«'Jon Igeldo'. Corresponsal clandestino de Radio Euzkadi» liburuaz
Zein da zure liburuaren mami nagusia?
Garai baten testigantza diren kronikak. Orduan gauzak nola zeuden, zer gertatzen zen ezagutzeko balio dute.
Nolakoa zen garai hura?
Oraingoa baino zailagoa... hala uste dut behintzat. Nolanahi ere, egindakoaz hitz egitea ez da txarra, neurrian egiten bada. Ez da ona gutxi egin eta asko esatea, hori berriketa litzateke. Baina ez da komeni egindakoa isilean gelditzea, egindako horrek ikasbidea eman dezakeelako. Egin, eman eta esan, beti neurrian egin behar diren lanak dira. Gainera, batzuetan, esatea egitea da, eta hori da kronika hauetan dagoena.
Azal al zenezake pixka bat gehixeago hori?
Gertatzen zenaz idaztea eta irratiz zabaltzea egiteko modu bat zen ûeta daû, esandakoa egiteko edo egitera bultzatzeko bide bat. Zintzo esan eta egindako lana, kemenez aritzera animatzeko.
Liburuaren aurkezpenean bihotz sentipen batek ukitua ematen zenuen...
Eta halaxe nengoen. Izan ere, ez naiz oso sentibera, baina hainbeste oldarraldi eta ibileretan kide izan nituenen aurrean neure burua ikustean, zeharo hunkitu nintzen. Asko falta ziren han, Jokin Intxausti, Zipri Rementeria eta beste asko... Beno, ez naiz hildakoak aipatzen hasiko, bizirik daudenena baita hemendik aurrera kontatu behar den historia. Baina oso garbi utzi nahi nuke, gu ere, adoretsuak, alaiak eta borrokalariak izan garela, gerora hainbestetan besteren gauzez jabetu izan diren batzuk esango luketen bezala.
Ainara Gurrutxaga
«Barraskilo hermafrodistiko» lez definitzen dute euren burua Maurice eta Marlenek. Bartzelonako Paraleloko kabaretetan bizi dira biak ere, 1940 inguruko gizartearen bazterrean. Euren generoarekin ez daude konforme, eta hortaz, inposatu zaien zoriaren aurka borrokan ari dira etengabe. Borroka hori, ordea, nekeza da oso. Hain gogorra, zulo beltzera eraman dituela bi protagonistak. Elkar ezagutu dira, ordea, eta batak bestearengan babesa topatuko du.
Itziar Lazkano eta Paco Sagarzazu aktoreak dira Txalo ekoizpen etxeak iragan irailean agertokietara eraman zuen Cabaret Latino ikuskizuneko protagonistak. Biak ere elkarrekin lan egiteko gogoa zutela-eta sortu zen Felipe Lozak idatzi eta zuzendu duen istorio gazi-gozo hau agertokietara eramateko ideia. Enkarguz idatzitako testua da, hortaz. "Ez genuen gure neurriko testurik topatzen eta, beraz, Felipe Lozari eskatu genion zerbait idatz ziezagun. Ondo ezagutzen gara eta berak bazekien Paco emakumeen paperekin ondo moldatzen dela. Nik uste horrek iradoki ziola gaia", dio Itziar Lazkano aktoreak. Lazkanok berak ere aspalditik izan du kabaret generoarekin harremana, desagertutako Karraka taldearekin zenbait musikaletan lan egin baitzuen. Karrakaren Bilbao, Bilbao lanean gainera, oraingo honetan bezala, gizonezko rola jokatzea egokitu zitzaion: "Nahiko pertsonaia anbiguoa zen ordukoa ere. Dezente urrun dago pertsonaia mota hori niregandik baina ez dakit zergatik nahiko ondo moldatzen naiz horiek antzezten. Nire barruan dagoen alderdi maskulinoa ateratzen dut".
Kabaret generoa oso erakargarria iruditu zitzaion Felipe Lozari ere, finean unibertsalak diren gaiak jorratzeko tresna paregabea delako: zoritxarra, maitasuna eta sexua, esaterako. "Historikoki begiratuta ikus daiteke oso gutxitan elkartu izan direla kabaretean bezala adierazpen herritarrak eta jasoak. Hor dago kabaret alemanaren kasua. Bertolt Brecht eta Kürt Weill bezalako jende garrantzitsua ere horrekin konturatu zen. Kabareta herritik jaiotako genero bat da, alde marjinaletik. Komunikazio sozial eta ideologikorako oso garrantzitsua izan da". Generoak historian zehar izandako garrantziaz gain, gaur egun ikusleen artean arrakastatsua izateak ere animatu zuen idazle eta zuzendaria: "Arlo komertzialean ere pentsatu nuen, noski. Antzokiak betetzeko gogoa nuen. Gero gerta daiteke edo ez, baina horixe da helburu nagusia".
Errealitatea gainera
Cabaret Latino antzezlanean Maurice eta Marlenen bizitzako 20 urte kontatzen dira. Mauricek Marlen Bartzelonako kaian ezagutu zuen, bizitzaren tratu txarrekin nazkatuta bere buruaz beste egiteko asmotan zela. Elkarrekin kabaret ikuskizun bat egiteko proposamena luzatu zion Mauricek eta halaxe, lan harreman berezia sortuko da bien artean. Historiako gertakari gogorrek, baina, euren bizimoduan eragingo dute ezinbestean. Nazionalak Bartzelonan sartzearekin Parisa jo behar izango dute. Baina han ere zorigaiztoaren atzaparretatik ezin ihes egin, naziak sartu eta kontzentrazio esparruetara eramango baitituzte. Kubara ihes egitearekin amestea besterik ez zaie geldituko. Urteak pasata, Kubara ez, baina Bartzelonara itzultzea lortuko dute azkenean. Joan-etorri horretan sentimendu berriak sortuko dira bien artean: "Bizitzak elkartu dituen bi disidente dira. Hasieran interesengatik elkartu arren, azkenerako menpekotasun emozional batean jausiko dira", dio Lozak.
Bidaia guzti horretan protagonistek Ines Uriarte eta Iñigo Fidalgo dantzarien konpainia izango dute. Eszenatik eszenara areto dantzariek Maitane Zalduegik diseinatutako koreografiak dantzatzen dituzte. Kabaretetako dantzarien soinekoak iradokitzen dituzten kate piloak betetzen du antzeztokia, momentuaren arabera argiztapenaren laguntzaz, eszenek behar duten giroa sortzeko: "Elementu oso magikoak dira. Aktore eta dantzariak edozein lekutatik irten daitezke eta oso funtzionalak dira", gaineratu du Felipe Lozak. Antzezlanaren une batean, protagonistak Parisen daudenean, Salvador Daliren aurpegia ageri da kate horien gainean jarrita. Margolaria garaiko ikonotzat du antzezlanaren sortzaileak: "Nire belaunaldikoentzat esperientzia eta originaltasunaren adierazle da. Azken batean orduko kabaret handiko protagonista zen".
Jose Manuel Urrejola Oskorriko kide izandakoaren laguntza izan du zuzendariak antzezlanaren musika aukeratzerako orduan. Antzezlanean abesti mordoa interpretatzen dutela-eta mikrofonoak erabiltzen dituzte aktoreek ikuskizun guztian zehar, horrek, paradoxikoa iruditu arren, urrundu egiten du ekintza dramatikoa ikuslearengandik. Gehiegi.
Irailean estreinatu zuen Txalok Cabaret Latino antzezlana eta Euskal Herriko antzokietan barrena eskaintzen ari dira gaur egun. Oraingoz izandako harrerarekin pozik agertu da Itziar Lazkano: "Nik uste dut jendeari gustatzen zaiola. Batzuk esan didate nahiko mikatza dela, baina orokorrean ikusleek ondo pasatzen dute. Gainera emanalditik emanaldira hazten doaz pertsonaiak eta gero eta gehiago gozatzen dugu beraiekin".
Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda
Uhin elektromagnetikoei buruzko azterketa berria
Teknologia berrien garapena eta osasunaren alorrean jarduten duten ikerlariak ez dira ados jarri telefono eramangarriei eta sor dezaketen arriskuei dagokienez. Berriki, lau aditu independentek nazioarteko ikerketa ugari bildu dituzte, irrati uhinek osasunean duten eragin kaltegarria aztertzeko. Ekimena, ingurumenaz eta ekologiaz kezkatzen diren erakunde frantziar batzuek bultza dute. Euren txostenean aipatzen denez, «telefono eramangarria maizegi erabiltzeak sor ditzake loak hartzeko arazoak, buruko minak eta portaera aldaketak. Hori laborategi guztietan froga daitekeen kontua da. Eta litekeena da, gaixotasun neurodegeneratiboen eta gonadetako (obario eta barrabilen) anomalien arriskua handitzea». Lau aditu hauek gaineratzen dutenez, «ondorio larriak eragingo dizkie telefono eramangarria batere neurririk gabe erabiltzen dutenei». Arriskuari aurre egiteko bide bakarra ûikerlarion hitzetanû uhin elektromagnetikoen emisio neurria jaistea litzateke. Eta, hainbat estatuk egin duen bezala, metroko 0,6 volt-era murriztea proposatzen dute. Konparazio baterako, Frantziako metroko volt kopuruaren muga 41ekoa da, munduko altuenetako bat. Era berean, adituok gomendatzen dute komunikazioen iraupena mugatzea, dei bat eta bestearen artean ordubeteko tartea uztea eta sistematikoki belarrietako babesa erabiltzea. Azkenik, telefono eramangarrientzako antenetatik gutxienez 300 metrora bizitzea aipatzen du txostenak.
Bitamina ez da beti onuragarri
Suedian egin berri duten ikerketa baten arabera, odolean A bitamina gehiegi izateak hezurrak hausteko arriskua handitzen du. Ikerketari jarraiki, aldaka da hausteko joera gehien duena.
A bitamina modu naturalean esnekietan aurkitzen da, baina arreta berezia eskatzen dute azken urteetan sortu diren jaki osagarriek eta bitaminez aberastutako produktuek. Izan ere, honelako produktuak merkatuan horrenbeste ugaltzeaz bat, pentsamendu okerra zabaldu da elikaduraz arduratzen direnen artean. Alegia, bitamina gehiegi hartzeak onik ez, baina kalterik ere ezin duela egin. Ikerketek kontrakoa diote.
Mintegietako izokinen afera
Science aldizkari amerikarrak urtarrilaren 9an argitaratutako artikuluak hautsak harrotu zituen. Haztegietako izokina osasunerako kaltegarria dela, minbizia sortzen duten agentez josita dagoela, toxikatuta dagoela eta antzeko esaldi kategorikoek alarma piztu zuten kontsumitzaileen artean. Egilea Faroe uharteetan hazten den izokinari buruz ari zen batik bat, eta hilean behin baino maizago ez kontsumitzea gomendatzen zuen.
Dosier honek erreakzio ugari piztu ditu Europako nahiz Amerikako zientzialarien eta osasun arloko agintarien artean. Frantziako, Erresuma Batuko eta AEBetako elikadura eta osasunerako erakundeek zalantzan ipini dute kazetari-lana. Irizpide eta neurri desberdinak erabiltzen dituzte, eta datuekin ados badaude ere, datuok interpretatzeko moduak ipintzen ditu sokaren mutur banatan.
Dosierraren arabera izokin hauen bidez dioxina bezalako elementu poluitzaileak ipintzen ditugu gure plateretan eta ikerlariek oraindik ez diote horri behar bezala erantzun. Dioxina basoetako suteetan, erupzio bolkanikoetan eta hondakinak erretzean sortzen den molekula da. Airera zabaltzen da lehendabizi, lurreko elementuetara pasatzen da gero eta azkenik uretara heltzen da. Elikadura kateako maila guztietara barreiatzeko ahalmena du, planktonetik hasi eta arrain haragijaleetaraino, eta koipeetan erantsita gelditzen da. Gauza bera gertatzen da Poliklorobifenilarekin (PCB). Elementu poluitzaile hauek industrian erabili ziren 1970eko hamarkada bitartean. Egun debekatuta daude, baina presente beti. Antza denez, Europan onartutako maximoa baino baxuago zen izokin hauen poluitzaile kopurua.
Hasier Etxeberria / David De Jorge
OSAGAIAK:
2 Kg muskuilu
Litro laurdena ardo zuri
Kaienako pipermina, mutur bat
Gurina, zati handi bat (250 bat g.)
Perrexil xehatua
Ur zurrusta hotzaren azpian garbituko ditugu muskuiluak, tentu eta kontu handiz. Baztertu egingo ditugu hondaturik edo zabalik daudenak, eta bizarretatik tiraka garbituko ditugu zikinenak. Kazola tapadun batean isuriko dugu ardo zuria eta gaineratu kaiena muturra. Sutan jarri eta, isurkaria bor-bor hasi orduko, erantsiko ditugu muskuiluak. Kazola tapa dezagun ondoren. Minutu batzuen buruan erretiratuko ditugu zabaldutako muskuiluak, eta eltze batera iragaziko dugu ondoren kazolan gelditu den salda, su eztian erdira-edo murriztu dadin. Gurina hasiko gara orduan eransten, pixkana-pixkana eta dadotan moztua, zurezko zaliari eragiteari utzi gabe, saltsa lodi krematsu bat lortu arte. Perrexila hautseztatu dugu ondoren haren gainetik. Muskuiluak epel egongo dira oraindik; azala edo oskola kendu eta haien gainean hedatuko dugu saltsa. Berehala zerbitzatu.
OINARRIZKO KONTUAK: ABOKATA ONTZEKO ERA
Abokat berde bat, heldu gabea, Bardeako harri bat baino gogorrago edo zozoagoa da. Laster ontzeko, hoberena zera dugu: egunkari-orri batean bildu eta sukaldeko zoko batean utzi, hezetasunetik urruti. Egun batzuk iraganik, mamiak gurin-itxura hartuko du eta nahi dugunean erabiltzen ahalko dugu, ontzian utziz gero denbora luzean itxoin beharko baitugu heldu arte.
Nere Lujanbio
Arreta eta ardura eske datoz artista nafarrak, erakundeei eta gizarteari, hor daudela eta zer esana badutela gogoraraziz. Hain sinplea eta oinarrizkoa dirudien aldarrikapen hau izan da Nafarroako 18 artista garaikide Iruñeko Moisés Pérez de Albéniz galerian biltzera eraman dituena. 25 urtetan zehar (1978 eta 2004 artean), hiru belaunalditako artistek egindako artelanak biltzen dira bertan, baina Patxi Ezquieta margolari eta erakusketako partaideak dioen bezala, "25 urtetako laburpen bat izan arren, erakusketa ez da atzera begirakoa. Aitzitik, aurkezten diren lan hauek, gaur egun sortzen ari denaren eta etorkizunean egingo denaren oinarria osatzen dute, partaide guztiak lanean dihardugun artistak baikara". Gerturatu nahi duen ororentzat zabalik egongo da erakusketa martxoaren 20ra arte.
guztia irakurri