Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2004-03-07 -- 1934.zenb

Nere Lujanbio

Bi hilabete pasatxo dira Nerea argitaletxeak Arte y arquitectura en el País Vasco izeneko liburua argitaratu zuela; denbora nahikoa izan dugu, beraz, patxadaz begiratu eta irakurtzeko.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, erromanikotik gaur arte sortutako artearen ibilbidea aurkeztea du helburu liburuak. Baziren zenbait urte, 80ko hamarkadatik hain zuzen, ez zela gisa honetako lanik argitaratu eta, normala denez, garai hartakoak nahikoa zaharkituta zeuden honez gero. Lehendik zegoenari ikerketa lan berriak eta egileen esperientzia gehituaz, informazioa osatu, zuzendu eta berritzea izan da argitalpen berri honen ekarpenik interesgarriena.

Erromanikotik gaur egun arte sortutako artea hiru atal nagusitan banatuta aurkituko dugu: Erdi Aroa (XI.-XV. mendeak), Aro Modernoa (XVI.-XVIII. mendeak) eta Aro Garaikidea (XVIII.-XX. mendeak). Garai historiko bakoitzeko espezialistak izan dira testuen egileak, EHUko irakasleak guztiak. Espezialistak izanagatik, egileen asmoa ez da soilik adituei edo arte historiako ikasleei zuzendutako testuak egitea izan, artean interesa duen edonork erabiltzeko moduko lana osatzea baizik. Beharbada, garai bakoitza ikuspegi ezberdin batetatik abiatuta landu izanaren ondorioz, epe historikoen artean nolabaiteko haustura nabarmentzen da, loturarik eza. Baina bestalde, banaketa horrek, mesede egin dio atal bakoitzaren zehaztasun eta zorroztasun historikoari.

Erdi Aroko sekretuak argituz

Erdi Aroa lauso ilun batez estalirik egon izan da luzaroan. Felicitas Martínez de Salinas eta Juan Jose Usabiagak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionean, lauso hori garbitzen saiatzeko lan gogorra egin dute. Orain arte egin izan diren ikerketa lan gehienak, artelan edo lurralde konkretuei buruzkoak izan dira, lan solteak. Oraingoan ordea, aurrez sakabanaturik zegoen guztia batu eta osatuz, erromaniko eta gotikoaren ikuspegi orokor bat eskaini ahal izan digute, arlo horretan zegoen hutsune nabarmena betez. Garai eta lurralde bakoitzeko adibide interesgarrienak aztertzen ditu liburuak, gaur arte iritsi zaigun ondarearen ikuspegi zabal bat eskainiz. Interesgarria da, besteak beste, Gasteizko Katedral Zaharreko indusketa arkeologikoek hiriko historia artistikoari egin dioten ekarpenaren aipamena, aurkikuntza berriek lehengo uste batzuk baieztatu eta beste batzuk ukatzea ahalbidetu baitute.

Emakumeak euskal artean

Nabarmena da garaiak aldatzen ari direla. Duela zenbait urte ia pentsaezina izango litzateke emakumea eta euskal artea izenburu berean uztartzea. Beharbada horixe da liburu honek eskaintzen digun berrikuntzarik aipagarriena. Nahiz eta Aro Garaikidea lantzen duen atalean soilik izan, emakumeek sortutako arteak merezitako arreta izan du, eta tamalez, hori oraindik berrikuntza bezala ikusi behar dugu. Azken urteetan, erakusketetan gero eta emakume gehiagoren lanak aurkeztu arren, lehenengo aldiz izan dute mota honetako liburu batean aipatuak izateko "ohorea". Gaur egunean, arte sorkuntzan emakumeek duten presentzia gero eta handiagoa ederki islatzen du liburuak eta pentsatu genezake, Aro Garaikideko atala osatzeaz arduratu diren bi irakasleak emakumeak izateak, eduki duela eraginik horretan. XIX. mende bukaeran Ascensión Martiarenarekin hasi eta gaur egunera hurbiltzen goazen heinean, gero eta ugariagoak dira emakumeen aipamenak, artean ere, beste hainbat alorretan bezala, emakumeek objektu izatetik subjektu izatera eman duten jauziaren ispilu.

Pilar Iparragirre


Nere berriketa eta aitortza
Leon Albeniz "Iruntxiberri"
Auspoa/Gipuzkoako foru aldundia
277 orrialde
15 euro



Korrikalariaren idazle marka


Aiako Iruntxiberri baserrian jaioa dugu Leon Albeniz Maiz, gerora "Iruntxiberri" izenarekin hain ospetsu egingo zen korrikalaria. 1937an ekarri zuen bere amak mundura, senideen artean hamargarrena zen, eta Nere berriketa eta aitortza liburuan adierazten duenez, behar adina hazi gabe gelditu ei zen, eta berrogeita hamar kilora ailegatu gabe berrogeita hamar urte pasatutakoa da. Baina hain zuzen arintasun horrek lagundu zion markarik politenak lortzen korrikalari bezala jokatutako apustuetan. Liburu honetan, bere bizitza ez ezik, apustularien mundua ere literatura bihurtu du, jaiotetxeko giroa azaltzetik hasi, korrikarako grina nola sortu zitzaion kontatu, egindako apustuen berri eman eta joko-gizonen gazi-gozoak zeintzuk diren agertuz.


Euskal Gaiak: Euskal Herriko Literatura
Miren Billelabeitia
Ibaizabal, Hariadna
124 orrialde
13 euro



Euskal idazleen lanaren azterketa


Bernat Etxeparek XVI. mendean idatzi zituenetatik hasiz XIX. mendean izan ziren idazleen lanetarainokoak aztertu ditu Euskal Herriko Literatura liburuan Miren Billelabeitiak, gure literaturaz kanpoko tradizio eta kultur mugimenduekin lotura eginez. Gure literatura klasikoa benetan literatura den ala ez zenbaitentzat eztabaidan dagoen aldi honetan -alegia, badirudiela idazlan askok azterketa filologikorako aproposagoak direla, eta ez horrenbeste azterketa literariorako-, euskal idazleen lana Europako giro kulturaletan kokatzen ahalegindu da Miren Billelabeitia, aurretik aztertutako egile bakoitzaren testua eskainiz, jarraian interpretazio bideak zabaltzeari ekiteko, idazle bakoitza bere garaian kokatuz, azkenean idazlearen eta bere lanen alde ederrak agertzeko.


Euskal Herria
Batzuen artean
Sua edizioak
120 orrialde
5 euro



Ezkutuan diruditen historiako pasarte eta bazter horiek


Badira gure inguruan hamaika gauza eta bazter miragarri oso gutxik ezagutzen dituztenak. Horiek guztiak argira atera nahiko lituzke Sua edizioak kaleratzen duen Euskal Herria aldizkariak, eta bere azkenengo zenbakian, euskal geografian aurki daitezkeen 26 arroila eta leize zuloren berri emateaz gain, beste lan hauek ere agertzen ditu: gure lurraldean dauden gotiko garaiko altxorrik preziatuenak, Floridako dortoken inbasioari aurre egin nahian dabiltzan euskal jatorrizko dortoken egoera, ia ezagutzen ez diren Xabier Minaren biografiako hainbat pasarte -gaztetan frantziar armadaren kontra egin zuen borroka, gero Mexikoko independentziaren alde ekitean espainiarren kontra egingo zuen bezala-, eta abar luzea.


Aldaketa soziala eta praxi kolektiboa
Zesar Martinez
Deustuko Unibertsitatea
68 orrialde
4,40 euro



Neoliberalismoari aurre eginez


Globalizazio neoliberalaren sasoi hauetan aldaketa sozialari buruz zabaltzen ari den diskurtso ideologiko deterministari aurre egin nahian, Soziologian doktore eta EHUko irakaslea den Zesar Martinezek egindako saio honen izenburu zehatza Aldaketa soziala eta praxi kolektiboa. Gizartearen produkzioa pentsamendu soziologikoan da. Bertan, merkatu globalizatuaren lehiakortasuna eta etengabeko hazkunde ekonomiko-produktiboa giza eboluzioaren eta aurrerapen sozialaren bide bakar gisa aurkezten duten adituen teoriei, beste ikuspegi teoriko ezberdinekin egiten die aurre Martinezek, pentsamendu soziologikoan garatu diren beste ikuspegi teoriko horiek gizartearen produkzioa eta gidaritza.nola kontzeptualizatu duten aztertuta.


Koadro isila
Xabier Etxaniz Rojo
Erein
199 orrialde
13,60 euro



2003ko "Donostia Opera Prima" saria


Xabier Etxaniz Rojok "Donostia Opera Prima" saria irabazi zuen iaz Koadro isila lehen nobelarekin. Laurogeiko hamarkadaren erdialdetik hurrengo hamarkadaren hasieraraino gure inguruan suertatu ziren gertakizun politikoak institutuko ikasle batzuen amets eta ikuspegitik nola bizi izan ziren islatzen duen narrazio honetako protagonista institutu garaian Jarraiko militante izandako hogeita hamar urteko marrazkilari etsitu samar bat da. Emaztea eta maitalea galtzeko trantzean dago, eta ez daki ezer egiterik izan ote duen gauzak horrela ez izateko. Urduri dabil gizona, emazteak ea behingoz seme-alabaren bat elkarrekin ez al duten izan behar galdetu diolako, eta berak gogoko duen ezezko borobilarekin erantzuteko gai izan ez delako. Eta hain zuzen orduantxe jaso du hamar urte aurretik ikaskide izan zituenen deia, institutuak hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko ekitaldietan eta ikasle zein irakasle ohien arteko bazkarian ea parte hartuko duen galdetuz. Gustura erantzungo zien hauei ere ezetz, ez baitauka garai haiek oroitzeko gogo askorik, baina zer edo zer ordainduko diotela aipatu dutenez, bada... onartu egiten du proposamena.


Txomin komunean
Liesbet Slegers
Ibaizabal
26 orrialde
5,24 euro



Pixa eta kaka handiek bezala egiten ikasten


Jolasean dabil Txomin txikia, bat-batean pixagure eta kakagure dela konturatzen denean. Garrasi batean, amari deika hasten da, pixontzia ekartzeko eskatuz, dagoeneko ez baititu ez kaka ez pixa praketan egiten. Baina Txominen amak ez dio pixontzia ekartzen, haren esanetan jadanik mutiko handia delako, eta horiek ere beste guztiek bezala komunean egiten ikasi behar duelako. Eta komunera eramaten du, komuneko zuloaren gainean eserita uzteko. Orduan Txomin beldurtu egiten da, zulo hori galanta delako eta berari hankak lurrera iristen ez zaizkiolako. Baina azkenean egin beharrekoak egitea erabakitzen du eta amak ipurdia garbitzen dionean ohartzen da gauza berri bat egiten ikasi duela.


Bat-bateko bertsoak idatziz emateko...
Batzuen artean
E.H.ko Bertsozale elkartea
23 orrialde



Bat-bateko bertsoak idatziz emateko irizpideak


Bertsozale Elkarteak 1991n plazaratu zituen Bapateko transkribapenerako erizpideak, baina 2003an berriz heldu nahi izan zion lan horri, zenbait alderdi lotu beharra zegoela ikusita. Bertsoak argitaratzeko eta artxibatzeko pentsatuta dauden irizpide hauek bi ataletan daude banatuak. Batetik, bertsolariek kantatu bezala idatziko diren bertsoak agertzen dituzte. Eta bestetik, hizkuntza arauek ahozkoa lehenesten dutelako edo irakurketa errazten dutelako aldaketak egin beharreko zenbait kasu aztertzen dira.

Katixa Garate

agertoki bat nahi genuelako sortu dugu Asvinenea, arrazoi sinple horrexegatik», erantzun digu Adunan zabaldu duten arte eszenikoen sustapenerako laborategiko kide eta sortzaileetako Carlos Lópezek, halako proiektu bat abiatzeko arrazoiez galdetuta. Lópezekin batera, Asvinenean harrera egin diguten Leti Aristik, Idoia Sánchezek eta Anjel Andoñok orain artean arte eszenikoetan jarduteko izan dituzten arazoak aipatu dizkigute: kultur etxeetan entseatzeko aretoren bat lortu izan dute, baina Asvineneako kide gehienek beste lan batzuetatik ateratzen dutenez bizimodua, arratsaldeko zazpietatik aurrera biltzeko aukera zuten soilik eta kultur etxeak ez dira berandu arte zabalik egoten; ikuskizunak agertoki bat zapaldu gabe prestatu behar izan dituzte askotan; kultur entseguetarako aretoak itxita izaten dira asteburuetan... Horiek horrela, Donostia eta Tolosa inguruko hainbat antzezle, clown, musikari, ipuin kontalari eta titiritero soluziobide baten bila hasi ziren, baita aurkitu ere.

Hamazazpi pertsonen lan, esfortzu, diru eta ilusioak batuta, arte eszenikoak landu, ikertu eta zabaltzeko elkarte pribatua osatu dute eta euren ametsetako jokalekua ere paratu dute, Adunako Zubitxiki industrialdean. Iazko martxotik abendura bitartean sagardotegi behar zuen pabiloia atontzen aritu dira. Haiek egokitu dituzte lurra, sabaia, eszenatokia, txotxongiloak egiteko tailerra, ikus-entzunezkoentzako txokoa... Eta abendutik hona eurek sortutako lanak jendaurrean erakusten ari dira. Hilean hiruzpalau emanaldi egiten dituzte; haurrei zuzenduak batzuk, helduentzakoak beste batzuk eta arte eszenikoetan dabiltzanentzat bestetzuk.

Denetarik izaten da ikuskizun horietan: argi beltzarekin egindako piezak, ipuin kontalariak, antzerki monologoak, clown saioak, musika zuzenean... Orain arte egindako lana jendaurrean probatzen ari dira eta zerbait sendoa lortzen dutenean Asvineneatik kanpo zabaltzeko asmoa dute.

Magia eta ilusioa

Asvineneara sartutakoan, eraikinak bisitaria liluratzen du. Txotxongiloak daude nonahi, sabaitik zintzilik nahiz euren fabrikatxoan ûtxotxongilo tailerreanû pilatuta. Mural ederrek ipuin baten jokaleku bihurtu dute espazioa. Agertokiaz eta arrain-ontzi itxurako ikus-entzunezkoen eremuaz gain, hitz-aspertuan aritzeko txokoa dago, besaulkiz hornitua; goiko solairuan bulegoak daude. Hara ailegatutakoan bada arreta ematen duen beste zerbait: Asvineneako kideek duten ilusioa. Ilusioa arnasten da bertan. Lana egiteko gogo biziz daude eta beste pertsonekin elkartrukeak egin nahi dituzte, euren lana zein besteena aberasteko. Kideen arteko harreman berezia izan du hizpide Anjel Andoñok: «Halako lotura bat sortzen ez bada, gauzak ez dira aurrera ateratzen. Harreman horrek asebete nau gehien».

Carlos Lópezek elkarte gastronomikoen bidea hartzen du eredu: «Euskal Herrian ezer garatu bada elkarteak dira. Elkarte gastronomiko pila dago eta munduko sukaldaritzarik onenetakoa dugu. Jendeak sukaldatu egiten du eta horrek badu zerikusia. Elkartzeko joera hori baliatuta, arte eszenikoen elkarteak, poetenak, pinturakoakà sor daitezke. Eta horrekin egiten diren gauzen maila eta kalitatea handia izatea probokatzen duzu».

Bileretatik emanaldietara

Bakoitzak duen aisialdiaren arabera, modu batera edo bestera hartzen du parte Asvinenean. Batzuek ia egun osoa ematen dute eraikinean eta beste batzuk astean bizpahirutan biltzen dira entseguak nahiz bilerak egiteko.

Aurrera begira proiektu ugari dute: hainbat ikastaro jarriko dituzte martxan (gorputz adierazpena, txotxongiloak nola maneiatu, clown...); film labur bat egiten ari dira animazioa txotxongiloekin uztartuta; eskoletan eskaintzeko haur ikuskizun bat ari dira prestatzen; haurrentzako txotxongilo tailerrak egin nahi dituzte pabiloian...

Sustapen plataforma

Asvineneak jorratu nahi duen beste alor bat promozioarena da. Elkarteko kide sortzaileen nahiz bestelakoen lanak sustatu nahi dituzte, bai bakarkakoak bai taldekoak. Honako baldintza betetzen badute, jakina: eszenako lana izatea. Besteak beste, web orri bat prestatzen ari dira horretarako.

Momentuz ez dute diru-laguntzarik jasotzen, laguntza bat eskuratzeko elkarte gisa urtebete egon behar baita izena emanda eta haiek abenduan egin zituzten paperak. «Berez proiektua martxan jartzeko batez ere hasieran behar duzu laguntza, baina hala dago arautua», esan digu Lópezek.

Idoia Sánchezen hitzetan, orain arte jendearen harrera oso ona izan da, jendea txundituta geratzen da lekua ikustean: «Ez du halako leku bat espero. Haurrak txintxo-txintxo egoten dira bi orduz eta hori harritzekoa da». «Merienda ematen diegu eta horrek ere laguntzen du!», dio irribarretsu Leti Aristik.

Asvinenea izeneko ametsa abiatu da. Orain betetzea besterik ez da falta: «Eraikina badugu, asmoa orain ahal den ordu guztietan okupatzea da», dio Lópezek. Horretan lagundu nahi badituzue hona hurrengo emanaldiak: martxoaren 6an haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute, 12an helduentzako saioa eta 26an talde gonbidatuen txanda izango da.

Pilar Iparragirre

Koadro isila zure lehen nobela da?
Bai. 2001eko irailean hasi nintzen beraxe idazten. Izan ere, protagonistari emazteak egiten dion galdera berbera egin zidaten orduantxe niri.

Baina zuk baiezkoa erantzun zenuen...
Halaxe da. Baina hain zuzen orduan bururatu zitzaidan ideia, hau da, ea zer gertatuko zen nik seme-alabaren bat elkarrekin izateko galderari ezezkoa erantzun izan banio. Horren harira hasi nintzen bueltaka, eta hauxe atera zitzaidan.

Nobela politiko gisa har al daiteke?
Ez dut uste. Politika badago bertan, baina ez da eleberri politikoa. Era berean, gazte garaia aipatzen da, eta niri gazte garaian gertatutako gauza asko kontatzen dira, baina ez da gazteentzako eleberria. Eta "maitasuna" ûedo maitasun-ezaû ere badago, baina ez da maitasunezko eleberria.

«Donostia Opera Prima» sarira aurkezteko asmotan idatzi al zenuen?
Ez eta bai. Ni nobela egiten hasi nintzen eta gerora jakin nuen Donostia "Opera Prima" saria zegoela. Baina, beno, nik beti aurkezten ditut idatzitako lanak lehiaketetara.
Eta baita irabazi ere! Suerte on kontua al da?
Ez da hain erraza. Lan egitea da gauza, eta kontua da, 2002. urte horretan dezente lan egin nuela.

Bestelakoan, zer-nolako harrera izan du zure nobelak?
Ez dakit, lagunen iritziak baino ez ditut ezagutzen. Gertatzen dena da, lagunak kintakoak direla, eta asko gustatu zaie, pasarte askotan ezagutzen dituzten gauza asko azaltzen direlako, eta askok bere burua identifikatuta sentitu dutelako.

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda

Jaki funtzionalak (eta II)
Jaki funtzionalak (ikus aurreko ARGIA) eta berauen onurak goraipatzen dituzten iragarkiak egunero ikusten ditugu telebistan. Berriki, Juan Mari Arzak sukaldari ospetsua eta Martin Fiz kirolari olinpikoa azaldu zaizkigu estanolesterrak dituzen esnekiak promozionatzen. Baina zer dira aspaldi honetan ugari entzuten diren elementu erantsi horiek? Zer dira hiztegi arruntetan agertzen ez diren hitz itsusi horiek? Horren mesedegarriak, horren beharrezkoak ote dira? Hainbat argibide:
Estanolesterra konposatu begetal bat da. Egurraren pulparen hondakinetan aurkitzen da eta kolesterolaren aurkako esterol begetalik edo fitoesterolik eraginkorrena da.
Esterol begetalak zelula begetalen osagaiak dira. Bere estruktura kimikoa eta bere funtzioak animalien zeluletako kolesterolaren antzekoak dira eta oso eraginkorrak dira hesteetan, kolesterolaren xukatzea galarazten baitute.
Probiotikoak gure elikaduraren osagarri gisa hartzen diren mikroorganismo biziak dira eta onuragarriak dira kontsumitzailearen osasunerako, hesteetako flora bakterianoan eragiten baitute. Merkatuko produktuen artean, esnekietan aurkituko ditugu nagusiki.
Gure liseriketa aparatuan 400 mikroorganismo espezietik gora bizi dira eta horietarik 30-40 inguruk ûflota mikrobianoa deitzen denaû %99a osatzen dute. Jaki probiotikoek floraren oreka mantentzen eta mikroorganismo kaltegarriei aurre egiten laguntzen dute.
Prebiotikoak gure hesteetako bakteria onen hazkuntza eta aktibitatea eragiten duten jakiak dira.
Edari bizigarriak edo energetikoak. Ikerlari askok kezka azaldu du mota honetako edari berrien aurrean, kafeina, teina edota beste alkaloide bizigarriren bat izateaz gainera, askok ginseng, guarana, taurina edo efedrina baitute osagaien artean. Ikerlari hauen hitzetan ezin da esan gabe utzi, adibidez, kafeina eta efedrina nahasteak bihotzeko arazoak sor ditzakeela, edota taurina deituriko aminoazidoaren epe luzeko efektuak oraindik ez direla aztertu. Bestalde, alkoholarekin ez nahastea eta deshidrataziorik ez gertatzeko ur asko edatea gomendatzen dute.
Jaki funtzionalek piztu duten interesa eta berauek osasunarekin lotzeko dagoen joera ikusirik, Europako Batasunak osasunari lotutako argibideak, hau da, jakion efektu onuragarriei buruz kontsumitzaileari zuzenduriko informazioa arautu nahi du Functional Food Science in Europa deituriko erakundearen bidez. Jaki bat funtzionaltzat hartzeko oinarri zientifiko sendoetan oinarritutako frogak erakutsi beharko dira eta adituen zeregina izango da jakiaren ezaugarri osasuntsu hauen berri ematea.
Functional Food Science in Europa deiturikoa osatzen duten ikerlarien ustez, jaki funtzionalak jaki normalen gisan merkaturatu beharko lirateke eta izan ditzaketen efektuak dietan normalki kontsumitzen diren kopuruetan frogatu behar dira.
Bestalde, Europako Batasunak osatutako erakundeak proposatzen duena araudian onartzen bada, jaki funtzionalek bestelako informaziorik ere azaldu beharko dute etiketan. Esate baterako, onura osagarriez gainera, hartu beharreko jaki kopuru egokiaren eta jakia hartzeko moduaren berri eman beharko dute. Gainera, dieta orekatu baten eta bizimodu osasuntsu baten garrantziaz ere ohartarazi beharko dute.

Hasier Etxeberria / David De Jorge

OSAGAIAK:

Urraburu eder bat burua eta guzti, 4 lagunentzako modukoa, errai eta alboko hezurrik gabe
Mihilu adaxka lehor batzuk
2 kg gatz larri
Ura, xorta bat
Oliba olio birjina, estra

Gatza eta ura nahasiko ditugu katilu batean, ore bat egiten ariko bagina bezala, modelatzeko moduan utzi arte. Arrautzaren zuringoa erabiltzen dute batzuek uraren ordez. Mahaira ateratzeko moduko labe-erretilu baten hondoan gatz azpia prestatuko dugu ondoren, eta haren gainean utziko dugu urraburua, sabelaldean mihilu adaxka lehor batzuk sartuta. Haien lurrun goxoak kutsatuko du arrainaren mamia labean erre bitartean. Mihilurik ez badaukagu, mendiko belar idorrak erabili ahal izango ditugu, gustukoen ditugunak, arrainari zapore ona emateko: erromeroa, ezkaiaà baita itsas belar heze-hezeak ere, galipotak ukitu ez baditu behinik behin. Arraina gatzaz estaliko dugu ondoren, haren gainean gatz-tontor bat itxuratuz, eta labean edukiko dugu 30 bat minutuan, 180º-ko tenperaturan (ongi beroa egon behar du labeak arraina sartzerako). Kalkulatu beharra dugu urraburuak duen kilo bakoitzeko 20 bat minutu eman behar dituela labean.
Epe horren ostean atera eta gatzezko armazoi horretan utziko dugu urraburua 5 bat minutuan, ukitu gabe. Lan nekeza dugu orain eta, harako markes hark iradoki zuen bezala, pazientzia eta trebezia handia erakutsi behar dugu, inolaz ere, jakiak mozteko artean (lasai neska-mutilak!).
Koilarakada batez hautsiko dugu gatzezko kutxa, eta kontu handiz aterako ditugu solomoak. Zuri-xuri azalduko zaizkigu, itsasoaren lurrin goxoa dariela. Oliba olio gordinez oparo garaztatu eta barrura!

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan