Jakoba Errekondo
Hitza eta hizkuntza omen dira beste espezieetatik bereizi eta geureari arrazoizko berezitasuna ematen diona. Hizkuntza izango da, gero, gure arteko berezikeriak eta mailakatzeak ûzapaldua, kolonizatzailea...û ekarriko dizkiguna. Hizkuntza bakoitza bere kulturan espezializatua da eta kultura guztiek lotura estua dute naturarekin eta landareekin. Euskaldunok izugarrizko aberastasuna dugu landare izendegian, landare berak dozena bat edo hamabost izen izan ditzake... Aberastasun hau ulermenerako zailtasuna ere bada. Honi beste hizkuntzetakoak gehituta dotorea da kaosa baina galanta. Panorama honetan landare bat aurkitu edo sortzen duenak egoki deritzon izena jarri eta kultura guztietako jendeak erabili dezan izendegi batean ezartzen da.
Izen generiko gehienak hizkuntzaren batean landareak duen izenetik dator: grekoa, latina, arabiera... Daphne ibaietako jainkoaren alabaren izenetik dator, Andromeda Kasiopea eta Zefeoren alabarenetik,... Beste batzuk botanikariak, mezenas jendea eta abar goraipatzeko jarriak dira: Leonard Fuchsentzat Fuchsia, Adam Lonicerentzat Lonicera, Atanasio Etxeberria margolariarentzat Echeverria familia, Armand David ezpeletarrarentzat Davidia, Lardizabalarentzat Lardizabalaceae familia eta Lardizabala generoa...
Landare guztiek generikoaren ondoren bigarren bat dute: geografiari lotua: atlantica ipar Afrikako Atlas mendietakoa, australe hegoaldekoa, sinense txinarra, euskadiensis hemengoa, lusitanica Portugaldarra... habitatari lotua: aquatica urtarra, maritima itsas ondokoa, palustre paduretakoa, sylvatica basotarra... eitearen itxurari lotua: pendula makurtua, nana ttikia, arborea zuhaitz tankerakoa, horizontale zabalera hazten dena... hostoen formari lotua: coriacea gogorra, crassifolia urtsua edo lodia, glabra ilerik gabea, hirsuta iletsua, macrophylla hostoa handiak, picta koloretsua, variegata bi koloreduna... loreen formari lotua: campanulata ezkil itxurakoa, polyantha lore ugaria duena, stellata izar itxurakoa... koloreei lotua: alba zuria, aurantiaca laranja, aurea urrea, flava larua, lutea horia, rubra gorria, viride berdea... usainari lotua: foetida kirastuna, moschata goroldi usainekoa...
Botanikari euskaldun gutxi izan ditugula nabarmena da.
Jabier Agirre
Osasunaren Munduko Erakundearen asmo edo helburu nagusietako bat gaixotasun infekziosoen aurkako borrokan zentratzen da, eta horien artean poliomielitisa zen begiz jota zuten gaitzetako bat: horrela OME eta Unicef erakundeen helburua 2005. urterako gaixotasuna mundu osoan erabat desagertzea zen, aurretik beste hainbat gaixotasun infekziosorekin lortu den bezala.
Poliomelitisa birus batek sortutako gaitza da, beste sintoma batzuen artean paralisiak eragiten dituena, beheko gorputz-adarretakoak batez ere, eta bizi osorako ondorioak uzten dituena. Gaitzak ez du bestelako sendabide edo tratamendurik, eta horrexegatik, prebentzioa da aspalditik erabili izan den bidea: polioaren aurkako txertoa haurren txertaketa-egutegietan sartua dago herrialde garatuetan, oso emaitza onekin gainera. Kanpaina horien eraginez, 1988. urtean adibidez 350.000 gaixo "berri" atzeman ziren mundu osoan, baina 12 urte beranduago, 2001. urtean, 483 besterik ez ziren izan.
Baina egoera aldatzen ari ote den dirudi. 2002. urtean, esaterako, berriz ere gora egin zuen diagnostikatutako gaixoen kopuruak, eta 1.866 kasu kontabilizatu ziren. Eta zifra beldurtzeko modukoa ez den arren, joera bada kezkagarria. Beheranzko joerarekin jarraitu ordez, eta urte batzuen buruan gaitza erabat desagertutzat jo ordez (orain 30-35 urte baztangarekin gertatu zen bezala), adituek kezkatuta daudela esan dute.
Eta nondik etorri ote da joera-aldaketa hori? Itxura guztien arabera, Indiako hainbat eskualdetan txertaketa-kanpainek kale egin dute, eta hortik gaixotasuna beste herrialdeetara ere hedatzeko arriskua. Beraz, ez lasaitu, eta jarraitu txertaketa-egutegiarekin, gaizki ulertutako "askatasun" horrek bizitza osorako ezintasunak eta ondorio txarrak ekar baitiezazkioke zure seme-alabari. Eta ez dut uste gutako inork horrelakorik opa diogunik gure ondorengoei.