Katixa Garate
Euskal musika ezagutarazteko
Euskal herrian egiten den musikak arreta pizten du nazioartean. Horren adibide dira euskal talde eta bakarlariek nazioartean egiten dituzten birak. Oskorriren Desertore diskoak Europako World Music Chart Europe zerrendan 9. postua lortu du oraintsu esaterako. Parisko Wagraman zigiluak Basque Planet diskoa atera du, euskal rockarekiko duen interesak bultzatuta. Fermin Muguruzari eman diote kantuak aukeratzeko ardura eta musikari irundarrak 14 talderen abestiak aukeratu ditu. Hona taldeak: Selektah Kolektiboa, Makala, Basque Dub Foundation, BXT, Skunk, Skalariak, Sagarroi, Betagarri, Berri Txarrak, Kuraia, Sorkun, Jousilouli, Kokein, -gailü, AK, Lisabö, Anari, Tapia eta Leturia eta Fermin Muguruza bera. Frantzian eta Euskal Herrian da salgai diskoa.
1875-1939 bitarteko artea aztergai
Erdi arotik XX. mendera arteko euskal artea aztertzeko nahiari heldu zion Eusko Ikaskuntzak 1996an. Ordutik bi urtean behin artearen historiaren garai bat hartuta jardunaldiak egiten ditu. Aurtengoan, 1875-1939 bitarteko euskal artea berrikusiko du, martxoaren 25etik 27ra Donostiako Miramar jauregian. Hitzaldiez gain, Donostiako zine areto batean, garai horretan girotutako filmak proiektatuko dituzte eta martxoaren 28an ibilaldi bat antolatu dute Bilbon garaiko arkitektura ezagutzeko.
Gazte Topagunea sorkuntza bultzatzen
Egungo kultura eredua salatuko du aurten apirilaren 9tik 12ra Itsasondon egingo den Gazte Topaguneak. Baina ez da salaketa hutsean geratuko. Bizi eredu askatzaileagoak sustatzeko asmoz, gazteei kultur sorkuntzak egiteko eskatu die. Herriz herri tokian tokiko sortzaile gazteekin bildu dira eta «gazteria askea» ideia oinarri hartuta kultur lanak egiteko eskatu diete. Lanok Topagunean plazaratuko dituzte eta liburuxka eta CD-ROM formatuetan ezagutaraziko dituzte. Musika, bertsolaritza, poesia... askotariko lanak jaso ditu Topaguneak eta martxoaren bukaera bitartean horiek aurkezteko ekitaldiak egingo ditu.
Mira itxita
Gogor saiatu dira Mira antzokiko zuzendari Pablo Zubikarai eta bertako kideak antzokia ez ixteko, baina ez da posible izan. Itxita dago antzokia eta etsituta antzokiko langile eta lagunak. Uztailetik egoera ekonomiko itogarrian ziren eta orduan jaso zuten antzokiaren jabearen lehen oharpena alokairuagatik zuten zorra zela-eta. Ordutik gogotik saiatu dira irtenbide bat bilatzen. Pablo Zubikaraik gose greba egin zuen egoeraren larria adierazteko, 2000ko San Ferminetan antzokia zabaldu zutenetik ez baitute erakundeetatik diru-laguntzarik jaso. Aurtengo laguntzen deialdira aurkeztu dira eta ez dakigu oraino emango ote dieten. Antzokia itxita egoteak gauzak zaildu ditzake. Itxierak hipotekatutako hiru etxebizitza eta lau lanpostu galtzea ekarriko die. Antzokiak laguntza eskuratuz gero, jabea prest da beste kontratu bat negoziatzeko. Esperantza tipi bat geratzen da. Antzerkia jendartera helarazteko gogoz ahalegintzen den jendeak bestelako ordaina merezi baitu.
Euskal liburugintzaren
azterketa egin du Joan Mari Torrealdaik Jakinen azken zenbakian, 1976tik urtero egin ohi duen bezala. 2002an 1.586 liburua argitaratu ziren euskaraz eta ele bitan, 2001ean baino 98 lan gehiago. Torrealdaik liburugintza krisian ez dagoela baina betiko arazo sakonetan murgilduta dagoela adierazi du. 2002an plazaratutako 1.586 tituluak 270 agentek argitaratu zituzten eta %60,4k titulu bakarra atera zuen. Horrenbestez, «etorkizuna gutxienezko azpiegitura duten argitaletxeek bakarrik bermatuko dute». Irakurzaletasunaren beherakada, sorkuntza bermatuta ez egotea, beste euskarrien hazkundea, erakundeen politika desegokia... kezka ugari agertu ditu adituak.
80ko punka berpizten
Punka eta 80ko hamarkadako euskal musika hizpide da gero eta gehiagotan. Horren adibide ditugu Iker Barandiaranen Hamar elkarrizketa eta Roberto Mosoren Flores en la basura esate baterako. Oñatiko Gaztelekuan tarte berezia eskaintzen diote musikari: talde historikoen bideoak eta dokumentalak direla, kontzertuak direla... Duela hogei urte Odio, Cirrosis, RIP, Cicatriz en la matriz, Ultimo resorte, Vulpess, Desorden eta Basurak kontzertu erraldoia eskaini zuten Oñatiko plazako pilotalekuan. Hura oroitzeko eta omentzeko, punk kontzertua antolatu dute Oñatiko Gaztelekuan. Oraingo honetan, Comando 9mm, Kañeria 13, Golpe de estado, Subversion X, Penadas por la ley, Las perras del infierno, Josu Distorsion y los de puente romano eta Makarras arituko dira taula gainean.
Katixa Garate
Mariasun Landak hitzok adierazi zituen Tu Lankiden: «Badirudi eskaera baino gehiago produzitzen dela literaturaren komertzializazioak eraginda. Argitaletxeek, gizartea bera bezala, abiadura zoroan murgildu dira eta, adituek diotenez, hori kalitaterako kalte da».
Jauko Barikeko Enarak esanak Irutxulon: «Garai batean, kontzertuetara jotzeko ohitura handiagoa zegoen. Sortzen ziren talde berriak ikusteko grina. Orain, taldeak ezezagunak badira, jendeak paso egiten du. Komunikabideek dute erruaren parte handi bat. Irakurri al duzu azken urteotan maketadun talde baten kritikarik inon?».
Carlos Menak honakoa zioen El Diario Vascon: «Euskal Herriko jaialdietan zuzendaritza artistiko defizita dagoela uste dut, Belgika, Frantzia edo AEB moduko herrietako musika kezkak irizpide handiagoa du».
Dora Salazarrek zera esan zuen Irutxulon: «Emakumea artearen objektu izatetik subjektu izatera igaro da, eta hori asko igartzen da egun egiten diren lanetan».
Katixa Garate
Jabier Muguruzak Liverpooleko LIPA goi musika eskolak gonbidatua izan da bertako ikasle aurreratuenekin bere obra lantzeko. Paul MacCartneyk sortutako eskolak, Espainiako artista eta interpreteen elkartearekin elkarlanean, artista bat gonbidatzen du urtero eskolak eman ditzan. Maiatzean bira bat egingo du Muguruzak ikasleekin.
Kilikolo zirku konpainiak Chute de Cirque lana taularatuko du Donibane Garazin hilaren 19an eta 20an. Akrobaziak dira nagusi joan den udan sortutako taldearen lehen ikusgarrian.
Karra Elejaldek zuzendari gisa egindako lehen filma dugu Torapia. Elejalde berak Carlos Zabalak eta José A. Ortegak idatzi dute gidoia. Irailean errodatutako filma udan izango da aretoetan ikusgai.
Garazi Philanthropike Orkestrak lehen diskoa kaleratu du Agorila diskoetxearen eskutik. Baionako kontserbatorioan ikasitako zortzi kidez dago osatua taldea. Herri melodiak eta zinemako kantu ezagunak bildu dituzte lehen diskoan.
Felix Ibarrondo konpositorea omenduko dute Gasteiz, Oñati eta Bilbon martxoaren 27tik 29ra bitartean. Oñatiarra Parisen bizi da 1971z geroztik eta Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko orkestrek interpretatu dituzte bere obrak.
Jean Louis Davant idazleak 50 urteko gogoetak bildu ditu Idazlan hautatuak lanean. Elkarrek EKEren laguntzarekin argitaratutako liburuak iritzi, pastoral eta olerki zatiak biltzen ditu. Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko euskeran nahiz batuan daude idatzita.