Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-03-14 -- 1935.zenb

Xabier Mendiguren Elizegi

Liburu gehiegi ateratzen da". Aurki beteko dira 18 urte nire lehen liburua atera nuenetik, eta aldian-aldian aditu izan dut delako esaldi hori. Hala ere, beti pentsatu izan dut irakurtzeko inongo zaletasunik ez zeukan jendea zela lelo hori errepikatzen zuena: Azokako legearekin konplitzeko urtean liburu bat ikusmiratzera ozta eta nekez iristen denarentzat beti izango dira soberakoak beste mila, ehun edo hamar aterata ere.

Azkenaldian, baina, balizko krisia hizpide hartuta, egiazko literaturazaleren bati entzun diot zorioneko lantua, eta berriki kantari bati ere bai antzeko kexua, bere arloaz ari zela: "Musikari gehiegi dago". Egia ote? Sortzaile gehiegi ote daukagu gure ekosistema xixtrinak denei jaten emateko? Ala sortzaile txarrak dauzkagula esan nahi ote zuten, hitz erdika?

Korapilo gehiegi ditu kontu honek denen gustura askatzeko, eta neure ikuspegia azalduko dut. Hasteko: norentzat dira gehiegi ateratako liburuak (edo diskoak)? Akaso gehiegi izan litezke Jaurlaritzako kontulariren batentzat, liburutegietarako ale batzuk erosten dituztenez gero, aurrekontuan dirutxo bat aurrezteko modua izango lukeelako bestela; gehiegi izan litezke liburu-dendako arduradunarentzat, salmahaia eta erakusleihoa etengabe aldatu behar dituelako; gehiegi izan litezke argitaletxe edo banatzaileentzat, deboluzio eta stock-ek buruhauste franko sortzen dietelako. Horien guztien arrazoiak dira zilegi eta ulergarri baina, konturatzen bazarete, ez dute zerikusirik kulturarekin eta bai beren lanbideko gorabeherekin.

Ez naiz kulturako kudeatzaileen lana gutxiesten ari ūnola ba, ni ere horietakoa bainaiz lanbidezū, baina gogorarazi beharra dago, aspaldi honetan ahaztuxe baitago, kultur azpiegiturek sorkuntzaren zerbitzura egon behar dutela, eta ez alderantziz. Artegintzan obra da funtsezko bakarra, artelanaren sortzailea eta hartzailea komunikazioan jartzen diren momentua. Gainerako guztia bitartekaritza edo ingurumaria da; batzuetan onuragarri eta beharrezkoa, besteetan bizkarroi hutsa, baina inoiz ez gune eta mamia.

Hasierako galderara itzuliz, liburu larregi ateratzen ote dira idazle eta irakurleen ustez? Ni sarri-sarri joaten naiz liburu-dendara, euskaraz zer berri atera den ikustera, eta, azaroko zaparrada kenduta, sekula ez zait iruditu nobedade gehiegi dagoenik; nire gustuen arabera batzuk hartu, besteak utzi, beste batzuei gainbegiratu bat egin... Egia esan, nahiago nuke obra gehiago aterako balitz, aukera zabalagoa izateko hartara, emozioa, jakituria, poza eta entretenimendua eskaintzen baitidate niri sorkuntza-lanek.

Sobera sortzen dela diote ordea sortzaile batzuek. Beraiena ez da izango, noski, sobrakoa, bestela isildu eta etxean geratuko ziren. Kalitatezko galbahe estuagoa erabili behar dela esan nahi ote dute, errazegi argitaratzen dela hemen? Baliteke, iritziak libre baitira, baina ez zait iruditzen: gero eta zorrotzago gabiltzala esango nuke, eta hainbat lan interesgarri bazterrean geratzen dela, argitaletxekoak ase ez edo haien lerro artistikoarekin bat ez datorrelako. Auzia beste bat izan liteke: hots, sortzaile berriak plazaratu ahala, toki falta sumatzen dela: ez dago idazle guztientzako adina zutabe eta telebista-saio, kantari guztientzako adina plaza, aktore guztientzako adina antzerki, pintore guztientzako adina erakusleku.

Hori egiazko kezka izango da bere sorkuntza ogibide egin (nahi) duenarentzat. Arazo ekonomikoa nahi baduzue (guztiz errespetagarria beraz), baina ez artistikoa. Aurrerantzean baliteke artisten arteko lehia biziagoa izatea, edo denei tokatzea tartaren zati txikixeagoa (tarta nola handiagoa egin, horra hor egiazko borroka). Nolanahi dela ere, niretzat garbi dago sormena ez dagoela inoiz sobran.

Unai Iturriaga

Zer gertatzen da (euskal) musika /musikariekin? Bai, badakit. Ez, ez dakit zer gertatzen den. Dakidana da, artikulua hasi dudan esaldi-moduarekin hastea aurkezpen arau guztiek eta eskuliburu guztiek diotenaren kontra doala. Baina gutxienez hiru gai aipatu gura nituen eta hortik parentesiak eta izendatzen ez dakidan beste zeinu horren erabilpena. Hiru galdera autonomo egitea baino luzeago joan zaidan azalpen lehor hau albora utzita, hartu dezadan tonua.

Re menorra
Zer gertatzen da euskal musikariekin? Ez guztiekin, beharbada. Baina bat eta bi baino gehiago dira azkenaldion Espainian eman beharreko kontzertuak "hurrengo baterako" utzi behar izan dituztenak. Ez naiz ni orain besoak zerura jasota Ez da posible! Ezin litekeka hasiko, ez naiz hain inozoa eta ohartzen naiz espainiarren herrian lapikokoa dagoen bezala egonda, ez dela hain harritzekoa gertatzen ari dena. Izan ere, ez dira euskalduna izateko garairik onenak baina Madrilen Berri Txarrak zalea izateko ere ez. Batzutan pentsatzen baitugu gure popa dela zulatuta dagoen bakarra baina et, et, etą Taldeek beraiek gogorarazi digute izan ohi zela beste aldean inor, ez zela jo behar zuten tokian joko zuten estreinakoa. Hori ere egiten dute euskal musikariek.

Baina Espainia gaixo dago, bi gehi bi bost direnean bezain gaixo. Eta hala ere, edo horregatik, ETB2ko programa batean Fermin Muguruza gainera zetorkion zaparradatik ihes egin ezinik ikusi nuen, Sarri-Sarri egin izanagatik azalpenak eman beharko balitu lez. Ez dakit ETBn zelako edo zer, edo neuk gaia hain argi ikusten nuelako agian, baina sentipen arraro batekin joan nintzen ohera, zero kota edo Ekuatore-marra desplazatuegi zegoelako ustearekin.

Eta usteok baieztatu nituen Jaurlaritzako sailburutzan kide independente moduan sartu eta orain bertako bozeramaile denaren ahotik, euskal musikari zenbait jasaten ari zenaren salaketa egiten entzun nuenean. Julio Medemen izena ere saldo berean aipatu zuen. Eta berriz ere, ez dakit bere ahotik entzun nuelako edo zer, baina iruditu zitzaidan errazagoa egin ote zitzaion musikariena horrela salatzea. Ze, ni bazter nahastailea izango naiz gura baduzue, baina ez egidazue ukatu zuei ere ez litzaizuekeela, gutxienez bitxia egingo, Jaurlaritza urlia eta sandia defendatzen entzutea. Egin beharko luke, badakit. Baina ni bitxitasunari buruz ari nintzen, ez dakit nola esan, beste zera horretaz.

Fa (maiorra, adibidez)
Eta euskal musikari zer gertatzen zaio? Segur aski musikari orokorrean gertatzen zaionetik asko. Nik, bidenabar esanda, gaiaren azterketa sakonik ez dudala egin nabarmen da baina artikulu bat idazteko Cronicas Marcianas ikustea baino gurago dudanez, ba, kantu horrekin nator. Neure kantua da, nire kantu onena izan daitekeen bezain txarra.

Orain hamabost urte euskal musikak zuen presentziak gainbehera egin du zentzu gehienetan. "Normaldu" esango dute batzuk, "normalizatu" bestetzuk. Baina normaltasunaz eztabaidatzea baino, esan gura dudana da, musikaren alorrak geroz eta gutxiago gainditzen duela tribuaren barruko tribua. Literaturan hori mesederako dela dio zenbaitek eta beharbada hala izango da. Baina beharbada bakarrik.

Musikan, berriz, guztiz kaltegarria dela deritzot. Ez dut nik azalduko Xabier Montoiak "liburuak ez baina diskoak bai" zergatik aurkezten dituen, hori berak egingo du gogoak ematen badio. Egingo balu nire arestiko tesiari indarra emango lioke, beharbada, berriz diot. Izan ere, musikaren espiralak kanporantz egitea ezinbestekoa dela uste dut, nahiz eta jakitun naizen espiral horrek beti ondo ezarriak izan dituela sabaiak. Galdetu bestela orain hamabost urte Euskal Herria hain txiki geratzen zitzaien musikariei. Alabaina, arazoa zeure esparrua handi geratzen zaizunean dator. Orain.

Garai batean baino areto eta azpiegitura hobeak ei ditugu, dozenaka kultur teknikari eta denetariko azpikontratak, baina oholtza bat jasotzeko gogo gutxi eta egiten dena entzuteko eta erosteko are gutxiago. Eta okerragoa dena, teknikari askok ez daki nor den nor. Jakin beharko lukeen? Nik baietz uste dut. Baina beno, ez nintzen horretaz bakarrik ari, ez dakit nola esan, beste zera horretaz ere ari nintzen.

Sol, do, re (maiorrak)
Akorde horiekin beti ateratzen da musika antzeko zerbait. Nire moduko memelo askok, kontserbatorioan zortzi urte pasa eta jotzen dakigun bakarra dira hiru handiok. Badira askoz gehiago jakin barik kantu onak egin zituztenak eta badira gehiago jakinda egundo egingo ez dituztenak ere. Orain onak badira, kantuak zein egileak baina nor da hartzailea? Ez dakit ez ote den falta, nola esan, alde guztietan geroz eta gehiago falta den beste zera hori.

Xabier Oleaga

Ezker abertzale elektoral historikoaren desegituraketa organiko eta soziologikoaren egoera, eta PPren sustraitze elektoralaren egoera, gehiengo absoluturaino iritsiko den ala ez, hori da martxoaren 14ko hauteskundeen sakonean jokoan dagoen bakarra, sinatzaile apal honen uste apalagoan. Hori eta, batez ere, indar elektoral nabarmen bat legez kanpo utzi izanaren inmoralitate demokratiko erraldoia ezer gertatuko ez balitz bezala irensteko beste indar politikoek eta euskal gizarteak duten gaitasuna.

Horregatik ez balitz, trantsizioko hauteskundeak lirateke hauek.

Esparru abertzaleko alderdi politikoak ziren eskenategi demokratiko berri baten alde urratsen bat egiteko sasoian izan zitezkeen bakarrak. Baina ez, nahiago izan dute joera kontserbadoreari eutsi, oraingoan ere, elkarrekiko konpromiso ausartetan murgildu baino. Batzuek nahi izan ez dutelako eta besteek gainerakoak erakartzeko gai izan ez direlako, kontua da lehengoan dagoela eskenategia eta horrela jarraituko duela oraingo adierazleen arabera, nonbaitetik erremediorik jartzen asmatzen ez bada. Nafarroa Bai proiektu berritzaileak ere ez du zentzu honetan, bere bertute guztiekin, aparteko ekarpenik egiten.

Oso kontserbadore daude, alegia, gure alderdi politikoak. Bakoitza bere baratza zaintze soilean, alboko papergabe zaurituari atalen bat nola kenduko, gehienez ere.

Zein urrun eta zein arrotz egiten diren lugorri zeken honetan Egunkariaren aurkako eraso eskandalugarrien karietara euskal gizarteak adierazitako gogoak.

Beste modu batez esanda, eskenategi aldaketa horren alde ekarpenik egingo ez badu, igaro bedi lehenbailehen martxoaren 14a, eta sar bedi hauteskundeen baldintzetatik libro izango den aroa, benetan beharrezkoa denari ahalbait azkarren heltzeko, hor baitoa euskal gizarte emantzipatuaren etorkizuna.

Eskenategi demokratiko horren aldera ez legokeen ezerk ez du garrantzirik beraz egungo jardun politikoan? Bada, konplexurik gabe diot ezetz borobila. Ez, behintzat, niretzat. Gako horretan ez dagoen ekimen politikoa guztiz bigarren mailakotzat dut. Izan ere egoera aurre-demokratikoan bizi garelakoan nago, eta, Franco hil ondoreneko lehen urte haietan bezala, hauxe da lehen eginkizun politikoa. Alegia, demokrazia, joko demokratikoan denok, salbuespenik gabe, pertsona guztiak, ideia guztiak, proiektu guztiak, orain esan ohi den bezala, baldintza berdinetan, jarduteko eskenategia.

Demokraziarekin batera, euskal gizartearen emantzipaziorako aukera dago zalantzan. Eta emantzipazio hori ezin uler dezaket ezker abertzalerik gabe, ezker abertzale antolatua, ongi antolatua, bere eskaintza elektoral sendoarekin, bere eragingarritasun sozialarekin. Baina gaur, legez kanporatzeak eraginda, ezkerrak zatikatzeko duen joera gaixoti zaharraren inertziaz ere, agian, ez dago abagune historikoak eskatzen dion neurrira.

Ez dago ETA neurri horretara, bestela ekingo zion jada egoerak eskatzen dion apustu definitiboari. Ez daude ezker abertzaleko beste guztiak, ETAren apustu ausarta erakarri asmoz ahalegin benetan duinean ari direnei lagundu ordez, zatiketaren sukarrean elkarri erruak botatzean arduratuagoak baitabiltza. Ez daude neurrira, zatiketak zentzurik izatekotan berriro beste baldintza batzuetan elkartzean zeukala ahaztuta, gero eta urrunagorako bidea hartuz ari direnak.

Eta ez du balio, ez, besteak egingo duenaren zain egotea. Konpontze aldera bakoitzak eman dezakeen urrats ausartek besteen aldetik norabide bereko urratsa bultza dezakeela jakina baita. Horra hor itxaropenaren bidea.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan