Astekaria

 Kultura 

Sukaldean: Untxi papurtua parmentier eran

Hasier Etxeberria


David De Jorge


1933. alea
2004-02-29
alde 0    kontra 0

8 edo 10 puskatan zatituko dugu untxia, ahalik eta koipe gehiena erretiratuz. Gatza pixka bat emango dugu ondoren. Kazola zabal batean gorrituko ditugu puskak, alde guztietatik. Azenarioa, porrua, baratxuriak eta tipula erantsi, gai horiek guztiak biraka erabili eta ardo beltzaz, uraz eta salda pastillaz bustiko ditugu ondoren. Kazola estali eta 45 bat minutuan edukiko dugu egosten guztia. Epeltzen utziko dugu ondoren. Horrela maneaturiko haragia eskutan erabil dezakegun unean, hezurgabetu egingo ditugu puskak, betegarria egin ahal izateko. Iragazi eta koipea kenduko diogu saldari; sutan jarriko dugu ondoren, salda lodi bat lortu arte.

Beste kazola batean, olio pixar bat jarri eta tipulin pikatuak maneatuko ditugu, gatz pixka batez. Su eztian utziko ditugu izerditzen, xamur eta gorri gelditu arte. 45 bat minutu igaroko dira. Barrengorriak erantsi eta tipulinarekin batera salteatuko ditugu, 20 bat minutuan, gorritu arte. Gatz pixka bat eman eta untxi haragia sartuko dugu ondoren, papurtua. Arestian urritu eta loditu dugun salda erantsiko dugu ondoren, eta egosten edukiko dugu guztia, zukua murriztu eta betegarria ongi goxa dadin. Gatz-puntua neurtu, zuzendu eta perrexila erantsiko dugu ondoren. Oso zaporetsu geratu behar du.

Labe-erretiluaren hondoan zabalduko dugu haragi egosi hezurgabea, eta tomate saltsaz estaliko dugu ondoren. Haren gainean zabalduko dugu patata purea, patata egosi, zuritu eta puregailuan pasa ondoren egina izango duguna. Eltze batean sartuko dugu patata-mami hori eta biraka eragiteari utzi gabe erantsiko dugu gurin hotza, xorta bat esnegain eta gatza. Trinko geratu behar du.

Purea ongi hedatu eta gero, zuzenean jarriko dugu labean gainerretzen, edo gazta birrindua gainetik hautseztatu ondoan sartuko dugu labean. Entsalada berde batekin zerbitzatu eta mendialditxo bat egin ondoren, sabel barruak egoki arintzeko.


Osagaiak:

Untxi eder bat edo bi ertain

Azenario bat, xerratan

Porru bat, xerratan

Baratxuri-buru bat

Tipula bat, zatituta

Litro erdi ardo beltz

Ura

Pastilla bat haragi-salda

5 tipulin eder, pikatuak

Eskukada bat barrengorri, pikatuak

Perrexil xehatua

Oliba olioa

Litro laurdena tomate saltsa mamitsu

Kg bat patata pure

Gatza

Oinarrizko kontuak: Arrautzak nola egosi

Arrautzak eltze baten hondoan utzi eta ur hotz askorekin estaliko ditugu. Gatz larria ere bota, eskukada bat. Uretan sartzean arrautza azala ez arrailtzeko ematen diogu gatza, bestela hondoaren kontra jo eta krask!

Su ez oso bizian jarriko dugu eltzea eta urak irakiten duenean, borbor xuabe baina jarraituan, 10 minutuz utziko ditugu arrautzak ur irakinetan. 10 minutu, ez gehiago, ez gutxiago. Arrautzak xukatu eta iturri azpian paratuko ditugu, ur hotzak agudo freskatu ditzan.

Egosi eta gero ezin bazaie ongi kendu azala, azala kentzean arrautza puskatzen bada, gatz gutxi bota diegun seinale da. Denbora gehiegi pasatzen badute ur irakinetan, gorringoa berdatu egiten da. Beraz, badakizu, neurria hartu behar. Gero arrautzak ausarki egosi.


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1932
 
azala1931

1933 zenbakia.
2004ko otsailaren 29a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza