Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-03-14 -- 1935.zenb

Katixa Garate


EHZren etorkizuna kolokan

Debekatu egin du Jacques Coumet Hazparneko auzapezak Euskal Herria Zuzenean Jaialdia Hazparnen egitea. Joan den ekainean Piztu elkartekoei urtero bezala jaialdia antolatzeko baimena eman baldin bazien ere, ekitaldiei hasiera emateko lau hilabete besterik gelditzen ez direnean EHZ ezingo dela egin jakinarazi du. Sud Ouest egunkarian Coumeti egindako elkarrizketa batean, auzapezak hartutako erabakia arrazoitzeko segurtasun arazoak eta bil daitekeen jende kopuru gehiegizkoa erabili ditu argudio gisa. Eragile politikoek eta antolatzaileek erabaki hori gaitzesteaz gain, martxoaren 13an Ttattolan, Hazparnen, ezohiko biltzarra egitea adostu dute, gai horren inguruan erabakiak hartzeko.


Garat proiektua hari laukoteentzat

Musikenek, Baionako Kontserbatorioak, Eresbil dokumentazio zentroak eta Euskal Kulturaren Institutuak Garat proiektua jarri dute abian. Hari laukoteentzat egindako euskal errepertorioa aztertu, ezagutarazi eta aberastea da proiektu berriaren helburua. Horretarako hiru bide jorratuko dituzte. Batetik, Laurent Martin europar konpositoreak urtebetez, euskal kulturan oinarriturik hari laukoteentzat piezak egiteaz gain, eskolak emango ditu. Bestetik, Musikeneko eta Baionako Kontserbatorioko ikasleek euskal errepertorioko obrak ikasiko dituzte, baita sorkuntza eta interpretazio lanak egin ere. Eta azkenik Euskal Herrian hari laukoteentzako obrak ikertu eta argitaratuko dira. Proiektu hau ez da Musikene Donostiako Goi Mailako Musika Zentroa eta Baionako Erdi Mailako Kontserbatorioa batzen dituen ekimen bakarra. Izan ere, irakasleak partekatzen dituzte eta bi zentroetako musikariez daude osatuak saxofoi ensembleak. Baionako Kontserbatorioko ikasle asko Donostiakora joaten dira goi mailako ikasketak burutzera.


Bertso txapelketa, sariketa eta ligak

Nafarroakoez gain, lehian arituko dira bertsolari ugari datozen asteetan. Martxoaren 27an eta apirilaren 3an, Aramaion eta Laudion izango diren final-erdiak jokatu ondoren, apirilaren 25ean Gasteizko Printzipal antzokian egingo da Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Arabako 23 bertsolari arituko dira txapela lortu asmoz elkarren artean lehian. Bizkaian, 14-18 eta 19-23 urte bitarteko gazteen artean Bizkaiko Bertsolari Gazteen Sariketaren saioak egiten ari dira. Finala martxoaren 27an izango da Bilbon. Gipuzkoan, Orioko, Lasarteko, Hernaniko eta Oiartzungo bertso eskoletako ikasleak bertso liga egiten ari dira. Maiatzaren azken asteburuan jakingo da zein den txapelduna.


Emakumeak plazara

Kultur munduan emakume andana dabilela ukaezina da, baina askotan badirudi emakumeak ikusezinak direla, ez dela emakume sortzailerik nonbait. Horri aurre egiteko eta emakumeen lanak ilunpetik argira eramateko, Plazara proiektua abiatu du Bilgune Feministak. Maiatzaren hasieran, Euskal Herriko hiriburuetan, erakusketak, kontzertuak, bertso emanaldiak, antzezlanak... hamaika ekitaldi izango da emakumeen lana plazaratzeko. Dagoeneko hainbat emakume sortzaile atxiki zaio egitasmoari; Estitxu Arozena, Virginia Imaz, Aiora Renteria, Eider Rodriguez, Sonia Gonzalez eta Arantxa Iturbe, besteak beste. Izena eman nahi duenak, plazaraeuskalerria.org helbidera mezu bat bidaltzea besterik ez du. Plaza guztiona baita, ez du generorik.


Liburuen salmenta behera

Espainiako Estatuko liburudenda ertain eta handiek 2001ean baino 18.000 euro gutxiagoko salmentak izan zituzten 2002an. Liburudenda txiki eta ertainek 72.000 euro gutxiago eskuratu zituzten 2002an, eta Casa del Libro moduko kate handiek 200.000 eurotan gehitu zituzten euren salmentak. Horixe ageri da BCF Consultors-ek Espainiako Liburu Saltzaile Elkarte eta Gremioen Konfederazioarentzat egindako azterketan. Arrazoietako bat kate handiek eskariak egiteko ordenagailua erabiltzea da. Liburudenda ertainek faxa erabiltzen baitute eta horrek gestioa moteltzen du.

******
Argazkigintza eta bideo garaikidea izango ditu ardatz apirilaren 15etik 18ra Donostian egingo den DFOTO Nazioarteko I. Azokak. Kursaal jauregian, Europako hogeita hemezortzi galerien argazki eta bideo lanak izango dira ikusgai, tartean Euskal Herriko Bilkin eta Moisés Pérez de Albéniz galerienak. Irudiaren aldarrikapena egingo duen azoka hau «munduko lehenengo azoka espezializatua» izango da Ordoñez Falcón fundazioko zuzendari Enrique Ordoñezen hitzetan. Artista ezagunen eta berrien lanak paratuko dituzte bildumazaletasuna sustatzeko asmoz. Thomas Ruffen, Valerie Belinen eta Txomin Badiolaren lanak izango dira besteak beste. Azokaren osagarri, erakusketa eta ekimen paraleloak izango dira.

Katixa Garate


Edu Muruamendiarazek Deian: «Uste dut guk ezagutzen dugun euskal dantza horretan gero eta jende gutxiago dagoela. Jendea aspertu egiten dela iruditzen zait, betiko dantzak egiten dituztelako. Orain dantzari pila bat dago, baina taldeetan erreferentzi puntu bat falta da. Lehen tradizioak bultzatuta egiten zen dantzan. Gaur egun, ordea, merkatuan gauza ugari daude».

Virginia Imazek zera esan zuen Nabarran: «Feminista izateak traba besterik ez dit egin, oraindik ere erabakiak hartzen dituztenen %90 gizasemeak direlako».

Eneko Olasagastik honela zioen Berria egunkarian: «Euskaraz estreinatzeagatik diru laguntza ematen dute (erakundeek), hori da dagoen diskriminazio positibo bakarra. (...) Ez dago laguntza berezirik euskal antzerkia sustatzeko, eta, ondorioz, ez da euskaraz ekoizten. Azkenengo urteetan gauza batzuk egin dira, baina taldeen borondatearen esku dago».

José María Aierdik honakoa adierazi zuen Garan: «Ez dago mutilik apenas haur abesbatzetan. (...) Paradoxikoa da Euskal Herrian beti egon baitira ahots berekoak baino abesbatza misto gehiago»

Katixa Garate


Jon Urrutia pianista gorliztarrak Home made diskoa plazaratu du Errabal Jazz zigiluaren eskutik. Etxean bertan grabatu dituen bederatzi pieza erritmiko eta latinoek osatzen dute diskoa.

Petit Théâtre de Pain taldeak Slawomir Mroz idazle poloniarraren Le pic du bossu estreinatu berri du Izpurako Faustin Bentaberry gelan.

Jexux Artze taldeak Usurbilgo Udalarekin hitzarmena sinatuko du iaz Artzeren omenez antolatutako Ez dok amairu erakusketako ondareak Udalari emateko eta horren truke ondareak zaindu eta beste herrietara zabalduko du Udalak.

Federico Luppi Gipuzkoan da egunotan Pasos filma errodatzen. Lehen aldia da Luppik film bat zuzentzen duela. Pelikularen gidoia haren emazte Susana Hornos errioxarrak idatzi du.

Frida Kahlo hil zela 50 urte bete dira aurten. Uztailaren 28tik urriaren 17ra bere alderdi ezezaguna biltzen duen erakusketa izango da Bilboko Arte Ederretako Museoan.


© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan