2004-03-14 -- 1935.zenb
1920ko hamarkadan jadanik zenbait aditu kezkatuta zeuden gehiegizko arrantzarengatik. Euskal arrantzaleak, aldiz, oso seguru sentitu ziren XX. mendearen zati handi batean. Pentsatzen zuten gure kostaldetik espezieren bat desagertzen bazen, sardinarekin gertatu zen bezala, bilatuko zutela beste arrainen bat (kasu honetan antxoa). Eta halaxe gertatu zen XX. mendearen erdialdera.
Gracia Cárcamoren iritziz, euskal arrantzaleak garatu beharraren tranpa frankistaren biktimak izan ziren. Zera adierazten du: eskura ditugun estatistiken arabera 1900etik gaur arte etengabe beherantz joan dela harrapatutako arrain kopurua. XX. mendeko denbora tarte txiki batean soilik, 1939tik 1945era, igo ziren nabarmen harrapaketak, hau da, Espainiako Gerra Zibilaren eta bigarren mundu gerraren ondoren.
Bitxia da, baina urte haietan antxoa kopuru izugarria harrapatu zen; merkatuak ezin zuen dena xurgatu, eta kofradiek ontziak kaietan utzi behar izan zituzten, eskaintza satura ez zedin. Baina ez zirudien errealitate hark eta kostaldean gero eta hegaluze gutxiago egoteak asko axola zionik. Autorearen arabera, alde batera utzi zituzten tradiziozko metodo ekologikoak eta askoz ere intentsiboagoak ziren beste batzuk erabiltzen hasi ziren (beita bizia adibidez). Horrela, amuzki moduan legak eta antzekoak erabilita, hegaluze kopuru askoz handiagoak harrapatzen zituzten.
Euskal arrantzaleak "garatu behar frankistaren" tranpa paradoxikoan jausi ziren. Tranpa hori 60ko hamarkadaren hasierako Arrantzarako Flota Berritzeko Legean laburbiltzen da. Izan ere, arrantzaleak beren onetik atera eta garai hartan ematen ziren diru mailegu itzelak erabiltzen hasi ziren nork baino nork ontzi handiagoa, ahaltsuagoa eta baliabide gehiagokoa (sonarduna, radarduna eta abar) eraikitzeko borrokan. Garapen iraunkorraren beste muturrean zeuden ekologiaren aurkako hazkuntza haren ondorioak askoz ere beranduago ordaindu ziren. Egilea harrituta dago nola inor ez zen konturatu nolako zentzugabekeria zen Espainiakoa bezain estatu txikiak munduko hirugarren arrantza flota handiena izatea Japonia eta Errusiaren atzetik. Era berean, deigarria eta neurrigabekoa iruditzen zaio Bizkaiak eta Gipuzkoak Britainia Handiak eta Alemaniak baino arrantzontzi gehiago izatea.
Hondamendia hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran etorri zen, munduko estatu gehienek beraien ur territorialetako lehenengo 200 miliak euren herrialdeetako itsasontzientzako eta ez beste inorentzako zirela erabaki zutenean. Horrek oso arazo larriak ekarri zizkien beste herrialdeetan arrantzan ibiltzen ziren euskal arrantzaleei. 80ko urteetan euskal arrantzaleak itxaropentsu zeuden, Espainiako estatua Europar Batasunean sartzearekin batera arrantzan jarduteko esparru handiak utziko zizkietela uste baitzuten. Azken urteotan ikusi ahal izan dugun bezala, ordea, errealitatea bestelakoa da. Europako agintariak ez daude harrapaketa handiak baimentzeko prest.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa