Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2004-03-07 -- 1934.zenb

Daniel Udalaitz


Burtsako crasha terminoarekin, Burtsan kotizatzen duten balore gehienen beherakada guztiz azkarra adierazten da. Kotizazioen beherakada bat-bateko hori, egun bakar batean gertatzen dena, merkatuaren beraren doitzeko mekanismo bat besterik ez da. Crashak burtsako euforia-aldi baten bukaera ekartzen du, eta, zenbaitetan, ekonomiaren atzeraldi baten atarikoa izan daiteke. Ekonomiako edo burtsako euforiazko egoerek, non eskariak erruz gainditzen baitu eskaintza, titulu kotizatuen prezioak gizenarazten dituzte, gainbaloratuak geratzeraino. Merkatua bera arduratzen da prezio horiek zuzentzeaz, bat-bateko beherakadaren bidez: horixe da crasha. Crash terminoa, 1929ko krisi ekonomikoan sortua, 1987an hartu zen berriro, azken hamarkadetako burtsako beherakadarik handiena definitzeko. 1987an Wall Streeten lortutako maximo historiko etengabeak eta operazio-aretoan bizi zuten giro euforikoa prezioen berebiziko beherakadan bukatu zuten. Urriaren 19ko astelehena, orduz geroztik "astelehen beltza" deitua, Dow Jones indizearen %22,6ko beherakadarekin itxi zen. Ez nazioarteko merkaturik indartsuenak, ez balore pisudunenak, ez ziren salbatu crash hartatik. Burtsako fantasma hori berriro agertu zen burtsa guztietan hiru urte geroago, Estatu Batuek Iraken egin zuten aurreko interbentzioaren ondoren (1990), nahiz eta beherakadaren intentsitatea ez zen izan 1987koarekin konparatzekoa.


Datorren larunbatean Elkarrik 3.000 mahaitik gora jarriko ditu Euskal Herriko kaleetan elkarrizketaren aldeko 100.000 sinadura biltzeko egiten ari den kanpainaren barruan. Dagoeneko 65.000 lortuak ditu eta datoren apirilerako bildu nahiko lituzke gainerakoak.

Hauteskunde kanpainan eroritako datua da, berria ez baina bai gogora ekartzeko gisakoa: Nafarroako minbizi tasarik handiena ematen da Erriberan -eta estatuko handienetakoa- eta bada susmorik Bardeetako tiro poligonoak baduela zerikusirik honetan. Azterketa bereziak abian jartzeko eskaerak behin eta berriz egiten badira ere, oraingoz ez da halakorik egin.

«Zergatik Alfonso Ussia kazetari espainiar eskuindarrak jadanik ez du idazten ABC egunkarian?» Hori da Izaro Newseko tituluak galdetzen duena. Erantzunean dio Vocento taldeko (lehen Correo Taldea) zuzendari batek errieta egin ziola artikulu batean euskal nazionalismoaren aurka aritu beharrean euskal herritar guztien aurka aritzen zelako. Zuzenketa eskatu ei zitzaion, honek ez zuen zuzendu eta azken asteetan eskuineko egunkari erregezalea Ussiaren sinadurarik gabe ageri da.


Otamendiren tortura salaketak artxibatu dira

Iazko otsailean Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta egon zeneko tortura salaketak artxibatu dizkio Carmen Valcarce Madrilgo Lurralde Auzitegiko 5. instrukzio epaitegiko epaileak Martxelo Otamendi Berriako zuzendariari. Torturen «batere zantzu fisikorik» ez antzematea izan da ebazpenean erabilitako argudio nagusia. Epaileak Otamendiri deklaraziorik hartu gabe erabaki du salaketa artxibatzea. Xabier Alegriaren tortura salaketak ekainean artxibatu ziren. Egunkaria auzian tortura salaketa egindako beste hiru pertsona ûIñaki Uria, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendiû Madrilgo Lurralde Auzitegiaren erabakiaren zain dira.


Ustezko bi etakide atxilotu dituzte Cuencan

Espainiako Barne Ministerioaren esanetan, Irkus Badillo eta Gorka Vidal, joan den asteburuan Cuencan 500 kilo leherkarirekin atxilotutako ustezko bi etakideek dena prest zuten Madrilen atentatu handiren bat egiteko. «La Razon» egunkariaren aurka izan zitekeela zabaldu da.


Presoen aldeko nazioarteko konferentzia maiatzean

Maiatzaren 20tik 23ra preso politikoen aldeko nazioarteko konferentzia deitu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Donostiako Miramar Jauregian. Presoen egoera gero eta txarragoa salatzea eta haiekiko elkartasun harremana sendotzea dira helburu nagusienak. Nazioarte mailako kolektibo ugari izango dira gonbidatuen artean.


10.000 preso errepidegintzan aritu ziren Nafarroan

36ko Gerraren ondoren gutxi gora behera 1942ra arte Nafarroako toki desberdinetan errepidegintzan edo bestelako herri lanetan indarrez aritutako frankismoaren 10.000 bat presoei buruzko ikerketa sakona egin dute Fernando Mendiola, Edurne Beaumont, Maite Huarte y Hortensia Serranok. Historialari hauen esanetan, lan hauen helburua ez zen bakarrik presoak doaneko lan indar gisa erabiltzea, aurkari politikoak ezabatzeaz gain, hauekin erabilitako molde zapaltzaile hauek erregimenaren indar erakusketa gisa ere erabiltzen ziren.


Kanpaina hotza

Espainiako hauteskunde orokor hauek, Katalunian ez bezala, oraindik ez dute beren abiada osoa hartu euskal lurretan. Alderdiak ibili badabiltza eta datorren astean seguruenik martxa betean, baina oraingoiz eguraldiak are hoztu du berez hotz zetorren kanpaina. Azken sei urteetan Hego Euskal Herrian izandako hauteskunde guztietan txinpartak atera izan dira behin eta berriro, eta oraingoan, D egunetik hamar egunera, berez berrikuntzarik falta ez duen kanpaina honetatik tira ezinean bezala ari dira alderdiak. Inkestek esperantza eta larritasun hautsak barreiatu dituzte han hemenka. PPri bi eserleku kenduko ei dizkio PSE-EEk eta Gipuzkoako bat EA eta Aralar-Zutiken artean dabil dantzan. Baliogabeak zerbait jaitsi egingo dira. Gainerakoan berdintsu. Hori da Jaurlaritzaren inkestak dioena. Espainian PP gehiengo osotik gertu ei da. Datorren astebururako izango da zeresanik emango duen beste inkesta andana bat.


Kontseiluak akordio sozio-politikoa ekainerako prestatzea iragarri du

Alderdi politiko eta sindikatuekin Kontseiluak lortu nahi duen akordio sozio-politikoa ekainerako prest egotea espero duela iragarri du Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. Orain, bigarren errondan ari dira, hau da, alderdi eta sindikatu bakoitzaren oharrak jasotzen. Hirugarren errondan sinaketarako zirriborroa aurkeztuko die Kontseiluak. Akordioak bi zutabe nagusi ditu: euskararen normalizazioan sakontzea eta erasoen aurrean nolabaiteko «babes bat mamitzea».


Itzultzen lan gutxiago

Iruñeko Udaltzainen ibilgailuetan errotulazioak euskaraz jartzen lanik ez du izango Udalak hemendik aurrera. Hiritarren Babeserako zinegotzi Eradio Ezpeletak Udaleko autoetako idatziak kendu eta zerbitzuaren telefono zenbakia eta Udalaren ikurra jartzea erabaki du. Euskararen Ordenantzaren arabera, udal errotulazioak gazteleraz zein euskaraz jarri beharko lituzke Udalak, hala gogorarazi dio duela gutxi Nafarroako Administrazio Epaitegiak, behinik behin.


«Historia literaria de Navarra»n euskarazko lanak ez dira agertzen

Ibilgailuetan ez ezik literaturari buruzko entziklopedia mardulean ere ez dute aintzat hartu euskara Nafarroan. Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitateak Historia literaria de Navarra izeneko entziklopediaren lehen alea kaleratu du, XX. mendeko poesia eta antzerkiari buruzkoa. Euskaraz idatzi dutenen aipuak hutsaren hurrengoak dira. Angel Raimundo Fernandez katedradunak euskarazkoak ez sartzeko arrazoia eman du: «Azterketak hizkuntza jakitea eskatzen du eta guk ez dakigu».


Nafarroako Gobernuaren eta Euskaltzaindiaren hitzarmena

Jean Haritschelhar euskaltzainburuak eta Pedro Pegenaute Unibertsitate eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak sinatu dute urte honetarako akordioa. Besteren artean eginkizun hauek izango ditu Euskaltzaindiak: Jose Mari Satrustegiren artxibategietako katalogazio eta digitalizazio lanari ekitea eta hainbat herritako hizkeren grabazioak euskarritan paratzea.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan