Izaskun Jauregi
Bertso eskoletarako zubi
Ahozkotasuna lantzea, bertsolaritzara zaletzea eta bide batez ikastetxe eta bertso eskolen arteko zubi lana egitea da dagoeneko Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak zenbait ikastetxetan martxan jarri duen egitasmoaren xedea. Oraingoz, Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta, Azpeitia, Azkoitia, Orio eta beste zenbait herritan ari da 10 eta 12 urte bitarteko haurrekin lanean. Aurten beste zenbait eskualdetara zabaldu nahi dute egitasmoa, besteak beste, Buruntzaldea, Txingudi eta Goierrira. Horrez gain, aurtengo urterako aurreikusitako ekimenen artean, bertsolari gazteei kantatu eta promozionatzeko aukera emateko formulak martxan jartzearena dago eta baita Gipuzkoako bertso eskolen arteko sarea osatzearena.
Artearen edizioa
Artearen alor interesgarrienetako bat da edizioarena. Arte aldizkari, katalogo, artisten liburu eta Interneteko agerkariei buruz, hain zuzen, hitz egingo dute Gasteizeko Artiumeko Liburutegi Sailak eta Dokumentazio Zentroak antolaturiko Editarte foroan. Ekaina bitartean mahai-inguruak eta hitzaldiak eskainiko dituzte hainbat adituk. Besteak beste, martxoaren 24an kultura digitalaren aroko aldizkariei buruzko mahai-ingurua egingo da. Apirilaren 14an berriz, teknikak, materialak, lengoaiak eta beste hainbat aldagai aztertuko dira, eta horrekin batera, lehenengo aldiz taller bat egingo dute hilaren 24, 25 eta 26an, non artista liburuaren formatoa jorratuko den.
Hausnarketarako erakusketa
XX. mendeko poesia eta antzerkiari eskainitako liburuarekin eman dio hasiera Nafarroako Gobernuak Nafarroako Literaturaren Historia izeneko bildumari. Hain zuzen, Nafarroako Unibertsitateko katedratiko den Angel-Raimundo Fernandezek burutu du lehenengo alea. Bertan, joan den mendeko poesia eta antzerkia jorratu ditu. Nafarroatik kanpora bizi diren poetak, ekimen poetiko kulturalak, aldizkarietan agertutako poesia... landu ditu poesiaren atalean. Antzerkian, berriz, generoen arabera aztertu du aurreko mendeko ibilbidea. Bilduma osatzeko joan den mendeko narratibari eta entseguari eskainitako lana argitaratuko da. Ondoren Erdi Arotik XIX. mendera arteko literatura aztertuko dute.
Antzerkia eta opera Eibarren
Otsailaren 24az geroztik Eibarko XXVII. Antzerki Jardunaldietan 25 lan aurkeztuko dituzte unibertsitateko bi taldek eta 22 talde profesionalek; horietatik sei estreinekoz ikusi ahal izango dira Euskal Herrian. Hainbat euskal taldek hartuko dute parte aurtengo jardunaldietan, besteak beste, Gorringo Produkzioak taldeak, Markeliñe-k eta Ados Teatroak. Martxoaren 29ra artean ikusi ahal izango diren ekitaldien artean, opera saioa da berrikuntzetako bat.
Musika heziketaren osagarri
Nazioarteko Musika Ikastaroa egingo da Gasteizko Luis Aranburu Musika Eskolan ekainaren 28tik uztailaren 9a bitartean. Interpretazio historikoa izenburupean musikari gazteen heziketaren osagarri izango diren saioek osatuko dute ikastaroa. Nazioartean ezagunak diren musikarien eskutik ahots eta instrumentu eskolak jasotzeaz gain, kontzertu, hitzaldi eta solasaldietan parte hartzeko aukera izango da. Izen emateko epea zabalik da jada.
Abesbatzen gaurkotasuna
Abesbatzen egoera aztertzeko foroak antolatu ditu Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak. Horietako bat egina dute dagoeneko. Bertan ateratako ondorioak esanguratsuak dira, etorkizunari begira. Esaterako, haur abesbatzetako kideen %90a neskak dira. Abesbatzen zuzendariaren figurari dagokionean, batez ere, pedagogogoak izatea komeni dela ondorioztatu dute eta aldi berean, komunikatzeko eta sortzeko ahalmen handia edukitzea. Abesbatzetan dizplina ezartzearen garrantzia eta hezkuntza sisteman ematen ez zaion inportantzia ere azpimarratu dute. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak apirilean jarriko du martxan Kantu koraleko akademia. 32 abeslarik hartuko dute parte bertan. Ildo honetatik, abesbatzen alde eginiko lanagatik Abesbatzen Elkartea Herri Onurakotzat jo du Jaurlaritzak.
Erraldoien munduan.
Basajaun, Basandere, Torto edo Gentilen mundura sar gaitezke Astiberri argitaletxeak plazaratu duen Mitologika. Erraldoein munduan liburua irakurriz gero. Izaki erraldoi horiek nolakoak diren eta gizakiekin nolako harremanak dituzten deskubritu ahal da liburuan jasotako ipuinen bidez. Aritza Bergarak idatzitakoa da liburua eta hauxe da Bergarak euskal mitologiari buruz argitaratzen duen hirugarren lanak. Aurreko biak sorginen munduari eta izaki magikoei eskaini zizkien. Marrazkiak Raquel Alzatek egin ditu eta itzulpena Rikardo del Riok.
XIX. mendea karikaturetan
laburbiltzen du martxoaren 13a bitarte Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak paratu duen erakusketak. XIX. mendean garatu zen genero bezala karikatura, prentsaren zabalpenarekin batera. Arte adierazpidea izateaz gain, urte haietako gertakarien igorle garrantzitsu bihurtu zen, izan ere, idazten eta irakurtzen ez zekien publikoaren gehiengoarengana iristeko ahalmena zuen. Euskal Herriko eta Espainiako museo eta artxibategiek emandako ilustrazioek, aldizkari bildumek eta erreprodukzioek osatzen dute erakusketa. Guztira, 400 lan. Koldo Mitxelenan ikusgai izateaz gain, Interneten ere jarri dituzte karikaturak.
Izaskun Jauregi
Bernardo Atxagak «UK» aldizkarian: «Ia ezinezkoa da paradisuaren ideiarik gabe bizitzea».
Castillo Suarez idazlearen hitzak dira hauek «Berria»n jasotakoak: «Beste olerkari bati entzun nion lotsatu egiten zela hasieran egiten zuen lanarekin; hori ona dela pentsatzen dut. Gainditu duzula esan nahi baitu; beste era batera egingo zenituzkeela gauzak».
Unai Elorriagak honakoa zioen «El Correo»n: «Optimista naiz eta oso gustura nago horrelakoa izateaz. (...) Gauzen alderdi positiboak ikusteko joera daukat eta hori nire pertsonaietan nabaritu egiten da. Baikortasuna literarioa ez dela eta zatarra dena ateratzea dagoela modan diote. Baina nik naizen bezala idazten dut. Ezin dut beste era batera egin».
Patxi Perez dantza animatzaileak zera adierazi zuen «Berria»n: «Badira dantzarako musika taldeak, baina ez dute batere pentsatzen dantzariengan. Horien musika aditzeko da, ez da dantzatzeko. Akaso momentutxo bat. Baina, festa batean dantzatzeko momentua iristen delarik, ez da horrelako musika jo behar».
Izaskun Jauregi
Thierry Malandain Biarritz Baleteko zuzendaria Benois de la danse sarietarako aukeratua izan da koreografoen sailean. Apirilaren 29an jakinaraziko dute Moskuko Bolshoi Antzokian zein den sariaren irabazlea.
Jean Bordaxar Zuberoako musikari eta kantariak Aitzina izena duen diskoa plazaratu du. Bertan, hamaika abesti bildu ditu. Kantu gehienen hitzak berak eginak dira Itxaro Bordak eta Jean Louis Davantek idatzitako bienak ezik. Bi urte diskorik kaleratu gabe egon ondoren plazaratu du honakoa.
San Telmo Museoan bilduta dauden lanei buruzko liburua kaleratu du Museoaren Lagunen Elkarteak. San Telmo, crónica de un centenario bost ataletan dago banatua. Horietako bakoitza Museoaren atal bati dagokio eta gai bakoitzean adituak direnek idatzi dituzte edukiak.
David Barbero kazetari eta idazleak Mexikon estreinatu berri du berak idatzitako Charlot, en el país de la libertad antzezlana. Lan horregatik irabazi zuen Rojas Zorrilla-Ciudad de Toledo saria. Barberok orain gutxi plazaratu du La Peregrina izeneko lehenengo nobela Hiria argitaletxearen eskutik.
Alberto Schommer argazkilaria sarituko du Bizkaiko Arkitektoen Elkargoak. Bere ibilbidean zehar paisaiei, hiriei eta eraikuntzei atera dizkien erretratu esanguratsuengatik saritu nahi izan dute argazkilaria.
Karlos Gimenez pianojole eta musikariak 12 geltoki izeneko diskoa kaleratuko du Elkarren eskutik hurrengo hilean. Bertan, pianorako sortutako 12 pieza jasoko ditu.