... ausartu direlako lortu dutela Unibertsitate Legea ere azpimarratu digu. Berak dioenez, ez da «hitz egin, hitz egin eta ez egin» horietakoa: «asko kostatako proiektuak dira guztiak, baina tapa-tapa-tapa gauzak lortzen ari gara». Satisfazio izugarriarekin eta lasai aurkitu dugu, orain arteko trumoiaren erdian (elkarrizketa M11 baino lehenagokoa da) Euskal Unibertsitate Legeaz hitz egiteko prest.
guztia irakurri



ETAri desagertzeko eskatu diote alderdi gehienek

ETAk Jose Luis Rodriguez Zapaterori egindako elkarrizketa eskaintza eta bere jardueran jarraituko duela berrestea kontraesan gisa ikusi du Jesus Egiguren PSE-EEko buruzagiak. Gainerako alderdi gehienek ETAk desagertu behar duela berretsi dute. Egindako adierazpenen harira, berriz ere bitxi geratzen dena ERCk ETArekiko elkarrizketaz egiten duen defentsa da, besteak beste Joseb Bargallo Generalitateko æconseller en capÆ denaren ahotik, ETAren bukaeran elkarrizketa ere erabili behar dela berretsi zuen eta horrexegatik hain zuzen, Josep-Lluis Carod Rovira ETArekin bildu izana ez zela akatsa izan azpimarratu du.


Gobernu aldaketa dela eta, PPri leialtasun eza leporatu dio PSOEk

Joan den astean ezagutu zen Jesus Cardenal Estatuko Fiskal Nagusiak bere kargua utzi aurretik beste zortzi fiskal nagusi izendatu nahi zituela estatuko hainbat lurraldetan. Orain jakin da PPren jarduneko gobernuak Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko beste bi epaile izendatu nahi dituela Gobernua utzi aurretik. Apirilaren 8tik aurrera egin behar dira bi izendapen horiek eta Jose Maria Aznarren Gobernuak Estatuaren Abokatutzari galdetu dio ea arazorik legokeen izendapen hauek egiteko. Aste Santu ostera arte PSOE ez da Gobernuaz jabetuko eta, gertatzen ari ez den bezala, ordura arte jarduneko gobernua ohiko kontu arruntak bideratzera mugatu beharko litzakeela adierazi da PSOEtik.


Aski da!, Ermuko Foroa eta halakoen egoera zalantzaz betea ageri da

PPren eta PSOEren zenbait sektoreren hegalean sortutako Aski da!, Ermuko Foroa eta gisa honetako beste hainbat talderen etorkizuna zalantzaz betea ageri dela azpimarratzen ari da toki desberdin askotatik. Agian, Manuel Huertas eta Mikel Iriondoren arteko auzia da gai honek har dezakeen norabidearen adierazleetako bat. Huertas diputatu atera denez, Eusko Legebiltzarreko bere jarlekua utzi behar du eta hautes zerrendako bere ordezkoak, Mikel Iriondok, hartu beharko luke eskainua. Iriondo Aski da! plataformakoa ei da eta Nicolas Redondo Terreros PSE-EEko idazkari nagusi ohiaren ildokoa, nahiz eta independente gisa agertu zen. Bada, Huertasek eskatu ei dio Iriondori karguaz ez jabetzeko, bera independente gisa aurkeztu zela eta gaur egun PSE-EEk alderdiko norbait nahi duela parlamentari karguan.


Zentro-eskuina nagusi Ipar Euskal Herrian

Iholdiko kontonamenduak ezik, gainerako bederatziek bigarren itzulira jo beharko dute igandean Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusia guztiz osatzeko. Frantzian zehar ez bezala, Ipar Euskal Herrian zentro-eskuinak nagusitasuna lortu zuen iragan igandeko hauteskundeetan. Abertzaleek, oro har, bakoitzak bere indarrekin jo zuten eta bozka ere sakabanatua agertu da. Alderdi abertzaleen artean, duela sei urte bezala, Abertzaleen Batasuna izan da bozka gehien lortu duena. Oro har, alderdi abertzaleek bi datu azpimarratu dituzte: bat, banatuak aurkeztu izanaren ondorio txarrak; bi, boto abertzalearen gorakada orokorra, zeinaren arabera, elkartuago aurkeztu izan balira, ordezkaritzari dagokionez ere emaitza hobeagoak lortuko ziratekeen. Frantziari begira, eskuinak oro har jaso duen boto galera handia azpimarratu da eta hiru urtera egingo diren lehendakaritzarako test gisa hartu dira.


Eurovision kantu lehiaketan katalanez lehenengo aldiz?

Maiatzaren 15ean egingo dute Eurovision kantu lehiaketa Istanbulen (Turkia). Andorrak duela gutxi erabaki du nor joango den lehiaketara. Marta Roure izeneko 23 urteko neska gazteak abestuko du Jugarem a estimar-nos abestia, Glaucs taldeko buru izandako Jofre Bardagík idatzitakoa. Maiatzaren 12an kanporaketa egingo dute, (herrialde batzuk Eurovision-etik kanpora geratuko dira) eta hori gaindituz gero lehenengo aldiz, katalanez abestutako kantua entzungo da Eurovision saioan. 1968an, Joan Manuel Serratek La,la,la abestia katalanez kantatu nahi izan zuen eta utzi ez ziotenez ez zuen parte hartu. Bere ordez, Massielek abestu zuen gazteleraz.


NUPeko hizkuntz plangintza abian

Nafarroako Unibertsitate Publikoko hizkuntza plangintza egiteko batzordea osatu berri dute. Hamaika kide izango ditu; sei irakasle: Jose Maria Aizpurua, Carmen Lamsfus, Lidia Santos, Pablo Sotes, Pedro Dieguez eta Julian Garrido. Jon Alonso, Koldo Asiron eta Guillermo Sanchez dira hiru langileak eta ikasleak Angela Campo eta Kimetz Arana. Pedro Burillok errektoretzarako kanpainan hizkuntza plangintza bideratzeko batzordea sortzea agindu zuen. Aurreko errektore Jose Antonio Perez Pradosen garaia istilutsua izan zen plangintzak ez zuelako aurrera egiten.


D eredua auzoan ikasi ezinik

Haurren Aurrematrikulazio epea otsailaren 27an amaitu zen Euskal Autonomia Erkidegoan. Aurten ere hainbat guraso haserre agertu da beren haurrek D ereduan, sistema publikoan, ikasteko aukerarik izan ez dutelako. Gasteizen adibidez, arazo horrekin aurkitu dira Lakua, Zabalgana eta Salburua auzoetan. Bilbon berriz, Zazpikaleak, Atxuri eta Bilbo Zaharra auzoetan izan dute arazo hori. D ereduan matrikulatu ezinik, eskola pribatuetan edo eskola publikoko A eta B ereduetan matrikulatu dituzte haurrak, inguruko auzoetara ez baitituzte haurrak eraman nahi D ereduan matrikulatzeko.


Helduen euskalduntzearen diagnostikoa eta etorkizuna

Euskararen Aholku Batzordeak Helduen Euskalduntze-alfabetatzearen alorreko 2003ko diagnostikoa aurkeztu eta etorkizunerako proposamenak egin ditu. Azken bospasei urtetan euskalduntze-alfabetatzeak behera egin du. Ikasle gutxik lortzen dute euskara maila egokia eta ikasle askok ikasitakoa ahazten dute. Ikasturte honetan 30.000 lagunek eman dute izena Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan