2004-03-21 -- 1936.zenb
Frantziako Estatuko eskualde hauteskundeak jokoan badaude ere, alderdi abertzaleak lehia honetatik kanpo geratu dira. Akitania eskualdeko azkeneko bozketan, 1998an, Jakes Abeberri abertzalea aurkeztu zen, departamendu mailan. Kontseilari nagusia hautatua izatetik ehuneko oso puntu gutxira geratu zen. Hura izan zen Akitanian kontseilari abertzale bat izateko azken aukera. Orduan abertzale gehienak elkarrekin aurkeztu ziren.
Azken hauteskunde sistemaren ondorioz, ordea, hauteslekua departamendu mailakoa izatetik eskualde osokoa izatera pasa da. Aldaketak alderdi minoritarioen aukera ñimiñoenak ere ezabatu ditu. Esate baterako, lehen kontseilari bat izateko bozen %5 erdietsi behar zen. Orain arte departamendu mailan kontseilari bat lortzea zaila bazen, eskualde mailan lortzea ezinezkoa da. Oraingoan, bozen %10 behar dira.
Hautagai zerrendak eskualde mailan aurkeztu behar dira eta ondoren departamenduetako sekzioetan kokatu dira. Pirinio Atlantikoetan zazpi dira aurkeztu diren zerrendak, bakoitzean 19 kide direlarik. Aurkeztutako alderdiak edo koalizioak honako hauek dira: LCR-LO, FN, UMP, CPNT, PCF, PS-Berdeak eta UDF.
Akitaniako lehendakaria azken sei urteotan Alain Rousset (PS) izan da. Berdeak eta PCFrekin lortu zuen kargua. Bozketa hauetan, sozialisten arerio nagusiak UMP (eskuina) eta UDF (zentristak) alderdiak dira. Bozketak bi itzulitan jokatuko dira. Ziurrenera lehen itzulian ezkertiarrak nagusituko dira. Bigarren itzulian ikusteko dago zein nagusituko den UMP (Xavier Darcos) eta UDFren (François Bayrou) hautagaien artean. Boz gehien lortuko duenak zuzenduko du bigarren itzulian Alain Rousset-i buru egingo dion zerrenda.
François Bayrou zentrista bide da Alain Rousseti aurre egingo diona Akitaniako lehendakaritzan. Pirinio Atlantikoetako Kontseilari Nagusi ohiak berebiziko gogoa erakutsi du kanpainan. Lehendakari berriaren hautaketa ezkerrera nahiz eskuinera dauden gaineratiko alderdien sostenguaren arabera erabakiko da. Hasteko, LCR-LOk (ezker muturra) eta PCFk zaila izanen dute bigarren itzulian lehiatzeko beharrezkoak diren bozen %10a lortzen. Gauza bera gerta daiteke ere FN (eskuin muturra) eta CPNTen (ehiztarien alderdia) kasuan. Edonola ere, alderdi hauek bigarren itzulian egoteak ez du esan nahi beste alderdiei beren sostengua emango dietenik.
Azkenik, Iparraldeko ezkerreko abertzaleek (AB eta Batasuna) jarrera bateratu bat adostu dute eskualde hauteskundeetan. Euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzea aldarrikatuko duen boto-papera eskatu diete herritarrei.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa