Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-03-21 -- 1936.zenb

Haurrekin hondar arteko uhinetan

Lierni Arrieta

Herrian bertan, bada gune bat, biotopo bat, erreka eta hondartzaren ingurua babesten dituena. Dunak zirela eta, 1997ko otsailaren 25ean Inurritzako biotopoa izendatu zen, 51Ha-ko azalera babesten zuen. Dunez gain, Inurritza ibai txikiaren estuarioa eta padura babestu ziren, besteak beste. Itsasotik gatozela hondartzaren atze aldean hondarra egonkortzen duten landare multzoek duna finkoak sortzen dituzte. Euskal Herrian oso egoera kaskarrean daude dunak. Oso ugariak ez izateaz gain, gizakiak bertan hiriak eraikitzeko leku paregabeak dira, itsas ertzeko lautada hareatsu eta zingiratsu hauek. Bere kontserbazio maila, eta ekosistema honen urritasuna kontuan izanda, babestu zen bere garaian, Inurritza.

Ibilbidea oso erraza delako, motza eta maldarik gabekoa alegia, haurrekin arratsalde edo goiz pasa egiteko egokia da. Naturak alderdi desberdin bat erakusten digu ibilbide honetan zehar. Padurako zenbait hegaztiren joan-etorri luzeak eta landareek lurrarekiko duten lotura, kontrajartzen dira. Mila kontu ikusi, ukitu eta entzun ditzakete haur, gazte, heldu eta adinekoek. Kontu hauetako batzuk paneletan txukun-txukun azalduak daude.

Oriotik edo A8 autopistatik gatozela, Zarautz zeharkatzen duen errepide nagusiak ibai bat, Inurritza ibaia, igarotzen du. Berehala, eskuinera eginez eraikuntza artean sartuz, ibilgailua utzi eta txangoari ekingo diogu. Inurritza ibaitxoa zeharkatzen duen zubian egingo dugu lehen geldialdia. Ibaitxo honi duela gutxi arte "rio peste" deitzen zitzaion zuen kiratsa dela eta, baina gaur egun kontuak beste batzuk dira eta ibaiaren ur kalitatea asko hobetu da. Baita bere usaina ere. Zubia igaro ondoren ezkerretara doan bideari jarraituz, ibaiaren eskuinaldean behera egingo dugu. Ibaiak itsasoratzen diren lekuetan lur ezegonkor, gozo eta emankorrak izaten dira. Gizakiak bertan baratzean aritzen dira.

Aurrerago araztegia dugu, ibai honen ur kalitatea hobetu duena. Araztegiaren ondoren, zuhaitz batzuk landatu berri dituzte eta hauen artean dago azala bereizgarri duen artelatza. Kortxoa ateratzeko erabili ohi da zuhaitz hori. Haurrei kortxo hau aurkitzeko erronka bota diezaiekegu ibilbidearen zati honetan.

Paduraren alboan goaz. Padura, ibaia itsasoratzen den gunean sortzen da. Ur gezak eta ur gaziak bat egiten dute eta bertako bizidunak gatz kontzentrazio aldaketa honi aurre egin behar izaten dio, behin eta berriro. Hemen bizi direnak oso bereziak dira batez ere urarekin kontaktuan dauden arrain, molusku, alga eta landareak. Egunero bi aldiz ur gazia izaten dute eta beste bi aldiz ur geza. Paisaiari so eginez ibai ertzeko landareetan erreparatuko dugu. Paduraren alboan dauden landareek alfonbrak dirudite, kolore mosaikoa osaturik. Berde tonu bakoitzean landare bat gailentzen da. Moluskuak ere baldintza hauetara egokituak daude, baita arrainak ere. Arrainen kasuan, gaztetxoak ugari izaten dira. Baldintza gogorretako inguru hauek oso emankorrak dira eta elikagaia edonon baino gehiago dago. Janari festa horretara inguratzen dira hegaztiak ere: txirritxoak, itsas mikak, kuliska buztan-beltzak, kurlinta handiak, hegaberak, buztanikarak, lezkariak, ihi txoriak, bernarrizak, buztangorriak eta kaioak, besteak beste. Hemen bizi dira, batzuk udan bakarrik besteak neguan, besteak egun bat edo beste igarotzen dute beren migrazio luzean atseden hartuz. Eta bada urte guztian zehar inguru hauetan bizi denik ere.

Ibaia itsasoratzen denean zubia zeharkatu eta hondartzak eta dunak aurrez aurre topatuko ditugu. Eskuinetara, iparraldean itsasoa eta hegoaldera begiratzen dugunarekin batera hondartza eta duna primarioa. Eta dunetan, mila kontu: dunak nola sortzen diren, hondar pilaketa nola burutzen den, gizakiak nola suntsitu duen... baina batez ere, landare hauek jasan behar izaten duten estres hidrikoa, egarria alegia. Dunak zeharkatuko ditugu, horretarako egokituriko bidezidorretatik eta panelak irakurriz. Bertako landareak ikusi, aztertu eta ukituko ditugu, baina hautsi edo zanpatu gabe. Bidean hondartzara jaitsi eta itsasoa aurrean dugula, San Anton Getariako arratoia ikusiz, Ketaren istorioa kontatu diezaiekegu gaztetxoei, edo zergatik ez, helduei ere.

Ibilbidera itzuliz, dunak amaitzen direnean, ezkerretara jarraituko dugu. Haurrekin gozatu baldin badugu txangoaz, azken abentura proposa diezaiekegu beraiei: zeinek lehenago aurkitu ibilgailua edo zein iritsi lehenago txangoa hasi duguneko puntura.

Errepideen eta etxeen ordez, garai batean, duna primarioak, sekundarioak eta gainerakoak izango zirela pentsatuz helduko gara abiapuntura.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan