Aitor Zuberogoitia
Igande arrastia da hau idazten ari naizela, bozketa eguna Espainian. Mendebaldeko gizalegearen festa, beraz, eta Hego Euskal Herrian ere hor doa jendea hautesbarrutietara bidean, saldoka joan ere. Herenegun, berriz, alternatiba autogestio zaleaz eztabaidatzeko mahai-ingurua bertan behera geratu zen Bilboko Likiniano topagunean, lirikarako garairik onenak bizi ez ditugun seinale (eta, hala ere, esperientzia benetan interesgarriak ari dira ernetzen ildo horretan).
Badoa jendea, beraz, boza ematera eta bada noren alde bozkatua, bai horixe: Falange Espaņola de las Jons, La Falange, Democracia Nacional edota Irak bonbaz jostea defendatu zutenekin hasi eta ezkertiar-usaineko aukeretara arte. Hori da hori aniztasuna, denak sistema bereko partaide, aukera eta pertsona denek (denek?) baitaukate libre bozketara aurkeztu edota botoa ematea. Oi demokraziaren grandeura!
Lerrook idazten nabilela ez naiz emaitzen jakitun, baina ezin uka hauteskundeok kinka berezian datozela. Madril aldean izaniko tragediak markatu du astea, eta gauza batzuk nabarmen-antzean geratu dira. Bata, amnesiak (berriro) habia egin duela legezko alderdi politikoen ordezkarien buruetan, Kazetaritza Fakultatean oinarrizko ikasgaia zen hura ahaztuxe dutela erakutsi digutelako: alegia, albiste bat eman edo analisi bati ekin baino lehen, datuak kontrastatu egin behar direla. Egunotan, ostera, justu kontrako praktika sumatu dugu hainbat kazetari, kontulari orojakile, agintari eta politikari profesionalen jardunean. Ez da kontu berria. Presaka bizi gara, abiada zoroan, eta ez dugu ia ezertarako patxadarik hartzen, ezta analisiak egiteko ere, egunotan ikusi dugun moduan. Presatik eratorritako histeria puntuaren ondorioz (eta une oro jendea informatu beharraren informatu beharrez), azkenean ez perspektibarik, ez taxuzko berri-ematerik: hotsa eta ardaila baino ez. Zuhurtzia barik jokatzea berez kezkagarria bada, bestalde, zer esan hondamenditik etekin politikoa atera guran ibili direnei buruz?
Gaurkotasunari hil ala bizi lotzetik sorturiko histeriak bizi gaituela, azken beltzean, eta gero gertatzen direnak gertatzen dira. Gaur goizean bertan Bushen kategoria beretsuetan berbetan entzun dut bazterrotako buruzagi politiko ezagun bat, hauteskundeotan egia ala gezurraren artean hautatu beharra dagoela esaten ari baitzen aho betean. Horrelakoetan, Atxagari irakurritako hura datorkit gogora, hots, jarrera heroikoek traba egiten diotela berari gure herrian. Honelakoetan zera bururatzen zait neuri ere: gure herrian ez ezik, mundu guztian egiten dutela traba jarrera heroikoek. Mundua brageta eginda dago, baiki, eta berau edertzeko, momentua dotoretzeko premia suma daiteke, diskurtso handitik xumetasunera, makrotik mikrora jaisteko premia, barru-barrutik datorrena.
Jarrera xaloa dela esango didate analista burutsuek, badakit, baina xalotasun kontziente baten premia badago egon, epikotasunarekiko arbuioaren beharra. Batez ere epikak, harrokeriak eta norbere egia kosta ahala kosta inori inposatu eta auzoa mendean hartu beharrak nora eraman gaituzten ikusita. Enpatiaren premia, funtsean, inguratzen gaituzten gauzak ulertzeko ahalegin ezinbestekoaren beharra.
Haatik, kontrako joerak dira nagusi bazterrotan. Horren erakusgarri, PPk militarismoa hauspotzen duela esaten jardun dute Jaurlaritza osatzen duten alderdiek tragediaren ostean, Jaurlaritzak berak eusko labeldun arma-fabrikak diru publikoz lagunduko ez balitu moduan. Iraken egindako triskantza bat-batean ahaztuta, berriz, alkandora-urratzen dihardu PPk, zer egin ote dugu hau merezi izateko deiadarka. Martxa honetan, ez nintzateke batere harrituko ETA ere bere hurrengo agerraldian Ikurrina, Arrano Beltza, Nafarroako armarridun bandera eta Senyeraz gain, Madrilgo erkidegoko banderarekin agertuko balitz, hangoei egun bateko elkartasuna adierazte aldera. Kantuak arrazoi, berriz ere: etsaiak (beti) besteak dira.
Joxe Mari Auzmendi
STEE-EILAS sindikatuak argitaratzen duen Eskola Publikoa aldizkariko 33. zenbakian "Etorkinen matrikulazioa: abentura gogorra" artikuluan oinarrituko naiz hausnarketa xume hau egiteko.
Aipatu artikuluan ondoko kasua agertzen da: Laura eta bere ama Grisel kubatarrak Oreretako Juantxorekin bertara bizitzera etorri ziren. Eta Lauraren eskolatzeari buruz galdetzen diotenean, hauxe dio Griselek, Lauraren amak: "(ā) Juantxo, Oreretako ikastetxe guztietara joan zen. Argi eta garbi genuen zer nahi genuen: ikastetxe publikoa eta D eredua. Une hartan, Laurak 5 urte zituen. Herriko ikastetxe publikoek A eredua, besterik ez ziguten eskaini, alabaren adinagatik, eta ez zuten bermatzen euskararen ikaskuntza. Egoera horren aurrean, Oreretako ikastolan (pribatua) informazioa jasotzea erabaki genuen. Horko zuzendariak ez zigun inongo arazorik jarri eta esan zigun egingo zutela beraien esku zegoen guztia. (ā)Hasieran, urtean zehar banakako errefortzu linguistikoa jarri zioten, arratsaldero. Gainontzeko orduetan bere ikaskideekin erreferentzia gelan zegoen. Zorionez, urte hartan helburuak lortu zituen. Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailan errefortzuekin jarraitu zuen, baina ez banakakoa, taldekoa baizik. Orain, Lehen Hezkuntzako 3. mailan dago eta ez du laguntzarik jasotzen, ez duelako behar. Esan dezakegu zeharo integratuta dagoela (ā)".
Lauraren amaren hitzek zer pentsatua ematen digute, ezta?
Publiko hitza entzutean, askotan, eta ikuspegi sozialetik begiratuta batez ere, oinarrizko eskubideak bermatu behar direla bururatzen zaigu. Baina horrela al da beti? Euskal Herrian ditugun esperientziek, gertutik aztertuta, askoz ere zabalagoa den beste zerbait ikusarazten digute. Batzuek, izaera publikoa jabetzari lotzen diote, hau da, jabetza administrazio batena denean soilik kontsideratzen dute publiko izaera. Beste batzuek, aldiz, parte-hartzeari eta erabakitze ahalmenari ematen diote garrantzia. Eskolen kasuan ikasleen, irakasleen, langileen, gurasoen eta zentroarekin zerikusia duten guztien parte-hartzea bermatzeari lotzen diote herritartasuna, eta ondorioz, publiko izaera. Badaude kontsiderazio publikoa eskaintzen den zerbitzu publikoari lotzen diotenak, hau da, herritarrei begira eta horien beharrei erantzuteko egindako zerbitzuari. Askok, dohainik eskaintzen dena soilik jotzen dute publikotzat.
Ikus daitekeenez, publiko hitzak nahi edo esanahi ugari hartzen ditu; ikuspegi juridikotik, espainiar eta frantziar estatuetan behintzat, administrazio batek duen jabetzari eta erabakitzeko ahalmenari lotzen bazaio ere.
Baina, ez al litzateke aberatsa izango lehen aipatutako ikuspegi guztiak jasoko lituzkeen ikastetxe publikoa? Eta hala balitz, posible al litzateke horrelako ikastetxe publikorik? Gaur egun, ez al daude aurrez aurre administrazioaren jabetza eta ikastetxearen erabakitzeko ahalmena? Nola gara lezake zentro batek bere ikastetxeko hezkuntza proiektua ez badu benetako erabakitzeko ahalmenik? Eta nola izan publikoa administrazioren bat tartean ez badago?
Goian aipatu Lauraren kasuan, Orereta ikastola "pribatu" kontsideratu dute elkarrizketagileek. Baina, bestalde, ikastola horrek erantzun dio Lauraren hizkuntza beharrari, eta horrekin, etorkin baten integrazioari. Laurak, Oreretako biztanle integratua izateko euskara, lagunak, ingurua, jasoa izan den modua, errespetua eta abar lagungarri izan ditu. Horiek guztiak ez al dira herritarrei era egokian erantzuteko betebeharrak ikuspegi publikotik?
Nik Orereta ikastolari galdetuko nioke ea publiko, pribatu, zerbitzu publiko ala nola ikusten duen bere burua. Laurari, Griselari eta Juantxori ere galdetuko nieke. Administrazioei ere bai, zergatik ez. Eta zuek, zer iritzi duzue?
Juan Kruz Lakasta
Herritarrak gezurraren aurka matxinatu dira. Askatasunen murrizketa amaitu da. Urdazi La Farolako zuzendaria izanen da. Honek guztiak aldaketak ekarriko ditu Euskal Herrira. Jite horretako esaldi ugari entzun ditut Espainiako Gorteetarako Hauteskundeen ondotik. Nago mozkortu garela. Hego Euskal Herrian azken zortzi urteotan pairatu ditugunak pairatu eta gero, mozkortzekoa baita Jose Maria Aznar jauna, begiak gorriturik, buru makur, etsita, politikoki gorpu indarge bilakaturik, Genova kaleko egoitzako leiho batetik agur esaten ikustea. Minutu eskas bat izan zen. Minutu eskas zoragarria, betiere. Ajerik nahi ez duenak baina, mozkorra saihestu behar, gehiegizko baikortasuna ekidin behar.
Itxura guztien eta analista gehienen arabera, M-11ko sarraskiaren egileei buruzko hipotesi faltsua zabaltzeagatik M-14an gogor zigortu dute boto-emaileek PP. Irakurketa baikorra egiten ahal da: herritarrek gezurrari eta gezurtiei aurre egin diete. Baina, halaber, pentsatzekoa da boto-emaileak M-11ko atentatuen inguruan popularrak gezurretan ari zirela jabetu baziren, aurretik ohartuko zirela Irakeko okupazioari, Prestigeren hondoratzeari, Euskal Herriko gatazkari buruzko gezurrez. Hartara, herritarrek kontzienteki onartu dituzte Aznarren, Raxoiren, Acebesen gezurrak, ziria pornografikoa izan den arte, iruzurra 200dik gora gorpuren gainean eraiki duten arte. PPren beherakada ez da horrenbestekoa izan. Katalunian, PSC-PSOEk PPk baino 15 diputatu gehiago lortu ditu. Estatuan, oro har, aldea 16koa izan da.
Hartara, ĢZP, Zapatero Presidenteģ lelo leloa izatetik ezusteko errealitate, baina finean errealitate, izatera igaro da. Baikor jarrita, pentsatzekoa da Zapaterok eten eginen duela PPk abian jarritako askatasunen murrizketa prozesua. Alta, ezin ahantzi zer testuingurutan helduko den Zapatero Moncloara: Europako Batasunean sekula izandako atentaturik odoltsuenen ondoren, eta ondorioz. Irailaren 11 eta gero, munduak oinarrizko eskubideen aurkako lege oldea pairatu zuen. Amerikako Estatu Batuetan, Provide Appropriate Tools Required to Intercept and Obstruct Terrorism izeneko legea onartu zuten: ez ohiko boterea eman zieten poliziari eta informazio zerbitzuei, besteak beste, telefono entzuketak baimenik eskatu gabe egiteko, edozein atzerritar nahi adina denbora atxiloturik edukitzeko. Britainia Handian, laboristek atzerritarrei AEBetako neurri berbera ezarri zieten. Orain, David Blunkett barne ministroak antzeko lege antiterrorista ezarri nahi die Britainia Handiko herritar guztiei. Frantzian, Sarkozy eta Perben II legeak onartu zituzten. Zapaterok, M-11ren ondotik, norabide horretan urratsik eginen du. Zaila dirudi Espainiako Lege Antiterrorista gogortzea. Gerta liteke, ordea.
Askatasunen murrizketarekin batera, informazioaren manipulazioa izan da PPren agintealdiaren ezaugarri nagusietako bat. Alfredo Urdazi izan da manipulazioaren aurpegia. Albiste ona da iruindarra hedabide publikoetatik at ikustea. Ez dago horren argi, ordea, panorama mediatikoa zein heinean hobetuko den. Azken zortzi urteotan, Brunete mediatikoaren kanoikada etengabeen pean, Polancoren gotorlekua izan da izpiritu kritiko aurrerakoi(samarr)aren gordeleku ia bakarra, Estatu osoan zabaltzen diren hedabideei doakienez. M-14tik, baina, Prisa Taldearen norabide aldaketa agerikoa izan da. Orain arteko helburua PPren aurka egitea zen. Orain, berriz, xedea PSOEren alde egitea da: analistek behin eta berriz errepikatzen dute sozialisten garaipena ez dela M-11ren ondorio zuzena, burtsen jaitsiera ez dela Zapateroren garaipenaren eraginez gertatzen ari baizik eta atentatuak direla kausaā Pentsatzekoa da RTVEko hedabideak norabide berean lerratuko dituztela: Urdazi bezain agerikoak izateke, beti ere Gobernuaren alde. Hau da, Prisa eta RTVE PSOEren alde, Brunete mediatikoa bere betiko gezur atzerakoiekin jo eta fuego, eta izpiritu kritiko aurrerakoi (samarra) Espainiako panorama mediatiko nagusitik at.
Gehiengo osorik ez duenez, PSOEk elkarrizketarako bideak zabaldu beharko ditu Kataluniako, Euskal Herriko, Galiziako eta Aragoiko abertzaleekin. Baikortasuna eragiten du abertzale guztien aurkako jazarpena amaituko dela jakiteak. Ezkortasuna, ordea, atzera begiratzeak eta PSOEren eta EAJren arteko harremanak onak zirelarik Euskal Herrian zer egoera genuen oroitzeak. Alfredo Urdazi izan da azken garaiotako aurpegia. Calleja izan zen garai haietakoa. Madrilen jazarpenik pairatzen ez duen, Eusko Jaurlaritzari eusteko arazorik ez duen EAJ batek nekez emanen dio hausporik egoera normalizatu batean abertzaletasunaren hegemoniara begira lehiakide izanen litzaiokeen ezker abertzale legez kanporatuari. Eta, besteak beste, EAJ mugitu gabe, gatazka konpontzerik ez.
Laburbilduz, baikor naiz, besteak beste, lagun batek ezkorra izatea iraultzaren aurkakoa dela dioelako. Baikor naiz Estatuaren oinarrizko zerbitzuen pribatizazio prozesu azkarra motelduko delako. Justiziaren politizazioa ahulduko delako. Agian Espainiako Entzutegi Nazionaletik auto psikotropiko gutxiago aterako delako. Opus Deiko kideak eta Kristoren Legionarioak gobernutik aldenduko direlako. Espainiako Apezpiku Konferentziaren boterea murriztuko delako. Laburbilduz, baikor naiz PPk galdu duelako, ez ordea PSOEk irabazi duelako. Baikor naiz, ez, ordea, baikorregi.
Xabier Aierdi
Ezustekoak izan dira martxoaren 14ko hauteskundeak. Hego Euskal Herrian detaile txiki batzuen ezean, hauteskunde kanpaina ia ikusezina izan da. Estatuan helburua edo nolabait jokoan zegoena PPren gehiengo nagusia ahultzea zen. Asko ziren PPrekin eta duen politika egiteko modu totalitarioarekin haserre bizian zeudenak. Honen ondorioz, inkestetan fenomeno berri bat agertu zen. Alde batetik, populazioari ea nor nahi zuen irabazle galdetzen zitzaionean PSOE deklaratzen zuten. Bestalde, nork irabaziko lukeen galdetzean, PP erantzuten zuen. Desio birtual eta errealitate aurreikusgarri honen arteko aldea oso esanguratsua zen. Baina alde hau gutxitzeko eta, bide batez, populazioa mobilizatzeko argumenturik ez zen ikusten, PSOEren kanpainaren profila oso eskasa zelako. Hala eta guztiz ere, kanpaina garatu ahala PSOE eta PPren arteko diferentzia txikitzen zihoan arren, PPk irabaziko lukeela zirudien, nahiz eta astebete lehenago La Vanguardiak enpate teknikoa iragarri. Guzti honek martxoaren 10a arte iraun du, hortik aurrera gertatutakoek eraldatu egin dute eszenatokia, hain aldaketa handia inork itxaroten ez zuen arren. Ez nik, behintzat.
Madrileko sarraskiak bazterrak astindu ditu, espainiar gobernua gezurretan ibili da, eta guzti horrek botoaren mobilizazio ikaragarria ekarri du. Datuetan oinarrituta, ez da PP izan nabarmenki jaitsi dena û700.000 boto galdu dituû PSOE igo izan dela baino 3.000.000 boto berrirekin. Hiru milioi hauetatik, agian, erdi bat zen bozkatzeko prest zegoena, baina bestea helburu bakar batekin egun gutxitan aktibatu da: PP gobernutik ateratzea.
PPk hainbeste boto izateak faktore ulergarri batzuk ditu: 1. Gehiengo absolutua zeukan aurrekoetan eta oraingoan gehiengoa mantentzea ez zen lekuz kanpoko hipotesia. 2. Eskumak espazio sozial finkoak ditu eta baita eremu geografiko batzuk ere. 3. Aurreko hauteskundeetan Prestige eta Irakekoak ez zion boto galera nabarmenik suposatu. Seguruenik, PPk uste dugun baino sustrai sendoagoak ditu, betiko eskuma frankistan eta baita eskuma berri batean errotuak. Guzti honetan, datu esanguratsu bat azpimarratuko nuke: badago faktore geografiko eta sozialaren arteko metaketa sendo bat, eta nolabait, Europan bezalaxe, Espainian ere abiadura biko errealitate bat dugu. Hots, bi Espainia leudeke, eta neurri handi batean bereizketa honetan gainontzeko nazionalismoen eragina dago. Nazionalismo lokal indartsu bat dagoeneko tokietan, PPk bera egin du eta gainontzeko lurraldeetan mantendu.
Nazionalismoaren eragina, bestalde, oso mesedegarria izan zaio PSOEri, Katalunian eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Gero, beste bi kasu esanahitsuak ditugu: Nafarroa eta Andaluzia. Andaluziakoa neurri baten antigoaleko -pobreziaren- memoria batean oinarritutako kriptonazionalismo bat da. Nafarroakoa, ordea, aspaldian ordezkapen politikorik ez zeukan biztanleri baten adierazpena. Bestalde, interesgarria da PSOEk hala Extremadura nola Gaztela-Mantxan izan dituen emaitzak: lehenengoan enpatatu eta bigarrenean galdu. Guzti honek, bere barne mandarinen benetako garrantzia zein den argitzen lagundu beharko lioke PSOEri.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, neurri batean gauzak zeharo mantendu dira, oso estimatzekoa den arren PSOEk bigarren posizioa berreskuratu izana. Injustua, neurri batean, IUri gertatu zaiona da, hala gure eremuan nola estatu osoan. Irakeko inbasioan mantendu izan zuen posizioa ez du errentabilizatu, eta boto baliagarriak beraren kontra jokatu du. Hala eta guztiz ere, neurri batean, PSOEri bezalaxe, periferiatan boto saria eman zaio. Kontuan hartzekoa da, bestalde, Batasunak mantendu duen boto kopurua eta baita beste ezker abertzaleak izan duen presentzia. Nafarroakoa ikasgai begi-bistakoa baino ez da, eta espero dezagun lehen urratsa baino ez dadila izan, alderdikeriatan eror ez daitezela, eta UPNren alternatibak bilatzen hasi daitezela, fruituak etzirako izango ez diren arren.
Gain-begirada arin honen ondorioz, hainbat ikasgai atera daitezke, eta oso garrantzitsua izango da gure eta beste nazionalismoen jokabidea. Horra hor:
- PSOEk politika egiteko tarte eskasa dauka, eta oso zaila izango zaio nazioarteko PPren lerraketak aldatzea, baita garaipena sarraski baten ondorioz lortutako emaitza ere badela ahaztea.
- ERC, CiU eta EAJk lagundu egin beharko liokete Espainiaren irudi berri eta erosoago bat sortzen. Espainia eta denborarekin egin daitezkeen aldaketa konstituzionalak periferietatik baino ezin dira etorri, baina periferiek PSOE behar dute bidaide lanetan. PPren politika egiteko modutik atera behar den ikasgai ahaztezina izan behar du honek.
- Euskal Herriko politikan PSOE bera inkardinatu egin behar da eta hala nazionalistek nola konstituzionalistek edozein planen aurrean gehiengoaren printzipioa baztertuta, itun erabakigarri eta sendoak lortu behar dituzte.
- Madrileko sarraskiak eta egun batez nazionalistok sentituko genuen lotsa kolektiboak ez digu eraman behar ahanztera muga moralak ez daudela heriotza kopuruan bizitzaren errespetuan baino. Hemendik abiatuta, "ofizialtzat" bere burua duen ezker abertzaleak zer hausnartu badu, bere eskuan baitago ezker abertzale soziologikoa denborarekin hegemonikoa bihurtzearen posibilitatea.
- Nafarroakoak adierazten du hala Estatuan nola Hego Euskal Herrian politika egiteko aukerak zabaldu direla, baina inoren tutelarik gabe eta bakoitzak duen indar errealarekin. Ea egia den!