Astekaria

 Azkena 

Adolfo Suarez gogoan

Mikel Irizar

Mikel Irizar


1937. alea
2004-03-28
alde 0    kontra 0

Ormaiztegi, 75eko abendua

Hil zorian zegoen Franco, gizontxo biboteduna. Zubipe kiroldegia lepo bete zen jaialdirako. Txiskeroak prest, ondo kargatuta. Izan ere, karga osoa joan zitekeen jaialdi bakarrean, sentimenduak adierazi beharraren beharraz. Kantariak baziren, puntakoak, baina bertsolari xume batek jarri zion egunari leloa memorian gordetzeko. Eusebio Igarzabal izan zen, Gabiriako semea, eta honako hau da kantatu zuen bertso amaiera:

«aspaldi bialdu nahi gendun bat,

badoa beste larrera

ia gauzan bat aldatzen zaigun

bihar goizetik aurrera».

Suarez

Franco hil zen, bere zoria bilakatuta gure zorion. Eta kolokan gelditu zen hark sortutako erregimena, frankismoa. Erregimena da gobernua baino askoz gehiago, ez da mugatzen aginte exekutibora baizik ezartzen du nolabaiteko sare unibertsala, eta honen azpian hartzen justizia eta hedabideak, enpresa publikoak eta pribatuak, eliza eta banketxeak, kalea eta iritzi publikoa. Pentsamendua ere harrapatzen du erregimenak sarean, eta bakar bihurtu.

Nahi izan zuen frankismoak zegoenean iraun, aldaketa minimoak onartuta, baina ordurako ez zitzaien baliagarri interes handidunei, eta trantsizioa etorri zen. Adolfo Suarez aukeratu zuten frankismoaren sarea desegiteko. Trikimailu ugari erabilita gai izan zen frankismoaren bunkerra gainditzeko, erregimenaren korapilo gehienak askatzeko eta Espainian ezartzeko demokrazia homologatua.

Aznar

Urteak pasa ziren eta, bueltan-bueltan, beste gizontxo bibotedun batek eskuratu zuen Espainiako agintea. Eta espeziearen madarikazio genetikoa bailitzan, honek ere ekin zion erregimena eraikitzeari, gizarte osoa bere sare unibertsalaren pean hartzeari. Lortu ere lortu zuen neurri handian, eta orduan erabaki zuen hura egina zegoela eta mundu zabalera hedatuko zuela bere ekimena. Ordea, mundu zabaletik etorritako ekimen bortitzak birrindu zituen bere ametsak, eta ustezko lider handia utzi zuen berriro gizontxo bibotedun, txiki bezain gaizto. Azken argazkietan ageri da kopetilun eta aurpegi txarreko, ia gaixorik.

Espainia, martxoak 14

Madrilgo sarraskiak umezurtz utzi zuen hauteslea. Alderdi eta lider politikoek ezin zioten lagundu erabakia hartzen. Zarata eta manipulazio artean, berak asmatu behar zuen erantzun onena. Edozer gauza gerta zitekeen eta ustekabea etorri da. Aznar egurtu nahi izan dute, ez zedin garaile erretiratu, egindakoak egin eta gero. Zeharka etorri da Zapateroren arrakasta eta, aldi berean, aro berria ireki da. Ezer ez da berdin izango aurrerantzean, ezer ez da berdin dagoeneko. Lan bila ei dabiltza Urquijo eta Urdaci, Palacio eta Trillo, Michavila eta Acebes, Juaristi eta Azurmendi.

Zapatero

Begirada gardena omen du, eta izaera umila. Zerbait gehiago beharko du Aznarrek utzi dion txikizioa itxuratzeko. Lehenik, berak libratu beharko du haren saretik, nahiko harrapatuta dago-eta. Gero berreskuratu beharko ditu errespetua eta elkarrizketa, gardentasuna eta lankidetza. Demokraziaren zutabeak, finean. Eta nahi badu Espainiak iraun dezan, pentsatu beharko du egitasmo erakargarria, erosoa, irekia, lagunkoia, edonor kabitzeko modukoa. Aparte, kostako zaio konpontzea Aznarrek nazio artean egin dituen aberiak: Europan, arabiarrekin, Nazio Batuetan... Galtza bete lan.

Helburu duelako Aznarren erregimena desegitea, bigarren trantsizioa ere deitu zaio eginkizun honi, eta ez da deitura okerra. Hargatik etorri zait Suarez gogora. Denon mesederako izango delakoan, euskaldunok tarteko, Zapaterori opa dizkiot hark izan zituen ausardia eta abilezia.

Bide batez, gogoratu ditudanean orduko kontuak, berpiztu egin zaizkit Ormaiztegiko jaialdia eta Eusebioren bertsoa, amaraun artetik. Eta hauekin batera, etorkizunari buruzko ilusioa. Gaztetu egin naiz.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1936
 
azala1935

1937 zenbakia.
2004ko martxoaren 28a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza