Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


1935. alea
2004-03-14
alde 0    kontra 0



Arriskupean!

Fernando Morillo

Ibaizabal

194 orrialde

8,21 euro



Gazteentzako abentura nobela


Fernando Morilloren Arriskupean! izenburuko istorio hau 2001ean kaleratu zuen Bihotz nahasiak abenturazko eleberriari jarraia ematen dion narrazioa dela esan genezake. Oraingoan, ikasten ari diren institutuko bedela hiltzen denean sortzen den misterioa argitzen saiatu beharko dute protagonistek, hamasei urteko neska-mutil adoretsu batzuek. Oso ezberdinak izan arren -mutiletatik bat kirolzalea den bezala, besteari informatika munduan murgiltzearen kirola baino ez zaio gustuko; eta nesketako bat zuhurra bada, ero samarra dugu bestea-, primeran dakizkite bateratzen bakoitzaren dohainak CIAkoei, neonaziei eta beste arerio indartsuei aurre egiteko. Izan ere, bedelak, denen ustean adineko gizon atsegina baino ez zen hark, iragan iluna zuen.



Euskal Gaiak: Euskal Herriko Artea

José Javier Fernández Altuna

Ibaizabal, Hariadna

140 orrialde

13 euro



Artearen bilakaera gurean


Koloreetako irudiak lagun dituela, Euskal Herriko lurraldeetan arteak historian zehar izan duen bilakaera aztertzen du José Javier Fernández Altunak Euskal Gaiak bildumako liburu honetan. Euskal artearen dibertsitatea hartu du egileak aintzat hasteko, Euskal Herriaren hedadura oso handia ez izan arren, lurralde bakoitzaren historia eta bizi izan dituen egoeren ondorioz era askotako errealitateak dauzkalako barruan. Euskal arteak izan dituen kanpoko eraginak azaltzen ditu gero, gurea kanpoko eraginez isolaturik egon den kontua mitoa baino ez dela izan agerian utziz, nahiz eta era berean nabarmendu euskal gizarteak, gehienetan behintzat, kanpokoaren aurrean uzkur jokatu duela, hau da, kanpoko elementuen aurrean autoktonoa defendatzeko joera nagusi izan dela.



Nosferatu

Batzuen artean

Donostiako Udala,

Euskadiko filmoteka

188 orrialde

9 euro



Akira Kurosawaren konpromisoa eta zinema lana


Donostiako Kultur Udal Patronatuak argitaratzen duen Nosferatu zine aldizkariaren azkenengo zenbakian Akira Kurosawa zinegilea hartu dute oinarri nagusi. Besteak beste, haren zinema lana du hizpide José Enrique Monterdek. Jarraian, Japoniako zinegileetatik mendebaldarrena gisa hartua izan den Kurosawaren filmografia aztertzen saiatzen da Santos Zunzunegui. Gero, Antonio José Navarrok Akira Kurosawaren filmatan agertzen diren samuraien eta roninen (alderrai dabiltzan jauntxorik gabeko samuraien) inguruan dihardu. Sara Torresek, berriz, Shakespeare eta Kurosawaren artean dauden antzekotasunak agertzen ditu. Eta Antonio Weinrichter-ek, japoniarraren thriller-ak.



Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiari begira

Batzuen artean

Deustuko Unibertsitatea

268 orrialde

9 euro



EAEko ekonomia zertan den

Lau ataletan banaturik dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiari begira lana ESTEko irakasleak diren Mari Jose Arangurenen, Miren Larrearen eta Itziar Navarroren artean egina izan da. 1990etik 2000 urtera ekonomiak aipatu lurraldean izan duen bilakaera aztertzen dute, baina liburua unibertsitateko ikasleez gain, beste talde batzuek ere erabili ahal izatea nahi zutenez, beren azterketatik ateratako daturik esanguratsuenak eta adibiderik adierazgarrienak baino ez ematen ahalegindu dira bertan. Hasteko, ikerketaren oinarri izan diren funtsezko kontzeptu teorikoak aurkezten dituzte, EAEko ekonomiaren lehiakortasuna eta EAEko eskualde guztiak banan-banan aztertzeari ekiteko gero. Eta jarraian azterketatik atera dituzten ondorioak eskaintzen dituzte.



Barraskiloak margotu zituen neska

Pere Martí i Bertran

Desclée De Brouwer

64 orrialde

5,50 euro



Zazpi urteko neska baten azkartasuna


Antton Olanok euskaratu eta Eva Zabalak marraztu duen Pere Martí i Bertranen Barraskiloak margotu zituen neska istorioan, zazpi urteko neska batek barraskiloak inork jan ez zitzan egin zuena kontatzen da. Hirian bizi arren, udak aiton-amonak bizi diren herrian pasatzen ditu neska horrek, eta hara noiz joango zain egon ohi da, aitona eta amona asko maite dituelako eta herrian bizikletatik jaitsi gabe harat-honat ibiltzeko lagun ugari dituelako. Baina behin uda euritsua egokitu zitzaien, eta azkenean atertu zuenean, aitonak barraskilo bila joatea proposatu zion neskari. Jateko onak omen! Hori entzutean, sekulako atsekabea hartu zuen neskak. Zer egin zezakeen haiengatik?



Hizpide

Batzuen artean

Eusko Jaurlaritza, Habe

91 orrialde

4,94 euro



Ikasleen akatsen aurrean irakasleek egin dezaketena


Euskalduntze-alfabetatze aldizkari honen azkenengo zenbakian, ikasleen akatsen aurrean Arrigorriagako Udal euskaltegian irakasleek erabiltzen dituzten zuzenketa-teknika eta jokabideen berri ematen du Olatz Bourgeaudek. Bestalde, hizkuntza baten ikas-prozesuan literatura nola erabil daitekeen adierazten du Begoña Escuderok Nobela baten lanketaren historiaúlanean. Eta Josu Pesalesek Ezagutzeko eta ikasteko estiloak eta Hizkuntzak ikasteari buruzko usteak gaiak hartu ditu oraingoan hizpide.



"Jon Igeldo". Corresponsal clandestino de Radio Euzkadi

Gerardo Bujanda

Sabino Arana

201 orrialde / 15 euro



Berriemaile klandestino baten kronikak


Radio Euskadik eta Sabino Arana Kultur Elkargoak plazaratu duten "Jon Igeldo". Corresponsal clandestino de Radio Euzkadi liburuan, Iñaki Anasagastik egindako hitzaurrean Venezuelatik emititzen zuen "euskal erresitentziaren ahotsa" bezala ezaguna izan zen irrati horren historiaren zertzeladez gainera, Gerardo Bujandak Jon Igeldo izengoitiarekin 60ko hamarkadaren bukaera aldetik 1974ra bitartean irrati horrentzat Donostiatik Caracasera gutun moduan bidali zituen berriak eta gogoetak biltzen dira. Frankismopeko Euskal Herrian erresistentziak jasan behar izan zuen jazarpenaren salaketa, Burgosko epaiketa, hasierako ETA, Franco Donostiara etortzen zeneko giroa eta abar luzea zituen Gerardo Bujandak aipagai, barne kritika ere bazterrera uzten ez zuten bere kolaborazio horietan. Hamazazpi urterekin Saseta bataloiko gudari egin eta 18 bete zituenean preso hartu zuten Bujanda. Frankisten hainbat kontzentrazio esparru, langile-batailoi eta kartzeletan egon ondoren, hiru urte eta erdian Afrikan soldadutza egin beharrean aurkitu arren, Donostiara itzuli orduko euskal erresistentzian sartu zen gizon hau.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1934
 
azala1933

1935 zenbakia.
2004ko martxoaren 14a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza