Joxe Mari Ostolaza
Hamabost bat urte badira, kirol medikuntzaren balioaz jabetu ginela. Prestakuntzaren oinarriek, entrenatzaile arduradunaren subjektibitatean, bere intuizioan baino zientifikoagoak behar zutela. Etengabeko hobekuntza gauzatzeko, indibidualizatu behar genuela prestakuntza. Bazirela gure esku leudekeen aldagaiak ezagutu eta emaitzak hobetzea. Futbolaz ari naiz. Ordura arte, guk ezagututako prestakuntzan entrenatzaile bakar baten agindutara aritzen ginen, informazio iturriak bakoitzaren sentsazioetara mugatuz. Bihotzaren taupadak genituen jardunen kontrol-bide ia bakarrak. Fisiologian kezkaturik zebilen mediko bat hartu genuen laguntzailetzat. Ordurako, Orbea txirrindulari taldeak Pascua Piqueras medikoarengan ezarria zuen txirrindularien oinarrizko prestakuntzaren ardura. Eta odolaren garrantziaz jabetzen hasi ginen, emaitzen hobekuntzek horretara eraman baikintuen.
Futbolari guztiek modu ezberdinean erantzuten zioten entrenamendu fisikoari. Bakoitzaren organismoa zen berezia, lan fisiko berdinaren demandari era propioan, ezberdinean erantzuten ziona. Bihotz taupadak eta laktatoak ez ziren aski informazio ezberdintasun horiek kudeatzeko. Eta lehen odol azterketa egitean, otsailean denboraldiaren erdi aldera ohartu ginen jokalari ia denek bazutela anemia puntua, eta neke fisiko horrek ondorio zuzenak zituela jokalariengan. Pot. Logabetasuna, antsietatea, ezina, erruen metatzea jokoan... Burdina, ferritina, globulu gorriak, hematokrito. Eskas. Bitaminak behar zituzten konpetizioan jarraitu nahi baldin bazuten txukun. Eta horrekin batera, entrenamenduaren bolumena eta intentsitatea norbanakoari egokitu azterketen arabera. Emaitzek ez dute barkatzen. Arrakasta, ospea izan liteke droga gogorrena. Geroz eta iritzi hedatuagoa da kirol profesionalean dopinaren beharra ezinbestekoa dela emaitzetan norbait izateko. Honaino iritsi gara gure hipokresian.
Medikoa, entrenatzaile kualifikatua baino tranpa egiteko elementutzat daukagula irudipena daukat. Inoiz, inongo kontroletan dopatua harrapatzen ez duten kirolariaren medikoa da kualifikatua, fama ona biltzen duena. Eta alderantziz. Jokalari profesional bik utzi dute berrikitan beren bizia futbol zelaian. Festina, Pantani, puntako tenislariak, atleta olinpikoak... Kontrolak pasa dituzten heinean, dopatuta ere garaipenak lortu dituzten bitartean erotuta eduki gaituzte jarraitzaileak. Agintariak, kazetariak, federazioak, estatuak. Txalo jotzaile erronkariak garaipenetan, suntsitzaile harrapariak porrotetan. Eta kirolari zigortuak, bakardadean pot bere buruaz beste egiteko kapaz. Eta segi dezala espektakuloak gorputzak lehertu arte.
Joxe Mari Ostolaza
Mujica Herzog. Aspaldikoa. Mihin zuhurren arabera, PSOEren garai bateko finantzabide. Behin, Parisetik Miarritzera hegazkinez nentorrela, emazte erraldoi baten konpainian egin nuen topo Air Francekoan. Munichetik omen zetozen elkarrekin. Ez ziruditen amoranteak. So eta so, lutoz jantzi emaztea ezaguna egiten zitzaidala ûeta, telebistan hainbatetan ikusitako huraxe zela ohartu nintzen: Golda Meir. Demokrata baino antifrankista zela susmoa betitik nuen, harekin izandako bizpahiru aldiko harremanetan, bere autoritarismoak harritu baininduen. Ez nenbilen oker, gerora frankismorik gabeko bere Espainiaren nolakoak frogatu didan eran. Garai hartan euskal preso politikoen abokatu taldeko partaide hura, Francoren juduen aurkako gorrotoak egin zuela antifrankista alegia, poemak izkiriatzen dituzten guztiak ez direla poetak, bertsoak egiten dituen oro ez dela bertsolari. Israelen omen dabil hizlari. Etxean. Eta Espainiako herriaren defendatzaile soldatapekoa, palestinarrak beren lurretan preso atxikitzeko harresi ikaragarrien alde mintzatu omen da, ohi bezala sutsuki, erronkari, segurki euskaldunentzat hemen nahiko lukeen sistema goraipatuz, ezinbestekotzat joz. Ez nau harritu, sutu egin nau. Beharrik bera ez dagoela elkarrizketaren alde.