Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-03-14 -- 1935.zenb

Gure itsasoa agortu al dugu?

Daniel Udalaitz

Antxoaren eta hegaluzearen azken kanpaina penagarriek ûizugarri jaitsi baitira harrapaketakû ziurgabetasuna sortu dute arrantzaleen, haien familien eta arrantzak ukitzen dituen beste sektoreen artean, ofizialki apirilean hastekoa den kanpainaren atarian. Badirudi egoera horren arrazoia gehiago dela egiturazkoa, hau da, kalak agortzen ari direlako iritsi garela horrela egotera, gertaeren (esate baterako, Prestigek eragindako kutsadura) araberakoa baino. Euskal arrantzaleen lehenengo aztarnak Paleolitokoak ditugu. Garai hartan oso ohiko jarduera zen itsaski-bilketa, eta gerora, XVI. mendean ere, Ternuako urrutiko itsasoetara joaten ziren euskal arrantzaleak balearen arrantzara. Baina gaur egun gehiegizko arrantzak eragindako krisia daukagun bezala, garai haietan ere izan ziren krisialdiak.

Laster hasiko da antxoaren kanpaina berria, hegaluzearenarekin batera gure arrantzaleentzat eta arrantza-mota horrekin zerikusia duten gainontzeko sektoreentzat garrantzitsuena dena. Eta errealitate latza hauxe da: azken hamar urteotan gero eta antxoa gutxiago harrapatzen dela, nahiz eta noizean behin salbuespenak ere gertatzen diren. Batez ere azken hiru urteetan gertatu da harrapaketen gutxitze bortitza: 2001. urtean gure arrantzaleek 18.950 tona antxoa harrapatu zituzten, 2002an 5.000 tona eta 2003an 3.000 tona besterik ez. Zer gertatzen ari da gure kaletan? Ba al dago harrapaketen gutxitze bortitz hori esplika dezakeen arrazoirik? Edo, eragileak lehengo urtean gertatutako Prestige ontziaren hondoratzea eta antzekoak izango ote dira?

Aditu guztiek diotenez, egoera honen arrazoiak gehiago dira egiturazkoak gertakari zehatzen ondoriozkoak baino. Azken urteotan, alde batetik gehiegizko arrantza egin da, eta bestetik, erabili diren arrantza-tresnek ûbolantek, adibidezû gure kalak agortzea eragin dute. Kontua larria da, izan ere ez baitira antxoaren eta hegaluzearen arrantza bakarrik une latzak pairatzen ari direnak, beste espezie batzuekin ere, legatzarekin, esate baterako, beste horrenbeste gertatzen ari baita. Hain juxtu ere egitura-arazo horrengatik ari da Europako Batasuna arrantza mugatzen, nahiz eta zenbaitetan mugaketa hori diskriminatzaile xamarra izan, herrialde batzuei besteei baino mesede handiago egiten baitie. Une honetan bertan, legatz harrapaketen muga bost urtean bortizki jaisteko aukera aztertzen ari da Brusela. Neurri horrek nolabaiteko eragina izango du gure arrantzaleengan. Hori guztia kontuan hartuta, gure arrantzaleen artean ziurtasunik eza da nagusi antxoaren kanpaina hastear den une honetan. Izan ere, azken urteotako beheranzko joerak jarraitzen badu, euskal arrantzaren sektorea hiltzeko zorian geratzeko arriskua baitago.

Harrapaketen bilakaera

Txosten honekin batera doan koadroan ikus daiteke azken hamar urteotan harrapaketek izan duten beheranzko bilakaera, nahiz eta tartean salbuespenak ere izan diren. Bilakaera bera izan dute azken urteotan hegaluzearen kanpainek ere. Antxoaren eta hegaluzearen kanpainek izandako bilakaerari ongi erreparatuz gero, argi ikusten da azken urteotan nabarmen egin dutela behera. Beraz, pentsatzekoa da gure arrantza-kanpainen arazoa ez dutela eragiten Prestigen hondoratzea bezalako hondamendiek bakarrik, eta arazoa, zoritxarrez, askoz sakonagoa izan daitekeela. Ez ditugu gure arrantza baliabideak errespetatu. Eta gehiegizko arrantza egin dugu. Horrez gain, Europako zenbait herrialdek sare pelagikoak edo bolantak erabili dituzte, eta horrek ere gure kalen agortzean izan du zeresana. Arrantza aparailuei dagokienez, euskal arrantzaleek, oro har, ohiko tresnak erabili dituzte eta itsasoko ekosistemarekiko errespetu handiagoarekin jokatu dute.

Prestigen ondorioak

Zer gertatu zen lehengo urteko kanpaina historia osoko txarrena izateko? Arrantzaleek eman dute beraien iritzia. Esate baterako, Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak, Esteban Olaizolak, adierazi zuen inoiz ez dituztela bi kanpaina hain txar egin bata bestearen atzetik. "Oraingo honetan ûgaineratu zuenû inork ez du antxoarik harrapatu, ez Kantauriko itsasontziek eta ez arraste-ontzi pelagiko frantziarrek. Arrantzari nabarmen eragin zion kanpoko faktore bat egon zen joandako urtean: Prestigen fuela, harrapaketak jaistearen arrazoi nagusia, alegia". Hori dela-eta, arrantzaleek zientzialariei eskatu zieten lehenbailehen eman zezatela Galiziako kostaren aurrean hondoa jotako petroliontziak itsasoko ekosisteman sortutako kalteen berri.

Egia da Prestigek eragindako hondamendiak zerikusia izan zuela lehengo urteko antxoaren kanpaina ezin txarragoan, baina egia da baita ere adituen arabera hori gure itsasoko ekosistema pairatzen ari den egoera kaxkarrari gaineratu zitzaion beste arrazoietako bat izan zela. Ikusi egin beharko da aurtengo antxoaren eta hegaluzearen kanpainak nola bukatzen diren, emaitza horiek gure itsasoko ekosistema zein egoeratan dagoen erakuts diezagukete eta.

400 itsasontzi eta 5.000 arrantzale

Antxoaren eta hegaluzearen kanpainetatik lortzen dituzte gure arrantzaleek diru-sarrerarik handienak. Beraz, aurtengo kanpaina hain txarra suertatzen bada, arazo larriak izango dituzte, eta are larriagoak ontziak berritzeko egin dituzten inbertsioak kontuan hartuta. Antxoaren eta hegaluzearen kanpainak egiten dituen Bizkaia eta Gipuzkoako ontzidiak 400 bat ontzi eta 5.000 arrantzale dauzka. Alabaina, zeharka sorrarazten dituen lanpostu-kopurua hamar bider handiagoa da. Horren ondorioz, antxoaren eta hegaluzearen kanpainak ustelak ateratzen badira, zeharkako enplegua (portu-zerbitzuak, lonjak, arrandegiak, kontserba-fabrikak, hornitzaileak, eta abar) ere gaizki ibiliko dira.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan