Josemari Velez De Mendizabal
Julian adiskide zarauztarra Bilbora joan zen lanera orain dela hirurogei urte inguru, eta espainieraz txintik jakin gabe estualdi ederrak pasatu zituela adierazten dio, entzun nahi dionari. Julianek, berriz ere bere jaioterrian bizi dena eta ama hizkuntzaz gain gaztelaniaz ere pixka bat badakiena, Bilbon orain euskaraz bizi izatea erraza dela uste du. Hori kontatu bide diote. Eta horrela azaldu zidan lehengoan.
Iokin Zaitegi zena ere, berez izaera baikorrekoa jaioa, oso pozik itzuli zen behin Bizkaiko hiriburutik Arrasatera, euskararen lasterketa irabazita ikusi izan balu bezala, Gran Via-n galdetu baitzien bi laguni nondik jo behar zuen Udaletxera iristekoà eta, antza denez, ulertu egin zioten, nahiz eta erantzuna bi kasuetan espainieraz jaso zuen.
Julian eta Iokin ez bezala, ni ez naiz hain optimista. Eta baikortasunaren galerak urteen joanarekin du zerikusi zuzena, duela mende laurden bat beste modu batez pentsatzen bainuen eta etorkizunari begi itxaropentsuagoekin egiten nion so, orain erabiltzen ditudanekin baino. Arrasateko kaleetan barrena egin dut neguko igande arratsalde honetan eta, oso jende gutxirekin gurutzatu banaiz ere, zinez, ez diot inori euskaraz aditu. Ezta haurrei ere euren jolasetan; argota gaztelaniazkoa nahiago zuten, antza. Eta sentsazio mingots batekin etxeratu naiz, nire burmuinean ostera dantzaka hasten zelarik "Zer gertatzen ari zaio Euskal Herriari?" itaun kezkagarria.
Ibon Sarasolari irakurri nion elkarrizketa batean, bere ustez euskararen arazoa komunikatzeko tresna egokia nola arraio bilakaraz dezakegun asmatzea dela. Erabat ados nago berarekin baieztapen horretan. Baina euskarak, ba al du euskaldunon laguntza? Euskaldun ez diren arren euskararen ongizatearen alde, teorian behintzat, apustu egin dutenek eskaintzen al diote gure hizkuntzari laguntza nahikorik? Zer da laguntza nahikoa? Eta eurentzat euskara oztopo besterik ez den guzti horiek ailega al litezke inoiz gureari eskua luzatzera?
Nola da posible, azken berrogei urteotan hainbeste diru eta esfortzu inbertitu ondoren, euskaraz erabat hezitako belaunaldiek beste hizkuntza batera jotzea kideen artean komunikatzeko? Lagun batek esaten dit euskarak parekotasun handia duela erlijioaren eguneko egoerarekin: umeek eta zaharrek praktikatzen dute. Bada, ez dakit oso zuzen dagoen, ume franko ikusten baititut giroak erdaraz egitera "behartuta", eta gero eta atso-agure gutxiago antzeman daiteke gure kale bazterretan euskara ezpainetan dutelarik. Oraingo zaharrak ez bide dira euskararekiko lehengoak bezain "fededun".
Hizkuntza maioritario eta hiztun gutxikoen arteko oreka oso zaila da. Orain arte horrela izan bada ere, egun askoz konplikatuago gertatzen da erronka, hain zuzen komunikazioa globalizatu ûmundializatuû egin baita eta hizkuntza batzuen eta besteen garapeneko abiadura ezin daiteke berdina izan, galtzaile nor den asmatzea ariketa samurra delarik. Aditu batzuen iritziz, gaurko hizkuntzetatik %90 desagertu egingo dira XXI. mendean zehar. Polita, ezta? Egongo al da gurea, hil ezkilak eskainiko zaizkien horien artean?
Irabazi al du euskarak, bere iraupenerako ezinbestekoa zaion estatus soziala? Nik esango nuke, atzera egin dugula, tamalez. Euskal gizartea, berez, zeharo konfliktiboa dugularik, euskara ez da zurrunbilo honetan alderik osasuntsuena, ezta gutxiagorik ere. Aitzitik, oso zutabe hauskorra da eta, iruditzen zait, duela urte batzuk eskuragai zitzaizkigun espazio sozialak gero eta urrutiago ageri zaizkigula. Bestalde, ez dakit euskal belaunaldi berriak noraino dauden kontzientziatuta gure hizkuntzaren egoera larriaz.
Ba al da, euskal eta erdal hiztunen arteko sosegusa berreskuratzerik? "Inoiz izan al da?" galdetuko balit irakurleak, garai hobeak ezagutu ditugula erantzungo nioke. Beraz, bi komunitateen ûberez kontrajarriak inoiz egon beharko ez luketenakû arteko interaktibitatea amets izatetik errealitatera jaitsi al genezake? Ziur nago ez dagoela zer eginik ez badugu lasaitasuna bermatzen. Gure eleaniztasunaren markoa oso estua da eta mugak irekitzen ahalegindu ezik gureak egin du, laster batean. Ez da bakarrik soziolinguistikaren aplikazio hutsa, ez; askoz terapia sakonagoa behar dugu, eta horretan gizartekide guztion saiakera konprometitua ezinbestekoa da.
Gizarte eragileon borondateak irabazi beharra dago. Helburu horretatik urruti, oso urruti gaudela onartzea sendabiderako lehen urratsa litzateke. Hizkuntza eta kultura anitzeko gizarte margoaskotarikoa bilakatzen ari da gurea, eta mosaiko horretan bizirik eta indartsu jarraitu beharko luke euskarak. Ez, ala?
Gari Berasaluze
Herri honetan gezurra ari duela erakusteko Lorea Agirrek idatzi digun ispilu ederraren atarian, Joxe Azurmendik, hainbat kontu interesgarriren artean, kritikaren bokazioa ere hartu du hizpide. "Kritika arte zail bat da. Mailuarekin baino agian hobeto egiten dena pintzelarekin, kontuz egiten ikasiz gero. Aukera daukagu ikasteko. Ikasiko dugu", dio hitzaurrearen amaiera aldera, euskal prentsaren berehalako erronkak aipatzean.
Oraindik ere ikasi egin behar dugu, argi dago. Egunero ikasten da zerbait. Duela egun batzuk, esaterako, Urola-Kostan, ikasteko gogoa dugun hainbat lagunek ekin diogu bideari, laugarren Hitza abiaraziz. Irakurleei eguneroko berriak euskaraz eskaintzeko aukeraren aldeko apustua egin dugunok, ordea, irakasle duinak izan ditugu azken urteotan. Ez gara eremu antzuan hasi lanean, eta hitzez ongi landutako eremu horretan batzuek erakutsi diguten kalitatea eta profesionaltasuna uztartuz egin nahi dugu aurrera.
Beharbada bat baino gehiago harritu egingo da kritikarik zorrotzena egia dela esaten baldin badugu, baina hedabide gehiegik ezkutatzen dutena agerraraztea eta azken batean herritarrei hitza ematea da, antza, askori susmagarri egiten zaiena. Euskadi Literatura Sarien banaketan hizlari elebakar bakarrak euskararen intolerantzia salatzeko sinesgarritasunik ez duen bezala, ordea, euskarazko eguneroko prentsaren bidean, orain artean eskua zabalik izan ez dutenek dute pluraltasuna ezbaian jartzeko sinesgarritasun ahulena. Hitza herritar eta alde guztiei emateko ahaleginak eta gaitasunak erakusten du, beti, pluraltasunaren neurria. Eta ahalegin horretan eguneroko euskal prentsa zein baino pluralagoa den galdetzen dugunean, badakigu zer esaten dugun. Inork ez du oraindik eredu pluralagorik erakutsi. Erantzunik gabe geratu da galdera.
Ildo horretan aurrera segitzea, irakurle guztien zerbitzura egotea, eta egunero kalitatea eskaintzea besterik ez dugu, beraz, egin beharreko lana duin egiteko. Urola-Kostako hamaika herrietan, Euskal Herriko beste hainbat eta hainbat herritan bezala, orain arte ez genuen geure udalerrietako berriak geure hizkuntzan jasotzeko aukerarik. Hitza sortu behar izan da horretarako, eta harrigarria da zein mesfidati begiratzen dioten batzuk egunkari berriari, ibilbide frankista nabarmena izan duen egunkari erdalduna eta errotua etxekoa balitz bezala irakurtzen duten bitartean. Hari ez zaio pluraltasunik eskatzen. Haren pluraltasun eza, ezaguna eta nabarmena da. Haren tolerantzia falta, onartu egiten da. Eta, hala ere, abertzalerik abertzaleenak ere etxeko sukaldean du egunero.
Ez da erraza urteetan mamituriko ohiturak aldatzea irakurleei. Horregatik, albisteak beste inork baino lehenago eta hobeto jorratzea da gure erronka. Azken batean, egunero herritarren zerbitzura dagoen kalitatezko egunkaria egitea. Beste inor baino profesionalagoak izan behar dugu. Ez dugu nahi gurea euskaraz delako soilik hartzen duen irakurlerik. Gurea beste inorena baino duinagoa delako bildu nahi ditugu irakurleak. Beste inork baino hurbilago egon nahi dugu haiengandik. Beste inork baino hurbilago egon behar dugu, ezinbestean. Azken batean, orduan soilik lortuko dugu herritar guztiek gustura irakurtzea, eta euskara kalitatearekin lotzea, eta ez militantzia hutsarekin. Horrela soilik lortuko dugu Hitza gure herrietako plaza handiena izatea eta, bidenabar, euskarari ekarpena egitea.
Argi dugu zein den bidea. Argi dugu zein diren bide-lagunak. Eta argi dugu zein diren irakasleak ere. Esan dugu lehenago: ez gara eremu antzuan ari lanean. Hau bezalako euskarazko aldizkariak, azken urteotan loratu diren herri-aldizkariak, euskarazko eguneroko prentsa, eta azken hilabeteetan bidea zabaltzen ari diren Hitza berriak ditugu eredu. Pintzela hartu eta egunero marraztu nahi dugu egia, dituen kolore eta ñabardura guztiekin. Badakigu arte zaila dela. Baina aukera daukagu ikasteko. Ikasiko dugu. Zuen laguntzarekin!
Itxaro Borda
Bazter orotarik krokodilo marrakak aditzen dituk Marco. Joan haiz hi ere beste hainbat txapeldun mediatikoren ildotik, zangoak aitzinean, droga ugarik suntsiturik, jendearen hauts eta errauts destinoaren bila. Gazteegi? Balitekek, baina legendan sartzeko hobe James Deanek zioenez, gazterik hiltzea. Segur nauk bizikletan hasiz geroztik herioaren itzala susmatzen huela, bakardade larrukorrarenarekin nahasten huen arren han, demagun, Ventoux mendi idor eta biluziaren kaskoan.
Marco ez nauk garbi eta suharrenetarik: kirolak, kultura kreazioaren antzera, batez ere goi-mailakoak, jende arruntak ematearen beharrik ez duen energia galdatzen dik, hiltzeraino. Ez duk gaztigurik gabeko ametsik nehoiz ekoitzi. Eta kide arruntak noiztenka dela sentitzeko ohizko mugaz harago doanaren sakrifizioa eskatzen dik; arkangelurik ez duk kide arruntaren pizti-goseak Abrahamen semea eroan dezan ekiditeko.
Irudi likek Marco gure eguneroko trahitze txikiak, gezurrak, nagusi eta handi nahiak hirea bezalako ezustezko (hipokritak gaituk) eta aldi berdinean iragarritako (hematokritoak ere bai) herioek ordaintzen dituztela.
Diskurtso etikoaren mamia kolpatzen duen ETAren heren-laurden-erdiko menia murritz hau ez duk ikusiko: Ciao Marco!
Arantza Urkaregi
Egunkaria itxi zutenetik urtebete igaro den honetan, euskalgintzak jasotzen dituen erasoak gaitzesten ditut, Guardia Zibilak zein Ertzaintzak egindako torturak gaitzesten ditut, mehatxatua edo bizkartzainekin ibiltzeak sorturiko askatasun-murrizketa gaitzesten dut, alderdi politikoen ilegalizazioa gaitzesten dut, banakako giza-eskubide zein eskubide kolektiboen urraketa oro gaitzesten dut.
Bale, eta orain zer? Posible izango dut Bilboko Udalbatzan hitz egitea edo udal jardueran parte hartzea? Ikasle presoek EHUn ikasteko aukera izango al dute? Presoen sakabanaketa salatzen zuen "Euskal Xakobeo" Bilboko Inauterietako desfilean egongo litzateke?
Gure herrian bizi dugun gatazka politikoaren ondorioz, guztiok dakigu eskubide-urraketa ugari daudela. Eta badakigu ere gatazkaren konponbidea eskubide guztien berme ematean oinarritu behar dela.
Gatazka konpontzeko proposamenak ez dira falta. Baina, bai, nire ustez, gatazka konpontzeko benetako borondatea.
Konponbide hori lortzeko lehenengo urratsa Euskal Herria herri gisa onartzen duten indar politikoen arteko akordioan kokatzen dut. Baina akordio horretarako borondaterik al dago?
Josu Jon Imaz prest dago PP eta PSOErekin hitz egiteko, baldintzarik gabe. Baina Batasunak ez badu ETAren jarduera gaitzesten, EAJk ez du Batasunarekin hitz egingo.
Pasa den abenduan, Bergarako Proposamena plazaratu zen eta muzin egin zioten EAJ, EA, Aralar, Zutik edo Batzarrek, nahiz eta jakin gatazka bideratzeko ateak irekitzen zituela. Argi dago hauteskunde-atarian beti interes partidistak gailentzen direla, baina noiz izango gara gai, talde politiko bakoitzaren interesak alde batera utzita, Euskal Herria herri bezala onartua izan dadin beharrezkoa den elkarlana abian jartzeko?
Epe laburrera zaila izango da, murgilduta gauden hauteskunde-kanpainan norberak berea defendatzeari ekiten baitio. Batzuek PSOEren garaipenean jarrita dute itxaropena. Nik ez dut uste PSOEk irabaziko duenik, baina horrela izanda ere, euskal gatazkaren konponketa ez da Madrilgo Gobernua eskuratzen duenengandik etorriko. Konponbidea gure artean, hain anitzak garen euskal herritar guztien artean bilatu behar dugu. Eta gure arteko elkarlanerako oinarriak jarrita, Espainia eta Frantziako Estatuei exijitu beharko diegu Euskal Herriaren aitortza.
Jadanik martxoaren 15era begira jarri behar dugu. Alde guztietatik entzuten dut 2004 urtea oso urte garrantzitsua izango dela. PPren ustez, ETAren suntsipen poliziala lortuko duelako. Ibarretxeren kasuan, ez dakit bere Plana onartu zelakoan edo zergatik. Baina niretzat 2004 urtea garrantzitsua da, bizi dugun gatazka bideratzeko aukerak daudelako.
Edo beharbada erratuta nago eta ez dago aukerarik. Egia esanda, klase politikoari begiratuta ez dut konponbiderako aukera handirik ikusten. Baina beste motako adibideak egon badaude, ELA eta LABen arteko harremanen berreskurapena edota Nazio Eztabaidagunean lantzen ari diren proposamenak.
Egoera argi-ilun honetan nahiago dut argia ikusteko ahaleginak egitea, egoera berri bat erdiestearen aldeko indarrak biltzeari ekinez, eta ez hasieran aipaturiko gaitzespen hutsal kontuekin ibiltzea. Oso argi dut gaitzespenek ez dituztela gauzak konpontzen. Eta horren adibide nabarmena emakumeok jasaten dugun biolentzia dugu: guztiok gaitzesten dugu biolentzia sexista, baina egunez egun esnatzen digun berria da gizon batek eraildako emakume batena. Horretan argi dugu biolentziaren muinera jo behar dugula, gizon eta emakumeon artean dauden ezberdintasun-harremanak deuseztatuz. Ikas dezagun eta ekin diezaiogun benetan gatazkaren konponbideari, aurrebaldintzarik jarri gabe.
Koldo Aldalur
Nazionala? Orain hurrena jendea hainbeste izutzen duen kale inkesta horietako batean galdetu omen zuten, horrela tonto plantan, Euskal Herria nolakoa den, eta erantzun zuten gehienen ustez, menditsua, berdea eta umela omen da. Ez dakit non egin zuten galdera hura, baina seguruenik ez Erriberri inguruan edo Bastidan.
Pilota kontuan antzeko zerbait gertatzen ari da azken aste hauetan. Ia inork ez daki Iparraldean pilotari profesionalak ûæendepandakÆ deituakû, lau hilabeterako kalera bidali dituztela. Haiek Frantziako Pilota Federazioarekin desadostasun handiak dituzte, eta Xapelgoan parte hartzeari uko egin berri diote. Diziplina Batzordearen bidez, Federazioak datozen lau hilabeteetan, ez txapelketa ofizialetan, ez gainontzeko partidatan, parte hartzerik ez dutela adierazi die. Praka zuriak armairuan uzteko, alegia.
Egoera honen aurrean, oraingoz bederen, pilotariak bat eginik daude, eta helegitea aurkeztuz kontra egingo diote, Federazioa hain gustura eta pilotariak hain haserre utzi dituen Diziplina Batzordearen erabakiari.
Pilotariek zer eskatzen duten azaltzea ez da oso zaila. Urtean zehar jokatzen dituzten partiden arabera hainbat puntu jasotzen dituzte, eta, pilatutako puntu kopuruaren arabera elite mailan jarraitzeko eskubidea dute edo maila galdu beharrean izango dira. Eta, jakina, ez datoz bat pilotariaren maila neurtzeko modu honekin.
Eta jakina, nioen, binaka jokatzen dituztelako ia neurketa denak, lesio malapartatu batek hilabete luzeetan eduki dezakeelako pilotaria jokatu gabe, eta ondorioz punturik lortu gabe, ondo joka daitekeelako baina garaipenik erdietsi ez...
Buruan sartzen al zaizue Hegoaldeko profesional mailako esku pilota enpresek baremo bera erabiliko balute zer gertatuko litzatekeen? Ba, audientzia altuenak lortu arazten eta pilotalekuak betetzen dituzten hainbat pilotari estelarretatik kanpo geratuko liratekeela eta izen handirik ez duten beste hainbatek, partida irabazle amorratuak, haien lekua beteko luketela kantxan. Dauden diru interesak ezagututa fikzioaz ari naizela pentsatuta zaudete seguruenik. Arrazoi duzue; hori ez dugu guk ikusiko.
Beraz, hemeretzi pilotari onentsuenak geldirik, eta tradizio handiko pilotalekuak mutu. Nora joango dira pilotazaleak urteetako ohitura apurtuta peria ostean Garaziko Garat ixten badiete? Eta ostegunero Baionako Saint Andre trinketean bildu ohi direnak? Zigorrak bi-binako eta buruz-buruko xapelgoak harrapatzen ditu. Eta kirolarien duintasuna, eta ilusioa, eta ikusleen pazientzia... eta abar.
Hasieran aipaturiko inkestari borondate onenarekin erantzun zieten gehienek gure herriak mahastietan hordituta dituen lautada lehor eta ñabarrak direnik ere ez zuten gogoratu. Hegoaldeko pilotazale gehienek aztarnarik ere ez dute Bidasoaz harat gertatzen ari denaz. Badute finalerako bidean den txapelketa, eta gainontzekoa hutsala da.
Nazionala omen da esku pilota. Kirol nazionala gainera, baina elkarren berri askorik ez dugu. Hainbat komunikabidek afera honen aurrean izandako isiltasuna ikusita galanta da isiltasuna ikustea, uste dut kale gorrian utzi dituzten pilotariek gorriak ez ezik moreak eta beltzak ere ikusiko dituztela beraien bakardadean.
Biriatukoak baino kalte handigoa egin ohi dio gure kulturari jakin nahi ezaren mugak. Partida galtzen ari gara, baina sakea guk dugu. Pilota da lekuko.