2004-02-29 -- 1933.zenb
Espainiako Estatuko Kode Penalean aspaldidanik daude ingurumenari egindako hainbat eraso (hots, delitu ekologikoak) zigortzen dituzten figura juridikoak, baina "delitu ekologiko" esamoldea ez zen 1983ra arte zabaltzen hasi, 347-bis artikuluaren ezarpenaz. Erreforma hark ekarritako aldaketarik garrantzitsuena, hain zuzen, delitu ekologikotzat har daitekeenaren erabateko zabalkundea izan zen: ordura arte epaile batek nekez zigor zezakeen jardunbide ugari argi eta garbi zehaztuta egon ziren 1983az geroztik. Gainera, 347-bis artikuluaren arabera kaltea egotea ez zen derrigorrezkoa delitua egoteko; ingurumena edota osasun publikoa arriskuan jartze hutsa ere jazar eta zigortu zitekeen baldintza batzuen pean.
Haatik, legedia zorrotzagoa izateak ez du eragin ingurumenaren aurkako ekintzak gehiago zigortzea, Carlos Alonso abokatuaren iritziz behinik behin: "Espainiako Estatuan, 1992ra arte Auzitegi Gorenak ez zuen epai bakar bat ere eman. Euskal Autonomia Erkidegoan, urte hauetan guztietan, salatuaren aurkako epaiak hogei baino gutxiago izango ziren, eta gainera absoluzio harrigarri bat baino gehiago egon da".
1995eko Kode Penal berriak ez omen zuen egoera irauli, ekologistengan itxaropen ugari piztu arren. Oro har, delitu ekologikoengatiko zigorrak gogortu eta delitu mota berriak aipatu ziren. "Horien artean azpimarragarrienak ūdiosku Carlos Alonsokū ingurumenaren prebarikazioaren multzoan sar daitezkeenak dira". Hots, agintari edo funtzionarioek ingurumenari kalte egiten dioten jardunbideen aldeko txostenak ematea edo haien alde bozkatzea, besteak beste. 1995eko Kode Penal berriaren beste neurri esanguratsu bat egindako kaltea konpondu beharra da: legez kanpo eraikitakoa eraitsi, galarazitako oreka ekologikoa berreskuratuą Delitugileak egin beharreko lanak beti ere.
Esan bezala, legedia paperean baino ez da gogortu ekologisten aburuz. Espainiako Estatuan 2001eko otsailean egindako Ingurumenaren Babes Penalaren III. Jardunaldietako ondorio bat, hain zuzen, zera izan zen: "Ekologistok ez dugu zalantzarik ingurumenaren aurkako eraso larriak gero eta gehiago direla, eta aldiz, kutsatzen duten enpresa-ugazaben, suteen eragileen edota legez kanpo eraikitzen dutenen aurkako epaiak oso urriak dira".
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© ARGIA.com
Lege Oharra
RSS sindikazioa